Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XX

Mutikotxoa zelarik, gauez, ohean tentetzen zen, hots egiten zuen. Emaztekiak lasterka etortzen ziren, argia pizten zuten; arropa zuria, eskuoihalak, janzkiak eskuz hartzen zituzten eta erakutsi egiten zizkioten. Ez zegoen ezer. Haien esku artean arropa zuriak ez zuen kalte egiten, uzkurtu egiten zen, argitan zerbait zimel eta hil bilakatzen zen.

Egun, heldua zelarik, oraindik ere etorrarazten zituen begiratzeko leku guztietatik, harengan bilatzeko, ondo begiratu eta hartzeko haien eskuen artean haren zoko-mokoetan ezkututako beldurrak eta argitan aztertzeko.

Haiek sartu eta begiratzeko ohitura zeukaten eta hura haien aurrean joaten zen, hark argiztatzen zuen dena haren eskuak haztamuka ez sentitzearren ilunpean. Haiek begiratu egiten zuten — hura geldi geratzen zen, arnas hartzen ausartu gabe — baina ez zegoen ezer inon ere, beldurraraz lezakeen ezer ere ez, denak ordenean zirudien, bere lekuan, nonahi ohiko objektuak antzematen zituzten, aspalditik ezagunak, eta erakutsi egiten zizkioten. Ez zegoen ezer. Zeri zion beldur? Batzuetan, hemen edo han, zoko batean, bazirudien zerbaitek dardara egiten zuela lausoki, kordokan zela apur bat, baina haiek esku-ukaldi batez segurantza berrezartzen zuten, ez zen ezer, bere ohiko beldurretako bat — beraiek huraxe hartu eta erakutsi egiten zioten: bere lagunaren alaba ezkondua al zen jada? Hori al zen? Edo agian urliari, haren ikasturte berekoa izan arren ostera maila goititu al diote, ohore-domina eman al diote? Haiek konpondu, zuzendu egiten zuten hori, ez zen zer. Une batez, sendoago ikusten zuen bere burua, sostengatua, adabatua, honezkero baina haren soin atalak astun, geldo bilakatzen zirela sumatzen zuen, itxarote geldi horretan moteltzen ziren, bazuen —konortea galdu baino lehen bezalaxe— azkura sudur-zuloetan; haiek bere bakarrera bihurtzen ikusten zuten bat-batean, haren itxura sor eta urrun arraroa hartzen; orduan, masailetan emaniko esku-ukaldiz — Windsor-tarren bidaiak, Lebrun, boskiak — bizkortu egiten zuten.

Baina bere senera zetorren bitartean eta azkenean konpondua, garbitua, txukundua, ongi ezarria eta gerturik uzten zutelarik, beldurra berriz eratzen zen bere baitan, konpartimendu txikien, haiek ireki berriak zituzten tiraderen hondo sakonean, non ezer ikusi ez eta berriro itxi egin baitzituzten.