bide ondoetan txor txor ebiltzan zozo-birigarroak, sasirik sasi; Kortetako soloetan kardantxulo ta txindorrak, txepetxak eta txirriskilloak txio txioka; Zaldupe inguruan da Kurutzemendiko arizti ta gaztañadietan eskillasoak eta amilotxak, ostrorik ostro ta adarrik adar, guztiz biziro ta alai egiten zituen euren egaldi errez da ondo neurtuak; ibaiko urak, ujoldietako loikeri guztiak bazterrera kendurik, garbi garbi erakusten ebien kolko barrua, euren ondo edo oe gañeko tresna zar, arrain galdu ta erretillu zati guztiak banan banan agertuteraño; besigutan erabillitako potin andirik geienak, atunetara baño len azpiak ondo garbitu ta pikekoipetsu edo karena barria emoteko legorrera jasota eukiezan; da nasa ondoan, azkenez, zirauna legezko saretxalopa edo treñeruak, me meiak eurak, lirain, leun da guztiz polito egiñak, (meiegiak eta politegiak eidira orainguak) azpitik baltzez da karel ondoan edo gañertzean lerro urdin, zuri edo gorriz apaindurik, antxobatarako prestaurik egozan.
Garizumako egunak zirean, antxobatarako ta txarteletarako egunak.
Antxoba talde ugaria urgañean ikusita, itxasora begira dabiltzanak gorria! gorria! deituten dabenean, Arranondoko saretxalopok arraña dagoan tokira eruaten daben abiadea ta aparra benetan izaten da begiragarrizkoa.
Urriñetik ezagututen da nun dagoan arrain ori. Izurdien erasoaldiakaz izututen danean, batu baturik eta azal azalean geldituten da antxobea,