apur batez, haien estaltzen saiatzearren, bera aurrean jarriko zen, gehiegi aurrera ez zitezen, ahalik eta gutxien, hara, poliki, albotik ibil daitezela otzan, pareta bazterretik. Hara, hara, ez zen ezer, gizonak so egin ziezaiekeen lasai: Utrillo mozkor zegoen, Saint-Annetik irten berria zen, eta Van Gogh... A! Gizonak nahi izango lukeen guztia apustu egingo lioke, ez luke inoiz asmatuko paper horretan Van Goghek gorde ahal izango lukeena. Paper horretan gordetzen zuen... ebakitako belarria! «Belarria ebakitako gizona», horixe! Ezagutzen al zuen hori? Leku guztietan ikusten zen hori orain. Halaxe da. Horixe zen guztia. Ez zen haserre? Ez zen jaiki behar, edo bera zakarki errefusatu, haiek oinperatu, begirada iheskor, lotsagarri, ahalkegarri, maltzur ezpaina, era nazkagarriaz bildua?
Ez, ez, oker zebilen kezkatzen zenean. Gizonak oso ongi ulertzen zuen. Bihozbera zen, dibertigarria. Masaila zimurtzen zuelarik haren ziztu ttikia entzunarazten zuen, eta oraindik ere haren begietan distira alai hura ikusten zen, segurtasun sentimendu baketsua, ziurtasun goxoa, poztasuna adierazten zituen argitasun hura.