«Ordena gailendu da Varsovian» iragarri zuen Sebastiani ministroak Pariseko Ganbaran 1831n Pragako auzuneen kontrako eraso lazgarria agindu ostean, Paskievitx-en soldaduak Poloniako hiriburuan sartu ziren borreroen lanarekin hasteko matxinatuen kontra.
«Ordenak agintzen du Berlinen!» aldarrikatu du prentsa burges garaitzaileak, Ebert-ek eta Noske-k aldarrikatu dute, «tropa garaileen» ofizialek aldarrikatu dute Berlingo jendaila burgestxikiaren zapien eta «gora!» oihuen harreraren aurrean. Alemanen armen loria eta ohorea Munduko historiaren aurrean salbatu dira. Flandria eta Ardenetako batailetan garaitu zituzten negargarriek izen oneko garaipen distiratsu bat ezarri dute... Vorwarts-eko 300 «espartakisten» gainean. Belgikaren gainean Alemaniako tropek izan zituzten aurrerapen loriatsuetako balentriak, Liejako garaile von Emmich jeneralaren balentriak, zurbildu egiten dira Berlingo kaleetan Reinhardt eta konpainiak egindako balentrien aurrean. Vorwartsen errendizioa negoziatzera joan ziren parlamentariak erail zituzten, gobernuaren soldaduek armen ipurdiekin suntsitu zituzten gorpuak erabat ezagutezinak bihurtu arte, presoak hormetatik zintzilikatu zituzten eta asasinatu zituzten kaskezurra apurtzeraino eta burmuinaren orea banatzeraino: balentria loriatsu hauek ikusita nork pentsatzen du jada frantsesen, ingelesen eta amerikarren porrot lotsagarrietan? «Espartako» du izena etsaiak eta gure ofizialen arabera Berlinen garaituko dute. Noske «langilea» da Lundedorff-ek huts egin duen tokietan garaipenak antolatzeaz arduratzen den jenerala.
Nola ez dugu gogoratuko Parisen «ordena» ezarri zuen ehiza-zakur saldoaren garaipeneko mozkorraldia, Komunako borrokalarien gaineko gorpuen gainean burgesiak egin zuen bakanala? Prusiarren aurrean lotsagarriki kapitulatu berri zuen burgesia bera dira, azken koldarrak oinak bolboran jartzen dituen bezala, atzerriko etsaiaren esku herrialdeko hiriburua abandonatu zuten berberak dira! Baina Parisko proletarioen parean, goseti eta gaizki armatuta, emakume eta haur defendaezinen kontra, zenbat loratu zen berriz ere burgesiaren semetxoen gizontasunaren kuraia, ofizialen «urrezko gaztaroa»! Berriki atzerriko etsaien aurrean umiliatu zituzten Marteren semeen oldarkortasuna zenbat zabaldu zen basakeria krudelez tratatu zirenean babesgabeak, presoak, eroriak!
«Ordena gailendu da Varsovian!», «Ordena gailendu da Parisen!», «Ordena gailendu da Berlinen!», hori da «ordenaren» zaindariek aldarrikatzen dutena mende erdiro munduan borrokak gertatzen diren toki guztietan. Eta «garaile» euforiko horiek ez dira jabetu, halako sarraski odoltsuekin, aldian behin, mantendu behar den «ordena» amaierara iritsiko dela modu saihestezinean. Zer izan da «Espartakoren astea» Berlinen, zer ekarri digu, zer irakaspen? Borrokaren erdian, kontrairaultzaren garaipenaren deiadarren erdian proletario iraultzaileek gertatutakoaren balantzea egin behar dute, gertakizunak eta bere emaitzak neurtu behar dituzte historiaren neurri zabalarekin. Iraultzak ezin du denborarik galdu, iraultzak aurrera darrai bere helburu handietarantz hilobi irekien gainetik, «garaipenen» eta «porroten» gainetik. Sozialismo internazionalaren aldeko borrokalarien lehenengo lana beren buruargitasunarekin jarraitzea da, beren indarlerroekin, beren bideekin.
Espero zitekeen proletario iraultzaileen betiereko garaipen bat egungo enfrentamenduan, Ebert-Scheidemann-en erortzea bat espero zitekeen eta diktadura sozialista baten ezartzea? Aferari buruzko elementu guztiak osotasunean aztertuta bistan da ezetz. Egungo egoeran iraultzaren aldeko kausak zabalik duen zauriarekin; soldaduen masaren heldutasun falta politikoa oraindik manipulatua dago ofizialen helburu anti-herrikoiekin eta anti-iraultzaileekin, eta horrek erakusten du talka honetatik ezin zela iraultzaren garaipen iraunkor bat itxaroten ahal. Bestaldetik, afera militarraren heldutasun falta hori iraultza alemanaren heldutasun falta orokorraren sintoma besterik ez da.
Landa eremutik dator soldaduen masaren portzentaia handi bat eta iraultzak ez du ia ukitu. Berlinek herrialdearen gainontzeko eremuetatik isolatuta egoten jarraitzen du oraingoz. Egia da probintzietan badirela gune iraultzaileak -Renania, iparraldeko kostaldea, Braunschweig, Saxonia, Wurttemberg- gorputzarekin eta arimarekin Berlingo proletarioak babesten dituztela. Baina, bereziki falta dena da aurrera egiteko koordinazioa, ekintza komun zuzena behar da, Berlingo langile klaseari erasotzeko askoz eraginkortasun handiagoa eta mobilizatzeko abiadura emango liokeena. Bestetik, borroka ekonomikoak, klase borroka iraultzailea aurrerantz bultzatzen duen benetako indar bolkanikoak, oraindik hastapen egoeran daude —horrek harreman sakonak dauzka aipatutako iraultzaren politikekin—.
Honetatik guztitik atera dezakegun ondorioa da, une honetan ezin zela garaipen iraunkor eta betiereko batean pentsatu. Horregatik, azken asteko borroka «akats» bat izan da? Bai, «erasoaldi» intentzionatu soil bat izan balitz, «putsch» esaten diotena izan balitz. Ordea, zein izan da azken borroka asteko abiapuntua? Aurreko kasu guztietan bezala, abenduak 6an eta abenduak 24an bezala: gobernuaren probokazio basati batengatik izan da! Chaussee karrikako manifestari babesgabeekin egin zuten odol bainuarekin bezala eta marinelen kontrako sarraskia, honakoan Berlingo poliziaren bulego nagusiaren kontrako asaltoaren aukera izan zen ondorengo gertakizunen aitzakia. Iraultzak ez du nahi duen bezala ekiten, ezin da landa zabalean ibili, «estrategek» pentsatutako plan inteligente baten bidez. Iraultzaren etsaiek ere badute ekimena, bai, eta iraultzak berak baino gehiago erabiltzen dute.
Ebert-Scheidemann eta enparauen probokazio nabarmenaren aurrean, langile klase iraultzaileak armak hartu behar izan zituen. Iraultzarentzat ohore kontu bat zen erasoari ahalik eta erantzun zurrunena ematea, kontrairaultza ez zedin hazi aurrerapauso berri batekin eta proletario iraultzaileen lerroak eta Alemaniako iraultzaren sinesgarritasunak ez zitzan Internazionalaren aurrean galera handiegiak jasan.
Ostantzean, Berlingo masen aurrez-aurreko bat-bateko erresistentzia espontaneoa izan zen eta energiaz beterik zegoela hain zen nabarmena «kalearen» garaipen morala hasieratik zegoela garbi.
Baina bada iraultzaren barne lege funtsezko bat, zeinaren arabera inoiz ez den geratu behar, inoiz ezin dela moteldu, ezin dela pasiboa izan lehenengo aurrerapausoaren ondoren. Defentsarik onena erasoa dela. Iraultzaren arau funtsezko horrek iraultzaren pauso guztientzat balio du. Nabarmena zen -eta hala ulertu behar da benetako senez, Berlingo proletarioek beti izan dutela barne indar prestu bat- ezin zela ase egon Eichhorn ordezkatzearekin. Espontaneoki kontrairaultzaren botere-guneak okupatu ziren: prentsa burgesa, prentsaren agentzia ofiziosoak, Vorwärts. Neurri horiek guztiak masengandik sortu ziren uste zelako kontrairaultzak ez zuela jasandako porrota onartuko eta indarrezko froga bat bilatuko zuela.
Eta hemen ere iraultzaren lege historiko handiekin egin dugu topo, berriz ere, USPDren estiloko «iraultzaile» txikien jakintzek eta gaitasunek talka egiten dute lege horrekin: borroka bakoitzaren aurrean erretiratzeko aitzakiak besterik ez dituzte bilatzen. Iraultza bateko arazo nagusia argi eta garbi azaldu denean -eta arazo hori iraultza honetan Ebert-Scheidemannen gobernua eroraraztea da, sozialismoaren garaipenerako lehenengo oztopoa da-, arazo hori behin eta berriro azaltzen da, gaurkotasun osoz eta lege natural baten saihetsezintasunarekin; borrokaren atal isolatu bakoitzak arazoa erakusten du bere dimentsio guztiekin, nahiz eta iraultza ez dagoen nahikoa prest konponbidea emateko, nahiz eta egoerak ez duen heldutasun nahikorik. «Behera Ebert-Scheidemann!» da krisi iraultzaile bakoitzeko gatazka partzialei erantzuteko formula bakarra eta, bere barne logikarengatik, nahi ala ez, borroka pasarte bakoitza muturreko ondorioetara bultzatzen da.
Kontraesan bat dago iraultzaren hasierako garapenean egin behar diren lanen muturreko izaeraren eta aurrez dauzkagun baldintzen heldutasun faltaren artean, horregatik, borroka bakoitzaren ondorio formala porrota da. Baina iraultza da amaierako garaipena «porroten» sail baten bidez prestatzen den «gerra» bakarra -oso lege bitxia da!
Zer erakusten digute iraultza moderno guztien historiak eta sozialismoak? Europako lehenengo klase borroka sugarrak, 1831n Lyongo zeta ehuleen altxamenduan porrot nabarmen batekin amaitu zuten. Ingalaterrako mugimendu kartistak ere porrot batean bukatu zuen. Parisko proletarioen insurrekzioak, 1848ko ekaineko egunetan, porrot suntsitzaile batekin bukatu zuenekoa. Pariseko Komuna porrot izugarri batekin itxi zen. Sozialismora gidatzen duten bide guztiak -borroka iraultzaileak badira- porrot handiekin erein dira.
Eta, ordea, bide horrek berak gidatzen du, pausoz pauso, modu saihetsezinean, azken garaipenera! Non egongo ginateke gaur «porrot» horiek gabe, handik atera dugu jakintza, indarra, idealismoa! Gaur proletarioen klase borrokaren azken gudutik oso gertu iritsi gara, porrot horien gainean babestu gara eta ezin diegu horietako bakarrari uko egin, guztiak dira gure indarraren parte eta guztiek erakutsi diguten zeintzuk diren, garbi, gure xedeak.
Borroka iraultzaileak borroka parlamentarioen guztiz kontrakoak dira. Alemanian lau hamarkadetan izan ditugu «garaipen» parlamentario entzutetsuak, garaipenetik garaipenera gindoazen. Eta horren guztiaren emaitza, historiaren froga handiaren eguna iritsi zenean, 1914ko abuztuaren 4a iritsi zenean, porrot politiko eta moral bat izan zen, urperatze harrigarri bat, aurrekaririk gabeko bankarrot bat. Iraultzek, ordea, orain arte porrotak soilik ekarri dizkigute, baina saihetsezinezko porrot horiek metatu dute etorkizunean lortuko dugun azken garaipenaren beharrezko garantia.
Baina baldintza batekin! Porrot bakoitza ze baldintzatan gertatu den aztertu behar da. Porrota gertatu da masen borrokarako energia heldutasunik gabeko baldintzen hesien kontra txikitu delako ala epelkeriarengatik izan da, zehaztasun faltarengatik, barneko ahuldadeengatik gelditu da ekintza iraultzailea?
Bien adibide klasikoa dira batetik Frantziako otsaileko iraultza eta Alemaniako martxoko iraultza. 1848ko Parisko proletarioen ekintza heroikoa klase-energia bizia izan da nazioarteko proletario guztientzako. Bestetik, Alemaniako martxoko iraultzaren miseriek Alemaniaren garapen modernoaren ibilera baldartu dute, oinei lotutako burdinazko bola batek bezala. Beren eragina zabaldu dute Alemaniako sozialdemokrazia ofizialaren historia partikularrean, baita egungo iraultza alemanaren gertakizunetan eragiteraino ere, bizi berri dugun krisiraino ere iritsi da.
Zer esan dezakegu, lehen aipatu ditugun afera historikoez, Espartakoren astea deitu duten honetan jasan dugun porrotari buruz? Heldutasunik gabeko egoera baten kontra talka egin duen energia iraultzailearen gehiegizko kemenak sortutako porrota bat izan da ala geure ekintzen ahuldadeengatik eta ezbaiengatik gertatu da?
Bi gauzak batera! Krisi honen izaera bikoitzak, Berlingo masen indarrez beteriko erasoaren eta zuzendaritzaren zalantzen, duda-muden eta lotsaren arteko kontraesana izan da berriki gertatutakoaren datu bitxienetako bat.
Zuzendaritzak huts egin du. Baina zuzendaritza berriro sor daiteke eta masek sortu behar dute beren baitatik. Masak dira erabakigarriak, haiek dira iraultzaren azken garaipena oinarritzeko arroka berriz ere. Masek beren maila eman dute, haiek egin dute «porrot» hau porrot historikoen saileko piezetako bat eta nazioarteko sozialismoaren ohorea eta indarra osatu dute. Eta horregatik, «porrot» honen enborretik loratuko da etorkizuneko garaipena.
«Ordena gailendu da Berlinen!». Lekaio madarikatuak! Zuen ordena harearen gainean eraikita dago. Bihar, iraultza «berriz ere zutituko da burrunba eginez» eta aldarrikatuko du, zuei izua eraginez, tronpeta soinuen artean:
Izan nintzen, banaiz eta izango naiz!