Marshall Planaren hitzaldia

Europa berreraikitzeko premien azterketa egitean, egoki balioetsi ziren bizitzak galtzea edota hiriak, lantegiak eta meategiak suntsitzea; baina azken hilabeteotan nabarmen ikusi da, beharbada, aipaturiko suntsiketa ikusgarria baino garrantzitsuagoa izango dela Europako ekonomiaren egitura desegin izana. [...]

Egia da Europak gaur egun duen ordaintzeko gaitasunarekin ezin izango diela aurre egin premia guztiei datozen hiruzpalau urteetan; izan ere, kanpotik —batez ere Amerikatik— ekarri behar dituen elikagaiak eta oinarrizko beste zenbait produktu ordaintzeko, laguntza gehigarri handia behar du; bestela hondamendi ekonomiko, sozial eta politiko oso larria pairatuko du.

Etengabeko soka hori moztea da erremedioa, europarrek konfiantza berreskura dezaten beren etorkizun ekonomikoan eta Europan, oro har. Fabrikatzaileak eta nekazariak gai izan behar dira —eta horretarako borondatea izan behar dute— beren produktuak eremu zabalean trukatzeko; truke horretako diruaren balioa egonkorra izan behar da, kezkarik sor ez dezan uneoro.

Egoerak munduan sor lezakeen pesimismoa eta kaltetutako jendearen egonezinak eragin litzakeen liskarrak alde batera utzita ere, edozeinek ikusten du argi eta garbi zein eragin izan dezakeen egoera latz horrek Estatu Batuetako ekonomian. Munduaren egoera ekonomikoak normala izan behar du, egonkortasun politikoa eta bake segurua lortuko badira; eta logikoa da Estatu Batuek beren eskuetan duten guztia egitea hori lortze aldera.

George Marshall

Harvard Unibertsitatea, 1947ko ekainaren 25a


Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 243.

Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 98.


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.