Linguae vasconum primitiae

Linguae Vasconum Primitiae

Egilea: Bernart Etxepare



LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE
per Dominum Bernardum Dechepare
Rectorem sancti michælis veteris.

Aduertant Impressor, & lectores quod z. nunquam ponitur pro m. Neque t. ante i. pronunciatur pro .c. Et vbi virgula ponitur sub .ç. hoc modo quod fit dum præponitur vocalibus a.o.u. Tunc .c. ponunciabitur paulo asperius quam .z. vt in ce.ci.


Erregeren aduokatu bidezko eta nobleari
birthute eta hon guziez konplituiari
bere iaun eta iabe Bernard Leheteri
bernard exeparekoak
haren zerbitzari xipiak
gogo honez gorainzi bake eta osagarri.

          Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta hetan izan baita, eta baita zienzia guzietan lettratu handirik, miraz nago, jauna, nola batere ezten asaiatu bere lengoaje propriaren faboretan heuskaraz zerbait obra egitera eta eskributan imeitera, zeren ladin publika mundu guzietara bertze lengoajiak bezala hain eskribatzeko hon dela. Eta kausa honegatik gelditzen da abataturik, ezein reputazione bage, eta bertze nazione orok uste dute ezin deus ere eskriba daiteiela lengoaje hartan, nola bertze orok baitute eskribatzen berian.

          Eta zeren orai zuk, jauna, noble eta naturazkoak bezala, baituzu estimatzen, goratzen eta ohoratzen euskara, zuri, neure jaun eta jabia bezala, igorten darauritzut euskarazko kopla batzu ene ignoranziaren araura eginak. Zeren, jauna, haiek ikusirik eta korregiturik plazer duzun bezala, irudi bazautzu, inprimi erazi ditzazun eta zure eskutik orok dugun joja ederra, inprimiturik euskara, orano izan eztena eta zure hatse honetik dadin aitzinerat augmenta, kontinua eta publika mundu guzietara eta baskoek, bertzek bezala, duten bere lengoajian eskribuz zerbait doktrina, eta plazer hartzeko, solaz egiteko, kantatzeko eta denbora igaraiteko materia, eta jinen direnek gero duten kausa oboro haren abanzatzeko eta obligato giren guziak Jeinkoari otoitz egitera, dizun mundu honetan prosperoki bizia eta bertzian parabizuia. Amen.

__________

DOKTRINA KRISTIANA

Munduian den gizon orok behar luke pensatu
Jangoikoak nola duien batbedera formatu,
bere irudi propiara gure arima kreatu,
memoriaz borondatez endelgiaz goarnitu.

Ezein iaunek ez du nahi mutil gaixtoa eduki
ez pagatu soldatarik zerbizatu gaberik;
Jangoikua ari duzu hala hala gureki:
gloriarik ez emanen hongi egin gaberik.

Mutilek gure zerbitzutan deramate urtia,
soldata apur bategatik hartzen pena handia;
Jangoikoak behar luke guk bezanbat balia;
zerbitzatu behar dugu emaitekoz gloria.

Ogirik ez dakusat biltzen hazi erein gaberik;
nork zer hazi erein [baitu] biltzen dizi komunki.
Obra honak ukenen du goalardona frangoki,
baietare bekatuiak punizione segurki.

Zeren Jeinkoa egun oroz ongi ari baizaigu,
guk ere hala behar dugu harzaz untsa oritu,
gure hatse eta fina hura dela pensatu,
goiz et'arrats orituki haren izena laudatu.


          Arratsian

Arratsian etzitian gomend'adi Jeinkoari
eta otoi begir'ezan peril guzietarik;
gero irazar adinian orit adi bertarik
zenbait ere orazione erraitera debotki.


          Goizian

Albadagik joan adi elizara goizian,
Jeinkoari han gomenda bere etxe sainduian;
han sartzian pensa ezak aizinian nor duian,
norekila minzo izan han agoen artian.


          Ilherrian

Hilez untsa orit adi ilherrian sartzian,
hi nolako ziradela bizi ziren artian;
hek bezala hil behar duk eta ez jakin orduia;
otoi egik Jeinkoari deien barkamenduia.


          Bateiarria

Elizara izanian so egik bateiarrira;
pensa ezak han duiala rezebitu fedia,
Jeinkoaren grazia eta salbatzeko bidia;
hari egin albaiteza lehen ezagutzia.


          Gorputz sainduia

Bertan gero so albaitegi non den gorputz sainduia;
pensa ezak hura dela hire salbazalia;
ador'ezak debozionez eta galde grazia
azken finian eman diazan rezebitze dignia.


          Kurutzea

Kruzifika ikus eta orit adi orduian
nola izan redemitu haren odol sainduiaz;
hark erio haritu dik hiri leian bizia;
pensa ezak nola eman hari bere ordia.


          Andre Dona Maria

Andere hona den lekura ailxa izak begiak;
Mundu oro ez dakidik hura bezain balia;
Jeinkoaren hurranena hura diagok glorian:
graziak oro bere eskuian nahi duien orduian.

O andere gloriosa eta ama eztia!
Zutan dago bekatoren esperanza guzia.
Ni zugana niatorkezu, bekatore handia,
arimaren salbatzera zu zakiztan balia.


          Sainduier

Sainduier ere egin ezak heure ezaguzia,
singularki nortan baituk heure debozionia;
zein sainduren besta daten orit egun berian
eta noren izenetan fundatu den eliza;
orituki otoi egin, dakizkian balia.


          Orazione igandeko

Miserikordiaz bete ziraden jaun eztia!
Otoi, enzun jazadazu neure orazionia;
bizi nizan artian eta erioko punduian
zuk idazu, otoi, oso neure endelgamenduia,
alteratu gabetarik zure fede sainduian
gauzen untsa egiteko neure azken finian.

Eta orduian zuk idazu indar eta gratia
bekatuiez ukeiteko bide dudan doluia,
perfektuki egiteko neure konfesionia,
neure bekatuiez oroz dudan barkamenduia,
bai digneki errezebi zure gorputz sainduia,
baietare behar diren bertze sagramenduiak.

Etsai gaitza jinen baita tentatzera orduian
nontik engana niroien bere arte guziaz,
otoi, jauna, enguztazu lagun zure sainduiak
en'etsaiak benzi enazan neure azken finian.

Ene arima orduian har, otoi, zure glorian,
nola baita redemitu zure odol sainduiaz,
eta nik han dakusadan zure begitartia
eta sainduieki lauda zure majestatia.

Goiz et'arrats egiten duk buluz eta beztitzia.
gorputzaren zerbitzutan barazkari afaria;
arimaren salbatzeko Jeinkoaren ohorian
etzaiala, otoi, neke gauza hoien egitia,
egun oroz ezin bada aste oroz igandian.

Gure artian haur dakusat itsutarzun handia,
nola dugun zerbitzatzen hanbat gure etsaia;
Jangoikua deskonozi gure saluazalia
eta orok ezaguzen dela bidegabia.

Anitz jendez miraz nago, neure buruiaz lehenik,
nola gauden mundu huneki hain bortizki josirik
hanbat jende dakuskula hunek enganaturik;
oranokoak igorri'tu oro buluzkorririk
eta ez dute gerokoek hantik eskapatzerik.

Person'oro hil denian hirur zati egiten:
gorputzori usteltzera lur hotzian egoizten,
unharzuna ahaidiek bertan dute partitzen,
arima gaixoa dabilela norat ahal dagien;
hain biaje bortizian konpainia faltatzen.

Orituki igandian behar dugu pensatu
zenbatetan egin dugun aste hartan bekatu;
orit eta Jeinkoari barkamendu eskatu,
atorra nola arim'ere aste oroz garbitu.

Bi pundutan diagozu gure gauza guzia:
ongi egin badazagu segur parabizuia,
bekatutan hil dadina bertan kondenatuia.
Bertze biderik ezin date; hobenari begira.

Ehon ere ez dakusat bain laxo den artzainik,
otsoa henzen ez duienik bere ardietarik;
gure arimaz kargo dugu Jangoikuak emanik,
nola gobernatzen dugun batbederak so begi;
kondu hersi behar dugu harzaz eman segurki
nori baitu bere odolaz karioki erosi;
hala zinets ez dazana dauke enganaturik.

Kontenplatu behar dugu pasione sainduia
eta sendi bihotzian haren pena handia;
nola zagoen kurutzian oro zauriz betia,
huin eskuiak izaturik eta buluzkorria,

ohoineki urkaturik nola gaizkigilia,
eta aranzez koroaturik mundu ororen jabia;
haren gorputz prezioso eta delikatuia
gaizki eskarniaturik eta zatikatuia.

Elas! orduian nola zagoen haren arima tristia,
haren ama maitia eta mundu ororen habia,
pena hetan ekusteaz bere seme maitia
eta hiltzen begietan mundu ororen bizia.

Biotzian diraustazu gertuz, ama eztia,
zure orduko doloriak eta bihotz zauriak:
begiez nola zenakusan zure jabe handia
orotarik lariola odol preziatuia;
hek nigatik ziradela ari nuzu konduia.

Orit adi nola duian egin anitz bekatu,
heien kausaz merexitu anitzetan hondatu,
bere miserikordiaz nola huien guardatu
eta dolu uken baduk bertan oro barkatu;
eta agian hik eginen bertan berriz bekatu.

Orit adi Jengoikoaren majestate handiaz
zeruia, lurra, ixasoa dadutzala eskuian,
salbatzia, damnatzia erioa eta bizia,
estenditzen orotara haren potestatia;
ezi eskapa bari ehor, dauginian manuia.

Mundu honetan badirogu batak berzia engana,
bana berzian egiatik batbedera joanen da;
nor nolako izan giren orduian ageriko da,
egin erran pensatuiak ageriko guziak.

Orit adi Jeinkoaren justizia handiaz,
nola orok behar dugun eman kondu hersia,
egin oroz rezebitu gure merexituia,
erioa dauginian, baita haren mezuia.

Ordu hartan afer date hari apellatzia,
hark ehori ez demaio oren baten epia,
ezetare estimazen xipia ez handia;
batbederak egarriko orduian bere haxia.

Orduian zer eginen dut, gaixo bekataria?
Arartekoak faltaturen, kontra juje handia;
abokatzen ez dakike ehork haren gortian,
ogen oro publikoki agerturen orduian.

Elas, otoi, orok egin orai penitenzia,
behar orduian ez dukegu gero agian aizina;
anitz jende enganatu doa luzamenduiaz,
seguraturik ehork ez du egun baten bizia.

Gu girade egun oroz herioaren azpian;
behar dugu prest eduki gure gauza guzia,
gure gauzez ordenatu, oso giren artian,
gero ez dugun egiteko hezaz azken finian;
arimaz aski egiteko badukegu orduian.

Pensa, otoi, nola gauden bi bideren erdian,
salba bano damnatzeko perileko punduian;
ehor fida ez dadila, otoi banitatian;
sainduiak etziraden sartu banitatez glorian.

Elas, otoi, hunat beha bekatore guzia;
bekatuiaz damnatzen du Jangoikuak munduia;
zeren hanbat bekatutan deramagu bizia
eta guhaurk gure faltaz galtzen gure buruia.

Artzain orok biltzen ditu ardiak arratsaldian,
leku honerat eramaiten eguraldi gaitzian;
batbederak pensa beza arimaren gainian
nola salbaturen duen hura bere finian.

Bekatorek ifernuian dute pena handia,
pena handi, izigarri, ezein pausu gabia;
sekulakoz egon behar hango sugar bizian;
zuhur denak, hara ez dohen, egin penitenzia.


          Harmak erioaren kontra

Erioa jaugiten da guti uste denian
eta agian ez emanen konfesione epia;
hirur gauza albaditu ehork ere egiaz,
nola ere hil baitadi doha salbamenduian.


          Lehen egia

O jaun hona, aitortzen dut bekatore nizala
eta gaizki egitiaz ogen handi dudala;
nik baitzitut ofensatu bide ez dudan bezala,
dolu dizit eta damu zure kontra eginaz.


          Bigarren egia

O jaun hona, gogo dizit oren present honetan
goardatzeko bekaturik bizi nizan artian;
otoi, jauna, zuk idazu indar eta grazia
gogo honetan irauteko neure bizi guzian.


          Heren egia

O jaun hona, gogo dizit garizuma denian
egiazki egiteko neure konfesionia,
baietare konplitzeko didan penitenzia;
otoi jauna zuk konfirma ene borondatia.

Eta hoiek egiazki ehork hala ezpaditu,
ahal bailiaki duda gabe ezin dateiela salbu
bere bekatuiak oro baditu ere konfesatu;
eta hala zinhets beza nahi ez denak enganatu.

Apezek ez apezpikuk ez etare aita sainduk
absolbatzen halakoaren ezein botererik ez du;
Jangoikoa betiere bihotzera so diagozu,
guhaurk bano segurago gure gogua diakutsu;
gogua gabe hura baitan hitzak oro afer tuzu.

Regla ezak egun oroz onsa heure etxia;
eure gauza guzietan emak dilijenzia;
eta eure trabailuia duian penitenzia,
Jangoikoa lauda ezak gauza ororen buruian.

Honekila albaiteza beti ere konbersa
gaixtoeki ezin aite gaizki bezi probexa;
bertzer egin ez dazala nahi ez ukeiena
ez etare falta ere hiaurk nahi duiana;
lege honi segi bedi salbu nahi duiena.


          Hamar manamenduiak

Ador'ezak Jangoiko bat onets oroz gainetik;
haren izena ez jura kausa gabe banoki;
igandiak eta bestak sanktifika debotki;
aita eta ama ohora izak bizi, izan luzeki;
ehor ero ez dazala ezetare gaitzetsi;
nork beria baiezila emazterik ez hunki;
bertzerena ez dazala ebatsi ez eduki;
fama gaitzik ez temala lagunari falsuki;
bertzen emazte alabak ez desira gaixtoki
ez etare unasuna, lekot bedi justoki.

Manamenduiak hoiek dira, Jangoikoak emanik;
hok begira dizagula, salba giten hegatik.


          Judizio jenerala

Judizio jeneralaz nola orit ez dira,
bekatutan bizi dira beti bere aisira;
egun hartan gal ezkiten aitzinetik begira,
han orduian ez dukegu ehork ere aizina;
harzaz untsa orhitzia zuhurzia handi da.

Arma! arma! mundu oro judizio handira!
Zeru eta lur ororen kreadore handia
munduiaren jujatzera rigoroski heldu da;
nola gauden apaindurik bat bederak begira.

Manamendu igorten du mundu guzietarik
jende oro bat dakion Josafaten bildurik;
ehon ere ehor ere eskapatu gaberik
zeru eta lur guzia daude ikaraturik.

Erioa manazen du, ezein falta gaberik
hilak oro dakatzela aitzinera bizirik,
hantik harat ez dukela bothererik jagoitik;
mundu oro jarriren da bi lekutan hersirik:
glorian ezpa ifernuian; ez da eskapatzerik.

Manatzen du ifernuia handi eta bortizki
han direnak igor'izan luzamendu gaberik,
arima eta gorputzetan nahi tuiela ikusi
eta emanen daraiela zer baitute merezi.

Jende honak, onsa pensa iuje hunen gainian
nola duien guzietan potestate handia,
erioan, ifernuian, zeru eta lurrian.
Zeren dabil haren kontra bada bekatoria?

Gure artian haur dakusat itsutarzun handia,
nola dugun zerbitzazen hanbat gure etsaia;
Jangoikoa deskonozi gure salbazalia
eta orok ezagutzen dela bidegabia.

Harren bier emanen du sentenzia pizuia
elgarreki pena diten ifernuko garrian,
sekulako suian eta ezein pausu gabian.
Orok, othoi, onsa pensa zer den irabazia.

Egundano ez da izan, ez izanen jagoitik,
judizio hain handirik ezetare borthizix;
sortu eta sortzekoak hilez gero pizturik,
orok hara behar dute eskusatu gaberik.

Anitz gauza behar dira judizio handian:
jujeak duien potestate parte ororen gainian,
demandantak erran dezan bere kausa egiaz,
baietare defendentak bere defensionia;
forogatu datenian nork dukeien zuzena,
sentenziaz eman dezan jujiak nori beria.

Egun hartan juje date mundu ororen jabia,
baitu ororen gainian potestate handia;
akusari bera date eta konzienzia;
bekatu oro publikoki ageriko orduian.

Bekatoren kontra date orduian mundu guzia,
zeren duten ofenditu haien kreazalia;
ordu hartan ixil dauke triste bekatoria;
orotarik zerraturik daude pausu guziak.

Juje jauna iraturik egonen da gainetik,
irestera apaindurik ifernuia azpitik,
etsai gaitza akusatzen ezkerreko aldetik,
bekatuiak eskuinetik minzaturen publiki:
«hire kontra heben gituk ihaurorrek eginik».
Gaizkienik kontra date konzienza barnetik.

Estalzeko ez izanen ehon ere lekurik;
agertzera nork eginen ordu hartan batirik?
Mundu oro egonen da haien kontra jarririk,
sainduak ere ordu hartan oro egonen ixilik,
jujeak ere ez enzunen ezein ere otoik;
egun harzaz orit giten, otoi, hara gaberik.

Non dirate egun hartan hebengo jaun erregiak
duke konde, markes, zaldun eta bertze jaun nobliak
eta haien armadako gizon sendoen balentiak?
Ordu hartan baliako guti haien potenziak.

Jurista eta teologo, poeta eta doktoriak,
prokurador, adbokatu, juje eta notariak?
Ordu hartan ageriko klarki haien maliziak
eta guti baliako kautela eta parleriak.

Aita saindu, kardenale, apez eta prelatuiak?
Berez eta ardioroz eman behar han konduia;
egun hartan handiena izanen da erratuia
eta bardin jujaturen bandia eta xipia.

Afer date egun hartan hari apelatzia
ehon ere ez dazagu jaunik bere gainian;
malizia gaizi zaika eta maite egia.
Elas, otoi, orok egin orai penitenzia,
egun hartan gero ez dugun egiteko handia.

Seinaliak jinen dira aizinetik tristerik;
elementak ebiliren oro tribulaturik,
iguzkia ilargia odoletan etzinik,
itxasoa samurturik goiti eta beheiti,
hango arrainak iziturik ebiliren jalgirik.

Eta lurra izigarri oro ikaraturik,
zuhamuiek dakartela odolezko izerdi;
tenpestatez igortziriz, aire oro samurrik;
mendi eta harri oro elgar zatikaturik;
mundu oro jarriren da suiak arrasaturik.

Juje jaunak manaturen, bera jaugin gaberik,
gauza oro xahu dezan behin suiak lehenik,
Satsu eta kirats oro dohen mundu guzitik;
eta hala jarriren da lur guzia errerik.

Tronpeta da minzaturen mundu guzietarik:
«Hilak oro jaiki huna zuien hobietarik,
arima eta gorputzetan oro bertan pizturik».
Orok hara behar dugu eskusatu gaberik.

Justu oro iganen da hertan goiti airian
eta egonen eskoinetik jujearen aldean:
bekatoreak dolorezki sugarrian lurrian,
harik eta danzuteno sentenzia gainian.

Dagoenian jende oro aizinian bildurik,
jauginen da rigoroski sainduieki zerutik;
Josafaten egonen da airian gora jarririk,
bekatorer eginen du arrangura handirik
haren hitzak ezarriren oro erdiraturik.

Hartu nahi zuienian pasione saindua,
haren kontra jin zenian armaturik jendia,
hitz huts batez iziturik egotzi'tu lurrian;
jujazera dauginian majestate handian,
nola ez du lotsaturen ordu hartan munduia?

Erranen du bekatorer dolorezki orduian:
«Nizaz etzineten orit bizi zinetenian;
hanbat ongi nik eginik zuier zuien mendian,
esker honbat ukhen ez dut zuieganik bizian.»

Zer ere hon baituzuie, oro dira eniak:
gorputz eta hon guziak, baietare arimak;
zuiendako egin ditut lurra eta zeruiak,
iguzkia, ilargia eta fruktu guziak.

Suiak bero, hurak xahu, hats hartzeko airia,
ainguruiak zuien goarda ararteko sainduiak,
zuiegatik ezarri dut gero neure bizia;
Hoiegatik orogatik zer da zuien paguia.

Ikusirik anitzetan beharrian pobria,
eri, gose, egarria eta buluzkorria,
ene izenian anitzetan galdeginik limosna
zuiek uken baituzuie hezaz guti ansia.

Bai eroki konplazitu ene kontra etsaia,
demonio, haragia baietare munduia.
Orai dela zuiendako maradizionia,
ifernuko suia eta jagoitiko nekia,
eta zuien konpainia demonio guzia.

Ez da anitz luzaturen exekuzionia,
bertan date irekiren lurra oren berian,
su hareki iretsiren oro bere barnian;
haur izanen bekatoren undar irabazia.

Elas, nola izanen den heben damu handia,
damu handi, izigarri, remedio gabia,
hanbat jende sekulakoz damnaturen denian.
O jaun huna, zuk gizazu, otoi, hantik begira.

Beretara izuliren ditu gero begiak:
«Goazen oro elgarreki, ene adiskidiak,
beti eta sekulakoz gauden ene glorian,
desir oro konpliturik alegria handian.»

Hantik harat ez da izanen bi erretatu baiezi:
damnatuiak ifernuian beti dolorereki,
salbatuiak Jeinkoareki beti alegeraki
Jangoikuak dagiela gure partia hoieki.

Zeruia ez da ebiliren hantik harat iagoitik,
iguzkia egonen da orienten geldirik,
ilargia okzidenten begiz begi jarririk;
egun honek iraunen du eben eta iagoitik,
alabana ez izanen heben gauza bizirik.

O jaun hona, zu zirade gure kreazalia;
bekatore bagir'ere oro gira zuriak;
gure faltaz gal ez dadin, otoi, zure egina,
bekhaturik garbitzazu, otoi, gure arimak.

Baldin erideiten bada gutan falta handia,
are duzu handiago zutan pietatia.
Zuretarik giren, otoi, egiguzu grazia;
zure ama anderia dakigula balia.


          Orazionia

Ave Maria, anderia grazia oroz betia,
Jeinkoaren ama birjen berak ordenatuia,
zeru eta lur ororen erregina dignia,
bekatoren adbokata eta konfortaria!

Ni zugana niatorkezu, bekatore handia,
karioki otoitzera zu zakiztan balia,
digne ezpaniz aipatzera zure izen sainduia
ez jitera aitzinera, zeren bainiz satsuia.

Miserikordiaz bete ziren andere handia!
Enazazula, otoi, iraiz eta ez menosprezia;
zuk gibela badidazu, elas, ama eztia,
ordu hartan diakusazut galdu neure buruia.

Hanbat nuzu gauza orotan ni bertute gabia,
oren oroz bekatutan nabilena galduia
eta beti erratiua, nola ardi itsuia,
mundu hunek, haragiak, beti enganatuia.

Zu baitzira grazia ororen ama eta iturburuia,
bertute eta hon guzien tesorera handia,
egundano bekatutan makulatu gabia,
bertutetan segitzeko egidazu grazia.

Zutan dago bekatoren remedio guzia,
esperanza, osagarri eta salbamenduia;
zuk gibela demazuna nola baita galduia,
zure gomenduian dena halaber da salbuia.

Jeinkoak zuri eman dizi potestate handia,
haren ama ziren gero, ama ere maitia,
zeru eta lur orotan duzun hanbat balia,
zer zuk galde baitagizu, den konplitu guzia,

eta zure eskutik duten bertze orok grazia
eta salba zuk dezazun zuri gomendatuia.
O andere exzelente, ezein pare gabia,
salbatuietarik nizan egidazu grazia.

Zuri gomendatzen nuzu hila eta bizia,
neure gorputz eta arima eta dudan guzia;
otoi, behar orduietan ku zakizat balia
eta, otoi, zuk goberna ene bizi guzia,

eta irabaz Jeinkoaganik indar eta grazia,
bekatuiez egiteko untsa penitenzia
eta gero bertutetan deramadan bizia
eta egin gauza orotan haren borondatia.

Begira, otoi, meskabutik ene gorputz pobria;
bekatutan hil ez nadin egidazu grazia,
sekulakos damnaturik enoian galduia,
bana zure eskutik dudan salbatzeko bidia,

eta gero dauginian ene eriotzia,
arimaren partitzeko oren izigarria,
ordu hartan behar baitut eman kondu hersia,
egin oroz rezebitu neure merexituia.

Eta ez jakin lehen gaoian non daten ostatuia,
ezetare, zu ezpazira, nor dakidan balia;
ordu hartan hel zakitzat, otoi, ama eztia,
ararteko leial eta neure aiutaria.

Otoi, zure gomenduian har arima tristia,
ordu hartan jo ez dezan ifernuko bidia;
zure seme jaunareki egidazu bakia,
bekatuiak barkaturik didan parabizuia.

Eta nik han dakusadan zure begitartia
eta sainduieki lauda haren majestatia.
Zeren untsa orit ziten nizaz, ama eztia,
gogo honez erranen dut zuri Ave Maria:
orazione haur derrana, Andre Dona Maria,
otoi, gomendatu duzun bila eta bizia.

__________

AMOROSEN GAZTIGUIA

Bertzek bertzerik gogoan eta nik Andre Dona Maria;
Andre hona dakigula guzior, otoi, balia.

Amorosak nahi nuke honat beha balite;
hon lizaten gaztigurik agian enzun liroite,
Amore bat hautazeko konseilu bat nekeie,
balinetan sekulakoz gogoan sar balekie.

Nihaurk ere uken dizit zeinbait ere amore,
bana bantik ez dut uken probetxurik batere;
anitz pena, arima gal, hanera eta neuri'ere;
amoretan plazer baten mila dira dolore.

Amoretan ote date leial denik batere,
hitz ederrez ezpa joiaz muta ez dadin hura ere?
Hoben uste duienori anitzetan traidore;
hobena date gaitzenik arimaren berere.

Bekatuzko amoria beti date traidore;
erioa dauginian egia zogeri date;
hartu duten plazer oro orduian iragan date;
bekatuia gelditzen da penatzeko gero ere:
anitz plazer uken badu, anhitz behar dolore.

Amore bat nahi nuke liadutanik egia,
bizi eta hilez gero hain lakidan balia;
zerbitzatu nahi nuke halakoa bizian,
heben labur bizia da, iagoitikoz berzia.

Mundu oro iraganik ez eriden bertzerik,
Jeinkoaren ama hona grazia oroz beterik;
haren amore izateko ez da ehor dignerik;
untsa zerbitza dazagun maite gitu bertarik.

Amoriak bano dira harzaz bertze guziak;
behar handien denian faltaturen bertziak;
uste bano lehen gira hiltzen bekatoriak;
hark aiuta ezpagitza nola giren galduiak!

Andre hona har dazagun orok gure amore,
bertze oro uzi eta egin hari ohor;
hala egin badazagu, ohoratu girate.
bertzegatik hura gabe oro galdu girade.

Jeinkoaz landan mundu orok ez du hanbat balia,
zeruia lurra itxasoa, haren peko guzia;
orotara hedatzen du, behar bada, eskuia,
bera handi izan arren, preziatzen xipia;
halakoa utzi eta, non dukegu berzia.

Bertze amoreak baten bezi ez dirade perestu,
nork beria berziari ez du nahi partitu;
ama birjen gloriosa hanbat bada konplitu,
ororenzat bera baita, leial dela, abastu.

Amorosek badagite behin bere nahia,
handiago jiten zaie bertze nahikaria;
ezi uken behin ere bere konplimenduia:
beti peitu deramate bere mende guzia.
Emazte eta gizon orok, har amore Maria
eta orori baitekegu berak konplimenduia.

Andre honak uken dizi ederretan grazia
ehork hura gaixteriaz ezin lezan inbia,
bana bistaz hiltzen zuien nahikari satsuia;
figuraren ekustiaz dakikezu egia.

Itxasoan hur guzia, zeruietan izarra,
oihanetan itzalori, lur guzian belarra,
egunari iguzkia, gau beltzari iluna
lehen faltaturen dira ezi hura gugana,
balinetan egiazki gu bagaude hargana.

Zeren, bada, ero gira gaixo bekatariak?
Andre leial honegana goazen, otoi, guziak.
Elas, otoi, aribira bertze amore falsuiak.
Harekila segur dugu behar dugun guzia.

Elas, amoros gaixoa, hire enganatuia,
erogoatan badaramak eure mende guzia!
Ene andere graziosa ezpadakik balia,
bai bizian bai hilian beti oha galduia.

Denbora duian artian egik ahal hongia;
erioa dauginian miraz dukek orduia;
orduian ere, nahi baduk onsa jalgi dagia,
onsa hari gomend'adi, nik diosat egia:
finian ere eztik uzten hark galtzera beria,
orduian ere bere eskuian dik grazia guzia.

Mundu honek anitz jende enganatu darama,
jagoitikoz bizi ustez haren sehi dabilza,
guti uste duienian ehor utzi darama;
ero jokhatuia date hartan fida dadina.

Nihaur ere ebili niz anitzetan erorik,
gaoaz eta egunaz ere hotzik eta berorik;
loa galdu, pena aski, bana ez arimagatik:
orai oro nahi nuke liren Jeinkoagatik.

Ni bezala anitz duzu halakorik munduian
mende oro dohatenik beti banaglorian;
ohart giten buruiari denbora den artian,
Andre honak har gitzake gomendutan agian;
hanbat bada graziosa ama ororen gainian,
jin dadinik ez du uzten hartu gabe grazian.

Kulpa gabe ehor ez da haur da segur egia;
bekatuiaz damnatzen du Jangoikoak munduia;
bekaturik ez da izan zutan, Andre handia;
ararteko zakizkula, digun barkamenduia.

Bekatoren salbatzeko Jeinkoak egin zinduzen,
bere buruia egin dizi juje iustiziaren,
zu miserikordiaren refugio zinaden,
nola berak justizian ezin salba lizake,
zure miserikordiaz remedia litezen,
balinetan egiazki zugana jin balite.

Egundano ez da izan ez izanen jagoitik
bekatore hain handirik ezetare satsurik,
bere bidian jaugin bada zuri gomendaturik,
uken ez duien barkamendu zure amorekatik;
ez galdu da ez galduren zure gomendukorik;
zuri gomendatzen gira bilik eta bizirik.

Bertze emaztiak ama dira zenbait haurto xipiren
eta gero obororik punzela ezin dirate;
zu, Anderia, ama zira birjinarik Jeinkoaren
eta geroz erregina zeru eta lurraren.

Jeinkoa jaun den gauza ororen zu zirade andere;
arrazoin da mundu orok dagien zuri ohore,
ezi hala ari zautsu Jesu Kristo bera ere;
zuk bezanbat dignitate mundu orok ez duke.

O Anderia, ezin date ehor zure bardinik,
gainekorik zuk ez duzu Jeinko beraz bertzerik,
Jeinko ezten bertze oro dago zure azpitik,
Jeinkoaren ama zira mundu oroz gainetik.

Mundu orok ez du egin zuk bezanbat hargatik,
orogatik bano oboro hark ere daidi zugatik;
bere ama ezin utzi obeditu gaberik;
otoi, grazia egiguzu, giren zuienetarik.

Untsa zuk har banenzazu gomendutan gogotik,
Ezin damna naindeiela zinesten dut segurki;
anitz begiratu duzu galduren zenetarik,
niri ere hel zakitzat, otoi, galdu gaberik.

Ehon ere gaitzik ez da zuk ken ez dirozunik,
ezetare hontasunik zure eskuian ez denik;
denbora eta leku orotan ezin duda gaberik
graziak oro zure eskuian Jangoikoak emanik.

Nahi duiena hala duke amak semiaganik,
seme honak anitz daidi amaren amorekatik;
gure natura haritu du zutan amoraturik;
Jangoikoa ezarri duzu gure anaieturik.

Haren eta gure ororen ama zira dignerik;
amak eztu sofritzeko semen artian gerlarik;
samurturik badakutsu gure gaizkiegatik,
ororen ama zira eta bake gitzazu bertarik.

Orai egiten diraden gaizki handiegatik
Jeinkoak ondatu zukeien lur guzia engoitik,
balinetan zu ezpazina ararteko gugatik;
oro soszengatzen gitu zure othiegatik,
gu gaixtoak izan arren, ezten zutan faltarik.
Fin honera hel gizazu, giren salbuietarik.

Ama eztia, nik badagit zure kontra faltarik,
zuk gaztiga eta dreza nazazu, otoi, bertarik.
Elas, norat ihes naidi, zu neure ama utzirik?
Neuretako ez dazagut zu nolako amarik.

__________

EMAZTEN FABORE

Emaztiak ez gaitz erran ene amorekatik;
gizonek utzi balitzate, elaidite faltarik.

Anitz gizon ari bada andrez gaizki erraiten,
arizki eta desoneski baitituzte aipatzen,
ixilika egoitia ederrago litzate;
andrek gizoneki bezi hutsik ezin daidite.

Zuhur gutik andregatik gaizki erran diroite,
haiez ongi erraitea onestago lizate.
Emazteak zerengatik gaitz erranen dirate?
Handi eta xipi oro haietarik girade.

Balentia sinplea da andren gaitz erraitia,
bat gaitz erran nahi bada, oro bardin sartzia;
ixil ladin nahi nuke halako den guzia;
damu gaitzik emazteak hari eman ditia.

Andren gaitzerraile orok behar luke pensatu
bera eta bertze oro nontik ginaden sortu;
ama emazte luien ala ez nahi nuke galdatu;
amagatik andre oro behar luke goratu.

Gizonaren probetxuko emaztea beti da,
oro behin haietarik sortzen gira mundura;
sortu eta hil ginate, hark haz ez baginitza;
haziz gero egun oroz behar haren aiuta.

Haren eskuz osoan behar soinera eta jatera,
eri denian andre gabe galdu gizon egurra;
hil badadi hura nola, nor doake gainera?
Ordu oroz behar tugu; ez da heben zer duda.

Emazterik ez den lekuian ez dakusat plazerik,
ez gizona ez etxea behin ere xahurik,
etxean den gauza oro gaizki erreglaturik;
parabizuian nahi ez nuke emazterik ez balitz.

Emazteak ez dut entzun lehen gizona jaukirik,
bana gizonak emaztea beti ere lehenik;
gaixteria jalgiten da beti gizonetarik;
zeren, bada, daraukate emazteari hogenik?

Bertuteak behar luke gizonetan handiago,
emaztetan nik dakusat ongiz ere gehiago;
mila gizon gaixtorik da emazte batendako,
gizon baten mila andre bere fedean dago.

Hek gizoner beha balite, ez litzate bat onik,
ez diroite deuskai denik utzi jauki gaberik,
bana anitz emazte da eskapatzen zaienik,
anderetan zeren baita bertutea hobenik.

Nik ez dantzut emazteak bortxaturik gizona,
bana bera zoraturik andreari darraika;
zenbait andre hel baledi oneriztez hargana,
zein gizonek andriari emaiten du ogena?

Jeinkoak emaztea maite mundu oroz gainetik;
zerutika jaitsi zedin hartzaz amoraturik;
emazteak ezarri du gure anaieturik;
andre oro laudatzeko haren amorekatik.

Irudi zait, emaztea dela gauza eztia,
donario guzietan guziz gauza emia;
gaoaz eta egunaz ere badu plazer handia;
harzaz gaizki erraitea bilania handia.

Munduian ez da gauzarik hain eder ez plazentik
nola emaztea gizonaren petik buluzkorririk;
beso biak zabaldurik dago errendaturik,
gizon horrek dagiela hartzaz nahi duienik.

Jo badeza dardoaz ere gorputzaren erditik,
ainguruiak bano hoboro ez larrake gaizkirik,
bana dardoa ematurik zauri'ere sendoturik,
bere graziaz ezarten tu elgarreki baketurik.

Nor da gizon modorroa hartzaz orit ez dena
eta gero halakoa gaitzerraiten duiena?
Ez da gizon naturazko hala egiten duiena.
Zeren ez du ezagutzen hala ongi egina?

__________

EZKONDUIEN KOPLAK

Jangoikoa edetazu bertzerena gogotik,
bera kaptiba da eta ni gatibu hargatik.

Ni gatibu nadukana kaptiba da bertzeren;
ene ditxak hala egin du ni gatibu bigaren;
gogo honez izanen niz, bizi baniz, bataren,
bana bortxaz baiezila ez jagoitik berziaren.

Bertzerena har dazanak beretako amore
oborotan ukenen du plazer bano dolore;
batzarriak bekan eta beldurreki dirate,
guti uste dutenian gaitza bertan sor daite.

Honestea bertzerena erogoa handi da,
plazer baten ukenen du anitz malenkonia:
begiez ikus, ezin minza; han dakusat nekia;
beriareki dazanian enetako aizia.

Perileki baiezila ezin noake hargana
eta agian, hark orduian ezpaituke aizina;
badu ere, beldur date; bertan doha harzara;
nik nahien dudanian, bertzek besoan daratza.

Alor hartan hel badakit ereitera hazia
eta ene bada ere lastoa eta bihia,
ez batori ahal duket ezetare berzia;
lan eginaz esker gaixto, galdu irabazia,
bertzerenzat gelditzen da ene zuzenbidia;
agian gero alabareki ezkonduko semia.

Amoria ehork ere ez du nahi partitu;
nik ez dakit berziak bana, ni ari niz bekatu;
Beriareki ekustiaz hain hain noha penatu,
hek dostetan, ni neketan; orduian errabiatu.

Jelosiak ez tizaket nik gaitz erran sekulan;
maite nuiena nahi enuke ehork hunki liazadan;
bertzerenaz izan nuzu amoros leku batetan,
beriagana jelosturik desesperatzer ninzan.

Amoria ezin zenzuz ezin daite goberna,
anitzetan honesten du guti behar duiena;
arnoak bano gaizkiago ordi diro persona,
sarri estaka, berant laxa, hark hatzeman dezana.

Amoria itsu da eta ez dazagu zuzena,
ez du uste bertzerik dela lekot maite duiena;
suiak bano gaizkiago erra diro gizona;
itxasoak ez iraungi eratxeki dadina.

__________

AMOROS SEKRETUKI DENA

Andre eder jentil batek bihoza deraut ebatsi,
harzaz orit nadinian deus ere ezin iretsi;
nik hura nola nahi nuke hark banenza onetsi;
ezin benturatuz nago, beldur dakion gaitzi.

Mirail bat nik ahal banu hala luien donoa,
neure gogoa nerakutson sekretuki han barna,
han berian nik nakusen harena ere nigana,
hutsik ezin egin nezan behin ere hargana.

Ene gaizki penatzeko hain ederrik sortu zen,
gaoaz eta egunaz ere gaizki nizi penatzen;
harekila bat banadi, bihotza zait harritzen
neure penen erraitera are eniz ausartzen.

Ene gogoa baliaki, maite bide ninduke;
ni errege balin baninz, erregina lizate;
hura hala nahi baliz, elgarreki ginate;
haren baurrak eta eniak aurride oso lirate.

Balinetan nik banerro hari neure bihotza
eta gero balin balit respuesta bortitza,
dardoak bano lehen liro erdira ene bihotza;
duda gabe eror nainde han berian hilhoza

Artizarrak bertzetarik abantailla darama:
halaber da anderetan ni penatzen nuiena;
hanbat da eder eta jentil, harzaz ero narama;
zori honian sortu date haren besoan datzana.

Ene gogoa nola baita zuzen jarri hargana,
Haren'ere Jangoikoak dakarrela nigana,
ene pena sar dakion bihotzian barrena,
gogo hunez egin dazan desiratzen dudana.

__________

AMOROSEN PARTITZIA

Parti albanengidio hark ez luke parerik,
alabana nik ez dizit hain hon derizadanik.

Amore bat onetsi dut guziz soberatuki,
ene arima eta bihotza josi dira hareki;
haren irudi ederrori begietan ehoki,
hartzaz orit nadinian bihotza doat ebaki.

Nik hargana hanbat dizit amorio handia,
harekila egoitiaz ezpaneinde enoia;
harganiko partitzia ene eihargarria;
berriz ikus dirodano, beti malenkonia.

Elas ene amoria, nola nuzun penatzen,
zurekila ezin batuz bihotzian erratzen:
ene gaizki penatzeko segur sortu zinaden;
penak oro hon lirate zu bazina oritzen.

Minzatzeko zurekila gau bat nahi nikezi,
hilabete konpliturik hura luza baledi,
arranguren kondatzeko asti nuien frangoki,
ezein ere beldur gabe egoiteko zureki.

Orai porogatzen dizit dakitenen errana:
ehork utzi ez dazala eskuietan duiena.
Elas, itzul albaneza iragan den denbora,
segur orai enikezi dudan gogoan beharra.

Denbora hartan ohi nizin nik zugatik dolore,
orai aldiz zure faltaz mutatu niz ni ere;
malenkonia etzitela badukezu amore,
bana ordu bazinduke zenzatzeko zuk ere.

Badakizu dolorian partaide niz ni ere
eta zure mutatzeko ez ogenik baterel
neure gaizki penatzeko har zinzadan amore;
jagoitikoz ukenen dut nik zugatik dolore.

__________

AMOROS JELOSIA

Beti penaz izatia gaiz da ene amore;
beti ere behar duta nik zugatik dolore?

Amore bat uken dizit miragarri jentilik;
harekila ninzanian ez nuien nik faltarik;
nik iagoitik ezin nuke hura bezain maiterik;
haren minez orai nago ezin hilez bizirik.

Nork baitere amoria niri daraut mutatu,
nik ez dakit zer den bana estamendu berri du;
ohi nola aspaldian nahi etzait minzatu,
zerk anderehantu duien behar dizit galdatu.

Sekretuki behar dizit harekila minzatu,
ordu hartan jagoitikoz etsai ezpa baketu;
niri untsa ezpadagit behar dizit pintatu;
ene buruia ziaidazu harendako abastu.

Amoria, nor izan da gure bion artian?
Mutaturik bazabiltza ia aspaldi handian,
nik zugana, dakidala, faltatu ez dut bizian;
biok behin sekretuki nonbait minza gitian.

Ehon ere ez dakusat nihaur bezain erorik:
nik norgatik pena baitut, hark ene ez du axolik;
zuhur baninz baninzande ni ere hura gaberik,
alabana ezin utzi behin ere gogotik.

Jende honak, bihotza daut beti ere nigarrez,
neure amore xotiltua galdu dudan beldurrez;
gaoaz lorik ezin daidit haren gogoan beharrez;
gogoan behar handi dizit bete nuien adarrez.

Jangoikoa edetazu amoria gogotik
eta haren irudia ene begietarik.
Hark nigana ez daduka untsa leialdaterik,
ni ere elikaturen niz orai hura gaberik;
saroia da lohitu eta ez dut haren beharrik;
nahi badut, ukenen dut orai ere berririk.

__________

POTAREN GALDATZEA

— «Andrea, Jeinkoak drugatzula; orai berdi girade;
ni errege balin banintz, erregina zinate;
pot bat, otoi, egidazu, ez zaitzula herabe;
nik zugatik dudan penek hura merexi dute.»

— «Eia horrat, apart'adi, nor uste duk nizala?
Horlako bat ez dut uste nik ikusi dudala;
horrelako hitz gaixtorik niri ez darradala;
bertzer erran ahal baititza; ez nuk uste duiana.»

— «Andre gaixtoa bazinade, nik ez naidi kondurik;
ziren zirena baitzira, zuzaz pena dizit nik;
ene ustean ez dut erran desonesta den gauzarik;
pot bat niri eginagatik, ez zinduke laidorik.»

— «Hire potak, baziakiat, bertze gauza nahi dik.»
— «Anderea, azti zira nihaurk erran gaberik.»
— «Bada utzi ahal bainentzak ni holakoz ixilik.»
— «Horrein gaitz ziraden gero eginen dut bertzerik:

Bizi nizan egunetan, bada, ez zitut utziren;
nik zer orai nahi baitut, heben duzu eginen.»
— «Uste diat eskuiarki ez hizala burlatzen;
gizon hunek orai nuia heben laidoz beteren?
Eiagora, nik zer daidit?» — «Zaude ixilik hanbaten.»

— «Etai lelori bai lelo, pota franko, bertzea bego.
Andrea, mintza ahal baitzinde bertze aldian emeago.»

__________

AMOREZ ERREKERITZIA

— «Benedika fortuna! Ala enkontru hona!
Orai begietan dizit desiratzen nuiena.

Ene maite maitena egidazu zuzena;
joan duzuna ekardazu ezpa eman ordaina.»

— «Nik dakidan gauzarik ez dadukat zurerik;
lotsaturik jarri nuzu, ez baitakit zegatik.»

— «Ez duzula beldurrik, ez dukezu perilik,
gure auzian ez da izanen zuhaur bezi jujerik.»

— «Ez dut egin gaizkirik ukeiteko perilik.
ez etare zerengatik behar dudan auzirik.»

— «Bada, neure maitia, nik diotsut egia:
arrobatu nuzu eta balia bekit neuria.»

— «Ni enuzu ohoina arrobatzer nizana;
orai, otoi, enadila ogen gabe difama.»

— «Enetako ohoin zira ohoin ere handi zira;
nik beharren nuien gauza daramazu zurekila.»

— «Ni enuzu jakintsu; klarki erran ezazu,
ehork untsa adi zitzan nahi balin baduzu.»

— «Gizonak duien maitena baietare hobena,
bihotzeko pausuia du eta bere lo huna.

Orai lorik ezin daidit, bihotzian ez pausurik;
haiek biak galdu ditut, amoria, nik zugatik.

Untsa pensa badezazu, gaizki arrobatu nuzu;
zor handian zaude eta, otoi, untsa egidazu.»

— «Galdu balin badituzu zeren ogen derautazu?
Nik dakidan lekutarik ni baitara ez dituzu.»

— «Orai egun batetan zenaudela pensetan,
hanbat zuzaz amoratu geroz nuzu penatan.»

— «Horla erraitia errax duzu, ero botzen badakizu;
zure pena diozunok nonbait handi bide'ituzu.»

— «Hanbat ere handi tuzu ezin erran nitzakezu;
egiara baziniaki, urrikari nangidizu.»

— «Penak handi badituzu, axeterrik aski duzu;
sarri sendoturen zira; larruiori oso duzu.»

— «Zauri baninz larruian bada axeter herrian;
ene mina sendo ez liro zuk baiezi bizian.

Zure irudi ederrak eta maina jentilak
gaizkiago zauri nizi ezi dardo zorrotzak.

Bihotzian zauri nuzu eta gatibatu nuzu;
amoretan har nazazu; nik dudana zure duzu.

Ametsetan, agerritan, ni zugatik doloretan;
hitz bat honik erradazu, hil eznadin, otoi, bertan.»

— «Zer nahi duzu darradan gauka horren gainian?
Ni nolakorik aski duzu bertzerik ere herrian.»

— «Bertze oroz gainetik hanbat maite zitut nik,
mundu oro utzi niro zure amorekatik.

Albanerra egia nik dut pena handia;
sekretuki minza giten biok, otoi, maitia.»

__________

AMOROSEN DISPUTA

— «Uztazu hurtanzera, amore maite.
orai partizeko damu ginate.»

— «Amoriak: otoi parti gitezen;
Jendiak diradela hasi bekaitzen,
laidok hartu gabe geldi gitezen,
jendek irrigarri gerta ezkiten.»

— «Elas. amoria ene galduia!
Jamas zurekila enainde enoia,
bizirik partitzia pena handia;
honein sarri uzi nahi nuzuia?»

— «Nihaurk ere gertuz maite bazitut,
onerizte gabez uzten ezitut,
bana Jeinkoaren nuzu beldurtu,
sobera digizi egin bekatu.»

— «Orano, amorea, gazte gituzu,
Ieinkuaz oritzeko leku diguzu;
are elgarreki behar diguzu,
orai partizeko damu gituzu.»

— «Bekatu honetan hilen bagina
damnatu lukezu ene arima;
etzitela engoitik nitan engana,
niri porogurik ez didazula.»

— «Zineste bat dizit gogoan honela:
nik nola dadukat amore zugana,
Jeinkoari ere eder zaikala;
hargatik gaitzetsi ezkitzakela.»

— «Horlako lausenguz utzi nazazu;
nola erhoturik narabilazu;
otoitzen nitzautzu, niri euztazu,
Ene gogoa untsa ez dakusazu.

— «Nola diostazu horlako hiza?
Beti dadukazu tema bortitza:
joan daraudazu lehen bihotza,
gero gatibatu neure gorputza.»

— «Horlako eranzutez utzi nazazu;
geldi bazinite nahi nikezu;
gure etxian ohart badakizkigu,
biok jagoitikoz galdu gituzu.»

— «Jendiak so daudia beti gugana?
Nihaurk sekretuki nator zugana,
zuhaurk dakikezu noiz den aizina;
neke etzaitzula jitia nigana.»

— «Pixer ebilia hautsi diohazu;
zuk ni laido handiz beteren nuzu;
otoitzen nitzaitzu, niri uztazu
nizaz atseginik ezin dukezu.»

— «Amore maitia diotsut egia:
zutan diagozu ene bizia,
Nahiago dizit zure ikustia
ezi neuretako herri guzia.»

— «Horlako lausenguz utzi nazazu;
ixil bazinite nahi nikezu;
Jeinkoaz oritzeko ordu lukezu;
bertzerik har ezazu, niri uztazu.»

— «Jeinko beldurturik jarri ziraia?
Halaz despeditu nahi nuzuia?
Hebetik joan gabe ene buruia
rgin behar duzu ene nahia.»

— «Orai nahi nuzuia heben bortxatu?
Aldi honetan, otoi, utzi nazazu;
bertze aldi batez jinen nitzaitzu,
nahi duzunori orduian daidizu.»

— «Haraizinakorik duzu errana:
utzi dazanorrek eskuian duiena
nahi duienian ez dukeiela.
Hitzak haribira, dugun egina!»

— «Orai egin duzu nahi duzuna,
eman darautazu ahalgeizuna,
maradikatzen dut neure fortuna,
zeren jin bainendin egun zugana.»

— «Amore, etzitela, otoi, despara,
honat begitartez itzul zakizat;
ni baitan dukezu adiskide bat;
balia dikezit senar gaixto bat.»

__________

ORDU GAITZAREKI HORRAT ZAKITZAT

Orai behar dugia konkista berri?
Eztei iraganez gomitu handi;
hanbat ezirade andere larri,
merexi duzuna narzake sarri.

__________

AMORE GOGORRAREN DESPITA

Andre eder jentil batez hautatu zait begia,
nerri orotan gauza oroz ez du bere paria;
othoize bat banegion larradala egia,
biderikan lizatenez ninzan haren grazian.

Respostuia eman deraut luzamendu gaberik:
— «Kortesiaz hon derizut nik zuri hain segurki;
bertzerik nitan ez dukezu abisatzen zitut nik;
hazte zoroa nizan arren, enukezu hargatik.»

— «Zu gaztia bazir'ere, adimendu hon duzu;
nik zugatik dudan pena, otoi, sendi ezazu;
zuretako har nazazu, bizi nahi banuzu;
ni zugatik hil banadi, kargu handi dukezu.»

— «Ohoria galtzen dela plazergitia gaitz duzu;
niri horla erraitia zuri eman ez duzu;
gaixteria egitia laido dela dakizu;
ni erhoa, zu jakintsu, beha enakidizu.»

— «Zuhaur nahi bazirade, ni segretu nukezu,
gure arteko amoria ehork eziakikezu;
sekretuki minzazeko, otoi, bide idazu;
rnekila minzatziaz gaitzik ezin dukezu.»

— «Gaizki egin dadinian. jendek sarri dakite,
ene gaizki egitiaz enek laido lukeite;
zu eta ni elgarreki untsa ezin ginate;
zaude ixilik, zoaz horrat eta hobe baitate.»

— «Hitz horrezaz erdiratu deraudazu bihotza;
nik zugatik dudan pena hanbat ere handi da,
zuzaz beraz ezpanadi orai bertan konsola,
rne arima jalgiren da falta gabe kanpora.»

— «Arimaren jalgitia neke bandia duzu,
orai duzun penegatik zuria egonen duzu;
horrelako banitatez niri segur uztazu;
probetxurik ez dukezu eta zinets nazazu.»

— «Zurekila gaizki baniz, nola bizi ninzande?
Ene bihotz eta arima zurekila dirade
Bihoz eta arima gabe ehor ezin lizate,
zu eta ni elgarreki untsa ahal ginate.»

— «Jauna gertuz hik dadukat porfidia handia;
ixil endin nahi nikek ala ene fedia!
Hitz gutitan adi ezak, nahi baduk, egia
Hiretako ez diadukat gertuz neure buruia.»

— «Hori horla lizatela nizin neure beldurra;
andriak hon deritzanari ezpadaki mesura,
ni lehenik eta gero amoros oro galdu da;
nik zuri hon baderitzut, gaitzi ez dakizula.»

Egundano izan daia ni bai dixatakorik?
Ni amoriak ez nu maite, nik hura ezin gaitzetsi,
uste dizit narraiola ezin dukedanari;
zeren, bada, hon derizat hon ez deriztanari?

Jangoikoa, muta ezak, otoi, ene bihotza,
amoriaren, hark bezala, nik ez dudan axola;
bortxaz ere gaizki bano hongi egitia hobe da;
nihaurk ere utziren dut hon ez deriztadana.

Andre faltaz eniz hilen balinba ni lehena;
oroz etsi behar dizit, non baitate hobena;
heki ezin medra naite, bai gal neure arima;
bategatik sarri niro diren oroz arnega.»

__________

MOSEN BERNART ETXEPAREREN KANTUIA

Mosen Bernart, jakin bahu gauza nola jinen zen,
Bearnora gabetarik egon ahal hintzanden.

Heldu behar duien gauzan ez da eskapazerik;
nik ogenik eznuiela ongi'gitez bertzerik,
bidegabek haritu nu bide ez nuien lekutik;
erregeri gaizki saldu gertuz ogen gaberik.

Jaun erregek mezu nentzan joan nengion bertarik;
gaitzez lagola entzun nuien, bana nik ez ogenik;
izterbegier ez neien malizian lekurik,
joan nendin, ez nagien ogen gabe ihesik.

Balinetan ioan ez aninz ogenduru ninzaten
Ene kontra falseria bethi zinhetsi zaten
Iustizian enzun baninz sarri ialgi ninzaten
Haren faltaz hasi nuzu iaugitiaz doluzen.

Bertzen gaitzaz zenzatzea zuhurtzea handi da;
izterbegi duien oro nitan bedi gaztiga;
abantallan dabilela ahal bailedi segura;
daitza apart egoiztea beti ere hobe da.

Ni, gaixoa, etsaiari nihaur jin niz eskura;
ene untsa eginak ere orai oro gaitz dira;
haren menean ez banengo, nik nukeien zuzena;
mirakulu banagi ere, orai ene ogena.

Falsu testimoniotik ezin ehor begira;
halaz kondemnatu zuten Jeinkoa ere hilrzera;
bekatore gira eta mira ez dakigula,
balinetan bide gabe akusatu bagira;
pazientza dugun eta Jeinkoak gizan aiuta;
malizian dabilena berak diro mendeka.

Jangoikoa, zu zirade egiazko jujia;
zure gortean bardin dira handi eta xipia;
norkbait ere egin deraut malizia handia;
haier hura, otoi, barka; niri balia egia.

Jangoikoa, zuk begira etsaiaren menetik;
nik eneak badakuskit ene gaitzaz bozturik,
xure eskuiaz dakuskidan haiek gaztigaturik,
ene gainian ez dagiten uste duten irririk.

Jangoikoa, egin dizit zure kontra bekatu;
haiez nahi ez nuzula, otoi, heben punitu;
erregeri, dakidala, nik ez dizit faltatu,
zeren egon behar dudan heben hanbat gatibu.

Zuganako huts eginez nahi banuzu punitu,
errege eta bertze oro ene kontra armatu,
gogo honez nahi dizit zure egina laudatu
eta etsaiak didan pena pazientki haritu,
nahiz heben pena nadin, arima den saluatu.
Haiek zer merexi duten, zuhaurorrek ikustzu.

Penak oro jiten dira Jeinkoaren nahitik
eta berak permititzen oro hobenagatik;
agian hula ez banango, hil nintzanden engoitik.
Ene etsaiak, galdu ustean, ene hona egin dik.

Berak batzu hil dirade, ni are nago bizirik;
ongi egin uste baitut ohorezki jalgirik,
gaitza nola hona ere jauginen da bertarik.
Gaitz ekusi ez duienak hona zer den ez daki.

Ongi egitez gaitz sofrituz behar dugu salbatu;
pena eta miseria nik ez nuien dastatu;
orai dakit: Jangoikuak ez nu nahi damnatu,
heben ene penatzera zaidanian oritu.
Urre unak behar dizi suian untsa purgatu.

Bere nahi ez banindu ez ninduken punitu;
aitak bere haur maitea gaztigatu ohi du;
bihi unak gorde gabe behar dizi xahutu;
Jangoikoak nitzaz ere hala agian egin du.

Mosen Bernart, pensa ezak kartzel'ori gaitz bada,
Nonbait ere ifernuia are gaitzago dela;
heben hik badukek bana, haiek ez nork konsola;
penak heben fin dik sarri, haienak ez sekulan.

Batre minik heben ez duk, lekot jalgi nahia;
han direnek beti die suian pena handia,
pena handi, izigarri, ezein pausu gabia;
hartzaz orit adi eta dukek pazientzia.

Bertzen gaztigari hintzan, orai hadi gaztiga;
pena honez orht eta hangoa ezak kojita;
hebengoaz bertzekoa ahal baheza eskusa,
untsa enplegatu dukek heben heure denbora.

Hor balego gaztiga iro ihaurk bertze guzia;
bada orai gaztig'ezak, aldiz, heure buria,
kirisailuiari nola hiri hel ez dadia:
berrzer argi egin eta erratzen dik buruia.

Hiri egin badaraie bidegabe handia,
Jeinkoari gomend'ezak heure gauza guzia;
hark orori emanen dik bere meretsituia:
gaizkigiler pena handi, pazienter gloria.

Ez dazala gaitzeriztez damna heure buruia,
desiratuz gaixtoari hel dakion gaizkia;
Jeinkoari egiten duk injuria handia:
hura borrer egiten duk, juje heure buruia.

Zertan juia hik baitazak heure izterbegia,
hartan kondemnatzen dukek ihaurk heure buruia
Eta hartan ez dakidik eskusarik balia.
Erakustak ehon ere nor den ogen gabia.

Jangoikoa, orai dizit egiteko handia:
hiri honetan heriotzez hiltzen duzu jendia.
Gatibutan hil ez nadin, gizon ogen gabia,
osorik, otoi, ialgiteko zuk idazu bidia,
izterbegiak ez dagidan gibeletik irria:
«ogenduru zuian eta han galdu dik bizia.»

Libertatia nola baita gauzetako hobena,
gatibutan egoitea hala pena gaitzena.
Ni bezala ez dadila, otoi, ehor engana,
ez eta're hitz orotan fida ere gizona.
Jangoikoa, zuk begira niri ere zuzena.

Amen.

__________

KONTRAPAS

          Euskara,
          jalgi hadi kanpora!

Garaziko herria
benedika dadila,
euskarari eman dio
behar duien tornuia.

          Euskara,
          jalgi hadi plazara!

Bertze jendek uste zuten
ezin eskriba zaiteien;
orai dute forogatu
enganatu zirela.

          Euskara,
          jalgi hadi mundura!

Lengoajetan ohi hintzan
estimatze gutitan;
orai aldiz hik behar duk
ohorea orotan.

          Eeuskara,
          habil mundu guzira!

Bertzeak oro izan dira
bere goihen gradora;
orai hura iganen da
bertze ororen gainera.

          Euskara!

Baskoak orok preziatzen,
euskara ez jakin arren,
orok ikasiren dute
orai zer den euskara.

          Euskara!

Oraidano egon bahiz
inprimitu bagerik,
hi engoitik ebiliren
mundu guzietarik.

          Euskara!

Ezein ere lengoajerik
ez franzesa ez bertzerik
orai ez da erideiten
euskararen parerik.

          Euskara
          jalji hadi danzara!

__________

SAUTRELA

Euskara da kanpora, eta goazen oro danzara.

O euskara lauda ezak Garaziko herria,
zeren hantik uken baituk behar duian tornuia.
Lehenago hi baitinzan lengoajetan azkena,
orai, aldiz, izanen iz orotako lehena.

Euskaldunak mundu orotan preziatu ziraden,
bana haien lengoajiaz bertze oro burlatzen,
zeren ezein skripturan erideiten ezpaitzen.
Orai dute ikasiren nola gauza hona zen.

Euskaldun den gizon orok altxa beza buruia,
ezi huien lengoajia izanen da floria.
Prinze eta jaun handiek orok haren galdia,
eskribatuz hal balute ikasteko desira.

Desir hura konplitu du Garaziko naturak
eta haren adiskide orai Bordelen denak.
Lehen inprimizalia euskararen hura da;
basko oro obligatu jagoitikoz hargana.

Etai lelori bai lelo leloa zarai leloa.
Euskara da kanpora eta goazen oro danzara.

DEBILE PRINCIPIUM MELIOR
FORTUNA SEQUATUR

__________

Legebiltzarreko erregistroen laburpena

          Francois Morpain-ek, Bordele hiriko maisu inprimatzaileak, apalki eskatzen du: Linguae Vasconum Primitiae izeneko liburutxo bat inprimatzeko anitz gastu eta ordain egin behar ukan duela. Kausa horregatik Gorteak nahi ukan dezala barruti honetako liburu-inprimatzaile guztiei aipaturiko liburua inprimatzen edo inprimarazten debekatzea, eta merkatari guztiei hiru urtez beste inprimaketarik saltzen eragoztea, Toursko mila liberaren penapean. Justizia egiteko. Eta eskari hau ikusirik, Gorteak esaniko Morpain-ek galdeturiko debekuak onartu ditu, Toursko mila liberaren penapean. Bordelen emana, mila bostehun eta berrogeita bosgarreneko apirilaren azken egunean.

Bat dator.
De Pontac.

__________

Extraict des regestes de Parlement

          Svpplie humblement Françoys Morpain, maistre Imprimeur de ceste ville de Bourdeaulx, que pour imprimer vn petit tracte intitule, Linguæ Vasconum Primitie, luy a conuenu faire plusieurs fraiz & mises. A ceste cause plaise a la Court inhibitions estre faictes a tous les Imprimeurs libraires de ce Ressort de imprimer ou faire imprimer le dict Tracte, & a tous marchans de nen vendre dautre impression dans troys ans a peine de mil liures tourñ. & ferez iustice. Veue laquelle requeste la court faict les inhibitions requises par le dict Morpain a peine de mil liures tourñ. Faict a Bourdeaulx en Parlement le dernier iour Dapuril, mil cinq cens quarante cinq.

Collation est faicte.
De Pontac.