Orrialde:Garoa (1912).pdf/210

Orri hau berrikusia izan da

ren erdi aldera, uste baño lenago agertu zan negua, ta Zabaleta baserrikoak, done Zizilli goizean, Oñati alde guztia elurrez txotildurik arkitu zuten Lurrik etzan iñon agiri: bide lerroak, bete betean ostenduak zeuden; zelaiak, koska ta utsune gabe, aspaldikorik laban, guri ta bikañenak: soroak, naiz ta beren jantzi garbia txotx, printza, mallasto buruz or ta emen urratua iduki, gutxitan bezela lau ta txukunak; sasidi ta otariak, estalki lodi azpian zearo gordeak; urki, gorosti, txillar ta isatsak, geiegizko zamapean nai ta naiez auspezturik, eta pago, arte, aritz, gaztañak, zein baño zein naroago, adar bakoitzean, kima bakoitzean, elur zerrenda samur kizkurrez arro arro apainduak. Dana zegoan zuri, eder, leun ta limuri, bada eder ta leuntzallea da beti elurra: etxeaurreko osintxoa, soro-arteko luebakia ta errekastoen aria bakarrik ikusten ziran illun ta itxusi, iñoiz baño beltzago ta itxusiago.
Ta elur erortzea etzan bukatu. Oinbete lodi bazegoan, ta mara mara zetorren zeru goibeletik bera, aldeka, okerka ta astiro, mitxeletazko euri bigun ikusgarriaren itxuretan.