IV
GARIZUMAKO EGUNETAN
Orain artean esan dotan guztia oraindik ez antxiña ta neguaren erdian gertaurikoa da.
Arrantzalien bizitzea beti izaten da neketsua, baña neguan iñoiz baño neketsuagoa. Neguan izaten da besigutea; neguan, legortarrak epel epeletan lo dagozan bitartean, potin andirik astunenak kalara ezin eruanik eta kalatik ezin ekarririk ibiltea; neguan, suezta baño beste aterperik eztaukiela, edur maluta galantak eta txingorradarik gogorrenak gorputzaren gañean artzea; neguan jan gitxi ta lan asko egiteko ereti luzea; neguan arrantzale errukarrien negua.
Baña negua ia igaro zan, azkenetan ebillen ia, ta udabarri gozoak bere arpegi garbi ederra erakutsi gura eban. Luzatu zan eguna, urdindu zan zeru aldea; eguzkia, geroago ta goizago, epeltasun bizigarri bategaz agertuten zan; Arranondo gañeko sagastiak eta Done Klararen zelaitxoa lorez jantzirik egozan; Errenteriako baserritarrak euren lur ondo narotuak gari berdez beterik pozarren ikusten zituen; Asterrika ta Gorozikako