Kresala/Ekatša
←Oarkera batzuk itzaurrea legez | Ekatša |
Zer esanak→ |
pages 12-17 |
I
EKATŠA
Ipargoiko aizea, geiagoko barik, bat batera ta guztizko aserre amorratuan sartu zan Arranondoko erritxoan. Bakean da geldirik egozan kale bazterretako paper, zotz, zakar, lasto, buruko ule ta maluta galdu guztiak, arrastaka ta bira-biraka ibilli ta gero, egazti biurtu gura baillirean, jaso ebazan aize orrek etxien buruak baño askozaz gorago; zabalik egozan ate ta leio danak, jo au ta bultza bestea, itxi zituan danbadaka egundokorik ariñen, kristal edo leiarkien erruki bage; etxe gañetan ondo lotu barik egozan tella zarrak eta tellatuen egaletako arriak zatitu ziran lipar batean kalekoen kontra, ta euren bizilekuetatik urten da asi ziran emakumeak eta errian egozan gizon banakak itxas aurrera egiñaletan.
—Ai ene, gure txalopak! —ziñoan atso gerri lodi, gonamotz, esku zikindun batek, ondo lotu barik eukan buruko zapiaren atzeko txistana dindilizka, oin bat orpozik eta bestean abarketa zar bat oso narrasean eroiazala —ai ene Jesus!
—Ee, Tramana, begiraaa! —deadar egin eutsan atzetik eiuan beste emakume argal, zimel, azurtsu batek, leio erdika bat goitik bera egan etorrela ikusirik; eta aurrekoa, okerkera ta gorutz begira alderatuten asi zanean, piper poto mallatu baten estropozu eginda, jausi zan surrez aurrera, bere alboan leio erdikea leiarren zidar-ors tintintsuagaz zatitu zanez batera.
Atzekoari barre gura andia etorri jakon, baña kalean luze egoanari begiratu bat emonda, ezebala miñik artu igarri eutsanean,
—Auxe da andia, nai aña barre egiteko astirik bez, —esanda, jarraitu eban bere bidetik, arin-aringa.
Jagi zan atso lodia, jantzi eban obeto oñetik ia urtenean eukan bere abarketa bakarra, esku autsez beteak igortzi zituan mokor ondoan, da artu eban len eroian abiadea, mar-mar bere artean jardunaz:
—Zeri barre egin bear ete deutsa gero berorrek, zantar zikin orrek? Brix izango zara zu beti be, erriko aize zoro gangarra. Orraitiok o...
Itxas aldera eldu zanean aztu jakozan bereala jardunbear danak. An egozan ordurako ia errian ziran gizadi guztiak. Emen erriko abade nagusia ta ondo jantzitako gizon bizardun baltzeran zabalote bat, betaurre luze luzetik, txandaka, uretaruntz begira, ta inguruan gizon da emakume asko, miñagaz baño be begiakaz geiago itaunketan; arontzatxoago, txalopa jaube batzuk eta arrantzale zarrak deadarka, deizalea azkarra bazan edo ezpazan, goizalderako ekatxa ezagutu bazeitekean edo ezpazeitekean, alperrikako eztabaideagaz suak arturik; eta beste aldean emakume aldra andia negarrez, euren gona barrenakaz malko samiñak igortzika. Aldra orretan sartu ziran Tramana ta Brix, bata txilioka ta arrantzaka bestea.
Bildurgarrizkoa egoan Kantauriko itxasoa. Urlañozko estalki andi bat jarri jakon gain alde guztian, beren itxura gaiztoko aserrea ezkutau nairik legez; betaurrerik onenakaz be, uraldera begira egozanak ia ezeben ezer ikusten; agiri zan itxaso apurra berde baltzeran irakindua egoan, da irakiñaren dardareak azal guztian atara eutsazan apar zuriak igarian ebiltzan itxas artz gizon jantzalleak zirudien. An barruan, lañoak eta bisutsak estaldurik eukazan ur gazi zabaletan, gauza arrigarriren batzuk gertetan ziran, baga ta olatuen orruak ziñoenez.
Uste onetan egozan beintzat Arranondoko gizataldeak eta, besre olango eretietan legez, Jaungoikoaren errukiari eskari apal bat egiteko asmo zuzena artu eben danak. Asi zan eliz ezkillarik andiena, durundirik lodi ta illunenekoa, astiro astiro, noizean bein daungada bat joten, da asi ziran ikastetxeko mutiltxoak kalean zear, makilla baten gañean oial zati baltza aizeratuaz, euren erakustzallea aurretik ebiela, aingeruen gisako dei zoli bigunakaz Garbitokiko arimentzat eskean da itxasoagaz burruka gogorrean ebiltzan gurasoentzat zeruetako Aitari arren egiten.
Zelango arrena! Gauza samurragorik eztau iñok egundo ikusi. Umeak gurasoen bitarteko, errubageak iñoiz gaiztakerian jausi diranen alde, indarrik eztaukienak indardunai lagundu naian, aingerutxoak gizonakaitik eskatuten, negarrez geienak, negarra ezarkorra data, batak bere arrebea ta besteak bere ama negarrez ikusi dituelako! Itxaserrietako umien arrena, euren txapeltxoak eskuan dituela, begi bustiak zerura jasoaz esaten dabien Aitagurea, Jaunaren agintaulkira zuzen zuzen doiala uste dot nik, eta eskari orrek, askotan, euren gaitasunak eta indarrak baño geiago erakarten dituala etxaldera Kantauria itxasoko arrantzale gizagaixoak.
Gure mutiltxuok eliz atean amaitu eben eseskea, ta an egoan gizaldreagaz batera sartu ziran eliz barruan.
Ederra da Arranondoko elizea. Kanpotik begiratu ezkero, edozeñek daki godotarren egikerarik onenetakoa dala; barrutik zer egikeratakoa dan ezin ondo igarri leikeo. Txurrigeraren egunetako bost edo sei elizmai edo altara daukaz, zabalak eta galantak, nagusiaren eskumalditik Done Pedrorena, ezkerretik kurutzean josirik dagoan Jesusena.
Abadeak, Jesusen elizmai aurrera urtenda, asi ziran Miserere deritxon Dabid Igarlearen arrena esaten, da erri guztia egon zan, ordu erdiren batean, gauza danak aldaikezan Jesus onaren aurrean auspez, eskaririk beroenagaz, itxasotar guztiak osasunez etxeratu eizala eskatuten.
Eskaririk beroenagaz esan dot, bada danok dakigu eskari batetik bestera ezbardintasun andia egoten dana: batzuk guztiz otzak izaten dira, beste batzuk epelak; baña beroak be badira, ta nire iritxiz, itxasoaren erdian da itxasoaren ertzetan egiten diranak bero ta biotzekoenak. Arrisku andiak emoten deutsa biotzari astindurik andiena, ta biotza astindua dagoanean gure aoak gauzarik benetako, egoki ta zintzoenak esaten ditu. Eta noiz eztabil gizona arrisku andietan itxasoaren erdian? Noiz eztagoz itxas ertzetako emakumeak guraso bat edo seme maitea galtzeko zorian?
Arranondokoak elizatik urten ebenean, kai-aldean gelditu ziranak asi jakoezan albistaritzan: nasara sartu zala potin bat, geienak agiri zirala aizebeko aldetik, estu, baña oso urrian; batzuk Getariara, Donostira edo Pasaira sartu bearko ebiela, albaeben. Ori zan ziñoena.
Ta egia zan. Betozen txalopak, betozen bata bestearen atzetik. Eta bakotxak bereak ezagututean, urtxakurrak nagusiaren aurrean baño urduriago, emen datoz Paulota! emen datoz Joseta! ziarduen gizon da emakumeak; eta umetxoak barriz, euren gurasoak nasa ondoan agertuten ziranean, urte batean ikusi ezpalitue legez, aita! deituten eutsien, indar guztiakaz, aitaa!... Arrantzale errukarriak, danak bustita, zurbilduta, nekatuta, aulduta, etenda, adorerik bage, goseak eta egarriak amaitu bearrean, gizonaren itxurarik ezekarren; baña lurrean oñak ipiñita laster ondo erakusten ebien gizontasuna, euren umeak besoetan artu ta malko lodiakaz arpegi biguna bustiten eutsienean.
Illundu arterañoko guztian, da illunduta gero be bai, arantzalien estualdia baizen beste auturik etzan ibilli Arranondon, bat ezpada beste txalopa danak etxeratu ziran baña.
Sardinzarren potiña zan agertu etzan bakarra.