Metamorfosiak (Ovidio)

Metamorfosiak, VI, 601-676. “Filomela eta Prokne”`

(Itz: Juan Mari Mendizabal. Ipuin ankerrak. Erein arg., 1994.)

[...] Filomela, bere arerio amorratuena bizi zen etxera sartzean, zurbildu egin zen, izututa. Ahizpak gela batera eraman zuen, eta bertan arropak eta aurpegia ostentzen zion koroa kendutakoan, besarkatu egin zuen adiskidetasun samurrena erakutsiz. Triste eta lotsatua, Pandionen alaba zorigabea ahizpari ez begiratzen saiatu zen, Tereok bortxaz eginarazi zion intzestua zela-ta. Begirada zoruan tinko, jainkoak berak jarri ditu jasandako bortizkeriaren lekukotzat, eta eskuek, mingainik ezean, adierazi dute bere errugabetasuna. Proknek, ahizpa malkoak uholdeka isuriz ikustean, ezin dio erresuminari eutsi: “Ez da negar egiteko garaia —esan zion—; mendeku hartu behar dugu. Burdina erabili behar dugu, edo gauza izugarriagoren bat, halakorik balego; modu krudelen batez zigortu behar dugu tiranoa. Su emango diot jauregiari, tereo zitala bertan kiskal dadin, edo bestela mihia eta begiak erauziko dizkiot, edo milaka kolpe emango dizkiot bere gorputz lotsagabetik arima kriminala ateratzeko. Oraindik ez dakit nire suminak zer erabakiko duen, baina edozein mendeku eredugarri hartzeko erabakita nago”.

Prokne ahizpari honela hitz egiten ari zitzaionean, Itis bere semea ikusi zuen hurbiltzen. Ikuspen hark segituan iradoki zion mendekua. “Zital halakoa, aitaren antza baituzu”, esan zion, begiak suminez beteta. Hitz labur hauen ondoren, kolerak ahoa itxi zion, eta amorrazioak eta etsipenak krimenik izugarriena iradoki zioten. Mutila amarengana hurbildu zen, eta agurtu ondoren alboan etzan zitzaion, musukatuz eta milaka laztan eginez. Prokneren kolera, samurtasunak ukitua, epeldu egin zen, eta ezin izan zuen malko batzuk isurtzea galarazi. Ahuldurazko une hartaz segituan jabetuz, eta begiak ahizparenganantz itzuliz, esaten zuen: “Errukarria ni! Haur honek zergatik laztantzen nau halako samurtasunaz, eta nire ahizpak, bitartean, betiko galdu du mintzatzeko gaitasuna? Semeak zergatik dei diezadake ama, eta Filomelak, berriz, ezin dit ahizpa esan?” Hau esatean oreinkume bat irensteko asmoz basoaren sakontasunean sartzen den tigre emea zirudien. Proknek semea hartu eta jauregiko bazter urrunenera eraman du. Han egon zirenenan, ama bihozgabe hark, bere semaren laztanei inolako jaramonik egin gabe, honek arriskua aurrikusiz besoak luzatu eta “Ama, amatxo maitea!” deitzen baitzion, kolpe bakar batez kendu zion bizia printze gazte hari. Bitartean, Filomelak burua moztu eta gorputza mila apurretan zatitu zuen; ondoren bi furia haiek zatiak ondu eta parte bat egosi eta bestea erre zezaten agindu zuten.

Proknek segituan jakinarazi zion Tereori oturuntza prest zegoela; eta herrian nola ohitura zen Bakoren jaialdietan zehar senarrak emaztearekin bakarrik jatea, honek gainerako guztiei erretiratzeko agindu zien. Erregea berarekin eseri zen mahaian eta eskuez heldu zion prestatua zioten jaki higuingarriari, hartara bere odolaz eta bere haragiaz elikatu zelarik. Puska bat geroago semea ekar ziezaiotela agindu zuen; eta orduan Proknek, bere krimena besteari leporatzeko aurkezten zitzaion aukera ikusita, pozaren pozez esan zion: “Hortxe daukazu; hor duzu eskatu duzuna”. Tereok burua jiratu zuen printzea non zegoen ikusteko, eta deika ari zitzaiola, hara non sartu zen gelan Filomela, odolez zikinduta eta adatsak nahasirik, eta haur haren burua jaurti. Ez zuen inoiz aldi hartan adina irrikatu mintzatzeko gai izatea, tiranoari erakusteko mendekatzean nolako poza sentitzen zuen. Izugarrikeria hura ikustean Tereok orro beldurgarria egin zuen, Ifernuko Furia guztiei laguntza eske. Sabela ireki nahiko zukeen, jan berria zuen jaki gorrotagarria ateratzeko; negarretan urtuz, oinaze gaindiezin hartan behin eta berriz oihukatzen zuen semearen izena. Eskuan ezpata zeramala, Filomela eta Prokneren bila abiatu zen, baina haiek joanak ziren, ihes eginak, eta halako arintasunez non hegalak zituztela baitzirudien. Izan ere, Filomela basoetako urretxindor bilakatu zen; Prokne, berriz, enara bihurtu eta bere jauregiko dorrean pausatu zen. Honen lumek, odolaren antza duen kolore batez tindatuak, oraindik gordetzen dute bere ankerkeriaren seinalea. Tereo ere, minik bizienaren menpe, eta mendekatu ahal izatea irrikatuz, txori bilakatu zen. Bere buruak, gandorrez apaindua, kasko baten forma zuen, eta ahoaren muturreko mokoa lantzaren antzekoa zen. Txori hari argi-oilar izena jarri zioten. Mentura tragiko haren berria handik gutxira iritsi zen Atenasera, eta Pandionek hain kolpe sakona hartu zuen, gutxi gabe hil baitzen, bere zahartzaro lasaia errotik zapuztuz.


Metamorfosiak, X, 243-297. Pigmalion.

(Itz.: Gidor Bilbao)

Pigmalionek andre horiek bizitza guztian gaiztakeriaz jokatzen ikusiak zituenez, naturak andrazkoen buruan jarri dituen grina txarrekin minduta, ezkongabe bizi zen emazte barik, luzaroan ezkon-ohean kiderik gabe.

Artean marfilezko elur-eskultura bat egin zuen, beharrik antze miresgarriz, eta andrazkoak jaiotzean ezin izan dezakeen edertasuna eman zion, eta bere lanarekiko maitasuna sortu zitzaion. Benetako neskaso batena da aurpegia, bizirik dela pentsa zenezake eta, lotsak eragotziko ez balio, mugitu nahiko lukeela: horrenbesteraino du antzea bere antzeak ezkutatzen. Ederretsi egiten du eta itxuraturiko gorputz haren ilintiak erretzen ditu bere bihotzean Pigmalionek.

Sarri hurbiltzen ditu eskuak bere lana ukitzera, ea gorputza ala marfila den, eta oraindik ez du marfila denik onartzen. Musuak eman eta itzuli egiten dizkiola pentsatzen du, berba egiten dio eta oratu, eta eriak, ukitutako ataletan sartzen direla iruditzen zaio, eta beldur da, zapaldutako soin-ataletan ubeldurak sor ez daitezen, eta batzuetan hitz goxoak eskaintzen dizkio, beste batzuetan neskatoei atsegin zaizkien opariak ekartzen, maskorrak eta harritxo biribilduak, txori txikitxoak eta mila koloretako loreak, lirioak eta margodun pilotak, eta Heliadeen arbolatik eroritako malkoak. Apaindu ere egiten dizkio jantziekin soin-atalak; harbitxiak jartzen dizkio erietan, lepoko luzeak idunean; belarritik perla arinak eta paparretik katetxoak ditu zintzilik. Dena datorkio ondo eta biluzik ere bere edertasuna ez da eskasagoa.

Sidoneko maskorraz tindaturiko ohazalean etzanarazten du eta ohaide deitzen dio eta iduna etzanda luma samurretan ipintzen du, berak sentitu egingo balu bezala. Venusen jai-eguna iritsia zen, Zipre osoan ospetsuena, eta adar erakargarriak urrez jantziak zituzten txahalak elurrezko lepondoan jota eroriak ziren, eta intsentsua kea zeriola zegoen, bere oparia eskaini eta aldare ondoan jarrita, lotsaz «jainkook dena eman ahal baduzue, nahi dut nire emaztea izan dadin...» eta «marfilezko neskasoa» esaten ausartu ez eta «marfilezko neskasoaren antzekoa» esan zuenean Pigmalionek. Bere jaietan han bertan zen urrezko Venusek ulertu zuen zer nahi zuen eskari hark eta aldeko erabakiaren aurrerapen gisa hiru bider biztu zen sugarra eta airean eraman zuen muturra.

Itzuli zenean bere neskatxaren irudiaren bila joan zen eta ohatzean etzanik musuak eman zizkion: epel zegoela iruditu zitzaion. Berriro hurbiltzen ditu ezpainak, eskuekin ere ukitzen du bularra; ukituriko marfila guritu egiten da eta gogortasuna utzita barrura egiten du eriekin eta amore ematen du, Himetoko argizaria eguzkiarekin biguntzen den moduan eta erpuruarekin landuaz forma askotan aldatzen den bezala, erabilgarritasuna erabiliaren erabiliaz hartuz.

Zurtu, zalantzaz poztu eta gezurra izan litekeelako beldurtzen den bitartean, behin eta berriro hartzen du bere eskuekin, eta maitasunez berriro hartzen, bere guraria. Gorputza zen: taupadaka hasten zaizkio zainak erpuruaz ukitzean. Orduan hain zuzen azaldu zituen Pafoseko heroiak hitz adierazgarriak, Venusi eskerrak emateko, eta azkenik bere ezpainekin gezurrezkoak ez diren ezpainak hertsatzen ditu eta neskasoak sentitu egin zituen emandako musuak eta gorritu egin zen eta bere begietako argi lotsatia argira altxatzean zeruarekin batera maitalea ikusi zuen. Berak bideraturiko ezteietan izan zen jainkosa, eta ilargiaren adarrak bederatzi bider elkartu eta uztai osoa egin zutenean, Pafo sortu zen neskarengandik, eta honengandik hartu du uharteak izena


Iturria: Bilbao Telletxea, G. (2002): Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak, UEU, Bilbo, 193-196.


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.