Orrialde:Tropismoak nathalie sarraute.djvu/88

Orri hau balidatu da

dagoeneko zenbait egun dendetan zehar bazebiltzana «sport jaka ttiki» baten bila, tweed lodikoa eta irudiduna, «honen bezalako iruditxoa, hain ongi ikusten dut, laukitxo gris eta urdinekoak... Ea! Ez duzue horrelakorik? Non aurki nezake?» eta ibilbideari lotuak ziren berriro ere.

Sport jaka ttiki urdina... jaka ttiki grisa... Haien begi tinkoek horren xerka ikusmiratzen zuten...

Pixkanaka aipatu jakatxoak gero eta indar gehiagoz heltzen zien, nahitaez haietaz jabetzen zen, premiazko bihurtzen zen, jomuga bihurtzen zen, ez zekiten zergatik, baina derrigorrez lortu behar zuten.

Bazihoazen, trostan zebiltzan, ausarki igotzen ziren (ezerk ez zituen geldiaraziko) eskailera ilunetatik, laugarren edo bosgarren solairura, «tweed ingelesa egiten duten etxe espezializatuetara non berau aurkitzea gauza ziurra baita», eta zertxobait nardaturik (nekatzen hasiak ziren, adorea galtzeko zorian), erregutu egiten zuten: «Ez baina, ez, zuk badakizu zer esan nahi dudan, horrelako laukitxotakoa, diagonaletan egindako marrekin... ez baina, ez da hori, inondik ere ez... A! Ez al duzue? Non aurki dezaket baina? Leku guztietan begiratu dut... Ea! Agian hor? Uste al duzu? Beno, joan