Kontu handiz, ongi babesturiko txoko bat aukeratzen zuten («hemen ez: aire-lasterrean da, ezta hor ere: komunen ondoan da eta»), eseri egiten ziren
— «A! Hezur zahar horiek, zahartuz goaz. A! A!»
— eta haien karraskotsaren aditzera ematen zuten.
Gela-aretoak distira lohia eta hotza bazeukan, zerbitzariak sobera laster bazebiltzan, itxura apur bat zakar, ezaxolati, ispiluek aurpegi zimelak eta kliska egiten zuten begiak islatzen zituzten gogorki.
Baina ez zuten gehiagorik eskatzen, horixe zen, bazekiten, ez zen ezer espero behar, ezta ezer eskatu ere, horrela zen, ez zen gehiagorik, horixe zen, «bizitza».
Ez bestelakorik, ez gehiagorik, hemen edo han, orain bazekiten.
Ez zen matxinatu, amestu, itxaron, ahalegindu edo ihesari eman behar, ongi aukeratu (zerbitzaria zain zegoen) besterik ez zen egin behar, granadina bat edo kafea? Kafesnea edo hutsa? Bizi izatea apalki ontzat hartuz — hemen edo han— eta denbora pasatzen utziz.