Oroitzapenak (Tocqueville)

1848ko iraultzak baino maltzurragoak izan dira, baina ez dut uste inoiz ergelagorik izan denik: sufragio unibertsalaz baliatzen ere ez zuten jakin, ez eta bera gabe moldatzen ere. Otsailaren 24aren biharamunean hauteskundeak egin izan balituzte, goi-klaseak nahasturik edo zorabiaturik zeudenean jaso berri zuten kolpearengatik, eta herria atsekabeturik baino gehiago hunkiturik zegoenean, beharbada bere desioen araberako Biltzarra lortu bide zuten. Ausardiaz, diktaduraren aldeko aukera egin izan balute, zenbait denboran mantendu ahal izango zuten beren eskuetan. Baina nazioaren alde jokatu zuten, eta, une berean, berarengandik urrunaraz zitzakeen guztia egin zuten. Mehatxatu egin zuten erabat lotzen zitzaizkion bitartean. Beren proiektuen ausardiaz eta beren mintzairaren indarkeriaz ikaratu egin zuten, eta erresistentziara gonbidatu zuten beren ekintzen ahuleziaz. Bere zaindariak izateko itxura hartu zuten, eta une berean bere menpe jarri ziren. Garaipenaren ondoren beren lerroak ireki ordez, arreta handiz itxi zituzten eta, hitz bitan esateko, bazirudien arazo konponezin hori konpontzeari ekin ziotela, alegia, gehiengoarekin gobernatu, baina horren nahiaren aurka.

Iraganeko ereduak ulertu gabe jarraituz, pentsatu zuten, ergelki, nahikoa zela jendea bizitza politikora deitzea denak bat egiteko, eta, errepublika maitarazteko nahikoa zela eskubide batzuk ematea onura batzuk eskuratu gabe. Ez zuten gogoratzen bere aitzindariek, nekazari guztiak hautesle bihurtu ahala, feudoa suntsitu egiten zutela, corvee deiturikoa debekatzen zutela, jauntxoen gainerantzeko pribilegioak baztertzen zituztela eta antzinako morroien artean antzinako nobleen ondasunak banatzen zituztela; hauek, aldiz, ezin zuten horrelako ezer egin. Sufragio unibertsala ezartzean, uste izan zuten herria deitu zutela iraultzaren alde, eta egin zuten gauza bakarra aurka egiteko armak ematea izan zen. Hala eta guztiz ere, ez dut uste ezinezkoa izan zenik grina iraultzailea sortaraztea nekazarien artean ere. Frantzian, nekazari guztiek dute lur sailen bat, eta, gehienek, hipotekaturik dute euren hazienda txikia. Euren etsaia jadanik ez zen noblea, hartzekoduna baizik, eta azken honi eraso behar zitzaion. Ez zen agindu behar jabetza-eskubidea indargabetzea, baizik eta zorrak indargabetzea. 1848ko demagogoak ez ziren jabetu bide horretaz. Euren aitzindariak baino askozaz dorpeagoak izan ziren, ez horregatik ondratuagoak, izan ere besteak ekintzetan izan ziren bezain bortitzak eta zitalak izan baitziren hauek desioetan. Baina zitalkeria bortitzeko ekintzak burutzeko gobernu batek ez du aski nahi izatearekin, ez eta ahal izatearekin ere, baizik eta beharrezko da garaiko ohiturek, ideiek eta grinek hori ahalbidetzea.

Hauteskundeak, bada, oro har, iraultza burutu zuen alderdiaren aurkakoak izan ziren, eta horrela izan behar zuten.

Alexis Tocqueville

1893


Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Mikel Aizpururen baimenaz).

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.