Persiarren Manifestua

Monarkia absolutua [...] arrazoimenaren eta adimenaren obra da: Jainkoaren legearen, justiziaren eta Estatuaren funtsezko arauen menpean dago: konkistako eskubideaz ezarri zen, edo beren Erregeak hautatu zituzten lehenbiziko gizonen borondatezko menekotasunaz. Honetara, subirano absolutuak ez dauka bere aginteaz abusatzeko ahalmenik (Jainkoak berak ez zuen eskubide hau izan nahi): horregatik beharrezkoa izan da botere subiranoa absolutua izatea, ororen interesari dagokion guztia menekoei agindu ahal izateko, eta obeditu nahi ez dutenak hartara behartzeko. [...]

Eskatu behar dugun erremedioa, geure eta gure probintzien nahiak paperera eramanez, Espainiako lege, foru, usadio eta ohituren araberakoa da. Hobe aski materialik ez balego, Berorren Maiestateak erresumari Baionan luzatu zion dekretua errepikatu beharrik ez izateko, eta Cadizen egindakoa erremediatzeko premia azaltzeko [...], eta horretarako Gortak handitasunez bil daitezela, antzinakoak bildu ohi ziren bezala: eta bitartean ukitu gabe gorde dadila hainbeste mendetan bete izan den Espainiako Konstituzioa, eta bere bitartez onartu ziren legeak eta foruak ere bai: bertan behera utz daitezela Cadizen emandako Konstituzioaren eta dekretuen ondorioak, eta Gorte berriek kontuan har dezatela haien baliogabetasuna, haien injustizia eta haien eragozpenak [...].

Fernando VII.a

Madril, 1814-4-12


Lehen iturria: UPV/EHUra sartzeko 2000/2001 eta 2002/2003 ikasturteetako hautaprobak. UPV/EHUk jatorrizko (gaztelaniazko) testutik egindako euskarazko bi itzulpenak bakarrean bildu dira, bertsio bakoitzeko onena hautatuz. Halaber Kondaira taldeak akats bakanen bat emendatzeko bere erara moldatu du testua.

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.