Orrialde:Garoa (1912).pdf/162

Orri hau berrikusia izan da

tik, bere ondoren argi motel pitin bat utziaz Otz zegoan; lur dana goizetik artsalde-berandura eroritako euriz asea; toki lau guztia likitsez, lokatzaz ta osiñez loitua; errekastoak, oso puzturik, irakiten ta apartsu zijoazen ibarretara; ipar beltzak izugarrizko odei mataza lodiak zeramazkian egoaldera bultzaka; zuaitz ostoak, beren sorlekuetatik iges eginda, alkargana mordoskaturik zeuden txabol ondoan, sasi tartean, erreka inguroan; ta oraindik adarretan gelditu ziran banakak, ori, zimur ta ia igartuak, dardar zebiltzan eriotzaren bildurrez.
Josek, ardiak goiztxoago ellorrera sartuta, txabol barruan apari izkibat egiteko asmoak zerabilzkian. Zakurtzarra, Txuri, aldamenean luze luze, aora begira zegokion, zerbait zai. Bat batera, zakurrak, itxumustuan jaiki ta ekin zion zelaian zear estu estu zaunkaka; ardiak, artega ta ikaraz, gorde zituzten beren buruak bata bestien ille tartean, ta entzun zan, urruti xamarrean, moxal nabarmenduen irrintzi larria.
—Zer ote da emen? —gogoratuaz— Josek alderdi guztiera bota zituan begi biak.