Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

I

Bazirudien leku guztietatik sortzen zirela, airearen epeltasun erdibustian jaioak, geldiro isurtzen ziren hormetatik bertatik izerdituak izango bailiran, burdin hesiriko zuhaitzetatik, bankuetatik, espaloi zikinetatik, plazatxoetatik.

Etxaurre hildakoetan zehar luzatzen ziren mordoxka. Noizbait, denda handietako erakusleihoen aurrean, gune bilduagoak osatzen zituzten, geldiak, korapilo txiki gisako zurrunbiloak eginez.

Gelditasun arraroa, poztasun desesperatu antzekoa bazerien. Trebetasunez elur mendiak ematen zuten Erakusketa Zuriko arropa piloei erne begiratzen zieten, edo panpina bati, panpinaren hortzak eta begiak, tarte erregularretan piztu, itzali, piztu, itzali, piztu, itzali, beti tarte berdinetan, berriro piztu eta berriro itzali egiten zirenak.

Denbora luzean begiratzen zuten mugitu gabe, han bertan gelditzen ziren, emanda, erakusleihoen aurrean, alde egiteko unea hurrengo tartea arte atzeratzen zuten beti. Eta eskuz heltzen zieten haur ttiki lasaiek, begiratzeak nekatuta, adia galduta, egonarriz, haien ondoan, zain egoten ziren.