Orrialde:Abarrak - Evaristo Bustintza - Kirikiño.pdf/9

Orri hau berrikusia izan da

ZERUTAR BAT

Nik orain gomuta eztodan etxaguntza baten bixi ei-zan bigarrenez eskonduriko emakume bat, buru-barruba utsik edo beiñik-bein ondo beterik ezeukana bera, irakurliak igarriko daun lez.

Agertu yakon bein ate-onduan eskeko bat, bere soñekuak zarren-zarrez danak triskilduta, alde gustijetatik zulatuta, oñetakuak abua zabalik barreka, buruko txapela be koipez beterik, erdi-erdijan leyo biribil bat ebala, bertatik ule pillo bat agiri yakola. Bere arpegi, ule, bixar ta makillarañoko gustijak, danak ziran soñeko, oñetako ta txapelaren antzekuak; arlote andijagorik, amesetan be, iñok eleuke sortuko irudimenian. Arriturik ikusi ebaneko, itandu eutson emakume arek:

— Ene! Nundik urten zara era orretan? Nundik zatoz?

— Zeutatik, andrea —erantzun eban Arlote'k.

— Zeruetatik zatozala? Zeruetatik esan dozu?

— Bai andrea, andixek nator.

— Aitearen da Semearen!!... Ondiño alakorik! Orduan, biarba, ezautu ixango dozu Juane guria.

Auxe zan bere lenengo senarraren ixena. Espetxe nagositik etorran azeri zarrak laster igarri