Orrialde:Tropismoak nathalie sarraute.djvu/46

Orri hau balidatu da

beranduegi zela, zerbaiten galtzen zutela haien zabarkeriarengatik, ezaxolakeriarengatik, edo gosaria zerbitzatua zegoela, hoztuta zegoela, orain bi ordu itxaroten zuela, jelatua zegoela... Eta bazirudien, haren iritziz, ez zela gauza mesprezagarriagorik, lerdoagorik, itsusiagorik, ez zela gutiagotasun, makaltasun zeinu argiagorik, gosariak itxaron behar izatea baino, hoztu zedin baino.

Iniziatuak, haurrak, presaka zihoazen. Besteak, kontu horiekin laxo eta ezaxolatiak, etxe horretan zeukan boterea kontuan hartu ez eta, gizabidez erantzuten zuten: «Eskerrik asko, ez kezkatu, gustura hartuko dut kafea zertxobait hotz». Haiekin, arrotzekin, ez zen batere ausartzen ezer esaten, eta hitz bakar horrengatik — ontasunez, artagabeki, bera kontsideratu gabe, ezta une batez ere harekin ohartu gabe, eskuaren atzealdetik baztertzen zuten esaldi labur gizabidetsu horrengatik, bakarrik honengatik gorrotatu egiten zituen.

Gauzak! Gauzak! Hori zen haren indarra. Haren boterearen iturria. Senez, era okertezin eta seguruaz garaitzeko zein zapaltzeko baliatzen zuen lanabesa.

Haren ondoan bizi izatean, gauzen presoa