Previous Euskadi  (2020) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Previous Euskadi aldatu

Asteari zeharka begiratuta ezin Bateragune auzia alboratu. Bistan da zerbait mugitu dela Estatuaren barrunbeetan Auzitegi Goreneko hamasei epailek aho batez epaiketaren errepikapena agintzeko. Hala esan da asteon eta ados nago neu ere: azken hilabeteetan ezkerreko independentismoak Estatuaren gobernagarritasuna baldintzatuz egin dituenak egin izan ez balitu gaur ez genuke Bateragune hizpide.

Kideak ditut denak eta asko miresten ditut plano politiko zein pertsonalean. Distantzia behar da gauzak ondo aztertu eta behar bezala izendatzeko, eta nahiago gaur astean zehar bigarren mailan geratu den gai bat hartu hizpide: Europako funtsen inguruan pleno monografikoa egin da Erkidego Autonomoko parlamentuan. Egina da antzerako saio bat Nafarroako Parlamentuan ere lehenago.

Penagarria da erabat hain momentu berezian herri eztabaida nola ukatzen den ikustea. Horixe da asteazkeneko plenoan gertatu zena eta uste dut gobernukideen gaitasun politiko falta jartzen duela agerian beste ezer baino gehiago. Ez dirudi garai honen kontzientzia politikorik dutenik, edo gutxienez, bistan da ez direla kontzientzia horrekiko koherentzian jokatzeko gai.

Trantsizio ekologikoari buruz ari garela, adibidez, jokoan dagoena gehiegi baita Europako dirulaguntzen gai horren inguruan goi mailako eztabaida estrategikorik ez egiteko. Izan ere, Parisko Itunean ezarritako helburuak beteko badira (eta ez betetzea hondamendia litzateke termino zibilizatorioetan), aldaketa sakon bat beharko da orain arteko politika publikoetan. 2030erako eraldaketa handi horren oinarriek finkatuta behar dute, zeina berotegi efektuko gasen %55eko murrizketarekin kuantifikatu den (1990eko mailarekiko).

Sakon-sakoneko eraldaketa material eta kulturalaren aurrean gaude, lidergo publiko indartsua eskatzen duena. “The man in the moon”, horrela definitu du Europar Batasunak berak 2050 baino lehenago karbono neutraltasuna lortu asmo duen misio zibilizatorioa, Kennedyk 1961ean iragarritako “moonshoot” hari erreferentzia egiten dion izenburu iradokitzailea. Merkatu ekonomia ez baita gai misio hori gauzatzeko, ez bada orientazio “sozialistako” politika ekonomikoak gidatuta (merkatua erregulatuz, ekonomian esku hartuz, planifikatuz, aberastasuna banatuz, trantsizioaren kontrako merkatu interesei mugak jarriz eta abar). Trantsizio ekologikoaren erronka kolosalari neurria har diezaiogun: kontua ez da soilik karbono neutraltasuna ahalik eta lasterren erdiestea (zeina erronka itzela baita berez), baizik eta, horrez gain, trantsizioak sozialki justua izan beharko du krisialdi soziala eutsiezin bilakatuko ez bada. Justizia klimatikoaren kontzeptua gakoa izango da hamarkada honetan.

Asko hitz egiten da gobernantza ereduaz. Zalantzarik gabe halako erronka zibilizatorioak bestelako elkarlan dinamiken bidez baino ez daitezke erdiets. Pandemian zehar argiki ikusi da geure herri gaitasunak eraginkorki aktibatzetik urrun gaudela, eta aktibazio horrek eskatzen duen lidergo politikoa dugula faltan. Baina, horrekin batera, ezinbestekoa da orain arteko politika publikoen berrikuspen sakon bat egitea: gas sektorearen aldeko apustua eta energia berriztagarrien garapenik eza, ekologikoki jasanezinak diren eta errentagarritasun sozial gutxiko azpiegitura handien eraikuntza, Euskaltelen salmenta, sektore teknologikoa desegitea (Ibermatica), sektore publikoa argaltzea, industria politika proaktiborik eza, ekonomia zirkularrari bizkarra ematen dion hiri hondakinen kudeaketa, industria hondakinen kudeaketaren pribatizazioa, gizarte zerbitzuen sistema zaintzaren krisiaren arora egokitzeko inbertsiorik eza eta abar.

Gaur arte ekarri gaituen politika ekonomikoaren atal funtsezkoen inpugnaziorik gabe ez dago aurrerabiderik. “Previous Euskadi” beharko genuke “Next Euskadi” eztabaidatu ahal izateko.