Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/12

Orri hau berrikusia izan da

 

Helburuak eta hipotesiak

  1. Helburua: EAEko patriarkalizazioa neurtu eta ezaugarrituko dugu, eta Europako beste herrialde eta ongizate erregimenekin alderatuz, EAEko ongizate erregimena definituko dugu; horrek duen (des)merkantilizazio eta batez ere (des)familiarizaio maila kontuan hartuta. Hipotesiak: a) EAEk erregimen mediterranearra du, desfamiliarizazio txikien eragiten duen erregimena. b) Despatriarkalizazioak desmerkantilizazioa eta desfamiliarizazioa behar ditu. c) Patriarkalizazioa neurtzeko, kapital ezberdinen neurketa egin behar da. d) Diferentzia sexuala ardatz bezala hartuta EAEko estratifikazio sozialean alde nabarmenak topatuko ditugu emakume eta gizonen kapital ekonomiko, sozial nahiz sinbolikoaren birbanaketari dagokionez.
  2. Helburua: Patriarkatuaren birsortze mekanismoak aztertzea lau dimentsioetan: erlazio patriarkalak lan ordainduan, lan ez ordainduan, estatuan (ongizate erregimena) eta eremu sozio-politikoan.
    Hipotesiak: a) Dimentsio bakoitzean lortutako kapital ekonomiko, kultural, sozial eta sinbolikoak beste eremuetako kapitalak handitzen ditu. b) Emakume eta gizonen arteko desberdintasuna kapitalen arteko desberdintasuna da, kapital sinbolikoa barne.
  3. Helburua: Proposamen pragmatikoa egitea EAEko despatriarkalizazioa abiatzeko eta demokratizazioa zabaltzeko. Ondorioetan garatu dugu azken helburu hau.

1. Helburua: EAEko ongizate erregimena eta kapitalen teoria

Merkantilizazioa eta familiarizazioa

Ongizate Estatu Keynesiar Nazioanala fordismo garaian hasi zen zabaltzen eta II. Mundu Gerratearen ondoren irmotuko da, sistema produktibo kapitalista batean berdintasun politikoa berdintasun sozio-ekonomikorik gabe ezinezkoa zela zioen marko diskurtsibo europarraren bidez. Ongizate Estatuak kapitalismo zehatz baten egitura politikoa dira. Ongizate Estatuen zeregina da kapitalismoak sistema sozialetik kanporatzen dituenak berriro barneratzea, kapitalismoaren funtzionamendua bermatuz. Barneratze horren arabera merkantilizazio eta desmerkantilizazio maila ezberdinak lortzen dira. Merkatuak kanporatzen dituen horiek eta, beraz, bizitzeko baliabiderik ez duten horiek gizartean barneratuko dira maila batean edo bestean, herrialde bakoitzak duen ongizate erregimenaren arabera. Norbanakoak bere lan indarra saldu ezin badu, ongizate erregimenak baliabideak emango dizkio (teorikoki) bergizarteratu ahal izateko. Estatuaren edo erakunde publikoen gizarte-barneraketa hori integrala baldin bada, orduan lan indarra saldu ezin duen horrek bizi kalitate duina izango du, eta, beraz, bizitzaren merkantilizazio maila murriztuko du eta estatu edo ongizate erregimen horren desmerkantilizazio maila handia dela esango dugu. Aldiz, bizi kalitate on bat lortzeko, lan indarra ezinbestean saldu behar badu norbanakoak, gizarte horrek duen