Krisiak eskatzen duen erantzunaren nolakotasunaz

Krisiak eskatzen duen erantzunaren nolakotasunaz  (2020) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Krisiak eskatzen duen erantzunaren nolakotasunaz

Euskal Herrian 2.000 lagun inguru hil dira dagoeneko Covid-19ak jota gaitzaren agerpenaz geroztik. Errazegi ohitu gara hildakoak hamarnaka zenbatzera. Orain arteko zenbat heriotza ekidingo lirateke pandemiaren agerpenaren lehen egunetan garaiz eta zorrotz erreakzionatu izan balitz? Hemendik aurrerako zenbat heriotza ekidingo lirateke konfinamendua ondorengo fasea ondo prestatzeko baliatu izan balitz eta uneotan birusaren arakatze proaktiboa egiten ariko baginateke?

Bizitzak daude jokoan baina baita krisi honek guztiak komunitate gisa trinkotu ala ahulduko gaituen. Halako inpaktu soziala duen gertaera baten aurrean lidergo sendoa behar da. Norabide argi bat finkatu eta jendarteari konfiantza emateaz batera ardura ere eskatuko diona. Bada lidergo mota bat jendea ahalduntzen duena, autokontziente egiten duena eta, ondorioz, elkarkidetza sendotzen laguntzen duena, komunitatea ahalduntzen duena. Badira pandemia honen kudeaketan lidergo-traza hori erakutsi duten estatu-agintariak, emakumezkoak gehientsuenak. Ez da urrutira joan beharrik ordea halako pertsonak aurkitzeko, uste baino gehiago dira nahiz “Teleberri”-an ez diren agertzen. Uste dut goraipamena merezi dutela krisi honen kudeaketaren lehen lerroan ari diren euskal alkateek.

Urkulluren Gobernuaren lehentasunak

Eta badira agintariak moralki nagusiagoak direla uste dutenak. Halakoek ez dute jende kontziente eta antolatua maite, mespretxuz hartzen dituzte beraien nahiekin bat ez datozen iritziak. Konplexuz betetako jendea izaten da sarritan. Bigarren talde honetakoa da EAEko lehendakaria eta krisi honek biluzi egin du, bere benetako neurria jarri du agerian. Gaur Urkulluren Gobernuaren lehentasuna ez da birusaren arakatze proaktiboa egitea. Ez da bere lehentasuna, hori egiteko tresnak eskura izanik ere tresna horiek martxan jarri ez dituelako; eta birusaren arakatze proaktiboa ez egitearen ondorioak larriak dira osasunaren ikuspegitik zein ekonomiaren ikuspegitik.

Hauteskundeak lehenbailehen egitea da Gobernu honen eta EAJren lehentasuna, aitortu ezin daitekeen arrazoi bakar bategatik: arazoak pilatzen joango direla espero dute eta, ondorioz, irailean desgaste elektoral handiagoa izango dutela. Eta hauteskundeak lehenbailehen egiteko ahalik eta normalitate handiena behar dute: deskonfinamenduaren lehen fasera salto egitea hartarako baldintzarik ez izanda ere, edota ikasleak eskoletara bidaltzea nahiz hezkuntzaren ikuspegitik ez izan ez hankarik ez bururik eta hezkuntza-komunitatean itzelezko anabasa sortu.

Gaur galtzen den denbora ezin da berreskuratu

Arduragabekeria izugarria da Urkulluren Gobernuarena. Bistan da osasunaren ikuspegitik zeintzuk izan daitezkeen krisi sanitarioa gutxiestearen ondorioak: hasieran esan bezala, hildako gehiago. Baina, krisi ekonomikoaren kudeaketaren ikuspegitik ere berdin da larria datozen bi hilabeteak lehia elektoralerako baliatzea. Denboraren faktorea determinantea baita krisi ekonomikoaren kudeaketan. Gaur hartu behar diren erabakiek ezin dute udazkenera itxaron, gaur galtzen den denbora ezingo da ondorenean berreskuratu. Gaur, ezein gobernuren lehentasunak beharko luke birusaren arakatze proaktiboak eta osasun-sistema indartzeak, krisi ekonomikoari lehen erantzun azkar bat emateak, gizarte-zerbitzuak indartzeak eta hurrengo eskola-urtea prestatzeak. Birusaren bigarren gorakada bat guztiz probabletzat jotzen baitute aditu guztiek, aukera askorekin udazkenean.

Epe motzeko esku-hartze honek 2020ko aurrekontuetan aurreikusi zen gastu publikoa berrantolatzea eskatzen du, lehenbailehen. Eta eskatzen du, aldi berean, diru-sarrera ezohikoak eskuratzeko tresnak aktibatzea. Baina baita hori baino gehiago ere: krisiari neurria hartuko bazaio eta datozen garai konplexuei erantzun positibo bat emango badiegu herri gisa, epe motzeko esku-hartzeak etorkizunaren bisio argi bat behar du.

Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri duen “Nafarroa suspertu” planari traza ona antzeman diot. Jarrera bat adierazten du eta norabide bat markatzen du. Urkulluren Gobernuari falta zaion guztia.