Orrialde:Garoa (1912).pdf/12

Orri hau berrikusia izan da

sotsa, otsoaren alaraua, azeriaren zaunka, beorren irritzia, mozoloaren oiua, basauntz bildurtiaren zalaparta; abere arranen dulun-duluna, ardien bee negartia, suge zarraren txistua, belien garraxi latza, sosoatren txortxorra, txori kantari askoten txiotxo alaia, errekastoen poll-polla, zugatz ostroen pir-pir biguna, eltxo gogaikarrien zunburruntxoa... itz gutxitan esateko, izakiak berez dituan ta mendi basoetan diran abere, pizti ta sortutako gauza guztien amaigabeko soñu txiki ta andi, ixil ta bizi, garratz ta gozo, mingarri ta eztitsu, pozkor ta ikaragarrizko danak. Berialaxe antzematen zion Joanesek nondik zetorren soñua, ta baita ere esango zukean garbiro ta zuzen zer zan ta non zegoan soñu bakoitzaren jatorri ezkutua.
Etzan Joanes jakituri andikoa, baña bai asko ikusia, ta asko ikusi duan gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baño geiago.
Bazekian non ta noiz jaiotzen ziran gibelurdiñik gozoenak eta zein tokitan zeuden kamamilla, belatxeta, karraskilla ta beste orrelako belar mota gizonarentzat osasungarriak.