Orrialde:Kresala (1906).djvu/29

Orri hau berrikusia izan da

—Bai zera. Orain benipein lenengo, Jaungoikoak etxera ekarri daizala: orixe nai dot, eztot besterik bear.

—Ez e?... Arimenak eztau oraindiño jo ta elizako ateak eztira itxi: goazen elizara ta Jaunari eskari on bana egin daiogun.

—Orretantxe egon naz onara etorri nazen artean be. Apaitarako gogo andirik eztot gaur euki. Goazen.

Etxeko andreari agur illun bat eginda, joan ziran elizara neskatilla biak.

Jaunaren aurrean orio-argitxu bat egoan biztuta, Done Pedroren elizmai gañean argizari bi erreten, illunetan beste elizalde guztia. Orio-argitxuaren errañuak Jaunaren egotoki apala erakusten eban; argizari biak, Done Pedroren eskuetan egozan urrez apainduriko giltzak bakarrik. Donearen irudia etzan agiri, talluntzaren barruan egoan da.

«O Aita San Pedro neuria! —asi zan esaten Mañasi, bere artean— urrezko giltzak erakusten zakustaz, zeru ta lurrean Jaunak emondako eskubidea daukazula esan gura bazeunsta legez. Erakutsi egiguzu gaur eskubide ori eztala arimen onerako bakarrik, ezpada gorputzaren osasunerako be bai. Arrantzalea ziñan zu be, ta errukitu zaite gure arrantzaleakaz: eregi eikeozuez, Jauna, nunbaiteko ateak». Eta gero, Ostia Donea