Marjinak eta disonantziak

Marjinak eta disonantziak  (2021) 
Pello Otxandiano
Errian argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Ez dirudi Glasgown gertatu denaren (eta gertatu behar zuenaren) gaineko kontzientzia gehiegi dugunik. Iragan larunbatean COP26 aldaketaldia plataformak antolatutako mobilizazioak izan ziren Bilbon eta Donostian eta, manifestarien kopuruak ikusita, badirudi ez dugula klimaren aldeko borrokaren dimentsio politikoa barneratu oraino. Erradikaltasunaren bila dihardugun garaiotan, gizaldi honetako gatazka politiko gorena izango denak ez du oihartzunik Euskal Herrian gaur-gaurkoz. Esan izan da Euskal Herria berandu sinkronizatu izan dela historikoki nazioarteko mugimenduekin. Oraingoan denbora faltako zaigu ordea gauzak geure erara egiteko.

Paradoxikoa da erradikaltasuna falta zaigula esaten den garaiotan justizia klimatikoaren aldeko borroka, zeinak sistema kapitalista bera goitik behera inpugnatzen duen, euskal agenda eraldatzailearen lehen lerroan ez kokatzea. Badago disonantziaren bat edo beste gaurko euskal ezker eraldatzailearen pentsamendu politikoan. Bi behintzat ikusten ditut nik. Gordin esanda:

1. EH Bilduk ez dio ezker independentista eraldatzaileari praktika politiko erradikalerako marjinarik uzten

aldatu

Neoliberalismoaren muineko dogma ekonomiko nagusiak kolokan daude azken 40 urteetan ez bezala: etengabeko hazkunde ekonomikoaren paradigma, merkatuaren esku ikusezinaren mitoa zein zerbitzu pribatizatuen eraginkortasunaren falazia. Neoliberalismoak azken 200 urteetan ikusi ez diren desberdintasun sozialak sortu ditu eta planetaren muga biofisikoekin egin du talka, bizitza bera materialki arriskuan jartzeraino.

"Tiempo suspendido" kategoria proposatu du Alvaro García Linerak garai hau deskribatzeko. Denbora horizonte bat dagoenean mugitzen dela dio, nora goazen imajinatu dezakegunean behintzat. Bere ustetan, egun, globalizazio neoliberalaren ixte luze eta agonikoaren garaian, hegemonia neoliberalaren optimismo historikoa galdu egin da, neoliberalismoak imajinarioa eta kontakizuna sortzeko ahalmena galdu du; garai hau gainbehera dator ("ocaso de época").

«Neoliberalismoaren muineko dogma ekonomiko nagusiak kolokan daude azken 40 urteetan ez bezala»

Baina ez neoliberalismoa soilik, kapitalismoa bera ere auzitan dago: IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen (Nazio Batuen Erakundea) seigarren txostena eskutan, Parisko Akordioa beteko bada justiziaren gutxieneko noziorik alboratu gabe, produkzio eta kontsumo ereduak birplanteatuko dituen gizarte egituren eraldaketa sakon baten ondorioz izango da, zeina planifikazio demokratiko inoiz ikusi gabeko baten bidez baino ezin daitekeen egin. Hau da, momentu honetan, Parisko Akordioa programa antikapitalista bat da. Edo, bestera esanda, ez dago substratu sozialistarik gabeko politikarik Parisko Akordioen helburuetara iristeko gai denik, hondamendi planetarioa ekidin dezakeenik. COP26k utzitakoa honela laburbil daiteke: kapitalismoa Parisko Akordioaren aldeko konpromiso betearazleen aurka. Egoera hau, gaur-gaurkoz, eskuin muturra ari da baliatzen beste inor baino hobeto, ofentsiba kultural izugarri bat garatuz.

Aukerak

aldatu

Egoeraren dramatikoan erradikaltasunaren marjinak zabaldu egin dira, beraz. Ekologismo politikoa euskal eskalan antolatzea lehentasun beharko luke euskal askapen mugimenduarentzat. Askapen borrokara batu diren belaunaldi berriek ardura hartu lezakete ekologismoaren bidez antikapitalismoak inoizko espazio sozial zabalenak irabaz ditzan. Aukera hori dute eskura. Ekologismo politikoaren eskutik behar du feminismoak, geure garaiko bigarren borroka emantzipatzaile handiak. Zaintza lanen kolektibizazioa aldarri generazional gisa (bere garaian sufragio unibertsalaren borroka izan zen bezala) hartu duen mugimendua antikapitalista da, erradikalki. Zaintza lanak eremu pribatutik ateratzeak (emakumeengandik libratzeak) sistemaren muina ukitzen baitu, kapitalaren metaketa prozesuaren beraren oinarrizko osagaietako bat. Nazio askapen mugimendura batu diren belaunaldi berrien ardura izan liteke borroka hau ahalik eta urrunen eramatea, sistemaren oinarrizko zutabeetako bat kolokan jarriz.

«Ekologismo politikoa euskal eskalan antolatzea lehentasun beharko luke euskal askapen mugimenduarentzat»

Zer esan euskalgintzari buruz: Euskalduntze fase oso bat agortu da eta 30 urte atzera egiteko arriskua dugu. Gainera, hizkuntza minorizatuen aurkako erasoaldi politiko eta judizial berri bat ari gara ikusten. Ez da kasualitatea: kultur homogeneizazioa da neoliberalismoaren lanabes eragingarrienetako bat. Desira eta espektatiba berdinak ditugun pertsonak nahi ditu munduko edozein lekutan. Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek adierazi dutenez, neoliberalismoaren ideologiari, subjektibotasunari eta sistemari galga, besteak beste, hizkuntzaren, kulturaren eta herrien garapenak jarriko die. Belaunaldi berrien aukera izan liteke euskalduntze fase berriak eskatzen duen euskalgintzaren abangoardia izatea. Badira beste eremu batzuk, noski: Herri hezitzaileak oinarri hartuz euskal hezkuntzaren eraikuntzaren fase berri bat irekitzea, adibidez. Zer esanik ez, bizi baldintzei dagokienez etxebizitza eskubidearen aldarrikapenak, adibidez, egin dezakeen bidea (Berlinen ikusi berri dugu). Edo migranteen eskubideen aldeko borroka. Gaur, kapitalismoak gizadiaren beraren biziraupena kolokan jarri duelarik, ezker eraldatzaileak zeharkakotasun handia artikulatzeko gaitasuna izan dezake. Horretarako, ordea, artikulazioak zein talante eta zer talentu eskatzen duen galdetu behar diogu lehenik geure buruari: zein da garai honen potentzial politikoa askatzeko gai den herrigintza, zentzu komunaren jabe egiteko gai den hori, gizarte sektore zabalen gogo-bihotzak irabazteko kapaz dena?

Gotorlekurik ez

aldatu

Erradikaltasunaren marjinak zabaldu direlarik, gotortzea akats estrategiko larria litzateke. Berriro diot: ez dezagun begi bistatik galdu, gaur-gaurkoz, eskuin muturra dela egoera hoberen baliatzen ari dena. Eta gotortzeko modu asko daude. Geure identitate partikularraren autoafirmaziorako behar existentziala sumatzen da oraindik ere, adibidez. Ezbairik gabe identitatea beharrezkoa du askapen mugimenduak, baina ez behar estrategikoen kaltetan. Herriarengandik bereiziz baino herrian urtuz eraiki behar du bere identitatea, herritarrekin batera lan eginez, umiltasun handiz. Sarri parafraseatuz, antikapitalismoa egin nahi dugun ala antikapitalista izan nahi dugun erabaki behar dugu. Lehenak gua euskal gizartearen sektore zabalekin batera eraikitzera garamatza, bigarrenak gutasun autozentratu eta gotortu batera, finean, konfort eremu batera. Batzuetan, badirudi, klimaren aldeko borroka, adibidez, "gutxiegizkoa" zaigula, ez zaigula aski. Hau da, horri buruz oso "gutarra" ez den jende gehiegik hitz egiten badu, borroka genuinoa, behar besteko jatorra, garbia ez den seinale dela. Orduan nahiago izaten dugu "besteengandik" (zentzu komunetik) apartatu eta geure buruak diskurtso hiperrideologiko baten aterkipean babestu. Eta hori gotortzeko beste modu bat baino ez da. Jendeari hitz egin behar zaio ulertu dezakeen moduan. Erradikala ez da diskurtso "erradikalena" egiten duena, proposamen eraldatzaile baten alde jende gehien bildu eta mobilizatzeko gai dena baizik. Ditxosozko hegemonia hori baino ez zen, finean. Adibide zehatzetara eramanda: Zein jite (tonu) izan behar du etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina batek euskal hirigune batean benetan eraldatzailea gerta dadin? Bada, esango nuke, gutxi-asko, Berlingo kanpainak izan duenaren parekoa.

Boterearen mapa bat

aldatu

Bestetik, botere harremanen analisi zorrotz bat behar dugu: ezkerreko independentismoak botere estrategia bat behar du, instituzioak gobernatzea zer den eta zer ez argi izanik beti ere. ELAren estrategia da, adibidez, "ezker politikoa" presionatzea. Hala esan izan du: errazagoa da ezkerra presionatzea eskuina baino. Bildu Gipuzkoako Diputazioaren gobernuan zegoenean erreforma fiskalarekin presio egiten zion, adierazteraino (eta batzuetan esateraino) erreforma fiskal aurrerakoiagorik ez zegoela Bilduk nahi ez zuelako. Baina Bildu gutxiengo egoeran zegoen Gipuzkoako Batzar Nagusietan; erreforma fiskal sakonago baterako oztopoa ez zen, beraz, Bildu, Bilduren kontra aktibatu ziren indar erreakzionarioak baizik. Garai hartan tokatzen zena zen indar erreakzionario horien parean euste-horma bat eraikitzea (nork beretik baina elkarlanean) baina hainbatek nahiago izan zuten izan eta ez egin. Ezker eraldatzaileak instituzio gorenak gobernatuta ere, argi izan dezagun desjabetze bidezko metaketan oinarritzen den kapitalismoa sistema oligopolista dela, eta trantsizio energetiko justu bat, lan erreformaren baliogabetzea edota etxebizitzaren alogera-prezioa mugatzea galarazi nahi dituzten eragileak nortzuk diren eta zer indar duten: boterearen mapa argi izan dezagun geure arteko bertso txikietan hasi orduko. Herri mugimenduak nahi beste marjina du kritika sistemiko erradikalerako.

«Botere harremanen analisi zorrotz bat behar dugu: ezkerreko independentismoak botere estrategia bat behar du»

Halaber, nork bere lekua hartuz, nork beretik ekiteaz gain, langintza instituzionalaren eta herri mugimenduaren artikulaziorako marjina handia da eskala guztietan (udalgintzatik hasita), eta gutxiegi izango da oligarkiaren xantaiaren eta eskuin muturraren ofentsibaren aurrean. Bidenabar, esango dut martxan dauden udalgintza herrigilearen bidezko praktika komunitario eraldatzaile askotarikoen ezagutza urria dugula, eta, ezagututa ere, ez diegula duten balio politikoa aitortzen. Ez dut gorespen gehiegizkorik entzun Durangon, herri-galdeketa bidez, neurriz kanpoko proiektu bat gelditu denean; Oñatin telekomunikazio operadore munizipal bat martxan jarri denean; Bakiok ibaiari lur eremu zabal bat eman dionean klima aldaketari aurre egiteko neurri gisa; Hernanik "Hernani burujabe" estrategia aurkeztu duenean; Azpeitiko kultur mahaiaren esperientziaren arrakasta ikusi denean; Errenteriak itxialdiaren ondorio sozialei aurre egiteko zaintza sistema komunitario eraginkor bat martxan jarri duenean; Udalbiltzak Geuretik Sortuak ekimena aurkeztu duenean, Errigorak Agerraldia eta abar (bat-batean burura datozkidan esperientzia bakan batzuk aipatzearren).

2. Ezker eraldatzailea instituzioetan indartzeak herri mugimendua ahultzea ekarri du

aldatu

Hau da sumatzen dudan bigarren disonantzia handia: Ez dugu garaiko baldintza sozial eta kulturalen azterketa zorrotzik egin oraino. Militantzia ereduak aldatu direla esaten dugu baina behar beste sakondu gabe. Lau gako ikusten ditut gutxienez:

Neoliberalismoaren gainbehera betean ezkerra ez da gai imajinario eta kontakizun alternatibo bat sortzeko; ezkerraren porrot historikoaren oinordeko gara. XX. mendeko ideologia modernoek ilustrazioan bota zituzten sustraiak, eta, zibilizazio krisi hau, neoliberalismoaren krisia bainoago, modernitatearen krisia ere bada. Ezkerrak modernitatearen egiak deseraikitzeari ekin zion baina, deseraikitzeaz aparte ez du alternatiba sistemikorik eraikitzeko gaitasunik izan. Orain dela mende erdi optimismo historikoak blaitzen zuen ezkerra: historiaren garabideak garaipenera ginderamatzan, halabeharrez. Gaur ortzimugan dakusaguna apokalipsia da, testuinguru kulturala zeharo da ezberdina. Ezin dezakegu askapen mugimenduaren egoera munduan gertatzen denetik kanpo baloratu geure buruekin injustuak izan gabe.

«Bigarren disonantzia handia: Ez dugu garaiko baldintza sozial eta kulturalen azterketa zorrotzik egin oraino»

Utopia handiekin batera norberatasuna eraikitzen zuten gizarte egitura nagusiak urtu diren neurrian, indibidualizazio prozesu hazkorrak gertatu dira mendebaldar gizarteetan. Gaur identitate politikoak nitasunetik eraikitzen dira gutasunetik bainoago. Feminismoaren arrakastaren arrazoietako bat da emantzipazio kolektiboa ez ezik askatze indibiduala ere bere egin duen subjektibitate berriari baliagarri zaiola. Lehen Euskal Herrian Euskarazeko kide bati (adibide bat jartzearren) bere euskalduntasuna antolakunde horretako kidetasunak (gutasunak) ematen zion neurri handian: EHEko militante gisa aldarrikatzen zuen bere burua euskaltzale bezainbeste ala gehiago. Gaur, emakume askok beren identitate feminista eraikitzeko ez dute kolektibo baten parte izateko beharrik sentitzen. Dinamika kolektibo batera batuko dira nitasuna gutasunean urtu gabe, eta egingo dute momentu konkretuetan, modu ez iraunkorrean. Askapen mugimendua identitate kolektibo hertsatzaile batetik dator, zeinean gutasunak nitasunei lekurik apenas uzten zien (onerako zein txarrerako). Gaurko munduan, gustatu ala ez, subjektibitate berriak sortu dira, egitasmo kolektiboekiko atxikimendu modalitate berriak. Hau aintzat hartu gabe ez dugu ezer ulertuko.

Mundu hiperrazeleratuan bizi gara. Tresna digitalek hiperproduktiboak bilakatu gaituzte. Etengabe gaude konektatuta, lehen baino askoz gauza gehiago egiten ditugu (besterik da egiten ditugun gauzen kalitatea zer-nolakoa den). Lanpostu berdinak (demagun lehen hezkuntzako irakaslea) ez du zerikusirik orain dela 30 urte eta gaur egun. Lanorduetatik kanpo ere lanean jarraitzen dugu etenik ez duten harreman telematikoen bidez. Ondorioz, jende askok du itomen sentsazioa, geroz eta gauza gehiago egin arren inoiz bukatzen ez den lan dinamikan arnasestuka ibiltzearena. Neurriz kanpo eta denborarik gabe gabiltzanaren sentsazioa, eta gure oinarrizko beharrizanak (afektiboak, espiritualak) zaintzen ez ditugunarena, edota maite dugun jendeari kalitatezko denbora eskaintzen ez diogunarena. Ondorioz, jendeak deskonektatzeko (bere ingurune sozialetik alde egiteko) behar induzitua sentitzen du. Honek guztiak militantzia politikoa alderik alde zeharkatzen du.

«Halako megafaktore globalak aintzat hartu gabe betaurreko zaharrekin begiratuko diogu herri mugimenduari, eta argazkia lausoa aterako zaigu beti»

Aisialdi eredua ere goitik behera aldatu da. Lehen jendea kalera, tabernara, auzora ateratzen zen etxean zerekin entretenitu ez zuelako. Elkarguneek proiektu kolektiboetarako baldintzak sortzen zituzten, jendea batzeak sorkuntza kolektiborako aukerak errazten zituen. Gaur eskaintza mugagabea daukagu etxetik atera gabe (Netflix, HBO, Amazon prime, edozein baliabide eskura Internet bidez). Netflix jendartea gara. Mundu horrek irentsi gaitu. Bai, gu ere bai. Has gaitezen geure buruak ispiluaren aurrean lotsarik gabe begiratzetik. Halako megafaktore globalak aintzat hartu gabe betaurreko zaharrekin begiratuko diogu herri mugimenduari, eta argazkia lausoa aterako zaigu beti. Ez ditugu baldintza sozial eta kulturalak ondo hautemango eta jada existitzen ez den gizarte bati hitz egingo diogu. Mundua aldatu egin da, euskal gizartea ere bai, eta askapen mugimendua ere bai. Aldatu da aldatu behar zuelako. Jada existitzen ez den mundu hori ez da bueltatuko. Horregatik, asmatuko badu, askapen mugimenduak forma berriak hartu behar ditu, eta tresna berriak sortu,testuinguru eta baldintza berrietara egokituz etorkizunari aurre egin ahal izateko. Iragan loriatsu baten nostalgiak berezkoa zaigun sen sortzailea galgatzen digulakoan nago. Gurago dut etorkizunaren nostalgiaren bizi indarra.