zuenaren enseiu eta permadura flako batzuk bezala ziren, probetxu gabekoak, loaren garaitzeko, munduko egitekoetarik atheratzeko, indarrik asko etzutenak. Eta halatan neure desirkunde on guztien buruan ere, neure leheneko usantzetan eta bekhatuetan gelditzen nintzen.
Vult et non vult piger, dio Salomonek (Prov. 13). Nahi du eta eztu nahi nagiak. Eztu nahi osoa eta ez konplitua. Pigri vocabulo denotatur, quod vult regnare cum Deo, et non laborare pro Deo: delectant proemia cum pollicentur, deterrent certamina cum iubentur (Beda lib. 2 super Prov.). Nahi du nagiak Iainkoaren erresuman parte, ez ordea erresuma haren erdiesteko, iragan behar diren trabailluetan. Pagamenduak alegeratzen du, trabailluak tristetzen du eta izitzen. Ongi egitetik heldu den irabazia, ongirik egin gabe nahi luke gozatu. Nahi du ioan parabisura, ordea nekhatu gabe. Ez atseginik nahi du utzi, eta ez penarik hartu. Herabe du bideari lotzera. Piger, quasi aeger pedibus (Isidor. lib. 2 Ethym.). Maingu da, oiñak ditu eri, gogoa erbal eta flako. Nahikundea badu eta badugu, nahia eta obratzea zaiku falta, hura geroko egotzten dugu. Deus ere obratu gabe, deus ere geure gogoak eta borondateak dioskun gauzarik baizen egin gabe, desira hutsen botherez, borondateaz beraz nahi genduke salbatu eta zeruko lorian sarthu. Eta desira hautan, geroko