Populismoaz  (2023) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Populismoaz

Horrek erakusten du konfiantza dugula gure erakundeetan, hiritargoak kultura politiko sendoa duela, politika publikoak hiritarren beharretara bideratuta daudela eta segurtasun sistema bat dugula gizartearen eraldaketarako bidean eztabaida publikoa pobretzen eta jardun publikoa baliogabe jotzen duten populismoen aurrean». Halaxe dio EAJren Aberri Eguneko agiriak. Idazki horretan, bizi dugun momentu historikoaren irakurketa egiten da, eta beste joera batzuen artean, demokrazia liberalaren krisia identifikatzen da, eta abagune horri probetxua atera nahian ari den politika populistari egiten zaio azpimarra.

Honako hau litzateke idazkiak darabilen populismoaren adiera, gutxi gorabehera: herritarren bozka irabazi nahian, demokrazian zilegitzat jotzen ez diren praktikak darabiltzan politika, arerio politikoa deskalifikatzeko era askotako jukutriak baliatuz, berau moralizatzetik errealitatea faltsutzeraino. Agiri hori publiko egitearekin batera, Aberri Egunean bertan, Andoni Ortuzarrek populismoa praktikara eraman zuen, ohikoa duen graziaz, hori bai. Ondoren etorri da memoria historikoaren inguruko ika-mika, Galdakaon piztu da sua, ez kasualitatez. Aste honetan, Aitor Estebanek, euskal instituzioen eskumenak inbaditzen dituela baieztatuz, gaitzetsi egin du Espainiako etxebizitza legea.

Ez dut zalantza izpirik EAJk badakiela EH Bilduk gobernatutako udalak ahalik eta adostasun politiko zabalenak lortzeko saiakera zintzoan ari direla tokian tokian, Aranzadik jarritako irizpideen baitan betiere. Eta ez dut zalantza izpirik EAJk badakiela Espainiako etxebizitza legeak ez dituela euskal eskumenak zapaltzen. Bi adibide hauek interes elektoral hutsei erantzuten dieten populismo ariketa argiak dira; arerio politikoa moralizatu eta indarkeria batzuen inpunitatea zilegituz, kasu batean, eta gezurra baliatuz, bestean. Pastelari ginga Ortuzarren adierazpen kasposoek jarri zioten.

EAJren Aberri Eguneko agiri berak honela dio beste pasarte batean: «...beste alderdi batzuk errealitate sozial eta ekonomikoaren eta gure politika publikoen kudeaketaren agertoki ilun eta negatiboa eraikitzearen alde agertzen ari dira, ziurgabetasun-testuinguru batez baliatuta beren jarrera politikoa sendotzeko asmo bakarrarekin. Gatazkatik ezin da ezer sendorik eraiki, ezta gizartearen haserrea instrumentalizatuz edo itxaropena zapalduz ere». Azken esaldi horrek azterketa sakon baterako ematen du. Lehenik eta behin esan behar da planteamendu antipolitikoa dela, edozein tradizio politikotan oinarrituta ere, politika, finean, gatazkaren kudeaketa baita. Are gehiago, gatazkarik gabe ez dago aurrerabiderik; kontua da gatazka nola kudeatzen den.

Baina horrez gain, EAJren kultura politikoan zuzendu beharreko oinarrizko defizit demokratiko baten berri ematen du: «Herriaren egoeraren analisi kritikoa egiten duena nire kontra ari da», uste du idazten duenak. Izan ere, EAJren imajinario politikoan alderdia eta nazioa arriskutsuki gertuegi daude, ia alderdia nazioarekin berdintzeraino. Eta beraz, alderdiaren kudeaketa kritikatzen duena Herriaren kontra ari da, deblauki.

Abertzaleen arteko lankidetza emankorrak ezinbestean eskatzen ditu oinarrizko joko-arau batzuk. Ezin daiteke noizean behin abertzaleen arteko lankidetzaren ametsa haizatu eta norbere botere instituzionalari nola edo hala eusteko populismoa praktikatu hauteskunde zita bakoitzean. Urte luzez ezkerreko independentismoari kultura politikoaren aldaketa eskatu diotenek badute zer aldatu beren baitan Aberri Eguneko agiriak ezkutuan pederastia praktikatzen duen apaizaren igandeko sermoia izango ez badira.