Lizarra-Garaziko Hitzarmena

Lizarra-Garaziko Hitzarmena

Lizarra-Garaziko hitzarmena Lizarra-Garaziko adierazpenak bi zati ditu. Lehenengoan, Irlandako akordioaren ezaugarriak aztertzen dira, bake prozesua ahalbideratu zuten faktoreen azalpena eginez. Bigarrengoan, faktore horiek Euskal Herrian nola aplikatu proposatzen dugu sinatzaileok. Hona hemen bere horretan 23 alderdi, sindikatu eta gizarte taldeok hitzartutako akordioa.

Ipar Irlandako bake-akordioa bideratu duten faktoreak

Arazoan inplikaturiko alde guztiek haren izaera politikoa dela onartu dute eta, hortaz, haren konponketak ere politikoa izan behar duela. Gobernu Britainiarra eta IRA ederki jabetu ziren ez batak ez besteak ere ez zutela garaipen militarrik lortuko, ondorioz, bi aldeek gatazka bere hartan uztekotan, luzaro iraun zezakeela ere onartzera heldu ziren.

Gatazkaren protagonista guztiek eginiko hausnarketari esker, enfrentamenduak elkarlanari utzi zion tokia (elkarren gertuko baina jarrera desberdinen artekoa hasieran, aurkakoen artekoa geroago eta etsaien artekoa, azkenean), beti ere harreman hauetatik kanpo inor uzteko asmorik gabe.

Bertako gogoeta ugarietako batetan, errepublikar mugimendurako garrantzitsua bezain aspaldikoan, nabarmen daiteke, Uhartean indarrean zeuden tradizio guztiak ulertu eta errespetatuko zituzkeen konponbidea eratu eta bultzatu behar zela. Elkarrizketa esklusibistak egitearen edo politika isolatzaileak aplikatzearen aldekoen erresistentzia murrizten lagundu zuen jarrera horrek.

Harreman-sare honetatik sortutako elkarrizketa eta distentsiozko giroak pixkanaka protagonismoa eta lehentasuna eskuratu zuen, ordura arte indarkeriaren erabilerak eta politika isolatzaileak izandakoaren kaltetan. Bi aldeetatik distentsio-keinuak eman ziren, elkarrizketan hasteko aurretiazko baldintzarik ezarri gabe.

Irlandako herritarrei autodeterminazio eskubidea aitortzeak demokrazian sakontzea ondorioztatu du, bai edukiari dagokionez - burujabetzarako formula berriak sortuz - bai metodoari dagokionez ere - azken hitza herritarrei emanez-. Bake akordioaren bitan diren bereizgarri politiko hauek, negoziazioa, inor garaitzeko asmorik gabe, gatazka gainditzeko borondatean oinarritzen direla erakusten dute, uhartean indarrean dauden tradizio guztiak onartuz eta egitasmo politikoak izan dezaketen gauzatzeari begira, maila berean ezarriz, gehiengoaren sostengu demokratikoaz gain, beste mugarik gabe.

Nazioarteko mailako hainbat faktore agertzeak paper aipagarria izan zuen: Arazoaren konponbidean EEBBetako Gobernuak eta Presidenteak apustua sendo egin eta zuzenean parte hartu izana, Europar Batasuneko hainbat erakundek eginiko harrera ona (honen adierazle, agindu diren laguntza ekonomiko eskergak), prozesu osoan zehar Hego Afrikako Gobernuak eta Presidenteak agerturiko sostengu politikoa eta eskainitako aholkularitza.

Euskal Herrirako balizko aplikazioa

Irlandako bake-prozesu eta akordioaren ezaugarriak kontutan izaki, Euskal Herriak nozitzen duen gatazkak ere konponbidea izan dezakeelakoan gara, beti ere jarraian aipatzen diren jokamoldeak errespetatzen diren neurrian.

Identifikazioa

Euskal-gatazka izenarekin ezagutzen duguna, jatorri eta izaera politikoa duen gatazka historikoa da, bertan estatu espainiarra eta frantsesa inplikatuta daudelarik. Beraz konponketak ere derrigorrez politikoa izan beharko du. Gatazkaren sorrera eta mantentzeari buruzko ulermoldeak desberdinak izanik, berau lurraldetasuna, erabaki subjektua eta burujabetza politikoan adierazten denez, aipaturikoak konpondu beharreko oinarrizko arazo gisa aurkezten zaizkigu.

Metodoa

Elkarrizketa eta negoziazio prozesu irekiaren bitartez bakarrik gorpuztu daiteke konponketa politikoa, inplikaturik dauden eragileak baztertu gabe eta euskal gizarte osoaren esku hartzearekin.

Prozesua

Hasierako fasea

Elkarrizketa prozesua eta negoziazioa, inplikaturiko eragileen arteko harreman eta elkarrizketa bitartez eman daiteke, elkarrizketa prozesua gauzatu dadin, inplikaturik dauden eragileentzako gaindiezinak suertatu daitezkeen aurrebaldintzarik ezarri gabe.

Erabaki-fasea

Bere baitan arazoaren zergatiak aztertzeko nahia eta konpromisoa daraman negoziazio eta konponketa-prozesua, gatazkari lotuta azaltzen diren indarkeriaz adierazpenik gabe gauzatuko litzateke.

Negoziazioaren izaera

Negoziazioak osotasunezko izan behar du, hau da, arazoa osatzen duten eta bere ondorio diren kontu guztiak aztertuz eta erantzunak emanez. Ez daude agenda mugadunik. Honela, beraz, negoziazioa ez da hartu behar irabazi partikularren prozesu modura, arazoaren konponbide gisa baizik.

Konponbidearen giltzarriak

Esandakoak, konponbidea erabakitzeko negoziazioak bere baitan ez dituela berariazko inposaketarik izango suposatzen du, eusakl gizartearen aniztasuna errespetatu behar duela, proiektu guztiak erdiesteko baldintza berdinetan kokatzen direla, Euskal Herrian demokrazia sakondu behar dela - hau da, Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek beren hitzaren bitartez adierazi behar dutela - eta inplikaturik dauden estatuek erabaki hori errespetatu behar dutela. Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar ditu.

Ondoriozko eskenatokia

Konponbide-erabakiak ez du eskenatoki itxi eta behin betikorik edukiko. Alderantziz, berari esker, euskal herritarren tradizioari eta subirautza-asmoei aukera berriak kokatzeko moduko toki zabalak eratzea erraztuko da.

Euskal Herria, 1998ko Irailaren 12a

Sinatzaileak

Alderdi politikoak

Abertzaleen Batasuna,
Batzarre,
EAJ-PNV,
Eusko Alkartasuna,
Herri Batasuna,
Iniciativa Ciudadana Vasca,
Izquierda Unida-Ezker Batua,
Partido Carlista-EKA,
Zutik

Begirale moduan: Ipar Euskal Herriko Berdeak

Sindikatuak

EHNE
ELA
ESK-CUIS
Euskal Laborarien Batzarra
Ezker Sindikala
Hiru
LAB
STEE-EILAS

Begirale moduan: CFDT

Herri-mugimenduak

Amnistiaren aldeko batzordea/Gestoras Pro Amnistía,
Anai Artea,
Autodeterminazioaren Biltzarrak,
Bakea orain,
CAR/Ahaideak,
Comité de défense de droits de l´homme en Pays Basque,
Egizan,
Elkarri,
EPSK/Gureak
Gazteriak,
Gernika Batzordea,
Gogoa,
Gurasoak,
Hautetsi Abertzaleen Elkartea,
Herria 2000 Eliza,
Herriarekin,
Jarrai,
Presoen Aldeko Koordinaketa,
Senideak,
Sostengu Komiteak,
UDA-Treviño