Urrezko astoa, II, 7. Fotide sukaldean.

(Itz.: Juan Kruz Igerabide eta Anjel Lertxundi. Metamorfosiak edo urrezko asto. Literatura unibertsala 53, Ibaizabal arg., 1996.)

Horrelako burutazioak kabutan, Milonen atera iritsi nintzen eta, esan ohi den bezala, «azeria mingainean, hura bera oilategian», etxean ez baitzegoen ez Milonik ez haren emazterik; ene Fotide maitea zegoen bakarrik. Haragi xehe eta talotuaren platera ari zen prestatzen bere ugazabentzat, eta okela-xerrak saltsan atontzen, eta baita idiki zezinatua ere, oso gozoa nonbait, nire sudurretara zetorren usaintxoaren arabera. Dotoreziaz jantzita zihoan, lihozko soinekoz, eta gerriko estu gorribizi batek bularra estutzen zion goi samarretik. Bere larrosazko eskuez jira-jiraka eragiten zion janari-ontziari eta, mugimendu biribil bakoitzarekin bere soin-atalak arin astindurik, eta denak batera emeki mugitzen zituela, gerriaren joan-erorriak bizkarra ere dantzarazi egiten zion, higidura atseginkorrak sortaraziz. Halako ikuskizunaren aurrean harriturik, begira jarri nintzaion, grina sutsuaren menpe.

Azkenean, esan nion:

—Zer nolako dotoreziaz eta ganoraz mugitzen dunan lapiko hori, Fotide maitea! Bai okela-saltsa zoragarria ari haizena prestatzen! Zorionekoa eta dohatsua, benetan, hatza bustitzen uzten dionan hura!

Orduan, neska polit eta pinpirinak erantzun zidan:

—Hoa atzera, gizagaixo hori, hago ahalik urrunen nire laratzetik, ezen nire sugarrik ttikienak hire pittinik xemendreena ere ukitu orduko, hezur mamiraino erreko haiz, eta ez duk inor hire erresumina itzaltzeko gai izango, neu izan ezik, hain okela-saltsa gozoak prestatzen ditudan, eta hain airoso lapikoa nola ohea astintzen ditudan hau.


Urrezko astoa, III, 24. Luzio asto bihurtzen da.

(Itz.: Juan Kruz Igerabide eta Anjel Lertxundi. Metamorfosiak edo urrezko asto. Literatura unibertsala 53, Ibaizabal arg., 1996.)

Ni neure zinezko agindua esan eta esan ari nintzaiolarik, neska gelan sartu zen oso urduri, eta potetxo bat atera zuen kutxatilatik. Potetxoa hartu, musu eman, hegaldi zoriontsua eman ziezadala eskatu, eta nire jantzi guztiak urrun jaurti nituen nigandik; nire eskua lehiatsu sartu, ukendu mordo bat atera, eta gorputzaren atal guztiak igurtzi nituen. Txori bat bezala hasi nintzen jokatzen, besoak, orain bat orain bestea, mugitzen ahaleginduz, baina han ez zen agertzen ez hegaxka ez lumaxkaren inolako arrastorik. Aitzitik, nire ileak loditzen hasi ziren, ilesorta bihurtu arte; nire azal-mintz leuna gogortzen hasi zen, larru bihurtu arte; nire eskuen muturrean hatzek bereizketa galdu zuten, harik eta oin-azkazal bakarra osatu zuten arte; eta nire bizkarrezurraren behealdetik isats luzea ageri zen. Gainera, aurpegia handitu zitzaidan, ahoa luzatu, sudurra zabaldu, eta ezpaina zintzilikatu; belarriak, beren aldetik, neurriz gora haziak neuzkan, eta ilez estaliak. Eta nire zoritxarreko aldakuntza hartako kontsolamendu bakarra: Fotide besoartean ezin hartu banuen ere, ederki haziak neuzkan behintzat neure dohain naturalak.


Urrezko astoa, VIII, 23-26. Astoaren jabeetako bat.

(Itz.: Juan Kruz Igerabide eta Anjel Lertxundi. Metamorfosiak edo urrezko asto. Literatura unibertsala 53, Ibaizabal arg., 1996.)

Egoitza madarikatu hura ere laga genuen, eta nekazariak dolumin handitan utzirik, bideari ekin genion berriro; zelaietako bideak egun osoan zeharkatu eta gero, hiri jendetsu batera iritsi ginen, akiturik. Abeltzainek hantxe bizitzen jartzea, eta bertan bizileku iraunkorra hartzea erabaki zuten. Uste zuten hura ezkutaleku segurua zela urrutiko miaketen aurrean; gainera, hango janari ugariak eta hornidurak lortzeko erraztasunak bultzatu zituen erabaki hori hartzera. Azkenean, zamariok indarberritu gintezen utzi era gero —itxura hobez ager gintezen salduak izateko—, azokara eraman gintuzten. Aldarrilariaren ahots indartsuak bakoitzaren prezioa oihukatzen zuen; erosle aberatsek erosi zituzten zaldiak eta beste astoak; ni bakarrik ikusirik eta taldetik kanpo, gehienak beste aldera begira igarotzen ziren nire aurrean, erdeinuzko keinua egin eta gero. Azkenean, nire adina hortzei begiratuta ateratzen zuten tratalarien ukitzeez nazkaturik, hortzartean estutu nuen gizon baten esku zikin eta kiratsua, nire hortzoheak bere hatz nazkagarriez zirikatzen ari zen unean, eta gustura egin nion kosk. Jarrera hark ni erosteko gogoak kendu zizkien inguruko guztiei, astorik gaiztoena nintzela etsita. Orduan, aldarrilaria, garrasi batean aritua baitzen bere lepa-zainak eten beharrean ahotsa urratzeraino, barregarrikeriak esaten hasi zen nire bizkarretik.

— Noiz arte —zioen— jarri behar diagu salgai astotzar hori? Zaharra duk, horren apatxak hain zeudek maiztuak, ezen indarrik ere ez baitauka, eta ajeak ahuldurik baitago; hala ere, basati zabilek, bere zozokeria ergela eta guzti; ez duk arrantza egiten duen bahea besterik. Edozeini oparitzat emateko prest gaudek, saralea alferrik galtzea axola ez bazaio behintzat.

Era horretan pizten zituen aldarrilari hark ingurukoen barre-algarak. Nire zoritxarreko patua, ordea —herrialdez herrialde ihesi ibilita ere ezin bainion alde egin, ezta aurreko nire zoritxarrak arindu ere— berriro nigana begira jarri zen, eta nire aurrean erosle bat ipini zuen, nire egoera gogorrari ederki asko egokitzen zitzaiona. Begira haren izaera: maritxu horietakoa zen, maritxu zahar horietako bat, burusoila gainera, burutik zintzilik zeramatzan kizkur grisantza batzuk kenduz gero; bidegurutze herrikoietako zimaurretik ateratako jendaila horretakoa zen, kalez kale eta hiriz hiri eskale ibiltzen diren horietakoa, zinbola eta kriskitinak jo, eta Siria jainkosa berekin daramatenetakoa. Ni erosteko irrikitzen zegoela nabaritzen zitzaion agureari eta hor galdetzen dio aldarrilariari ea zein herrialdetakoa nintzen. Besteak Kapadoziakoa omen nintzela, eta oso indartsua, erantzun zion. Berriro, zenbat urte nituen galdetu zion; baina aldarrilariak, txantxetan, hor erantzun zion:

— Konstelazioa igarri duen astrologo batek, bosgarren urtera doala atera dizkik kontuak; hala ere, astoak berak hobeto ezagutuko dik, noski, bere egoera zibila. Eta lege Korneliarraren zigorraren jakinaren gainean egonik ere erromatar hiritar bat mirabetzat sal badezaket, zergatik ez duk erosiko, mirabe on eta zintzo hau oso lagungarri izango zaik-eta etxean zein kanpoan?

Erosle gorrotagarri hura, ordea, ez zen isiltzen galdezka era galdezka; azkenik, nire izaera baketsuari buruz galdetu zion, interes handiz.

Orduan aldarrilariak erantzun zion:

— Bildots bat ari haiz ikusten, ez astoa; eginkizun guztietarako otzana duk, ez dik horzkarik egingo, ez eta ostikadarik jaurtiko; astotxo horren larruaren barnean aiurri oneko gizon bat bizi dela esan zitekek. Ez duk zaila hori ikustea; aurpegia hanka artean sartzen badiok, heuk igarriko diok zer nolako egonarria erakusten duen.

Horrela jotzen zion adarra aldarrilariak agure nazkagarriari. Agureak, ordea, isekaz jabeturik eta haserre, esan zion:

— Aizak hi, hilotz gor eta mutu hori, ergelkeria besterik ez dioan aldarrilari hori: itsu utziko ahal haute Siria jainkosak —sorturiko ororen ama unibertsal ahalguztidunak—, Sabadio jainko sainduak, Belonak —Idan bere Atisekin bizi den amak—, eta Venus erreginak —bere Adonis lagun duela—, niri denbora luzez irain egiteagatik bufoi bati dagozkion txantxez. Zer uste duk, zoro horrek, jainkosari abere oldartsu bat eskain diezaiokedala, ala? Zer nahi duk, bat-batean oldartu, jainkozko irudia lurrera jaurti, eta nik, gaixo honek, ileak haizetara askaturik, batera eta bestera lasterka ibili behar izatea, lurrean etzandako neure jainkosarentzat sendagile bila?

Hitz horiek entzutean, handik lehenbailehen ihesi joatea pentsatu nuen, deabruak hartua bezala, horrela, ni aldarte gaiztoz haserre ikusirik, erosketari uko egin ziezaion. Erosleak, ordea, salerosketa itxi nahian, aurrea hartu zion nire asmoari, hamazazpi denario ordainduz eskura; nire ugazabak oztoporik gabe onartu zituen, pozik noski, nirekin asper-asper egina zegoen-eta; eta, nire sudurraldea espartzumutur batez lotu eta gero, Fileboren esku utzi ninduen, hori baitzen nire nagusi berriaren izena, erroldak adierazten zuenez.

Nagusi berriak bere zerbitzari hartu, eta berekin narama etxera. Hara iritsi orduko, sarreratik oihu egin zuen:

—Neskak; hona hemen mirabetxo polit bat zuentzat ekarria!

Neska haiek, ordea, ez ziren halako neska, beste maritxu horietako talde bat baizik, zeintzuk, segituan pozez saltoka, deiadar bateragabez hasi ziren, eme ahots zakar eta garrasilariez, pentsaturik, nonbait, benetako mirabetxo bat zekarkiela haien zerbitzurako. Eta ikusi zutenean, dontzeila baten ordez, ez orein bat, gizasemearen ordezko astoa baizik, sudurra okertu zuten erdeinuz, eta era guztietako txantxak egin zizkioten zuzendariari.

— Ez din ekarri mirabe bat —zioten—, senarra baizik, beretzat bakarrik izan dadin —eta erantsi zuten—: ez uste bakarrik jango dunanik hain oilasko polita; guri ere, hire usoño eztioi, utzi behar digun noiz edo noiz.

Horrelako eztikeriak eta beste antzeko batzuk elkarri esaten zizkioten bitartean, hor lotu naute aska baten ondoan. Bazegoen gazte mardul samar bat, koruan txirula jotzen oso trebea, mirabe salmenta batean guztien artean erosia. Gazte horrek bere tresna hura joz hartzen zuen parte jainkosari egiten zitzaizkion irtenaldietan, eta gero etxeko guztien beharkizunak asetzeko zegoen, txandakako ohakide. Mutiko hark ni etxean ikusi ninduenean, pozik eskaini zidan pentsu ugari eta honela mintzatu zitzaidan gozo-gozo:

— Etorri haiz, azkenean, zoritxarreko lan honetan nire lekua hartzera. Urte luzetan bizi hadila, heure nagusiei atsegin hakiela, eta nire gerri akituei ekar diezaieala atsedena.

Hori entzunik, laster imajinatu nituen, aldez aurretik, patuak niretzat gorderik zeuzkan garrazkeria berriak.


Urrezko astoa, XI, 13. Astoa berriro gizaki.

(Itz.: Juan Kruz Igerabide eta Anjel Lertxundi. Metamorfosiak edo urrezko asto. Literatura unibertsala 53, Ibaizabal arg., 1996.)

Bien bitartean, gertatutakoetatik ezagutu ahal izan nuenez, apaiza, orakuluak jakinaren gainean jarria eta liluratua, ikusirik errealitatea bat zetorrela agindua zitzaion betebeharrarekin, berehala gelditu zen, eta, bere eskuina luzaturik, nire ahoaren parean jarri zuen koroia. Orduan nik, irrikaz dardarka, neure bihotza taupada azkarrez ari zitzaidala, neure ahoaz larri hartu nuen koroia, txirikordaturiko larrosa berri eta distiratsuz egina, eta, agindutakoa beteta ikusteko gogo biziz, irentsi egin nuen. Eta, halaxe, bete egin zen nigan zeruetako agindua; berehala desagertzen da nire abere-aurpegi desitxuratua, eta ilaje zakar eta nahasia erortzen zait; ondoren, nire larru lodia mehetzen da, nire sabel gizena husten, nire oinzoruek beren apatxak galtzen hatz itxuran luzatzeko, nire eskuek oinak izateari uzten beren goimalako eginkizunerako prestaturik, nire lepo luzea laburtzen, aurpegia eta burua biribiltzen, belarri handiak beren ttikitasunera biltzen, harlausa adinako hortzak beren giza neurrira errenditzen, eta isatsa, lehen atsekabe gehiena ematen zidana, zeharo desagertzen. Jendea harriturik geratu zen, jarraitzaileek jainkosa handiaren hain botere agerikoa gurtu zuten, hain erraz egin baitzituen gaueko agerkizunetan agindu bezala, aldakuntza horiek, eta, oihu bateratuez, zerurantz luzatu zituzten beren eskuak eta jainkosaren mesede eder haren lekukotza egiten.


Iturria: Bilbao Telletxea, G. (2002): Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak, UEU, Bilbo, 278-282.


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.