Manex Goienetxe irakasleak: «Gure ametsak konkretuki bideratzen saiatu gara»

Manex Goienetxe irakasleak: «Gure ametsak konkretuki bideratzen saiatu gara»  (1997)  Oihana Garat, edited by Euskaldunon Egunkaria
gizartea
Jatorria

Manex Goienetxe irakaslea
«Gure ametsak konkretuki bideratzen saiatu gara»

Manex Goienetxe, sortzez garaztarra, Angelun bizi da. Ofizioz irakaslea da,hastapenean frantses eskoletan eta gero ikastoletan. Baionako fakultatean euskarazko kurtsoak ematen ditu.

■Nola sortu zen UEU Ipar Euskal Herrian?

1973an sortu genuen UEU. Ez nintzen bakarrik, beti lantalde batek eraman du lana. Idazkari bezala norbait behar zen eta nik hartu nuen lan hori. UEU hasi genuen Karlos Santamariaren laguntzarekin. Hutsune bat senti genuen garai hartan Euskal Kultur mugimenduan. Hamarkada horretan kultura ez zen bat ere azkarra. Ikastolak abiatuak ziren, irrati eta egunkaririk ez zegoen. Alfabetatze mugimendua azkartzen hasia zen, Ricardo Arregi batekin. Irekiak ziren eremua berri horiek behar genituen osagarritu. Herria historian zehar aitzina doalarik, unibertsitatea beharrezkoa zaio, hots alde horretatik basamortuan geunden.

■Norekin egin zenuen lan UEU muntatzeko?

Europan barreiatuak ziren irakasle eta ikasleekin muntatu genuen UEU. Belaunaldi desberdinetako jendeak bildu ziren lehen ekitaldian. Beraz, gazteak irakasle omen handikoekin elkartu ziren. Joan ginen Bartzelonarat Ibon Sarasola baten bila edo Parisera Txomin Peillenen bila. Quebecetik Piarres Xarriton ere etorri zen. Lehen lau urteak Ipar Euskal Herrian egin zituen UEU bainan gero Nafarroara joan zen, giro politikoa kanbiatu zelako. UEU ez da izan Ipar Euskal Herriko edo Nafarroako gauza bat, Euskal Herri osokoa izan da. Erran nahi baita Euskal Herri honetan hiru lurralde puskaturik direla eta bakoitza bere berezitasunarekin. Orduan UEU saiatu da lotura bat egitera muga horien gainetik, kontuan hartuz herri honen lurraldetasuna. Baionan edo Iruñean egin berdin da.

■Partaide anitz baziren hastapenean?

Lehen ikastaroan 85 ziren. Bigarrenean 124, eta orain bostehunetik goiti. Erran nahi dut behar bat bazela eta hutsune hori bete dugula neurri batean. UEUk beti egin ditu ametsak eta batzuentzat ametsak erran nahi du utopia. Gure ametsak konkretuki bideratzen saiatu gara beti.