Zhdanov doktrina  (1946) 
Andrei Zhdanov
Iturria: Martínez Carreras, J. U. et al. (1996): Historia del mundo actual, Marcial Pons, Madril, 57-58.

Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 48.

Bigarren Mundu Gerra amaitzeak aldaketa nabarmenak eragin ditu munduaren egoeran, oro har.

Horren ondorioz, sistema kapitalistak kolpe latza jasan du berriz ere. (...) Erdialdeko eta Hego-ekialdeko Europako hainbat herrialdetatik sistema kapitalista aldentzea izan da azken gerraren emaitza; faxismoa menderatu da, munduan izan duen lehentasuna galdu du kapitalismoak eta sendotu egin da faxismoaren aurkako mugimendua. Gerra ostean nabarmen areagotu dira SESBren garrantzia eta autoritatea. SESB izan da buru eta eragile nagusia Alemania eta Japonia militarki zapaltzen. Sobietar Batasunaren inguruan elkarturik daude mundu guztiko indar aurrerakoiak.

Amerikar espantsionismoaren bitartez mundua menderatzea da Ameriketako Estatu Batuetako korronte espantsionista berriaren helburua. Korronte berri horrek sendotu egin nahi du Ameriketako Estatu Batuek duten monopolioa nazioarteko merkatuetan. Lehiakide nagusi biak —Alemania eta Japonia— desagertu direlako eta bazkide kapitalistak ahuldu direlako sortu da Amerikaren aipatutako monopolioa.

Baina mundua menderatzeko harturiko bidean, SESBrekin egin dute topo Ameriketako Estatu Batuek; nazioartean duten gero eta eragin handiagoa izan dute aurrez aurre. Izan ere, faxismoaren eta inperialismoaren aurkako politikaren gotorlekua da SESB, angloamerikar inperialismoaren kontrolpetik ihes egin duten demokrazia berriko herrialdeen politikarena, hain zuzen ere. Bestalde, herrialde guztietako langileekin egin dute topo, bai eta Ameriketako bertakoekin ere, zapaltzaileek beren probetxurako egindako gerra inperialistarik nahi ez duten langile guztiekin. (...)

Inperialismoaren eta faxismoaren aurkako indarrek eratzen dute beste alderdia. SESB eta demokrazia berriko herriak dira funtsa. Inperialismoa baztertu eta erabakitasunez demokraziaren aldeko hautua egin duten herriek eratzen dute, hain zuzen, alderdi hori; horiez gainera, Indotxina eta Vietnam sartu dira taldean.

1946


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.