Orrialde:AxularGero.djvu/42

Orri hau berrikusia izan da

ticae vel spinae replent (Glos. ordin. super 24 Prov.). Nagiaren landatik eta gobernu gabearen mahastitik iragaitea da presuna alferraren eta antsikabearen bizitzearen eta ioan-ethorrien konsideratzea, eta hetan, landa iorratu gabean bezala, anhitz hasuin eta belhar gaixto, anhitz falta, malizia eta beccatu edireitea. Hasuiña edireiten da alfer-nagiaren landan eta alhorrean, zeren figurat acediam; si molliter tangis urit; si fortiter astringis, non pungit. Hasuiñak signifikatzen du nagitasuna: baldin malguki, leunki, emeki, nagiki eta balakuz bezala hazkatzen, ferekatzen eta erabiltzen baduzu, erreko zaitu; baiña ez nabasiki eta ausartki hersten eta marruskatzen baduzu. Fertilis assiduo si non renovetur aratro, nihil nisi cum spinis, gramen habebit ager, dio Ovidiok (Ovid. lib. de trist). Den lurrik hoberenak ere behar du aphaindu, garbitu eta iorratu. Zeren bertzela belhar gaixtoa izanen da bethiere iaun eta nabusi. Pestis est mortalibus ignavia (Plaut. de Repub.). Ezta izurririk eta ez pozoinik nagitasunak edo alferkeriak bezenbat kalte egiten duenik.

Badirudi hargatik eztuela nahi izatu Iainkoak dagoen behin ere itsasoa geldirik: baiña nahi du ibil dadin, higi dadin, marea dadin. Zeren bertzela usain liteke, kirats liteke: eta are aphoz, sugez, ielez, eta likitskeriaz bethe liteke: lakhuak, aintzirak eta bertze ur geldiak bethetzen diren bezala.