Orrialde:AxularGero.djvu/64

Orri hau berrikusia izan da

henik hiltzen da haurtasuna; haurtasunaren ondoan hiltzen da morrointasuna; morrointasunaren ondoan hiltzen da gaztetasuna; gaztetasunaren ondoan hiltzen da zahartasuna; zahartasunaren ondoan hiltzen da sentontasuna. Adin guztiak elkharri derraitza: iragaitea eta hiltzea guztia da bat, bata bertzearen ondoan dohazi, halako moldez, ezen azken adina dathorreneko, akhabatu baitirate leheneko guztiak. Zeren San Gregoriok dioen bezala, ipse enim quotidianus deffectus, quid aliud est, quam quaedam prolixitas mortis? (Greg. tom. 27 super Evang.). Egunetik egunera ahitze eta flakatze hura, zer da, luzaro hiltze bat baizen? Zuzia iratxekirik dagoenean, bizi da, eta orduan hiltzen da, zeren orduan ahitzen baita. Erratzeaz bizitzen da, eta erratzeaz hiltzen da. Hala bada gu ere, bizitzeaz hiltzen gara, eta hiltzeaz bizitzen. Zeren bizitzen garenean hiltzen baikara. Eta zenbatenaz eta gehiago bizitzen baikara, hanbatenaz heriotzeko portura hurbiltzenago gara. Hala erraiten du Senekak: Quotidie morimur, quotidie enim demitur aliqua pars vitae (Senec. epist. 24). Egunoro hiltzen gara, zeren egun oro gure bizitzeari zenbait poxin eta parte gutitzen eta edekitzen baitzaika. Eta are hazten eta handitzen garenean ere, gure bizia ttipitzen eta laburtzen da. Bethi doa, eta behin ioanez gero, ezta ioan denaren bihurtzerik, eta ez ethorkizunaren segurantzarik.