Orrialde:Bide Barrijak (ed 1931).djvu/104

Orri hau berrikusia izan da

Seintxubak baña negar dagi-ta
ixilduteko, ameak
abots alayaz abesten dautsoz
siaska abesti maitiak.
Dingilin dangalan,
Dingilin dan.
 
Sarats ondotik gixon altsubak
eruan dabe obira.
«Betiko agur, senar on ori,
geure bijotzak il dira! ».
Eta begijak atzian duaz
ilkutx baltzari begira.
 
Gixon gaiztuak kentzen dautsoez
etxeko gauza gustijak.
Senar onaren ogea zana,
atzitu dabe zikotxak.
Laster kanpora urten biarko
ango emazte garbijak.
 
Seintxubak baña negar dagi-ta,
ixilduteko, ameak,
abots alayaz abesten dautsoz
siaska abesti maitiak.
Dingilin dangalan,
Dingilin dan.
 
Atzamar meetik kenduten dautse
zillarrezko elastuna.
Ezkondu ziran goiz ederreko
gomutagarri leguna.
Zapi zakarrez ate aurrera
erdu da txirotasuna.