Arranondon, oiture zarra da, norbaiten txalopeak bokarte asko artu badau, legorretik betaurreagaz gertaldi on ori ikusi daben deizaleak txalopa jabearen etxean jakin eragitea; ta orduan izaten dira eskupekotxoak, batez be arrañak diru asko egingo daben ustea bada; ta baita txalopak errira etorrita gero, arrain otzaretan zidar urtua legez erionga saletxera daroienean antxobea, deizaleak eskatu badau, lengo eskupekoagaz gañera otzarakadatxu bat edo sudur zapia bete edo, zerbait geiago emotea be. Amaika arrain eder jandakoa da Arranondoko Deizalea!
Antxobea atara ondorean bereala, kenduten deutsiez txalopeari ondoan gelditu jakon ur zikin guztiak, orretarako diran zurontzi edo baldeakaz; garbitzen dabe lanbasakaz guztiz ederto; ezkata zuri dizdizariz beterikako sare luze bustia, arrantzale bakotxak samearen jiran iru edo lau ingurukada artuta, eruaten dabe, errenkada bakan irrigarrian, ondartzan edo zubian esegitera; oso edo erdi legortuten danean sare ori, badaroie ostera txalopa barrura; ipinten dabe atzealdean ondo pilloturik, eta prest dagoz bariro, bear bada egunean bertan itxasora beste urten aldi bat edo bi egiteko.
Gure arrantzaleok gorrira baizen azkar eztira joaten txarteletara, elizako ezkillatxoak dilin dilin luzarokoan dei egiñarren. Baña ezta gura eztabielako ta Kristiñauen ikasbidea eztakielako bez. Elizkoiak dira ta naikua ondo jakin oi daroe Kristiñauen ikasbidea, autortuten dabe ona dala