Orrialde:Garoa (1912).pdf/176

Orri hau berrikusia izan da

¡Arranietan! Txanpaña edatiarren, belarri bat emango nikek —esan oizuan Odolik.
Gizon aiek etzituan iñork errian maite, ardosaltzalleak izan ezik: beren gurasoak ez, zeukatena ta etzeukatena, sortua ta lortua, Moxolonean ondatzen ziotelako; errizaintzalleak ez, zalduntxuok gaberditik aurrera ere, deadarka ta iskanbillaka, etxeratu eziñik ibiltzen ziralako; elizgizonak ez, erakuste okerrak, animaren kaltean, nonai ta edonoiz zabaltzen zizkiotelako. Baño lotsagarria da azaldu bearra! Moxolonean zegoan, len esan degun bezela, irain, irri ta iseka guztien kabia, ta iseka irain irrien bildurrez, gizontxo aien mingañetan ez ibiltzeagatik, geiegizko begirunez begiratzen zioten erritar guztiak. Garbiroago: oñatiar zintzoen argaltasunak ematen zien indarra ta ollarkeria Moxolonekoai.
Orratikan ere bereak eta bi entzun gabe etziran izaten ereti batzuetan. Patxiko sendakiña zan, Oñatira zijoan guztian, ederki asko kilimatzen zituana. Ezin zan erritik erten garrazkeri batzuk zalduntxoai bota gabe.