Nerez Mendaro'n jaiua naiz ni

Nerez Mendaro'n jaiua naiz ni
Eusebio Muguerza "Mendaro Txirristaka"


«Nerez Mendaro'n jaiua naiz ni »


1/
Nerez Mendaro'n jaiua naiz ni,
Eusebio det izena,
Donostia'ko ziudadian
aspaldi bizi naizena,
makiñatxo bat txorakeritan
ibilli izandu naizena,
txikitan ongi aitu ez nulako
apaiz jaun baten esana. (1)

2/
Gazte askorik ikasi nuan
mendian egiten ikatza,
egunian bi aldiz jaten genduan
talua eta baba beltza;
aiek leguntzeko usatzen gendun
urturik zerrian gantza;
udara-aldia bukatutzian
egiten gendun kobrantza.

(1) Seguru aski. D. Pedro Migel Urruzuno jauna izango zan.

3/
Milla zortzireun irurogei ta
amaseitikan onera (2)
Euskal-erriyan makiñatxo bat
kontu ikusi izan dira;
beltzak orduan jabe egin ziran
autsirik lengo bandera,
lege berriak gaizki artuta
geienak erotu gera.

4/
Denbora baten soldauzkarikan
euskaldunentzako etzan,
milla zortzireun irurogei ta
amazazpiyan jarri zan;
gizon batzuek saldu giñuzten
arkume batzuen gisan,
gure aitonen dotriña aztuta
orra orain nola gabiltzan.

5/
Euskal-erria dana artu du
sastraka eta sasiak,
badakit nola zabaldu diran
landare oien aziak;
zori gaiztuan indartu dira
aspaldi beren sustraiak,
Jaun zerukuak salba gaitzala
pakia nai degun guziak.

(2) Fueroak galdu ziraneko urtea.

6/
Usai gozoko loriak dira
larrosa ta krabeliñak,
beren tartian azaltzen dira
kardu latzak eta osiñak;
kristandadian zori gaiztuan
danok ez gera berdiñak,
gerra guztiak ekartze'izkigu
alkar ikusi eziñak.

7/
Asko jakiñak gerala uste ta
ezertxo're ez dakigunak,
subien gisa zitaldu gaitu
maisu txar askon esanak;
bire zuzen bat bakarrik dago,
Jesusek jarri ziguna,
aditu zagun biotzetikan
beren ministruen esana.

8/
Danok igual bizi izatia
eziñ egingo da gertatu,
txarrak eta onak mundu ontan
egin geralako sortu;
Jaun zerukuak gauzak txit ongi
egin zituban negurtu,
berez zabarrak geran guziak
biar genduke aitortu.

9/
Pobre ta aberats, lana egitia
komeni zaigu danontzat,
konseju ona badakit ez dana
egin nai ez dun askontzat;
aukera onikan ez da izango
alper edo nagientzat;
gezurra bada barka nazute,
ez det gorrotorik iñontzat.

10/
Oingo konturik etzan izaten
ni gaztia nintzanian:
birigarruak diana jotzian
asten giñaden lanian,
gure taria bukatzen gendun
ondo illuntzen zunian,
óingo gaztiak parre egiten dute
au aitzen digutenian.

11/
Begira nago leku askotan
zer egiten dan gertatu,
gogoratzian zer datorkigun
ni egiten naiz izutu:
seme-alabak aitan onduan
ez dutela nai saiatu,
negar gogorrak guziontzako
orrek ekarriko ditu.

12/
Basarritarrak gogor ai dira
beren lekuan labrantzan,
itxasotarrak giro danian
saiatzen dira arrantzan;
kalian berriz ajolik gabe
zurrutian eta dantzan,
Jaun zerukua begira dago
guziok nola gabiltzan.

13/
Baserritarrak galtzen badute
lana egiteko gogua,
gari tartian sortuko zaio
kardu latza eta olua;
ferira maiz juan, lanak lagata,
egiñagatik girua,
modu orretan zintzotuko da
kaleko jende erua.

14/
Aspalditxuan ikusitzen det
projimo askoren fedia,
makiña batek lanik egin gabe
jaten du emen ogia;
beste gauzarik ez da ikusten
soñua ta alperkeria,
Donostia da Gipuzkoa'ko
axeri danen kabia.

15/
Artzai gaixuak aitortutzen du
zer egin zaion gertatu:
bere ardiak maite zitun da
pagotxera zitun oitu;
orain lardan orroaz dabiltz,
iñor ezin sosegatu,
errokarriyak ota tarteko
almitza ezin tragatu;
askori igual gertatzen zaigu
nai baldin badegu aitortu.

Bertso-papera, Tolosa'ko Egillearenian. moldiztegian
inprentatua, Ondarrua'ko Jose Maria
Etxaburu'ren eskutik.