Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/18

Orri hau berrikusia izan da

Esan moduan, gure helburuetako bat da, diferentzia sexuala ardatz bezala hartuta estratifikazio sozialean alde nabarmenak topatzea, eta europar mendebaldeko emakumeen arteko ongizate mailen egiturazko diferentzia azaltzea, emakumeen kapital ekonomiko, sozial nahiz sinbolikoaren birbanaketari dagokionez. Orain arte egin ditugun ikerketen arabera (Etxeberria, 2016, Goikoetxea, 2017b), Euskal Autonomia Erkidegoa, familiarizazio mailari dagokionez, erregimen mediterranearrean kokatzen da, desfamiliarizaziorako gaitasun urriena duten Estatuekin batera, hots, Italia, Grezia, Portugal eta Espainia.

Kontua da demokraziaz hitz egin nahi bada, emakumeen demokratizazioa aztertu beharko dela. Nola jakingo dugu zeintzuk diren EAEko emakumeen demokratizazioa edo ongizatea handitu eta irmotzen dituzten mekanismo, lege, estrategia eta erakundeak, ez bada emakumeen desmerkantilizazioa eta desfamiliarizazioa aztertzen, eta, beraz, estatu eta ongizate eredua?

Gizabanako guztien autonomia eta ondorioz berdintasun soziala eta materiala sustatu nahi bada, ezinbestekoa da estatuaren, hau da, egitura publikoen bidez burututako desfamiliarizazioa eta despatriarkalizazioa erdigunean kokatzea. Gure premisa nagusietako bat da estatua ez dela, per se, gizartea, komunitatea edo familia baino bortitzagoa, besteak beste, estatua ez delako gauza bat ez subjektu bat. Ondorioz, ez da gaiztoa ez zintzoa. Edozein kasutan, estatua esaten diogun hori (egituren, praktiken, tekniken eta harremanen multzoa) askoz eraginkorrago jardun daiteke indarkeria sortzen eta erreproduzitzen, eta, ondorioz, askoz eraginkorrago jardun daiteke, baita ere, ongizatea, inklusioa eta berdintasuna sortzen (Goikoetxea, 2017a). Ezberdintasun hori, hots, ez soilik estatuari baizik eta objektu sozialen (erakundea, nazioa, herria, langilea, emakumea, zuria, gizona, beltza, gizartea) existentzia erregimenari heltzeko hurbilketa ezberdin hori, benetan da garrantzitsua, gizon-emakume botere harremanak aztertzen ditugunean eta analizatzen dugunean ea botere-harreman horiek nola taxutzen dituzten gizartea, norbanakoak eta komunitateak, eta, beraz, demokrazia (Goikoetxea, 2017b).

2. Helburua: Patriarkatuaren birsortze mekanismoak lau dimentsioetan

Aipatu dugu ongizate erregimenen klasifikazioa komunitateak estatuaren, merkatuaren eta familiaren artean ezartzen duen erlazioaren araberakoa dela eta horrek eremu publiko eta pribatuaren arteko zatiketa ere baldintzatzen duela gizartearen estratifikazio eta sexismo maila artikulatuz. Baina ardatz horiek ez dute kontuan hartzen biolentzia ezberdinen funtzionamendua, ezta kapitalen arteko erlazioa. Ondorioz, patriarkalizazio maila/mota neurtzeko ezinbestekoa da jakitea emakumeen egoera sozioekonomiko-laborala (merkantilizazioa eta familiarizazioarekin lotua), baina baita egoera sozio-politikoa, alegia, espazio publiko-sozialean emakumeen presentzia eta erabakimena zein den.