Orri hau berrikusia izan da
Onuntza jota, usterik gabe,
ara zauritu sei mutil;
aruntztik berriz, bala zorrotzaz,
gaur dizkiote amar il.
Ageri ez dira-ta
nundik, orde, tirata?
Etsaia nundikan dabil?
Inpernutarrak al dira edo...
Au bai duala katramil!
Zer dabil orain Valdes, nastuta?
Nurutz dijoa ain larri?
Mendi auetan ez lezakela
egin ezertxo du igarri.
Ta ziaro aulduta,
oso ikaratuta,
goseak eta egarri,
Lizarra aruntza, buru makurrez,
dijoa gaur lotsagarri!
Bañan euskoak ez dio utzi nai
orrela, lasai, joaten;
lurre erraitikan, goi eta betik
bat-batean dira azaltzen.
Ura bai ixkamilla!
Illotzik daude milla
ta alare, beti jarraitzen
doaz gureak, iges duana
nunai pillaka zauritzen.