Orrialde:Garoa (1912).pdf/161

Orri hau berrikusia izan da

Eztauzkagu ere arlo astuntzat eguneroko esne jeisteak, noizean beingo gaztai egiteak, Orril edo Urriko ille-moztutzeak eta era orretako beste arazoen batzuek; egokia, aukerakoa, gogobetekoa dala esan geinke bazkatzallearen bizitza alderdi onetatik begiratzean; baño arreta gabeko orduren baten bere ardiak geiegi sakabanatu baldin badira, larrabei ta moxalak urrutietara iges egin badute, ekaitza indarrean ta egiñaletan gañera badatorkio edo abere basatiren bat usterik ezean agertzen bazaio, lanak eta nekeak izaten ditu bazkatzalleak, bei ardi moxalak saletxera ekartzen, kemena bear du, bakartadean, tantaiari erantsita edo arkaitz zuloan kuxkurtuta, erasoaren arpegi zematzallea begira, trumoi gogorraren burrunbadak entzuten, oñaztarraren suzko lerroak ikusten edo abere gaizto aragizaleari arpegi emanaz ermo egoteko. Bai, azkortasuna ta ausardia bear ditu artzaiak zaintzalle ona izango bada.
Bear izan zituan Josek, batez ere orain azaltzera nuan gertaera jazotzean. Udazkena zan: illunabarra. Orduantxe ostendu zan eguzki gaixo indargea Udalaren atze-