Oharra: Pedro Mari Otañoren bertso guztiak jabetza publikokoak dira, duela 80 urte baino gehiago hil zelako (1910ean). Hemengo bertsoak Alkar olerki onenak liburutik hartutakoak dira, jabetza publikoko Klasikoen gordailua bilduman dagoena.
Limosnatxo bat
1
Mutill koxkor bat itxu-aurreko
zubela aldamenian,
gizon burusoill bizar-zuri bat
bi makuluren gañian,
kale eskiñan ikusi nuben
iñora eziñ joanian;
ta bera nor zan jakiñ nayian
inguratu nintzanian....
limosnatxo bat eskatu ziran
Jainkuaren izenian.
2
Zerbait ernanaz galdetu niyon
altzan modu onenian,
jayotzatikan al zeukan ala
gaitzak artuba mendian;
erantzun ziran: ez, semia, ez,
nik sasoya nubenian,
ez nuben uste iritxitzerik
onetara azkenian ...
gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkuaren izenian.
3
Eta seguitu zuben esanaz:
— lengo gerrate denian,
ni aurren xamar ibiltzen nintzan
beti edo geyenian;
nekatu gabe, aisa igoaz
aldapik luzienian;
etzan burura asko etortzen
gu ala gebiltzanian...
gero limosna eskatutzerik
Jainkuaren izenian.
4
Odolak bero eta buruba,
arrua daguenian,
edozeiñ moduz sartutzen da bat
alako itxumenian,
atsekabe ta negar-samiñak
badatoz ondorenian;
nola erebait batek biziya
utzitzen ez dubenian...
limosnatxo bat eskatu biar
Jainkuaren izenian.
5
Iñoiz pentsatzen nere artian,
ni jarritzen naizenian,
gaur ere asko dirala joango
lirakenak zuzenian,
ez luke iñork sinistatuko
zer pena ematen diran..
Ai!, orla nintzan ni ere sano
ta gazte nenguenian...
gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkuaren izenian.
6
Ai! txohakeri asko egiten,
da zentzurik ez danian,
sinista zazu ur au pasia
daukanaren esanian;
obiago da sasoi dan arte
sayatutzia lanian,
negar egiñaz ibilli gabe
gero denbora joanian...
limosnatxo bat bildu eziñik
Jainkuaren izenian.
|
|