Urte-giroak ene begian

Biotz-begietan  (1930)  Xabier Lizardi
Urte-giroak ene begian

Urte-giroak ene begian


I — BIZIA LO
        Otsail-erdi 

Egur ezearen kea
goiak du kolore:
egunaren atariruntz
zauri bat, gordiña,
odol-bearrean urre.
Sakoneko laiñoz gora
tontorrak elurrez:
itsasoa iduri,
ametsezko ontziez. 

Bide-ertzean, ez marrubi
ez belar gizenik.
Otalorea, bakanka,
goiztxo karraxika,
Udaberriari deika.
Or pago bat, lerden-aski
igazko apaingarriak
(gaur orbel gorriak)
oso yaregin nai-ezik,
nola baituten oi
neskazar ezin-etsiak.
Ostobakandu-sasian
kabi bat, uts, urratua...
Arru-beetik errekak ots,
euriteak bulartua... 

Basora naiz. An-or,
goldiozko ogean,
yoan-elurte gaitzaren
ondarrak nabari;
kabidun usoak, ala
emazte zuurraren
zapiak iduri.
Aritzak, eundaka,
aier zazkio goiari,
argi-leenenkia
egarri baitute,
arako urrezko zauria
izanik iturri.
Orregatik daude
luze-luze egiñik,
artean oiñak illunik,
azken-arbazta-begiez
udaberrirako
ornitzen biziez. 

O, zein aizen eder loa:
eriotzaren anaitzakoa:
bizitzazko urloa!...  

II — Sagar-lore
        Loreil-bete 

Anitz egunez, ez gera alaitu
lurtarrok. Goien sar egin baitu
Euri'k Eguzki giltzapean;
yaun orail eder, legorteen aita,
katez loturik egona baita
odei bustien sabelean. 

Gaur, orra agiri, tarteka, urdiña...
Sor zait barruan larrera-miña;
ta, aspaldi ez-ta, mendi-aldi.
Bete ditzadan argiz begiok;
eten zain-giar lotuegiok;
bularra asetuz noan geldi. 

Badut zalantza zein giro izaki;
otzaren aala danentz ebaki;
ikus ezpaitut Udaberri...
Baiña, bat-batez, gain-beera, maldan,
moltso zuri bat... Elur ez al-dan,
loreak ote... aal igerri! 

Ari beltz oker naasi sareak
eundaka atzitu ditu... loreak?
elur-malutak?, mitxeletak?...
ltxon: txori bat, zear, egaka
dabil, kabigai-lorrez, esaka:
—Gaur dira gure maite-bestak! 

Sagasti berri, sagasti zuri,
inguma-atsegintokia iduri,
elurte arian geldia!
Ezin urtuzko txingor ugari,
azpi gizenean duk nabari
zelai-bitxizko loredia... 

Zertan udalen dan igertzeko
begi bear diot bide-ertzeko
pago pertxenta gazteari,
ta ikus orbelez dan erantzia
ta apaingarri berriez yantzia,
baso zabalen aitzindari? 

Zertan bear dut yakin Itzala,
pagadiaren ume yaukala,
neska-kozkortzen ari al-dan?...
Kilker olerkari arloteak
neurtitz ozenak ditun boteak
lurrezko yauregi-atean?... 

Bego tximirriten egaketa;
beude marrubi-loreak, eta
irusta-sailla ere bego:
dantzari-talde, Baco'tiarrak,
naaspil zoroan zuti-baldarrak,
esku goituan ontzia ardo... 

Ene begiok, ez so besteri:
bide-ertz onetan nadin eseri,
iri begira, sagastia...
Sagasti gazte, sagasti zuri,
inguma-atsegintokia iduri,
elurte arian geldia! 

Txuriaz naasi, pipil gurien,
ler-gabe-lore zabal-zorien
gorrixka, nabari duk sarri,
odol-tantoak antzo... Begira:
erditze baten aztarnak dira:
Bizi-erditze zoragarri! 

Ibil, txoriok, ta kanta alaiki.
Negu agurea illa da, baiki,
lurra soil baitago elurrez:
oro dezaken esku naroak
erein baititu zuaitz-soroak
ogi berriaren apurrez... 

Bekik iretzat oiu alai au,
sagasti, iretzat; bereizki bai'au
yaiez yantzi zorna berriak!
Bizitza duk agiri garretan...
Bizitza, ler-berri, adarretan...

Igan dik sort-ogea Udaberriak!  
III — Baso itzal
        Uzta-uzta 

Urrun duk, sagasti berri, lorea.
Arizti, urrunago elurtea. 
Gaillurrera igoa dugu Iguzkia,
nondik yaurtiko zutago gezia.
Begi-ogeak nork sakon-askiak
gaiñez ez dakien aren argiak? 

Uda! Mendiak i au eguerdi,
ta urrezko opor-aro, ta abaro-aldi... 

                * * * 
Gurdibide bakan-ibil ertzetan
masusta-sasia dago loretan.
Ango kixkalbearra! Ango marmarra!
Ego-begi izaki ta, aizeak garra:
irakin diraki, beroz ezezik
erleen egoek yo ta naasirik... 

                * * * 
Arru-beetik ez dator gaur ur-otsik... 

Txoriak abaroetan ixilik,
goiz-yardun bakarrez etsi baitute. 

Egonean daude zuaitzak ere...
Sagarrak eskuan ditu igaliak
Eguzki erregeri eskeiñiak:
geldiak gizendu, egonak goza,
nagiak noizpait yalkiaraz bitza... 

                * * * 
Beroak zapalduta datza oro:
bizidun, landare, aitz eta soro.
Muskerra ta artoa dagotzu soilki
eguzki gorritan ezin izerdi. 

Neguz untzi lirain, laiño-gaiñean,
Txindoki, orain agokit aurrean,
goriak astundu-tantai arrizko,
beeari iñoiz baiño errotuago. 

Beste erpin musker bat or baita agiri,
maldan-gora zaizka zuaitzak geldi:
oker, ats-estuka, lurrari itsatsi-
mendizale makal unatu iduri. 

                * * * 
Zigor ontaz, Uda, ba'al-duk aterpe?
Ara zuzen nazak, luzatu gabe! 

                * * * 
Leioak itxitako yauregia
basoak iduri. Lo nagusia.
Baiña, badu norbait —zoragarria—
bidazti-zai eder: bai, alegia!
Begira non dedan, aterpean zai,
gorputza sotilla, betartea arrai. 

Itzal!, Baso'ren ume yaukal,
xaloagorik ezin aal:
beltxeran, begi bai azal: 

        Itzal!...
        Itzal!... 

Sar naun geldixe, taupaka biotza.
Ar maitez, otoi, lerregin-arrotza...
Oial illaun batez legortu didan
bekokia. Gero, aldamenean
atzaidan eseri, andereño otxan,
ta, ai, zein gozo gauden, aopekotan!... 

Atsedenaren eliz, zutoiz bete,
osto-pillo ta izar izunak abe:
ta i bertan oianeko yaupaleme... 

Gure inguru lurra lurrun-yario,
urre urtuzko yasak baitaragio.
Euri gori ortaz basoa aterri.
Gauden, bada, maite, basoan geldi. 

Zuaitz-tartetandiko urre nabarra
bezagun udaren bitxi bakarra.
Begoz emendik ate ire ederkiak;
ar bitzate besteek laztan goriak.
Nik ireak naiago, oianeko Itzal,
ezpaitiñe egiten odola kixkal... 

                * * * 
Uda! Gar zoragarri, suzko itsaso:
untzi geriza untan nai aut igaro...

                 (Bigarren Euskel-Olerti-yaiean, Tolosa'n,
                 zillarrezko aritz-abarrez sariztatua).  

IV — Ondar gorri
        Azaro-leena 

Uda —suzko itsaso— baitut ibilli
gerizpe atsegin bat nuela untzi,
ondoaz legorra yo dit emeki:
ondarreta bat du, soil eta gorri. 

(Itsasoak bai baitu, urrun-ertzean,
urre gorizko bide-goenean,
legor bat —odol-uts iñularrean—
Eguzki nondik sar atsedenean...) 

Aingura bota dut Arratsaldean:
oiña dut ezarri Udazkenean... 
                * * * 

Berriro igo nauzu ene mendira,
oroigarri zaarrei maitez begira...
Andre Lurrak yaulki ditu igaliak;
zurbil dauka arpegia, itzal begiak. 

Gurdibide bakan-ibil ertzetan
untza dago oraindik, nagi, loretan.
Or-emenka, lore zimel gaiñetan,
ingumak ari, gozo-miazketan...
Mitxeleta gorri, zarpil egoak:
maitatzeka atsotu diranetakoak. 

Kemenak uts-eta nekez bainoa,
zalantza eiut zaartu naizelakoa...
Udazkenak aulagotzen dit atsa,
orbelak ozenagotzen oin-otsa,
aldapak larriagotzen biotza...
Leenetan ez bezin autsia natza. 
                * * * 

Arru-beera itzuli nago. Ixurkia
basoz ta garoz yantzia:
noizbait orlegi, gaur nabar basoa;
tarteka gorri garoa.
Beste gain erpin bat bazan agiri
leen eze: gaur burni-meatz iduri.
Lurraren azala erdoitua da,
ala dut odola begietara...? 

Aizea dabil, busti setatia:
lurrari daragio ots negartia.
Larreko xornorro ozenen zantzurik
ez da iñon. Aspaldidanik
ixil zen olerkari yaun Kilkerra:
aixtian, alper eder den Txitxarra. 

Ta zuek, nora, txoriok, saldoka
zoazte, iraduz urrundu-bearka?
Adiskide Urretxindor il zaizute,
ta aren ilkizunetara
—egoak ikara—
berandu-beldurrak al-zaramate? 
                * * * 

Oi, zein dan ituna
beera-bear au!
Nik ez nai eguna
biurtzerik gau! 

Giroen argia galtzerakoan
leen-oiartzuna dut ozen gogoan.
Iru giro izanok, nik dei ta atozte:
nork-zeren saria ekardazute:
batak itxaro, besteak berbizte;
irugarrenak bizitza-indar bete.
Oro bear zaitute ene biotzak,
Leen-min baidamada neurtitz zaarren otsak!

         (Negu)
lkus bezat, Yauna, bein ta berriro,
otalore eziñegona...

         (Udaberri)
Bekusat sagasti gazte elurgiro,
udalen-sortoge dana.
lkus bitzat arako irusta-saillak
eskuan ditutela ardo-txanbillak.
Entzun bezat iñoizko olerkaria,
zelaiean baitzun lur-yauregia...

         (Uda)
Yainko-muño-gaiñetara baiño leen,
(ederra baita bizia!)
urrezko itsaso bebilt urduria,
Itzal dudala laguntzaille lerden. 
                * * *

         (Udazken)
Ta udazken-atsarreko goiz batean
esnatu nadi Yainkozko Betean!