Poli(s)tika erreskatatu

Poli(s)tika erreskatatu  (2020) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Poli(s)tika erreskatatu

Poli(s)tika erreskatatu (I) aldatu

Igande honetako hauteskundeak igarota eta uztailaren 17an Herri Elkargoko lehendakaria hautatuta, hauteskunde ziklo oso bat itxiko da Euskal Herrian. Eta, hauteskunde ziklo bat itxi eta hamarraldia estreinatzearekin batera, fase politiko berri bat abiatuko da. Izan ere, covid-19ak nahi izan du 2020. urte hasieran agertu eta hamarraldi gako bati hasiera eman, hamarraldi bat zeinak norabide-aldaketa sakon bat eskatuko duen orain arteko politika askotan. Covid-19ak krisi aroaren bizipen erreal bat ekarri digu, sentigarri egin du, inoiz ez bezala, bizi gaituen gizarte molde hauskorra eta etorkizun ziurgabea; krisi aro globala gure bizitzetara ekarri du, esfera sozialera zein intimora. Nahikoa argi dago dagoeneko arrisku handiko garai berri batean murgildu garela.

Egokiera ona atzera begiratu eta igaro berri dugun hamarraldiaren herri-ikuspegiko bilana egiteko. Ez baita edonolako garaia izan iragan berri dugun hamarraldi hau, ETAren zikloaren itxieraren hamarraldia. Dinamika soziopolitiko berri bat abiatu bide zuena, ordura arte posible izan ez zena posible egingo lukeena. Eta, ezbairik gabe, herri-ikuspegitik begiratuta, gauza asko gertatu dira azken hamar urteetan, bere neurrian baloratzen jakin behar direnak: Nafarroan aldaketaren aldeko gobernuak abiatu eta eskuin-mutur nabarristaren hegemonia pitzatu da; Ipar Euskal Herrian Lurralde Elkargoa osatu da; ETAren bukaera bururaino eraman da, gizarte zibilaren bultzadaz eta estatuen borondatearen kontra; erabakitzeko eskubidearen aldeko gizarte-ekimena hauspotu da; independentziaren aldarrikapena inork inoiz eraman ez duen punturaino eraman du Kataluniak; estatuen egiturazko krisia sakondu egin da; gizarte-mobilizazio forma berriak agertu dira indarrez. Bilanaren alde positiboari begiratuz gero, asko da aurreratu dena.

Balantzaren beste aldean, iragan hamarraldia Kutxabank-en bankarizazioaren garaia izan da, baita Euskaltelen salmentarena ere. Gipuzkoan, abertzaleen arteko lankidetzaren hipotesia frogatu ahal zitekeen lurraldean, “atez atekoa berdin ETA” operazio populista trumpianoak hipotesi hori bazterrean botata utzi du; hiru eremu administratiboetan Euskal Herriaren autoeraketaren aldeko lehendakariak izanik, aukera paregabea galdu da erreferentzia nazionala indartzeko; Autonomia Erkidegoan erabakitzeko eskubidea instituzionalizatuko lukeen akordioa ez da eztabaida parlamentariora eraman nahi izan. Bilanaren alde ilunari begiratuz gero, galdutako aukeren hamarraldia ere izan da iragandako hau.

Galdutako aukerei erreparatu

Bilan guztiek dute alde iluna eta alde positiboa. Gauza bakoitza dagokion neurrian baloratu behar da. Baina bidea urratu nahi dugunok, aukera berriak ireki nahi ditugunok, behartuak gaude galdutako aukerei erreparatzera. Eta zentzu horretan, esango nuke, iragan hamarraldian herri hau hasi berri dugun hamarraldi gako honi begira sendotzeko aukerak galdu direla, eta ez nolanahikoak. ETAren zikloaren amaiera herri gisa errentabilizatu baitzitekeen, eta modu askotara. Izan zitekeen euskararen aldeko akordio soziopolitiko handi baten bidez, euskal enpresa eredu baten aldeko ekimen handi bati esker, euskal hezkuntza sistemaren eraberritze errotiko batekin, erabakitzeko eskubidearen aldeko akordio politiko bat tarteko, edo beste hainbat modutara. Baina ez. EAJk, euskal oasiaren gisako narratiba kontserbadoreak baliatuz, herri honen sabai aspirazionala beheratu du eta izan ditzakegun gaitasun komunitarioak blokeatu ditu.

Bidea urratzeak zein dinamika soziopolitiko eskatzen duen sakon aztertzeko garaia da, bai gizarte politikoan eta bai gizarte zibilean. Irudipena daukat ETAren aroan posible izan ez zena ETAren ondoko aroan posible egin nahi izatearen automatismoa presenteegi dagoela. Eta badagoela belaunaldi bat herrigintzan aurreko faseko bizipenek gehiegi baldintzatzen dutena. Gizarte zibil autonomoak bere buruari egozten dion misioa –berdin euskalgintzak zein erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak, adibidez– ezin da izan EAJren eta EH Bilduren arteko akordio politiko bat erdiesteko bide orria proposatzea. Besteak beste, iragan hamarraldiak frogatu duelako saiakera horiek, laudagarriak izanagatik ere, ez direla eraginkorrak. Poli(s)tika erreskatatzeko garaia da.

Poli(s)tika erreskatatu (II) aldatu

Orain hamar urte Juan Carlos I.ak era honetara alde egingo zuela esan izan baligute nekez sinistuko genukeen. Felipe VI.aren erregetza bermatzeko operazioa izan nahi bazuen, agian ez da ideiarik onena izan, estatu krisiaren gordina irudikatu baita. Erregea biluztu den bezalaxe, gauza asko biluztu dira azken urteetan espainiar Estatuan.

Baita geurean ere. Azken urteetan euskal politikagintza ardaztu duten errelato nagusiak erori egin dira: autogobernuaren sendotasuna, aldebikotasuna, euskal oasia, kudeatzaile onaren mitoa. Errelato horiek guztiek espainiar botere sistemarekiko dialektika jakin bat zuten oinarrian, PNV sistema horretan txertatuz haren bermatzaile aurkezten zuena, Kataluniari buruzko Urkulluren paperek ondotxo erakusten duten bezala. PNVk gelako txintxo eta azkarrena izatera jokatu du, horrela maisuak nota ona jarriko liokeelakoan.

Baina bide horren antzua agerikoa da honezkero. Presidente autonomikoen bilkuran Urkullu lehendakaria ere biluzik ikusi da. Alderdi abertzale batek estatuarekiko izan beharreko dialektika politikoari uko egiten zaionean ezin besterik espero. Imintzioetatik harago, Urkullu espainiar presidente autonomiko bat baino ez baita, eta bere botere posizioa 2,6koa da, 3,5etik oso urrun.

Uztaileko kolaborazioan bidea urratzeak zein dinamika soziopolitiko eskatzen duen galdetzen nion neure buruari. Trantsiziozkoa kontsidera dezakegun hamarraldia igarota, covid-19ak gorpuztu duen krisi aroan murgildu garelarik, zeintzuk dira aurrerabideak? Hipotesi baikor samar baten begiradatik helduko diot erantzun printza batzuk aurkitzeko lanari: Krisi aro honek dakartzan arriskuak kolosalak izanik –zeinak amiñi bat gutxiestea sekulako fribolitatea litzatekeen–, Euskal Herriaren burujabetze prozesuari aukera berriak zabaltzen zaizkio baldin eta gai bagara frogatzeko prozesu hori dela, hain zuzen, hauturik egokiena hamarraldi gako honetako erronka sozial kolosalei erantzun baikor bat emateko. Boterearen ikuspegi argi bat behar dugu horretarako, estatu baten eraikuntza botere akumulazio prozesu bat baita funtsean.

Gizarte politikoari dagokionez, hauteskunde zikloak gainditzen dituen herri egitasmo sendo bat egituratzeko premia dago. Hamarraldi honi begiratuko diona, arnasa luzekoa, gainean ditugun erronka sozial generazionalei aurre egiteko beharrezko berrikuntza prozesuak definituko dituena. Egitasmo demokratizatzaile bat Euskal Herria eraldaketa eskala gisa hartuko duena. Bizitza duinak posible egingo dituen Euskal Errepublikaren egitasmo politikoa, merezi duzun herri hori, sinesgarri eta ukigarri egiteko unea iritsi da.

Eta ez nolanahi gainera. EAEko iragan hauteskundeetan %50 eskasekoa izan da parte hartzea. Inkesta postelektoralek diotenez ez da covid-19a izan hauteslekuetara ez joateko lehen arrazoia, sistema politikoarekiko desafekzioa baizik. 2008an ez bezala, krisi sozioekonomikoa krisi politikoaren eskutik dator oraingoan Euskal Herrira. Norbaitek uste badu gobernantza kolaboratiboaren kontu hau guztia estetikoki baliatzekoa dela, politika publikoen deliberazio prozesuetan gizarte zibilaren parte hartze erreala gauzatu gabe, uste dut ez duela deus ulertu.

Hiru ezaugarri gutxienik

Gizarte zibilaren ekimenari dagokionez, aldiz, hiru ezaugarri gutxienik bildu beharko lituzkeela uste dut. Lehena: protestaz gain, alternatiba. Gaur, kapitalismo neoliberalaren ziurtasunak eta promesak inoiz ez bezala kolokan daudelarik, ezkerreko independentismoaren burubidea ezin da izan egia urgaineratzea, erantzun moldeei emanez bere ekimen politikoaren zentralitatea. Protestaz gain, beste alternatiba bat ere behar dugu hegemonia aurrerazale errepublikano berriaren eraikuntzan. Kaleak betetzeaz gain, zenbat jende ari da gaur bere jarduera profesionala garatzen euskal logika herrigile baten arabera hala akademian nola enpresan, komunikabideetan eta abar? Bigarrena: ebentozaleak gara, baina, ebentismotik harago, prozesu logiken arabera pentsatzeko beharra dugu. Berriro, estatugintza, funtsean, botere akumulazio prozesu bat baita.

Eta hirugarrena: autonomia. Joan Mari Torrealdaik utzi digun irakaspen handietako bat, zeinak beti-beti defendatu zuen herrigintzaren autonomia, alderdi politikoetatik independente jokatzeko beharra: «Alderdi politikoengan eta erakundeetan eragina handitzeko modu bakarra dago: euskalgintzak bat egin dezala eta estrategia argi batekin jo erakundeekin negoziatzera». Agur eta ohore berari!