Zohardia: Oinarri ideologikoak

Zohardia: Oinarri ideologikoak  (2016) 
Sortu

==Sar hitza==

Esku artean duzun testu hau Sorturen Birfundazio Kongresuan eztabaidagai jartzeko ponentzia da, Batzar Nazionalak aukeratutako 34 kideko lantaldeak osatu duena. Prozesuaren araudian zehaztu bezala, behin ponentzia hau publiko eginda Ponentzia Lantaldeak bukatutzat jotzen du bere eginbeharra.

Burujabetza prozesua

aldatu

ABIAN eztabaida prozesuak, datozen garaietan garatu beharreko estrategia independentista eraldatzailearen hezurdura marrazteaz gain, ezker abertzalearen birfundazioa agindu zuen, birkokatze estrategikoak eskatzen duen neurriko ezker abertzale berria osatze aldera. ABIANek Sorturi pasa zion lekukoa horrela. Orain, Sorturi fase politikoa zehaztasunez definitu eta estrategia mamitzea dagokio, mobilizazio ziklo berria suspertzeko gakoak eta agenda proposatuz, eta horretarako antolaketa eredua diseinatuz.

ABIANek zedarritu zuen orubean lau zimendu nagusi ezarri ziren. Lehenak ezker abertzalearen egitasmo estrategikoa berresten du; bigarrenak estrategiaren muina definitzen du: independentzia jendartearen gehiengo baten gura bihurtzea –hautabide independentista–; hirugarrenak beste hainbat eragile sozial, sindikal eta politikorekin batera garatu nahi dugun burujabetza prozesu herritarraren gakoak ematen ditu, bertan kokatuz gatazkaren ondorioak gainditu eta preso eta iheslari politikoen etxeratzeko bidea; eta laugarrenak, horri guztiari erantzun ahal izateko antolatzeko irizpide nagusiak eta hain beharrezkoa dugun borroka kultura berriaren zertzeladak marrazten ditu. Zimendu hauen gainean eraikitzea dagokio ponentzia honi.

Has gaitezen hasieratik: ezker abertzaleak bere egitasmo estrategikoa berresten du. Globalizazio neoliberalaren errealitate gordinak adierazten du gure sorrerako hipotesi estrategikoak inoiz baino gaurkotasun handiagoa duela: herri-eraikuntza eta burujabetzea dira eraldaketa sozialerako gakoak. Bestela esanda, inoiz baino argiago dago burujabetzaren eta jendarte justuagoaren aldeko borroka elkar lotuta daudela. Beraz, abiapuntuko hipotesi estrategikoan sakontzea dagokigu.

Hain zuzen, Europan zehar gertatzen ari diren mugimendu askatzaileek herrien eta herritarren burujabetzaren aldarrikapena dute oinarrian, prozesu independentistak ekintza ziklo kolektibo beraren baitan kokatzen direlarik. Ortzimuga utopikoa izan dena errealitate material bihurtu da, burujabetzan aurrera egitea herritarren ongizatearen garantia izan daiteke geroz eta gehiago. Beraz, maila politikoan, sozialean zein kulturalean aurrera urratsak egiteko aukera berriak ireki ahalko lituzkeen ofentsiba subiranista bat antolatzeko baldintza egokietan aurki gaitezke datozen urteetan Euskal Herrian, jendartearen hautabide indepedentista gorpuztu dezakeena.

Hori horrela, ezinbestekoa da egungo baldintzak neurtuz fase politikoa ondo definitzea. Fase honen helburu behinena Euskal Errepublikari ateak irekiko dizkien prozesu konstituziogileak abiatzeko baldintza sozial eta kulturalak sortzea da. Txibertatik gaur egun arteko ibilbide historikoari jarraiki, ezker abertzalearen eginbehar nagusia, gaur gaurkoz, ez da arrazoia duela frogatzea edota bere egitasmo estrategikoa hegemoniko bilakatzea, Euskal Herriak Euskal Errepublikarantz doan ibilbide demokratikoa abiatu eta bide horretan urrats determinanteak eman ditzan erdiestea baizik.

Euskal Sozialismoaren eraikuntza prozesu historikoa dela kontuan izanik, etengabe jardun behar dugu baldintza material eta ideologikoak lantzen, E egun baten zain gelditu gabe. Bide horretan, eta bizi dugun testuinguruan, jendarte justu, berdinzale, iraunkor, feminista eta euskaldun baten alde egin dezakegun inbertsio politikorik emankorrena Euskal Errepublikara eramango gaituen dinamika autoeratzailean sakontzea da.

Hori dela eta, burujabetza prozesuaren hezurmamitzea da hain zuzen ponentzia honen lehen aztergaia.

Sorturen praxia eta borroka kultura

aldatu

Euskal Herria bidegurutzean dago. Globalizazio neoliberala prekarizazio iraunkor eta mugarik gabekoa inposatzen ari da. Espainia eta Frantzia, nazioarteko eragile nagusiekin erabat lerratuta, globalizazio neoliberalaren bultzatzaile eta tresna dira une berean. Ukazioa eta subordinazioa, Estatuongandik ezin dugu besterik espero, ez baitute herrien nortasuna eta burujabetza aitortzeko inolako asmorik. Bide honek ezberdintasunak areagotuko ditu, askatasunak gehiago murriztu eta bizi eta lan baldintzak gehiago makurrarazi.

Badago beste biderik. Hamarkadetako borrokak ireki du eta globalizazio alternatiboak bultzatzeko saioetan kokatzen da. Beste mundu bat posible delakoan, Euskal Herrian ere beste zibilizazio baterako trantsizioa egin nahi dugu. Gure zerumuga ez da tsunami neoliberalak suntsitu ez duenari heltzea. Ez gaude iraganari begira. Gure zerumuga beste zibilizazio bat eraikitzea da. Gure herriaren taupadak bat egiten du mundu osoan zehar alternatibak eraikitzeko borrokan ari diren herrien taupadekin. Tsunami neoliberalari aurre egiteko plan bat behar du herri orok, egitasmo partekatu bat, eta gurea Euskal Errepublika demokratikoki eta behetik gora eraikitzea da.

Ia 60 urteko mobilizazio eta borroka ziklo oparoaren hondarrean argi dugu ezinbestekoa dela bestelako logika, diskurtso eta jardueren araberako ziklo berria irekitzea. Mobilizazio ziklo berria, aurreko zikloaren uzta baliatuz, eta agortutako ereduak gaindituz eta berriak sortuz urratu behar da. Akats estrategiko larria litzateke bidegurutze honen erronkari agortutako tresna, oinarri eta formulen bidez aurre egin dakiokeela pentsatzea, honaino ekarri gaituen bidea errefusatzea bezain larria. Ibilbidearen onenaren balioztapena batetik, eta birziklapena eta berrikuntza bestetik, hauek dira gakoak. Bazter dezagun azaleko sendotasun teoriko autoerreferentea eta jar dezagun erdigunean eraldaketarako gaitasuna, malgutasuna irmotasunaren ezinbesteko osagai eginez. Horretarako, bizi dugun errealitatea aztertzeko gaitasuna eta gure teorizazio prospektiboaren zentraltasuna berreskuratu behar ditugu behingoz. Izan ere, ongi dago beste esperientziak aztertu eta baliogarri zaiguna inspirazio gisa hartzea, baina gure bidea geuk marraztu behar dugu.

Bide berri honi ekiteko geure buruak berrasmatu behar ditugu. Hauxe da ezker abertzalearen birfundazioa galdegiten duen testuinguru historikoa. Borroka kultura berri batek blaitutako ezker abertzale indartsu eta bateratua funtsezkoa izango da aurrerabideak jorratzeko.

Bi dira berrikuntza horren oinarrizko osagaiak. Batetik, erresistentzia nortasuna gainditu eta egitasmo nortasunerako jauzia egin behar du ezker abertzaleak. Honek ez du esan nahi erresistentziaren beharra agortu denik, joera nagusiaz ari gara. Biziraupenerako baldintzak sortzea izan da agortzen ari den zikloaren ekarpen historiko nagusia. Baina behin helburu hori beteta, erronka berriak ditugu aurrez aurre. Honek iraultza sakon eta zorrotza eskatzen digu gure ikuspegietan, gure diskurtsoan, gure jardueretan eta gure antolakuntza ereduan. Aro berriaren erronka ez da protestatzea edo neurri kaltegarriei erantzutea, beste jendarte bat eraikitzea baizik. Eta honek eraikuntza eta eraldaketa indartzea eskatzen du derrigorrez.

Bestetik, jite abangoardistak baztertu eta lidertza demokratikoan oinarrituriko praktika politikoan trebatu behar du ezker abertzaleak. Artzain-artaldearen paradigma alboratu egin behar da, ondorio guztiekin. Artzain izateko tentaldi orori bidea itxi behar zaio, eta, aldi berean, ardi izateari ere utzi behar diogu. Honek errotutako inertzia asko haustea eskatzen digu. Ezker abertzaleak argi izan behar du, beraz, bere betebeharra ez dela estrategia herriaren ordez pentsatu eta gauzatzea. Herriari eta herri-eragileei dagokie hori, gu parte garelarik. Guri eztabaidak irekitzea, proposamenak egitea, ekimenak sustatzea dagokigu, elkarrizketa eta sorkuntza kolektiboari bide ematen saiatuz beti ere. Horrenbestez, ponentzia honen helburua ez da dena zehaztea, bidea argitzeko oinarri sendoak proposatzea baizik.

Sortuk garatu beharreko praxi eraldatzailea, borroka kultura eta antolakuntza eredua ditu bigarren aztergai esku artean duzun ponentzia honek.

Ponentziari buruz

aldatu

Bost puntutan laburbil genezake ponentzia honek izan nahi duen irismena:

  1. Fase politikoaren definizio ahalik eta zehatzena eman, egungo eta epe ertaineko lehentasunak finkatuz.
  2. Mobilizazio ziklo berria suspertzeko gakoak eta agenda aurreratu, datozen 5-10 urteetako ibilbidea eta praktika politiko-soziala marraztuz.
  3. Proposamen eta diskurtso independentista berritu.
  4. Sorturen praxia eraldatu, kultura eta praktika politiko berria gauzatzeko antolakuntza eredua definituz.
  5. Euskal teoria eraldatzailearen berrikuspenerako ekarpena egin. Birfundazio Prozesuaren ezaugarriei jarraiki, ponentzia honek ez du eztabaida endogamiko bat sustatu nahi. Aitzitik, erabakimena prozesuan akreditatutako ezker abertzaleko oinarriek izango badute ere, eztabaida publikoa da egin nahi dena, burujabetzaren aldeko herri-sektore anitzei gogoetarako gonbidapena luzatuz. Bi xede talde nagusi ditu beraz ponentzia honek:
  6. Ezker abertzalearen oinarri zabala. Ezkerreko independentista, abertzale eta euskaltzaleen komunitatea.
  7. Burujabetzaren aldeko herri-sektore eraldatzaileak. Herrigintzaren espresio ezberdinetan diharduten sektore anitzak.

Hori kontutan izanik, honako ezaugarri hauek biltzen dituen ponentzia eredua osatzen saiatu gara:

  • Ildo politiko orokorrari dagokiona. Ponentzia honek ez du agenda sektorialik

garatzeko asmorik.

  • Izaera praktikoa duena, eguneroko jarduerarako tresna erabilgarria izateko bokazioz.

Honako hauek dira ponentzia honen atalak:

  1. Oinarri ideologikoak: Sorturen izaera, baloreak, erronka eta funtzioak. Atal hau txertatzearen zergaiti nagusia honakoa da: ospatuko den kongresua Birfundazio Kongresua denez gero, Sorturen estatutuak berriztu behar dira. Estatutuen artikulatuaren gaineko eztabaida teknikoegia eta luzeegia litzatekeenez, atal honetan estatutuak idazteko baliatuko diren oinarri ideologikoak jasotzen dira, eta hirugarren atalean, berriz, oinarri organizatiboak. Ponentzia hau onartuz gero, oinarri hauen gainean egingo den itzulpen juridikoa ere ontzat ematen da, estatutuak Kongresuan berretsiko direlarik.
  2. Ildo politikoa: Burujabetza prozesuaren definizioa eta Sorturen praxi politikoa. Lehen eta hirugarren atalak, batez ere, Sortun bilduko den oinarri militanteari begirakoak dira. Bigarren atal honekin ordea, aurrez esan bezala, ezker abertzalearen oinarri sozialaz haratagoko herri-sektoreei ere luzatzen diegu gogoetarako gonbidapena. Hori dela eta, idazkera ezberdina baliatu da.
  3. Eredu organizatiboa: Sorturen printzipio eta egitura organizatiboak. Hirugarren atal honetan marrazten den eredu organizatiboa aldaketa-prozesu gradual eta dinamiko baten ondorio izango da nahitaez, azken batean kultura organizatibo oso bat aldatzeaz ari baikara, eta hori ez baitago gauetik goizera egiterik. Bestalde, Sorturen eredu organizatiboa EH Bilduk eta EH Baik etorkizunean izango duten konfigurazioaren hipotesi baten gainean definitu da. Eta horrela behar duela deritzogu; hau da, Sortu, gaur eta baita biharko egunean ere, aliantza estrategikoak diren EH Bildu eta EH Bairekiko osagarritasunean definitu beharko da eredu organizatiboari dagokionez. Konferentzia Politikoaren eta bestelako bitartekoen bidez, EH Bildu eta EH Bai berrantolatzen doazen heinean, posible da Sortuk bere == SORTU ==

SORTUREN IZAERA

aldatu
  1. SORTUk bere burua definitzen du erakunde politiko iraultzaile gisa, zeinaren helburua den Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna erdiestea, horrek gaur egungo fase politikoan prozesu independentista eta eraldatzaile bat garatzea beharresten duelarik, estatu berezitu, burujabe eta sozialki aurreratu bat eraikitzearren: Euskal Errepublika.
  2. SORTU Ezker Abertzaleko pertsonak eta erakundeak biltzen dituen mugimenduaren adierazpide politiko-antolamenduzkoa da, haren ildo politiko orokorraren gogoeta-, eztabaida- eta erabakimen-esparrua, baita erreferentzia politiko nagusia ere, denez bezainbatean.
  3. SORTU bere baitan Ezker Abertzalearen mugimendua artikulatzeko xedez birfundatu eta, horretarako, haren historia eta izaera beretuz, alderdi-mugimendu gisa auto-eratuda, izan ere, dela zuzenean dela zeharka, bai borroka instituzionalaren alorrean bai instituzioetatik kanpo ere jardun beharko duelako, eta apustu egiten duelako bere baitan bi antolakera-tradizio hauen ikuspegiak eta jokabideak bateratzearen alde: herri-mugimenduek hain berezkoak dituzten batzartasuna, partaidetasuna, aktibismoa eta transgresioa, batetik, eta alderdi politikoei hain berariazkoak zaizkien egituratzea, eraginkortasuna, ideologia definitua, ordezkaritza instituzionala (zuzenekoa nahiz zeharkakoa) eta kohesio- eta sintesi-mekanismo zehatzak, bestetik. Beraz, SORTUk, mugimendu den aldetik, ekarpenerako, lanketarako eta aktibismorako guneak eta dinamikak antolatu beharko ditu, eta, alderdi den aldetik, erakunde eta mugimendu sektorial guztien ekarpenak bideratu eta sintetizatu beharko ditu izaera eta irismen nazionaleko egitasmo politiko orohartzaile batean, hartara ikuskera zabalagoa eskainiz erakunde eta mugimendu sektorial horienak baino. Izan ere, SORTU ez da ez alderdi ez mugimendu. Biak batera da, halere: mugimendu ez-konbentzional bat, alderdi forma eta mugimendu ezaugarriak dituena.
  4. Nolanahi ere, SORTU ez da Herritar Batasun berria. SORTUk uste du ezen, gaur egungo fase politikoan, eta beronen helburu politikoei begira, eginkizun hori EH Bilduri eta EH Bairi dagokiola.
  5. Sortu erakunde demokratiko bat da, apustu irmoa dagiena demokratikotasun hori sakontze eta errotzearen alde, bai jendarte osoaren antolamenduari eta funtzionamenduari dagokienez, bai Sorturen beraren barne-antolamenduari eta barne-funtzionamenduari dagokienez ere. Areago, Sortuk bere proiektu politikoa, Euskal Sozialismoa, ezaugarri horietxen argitan ulertzen du hain zuzen ere, hots, sakontze eta errotze demokratikozko prozesu gisa. Zentzu horretan, Sortuk demokraziaren zentzu liberal eta ordezkaritzazkoa gainditu eta demokrazia armoniko gisa ezagutzen denaren aldeko apustua egiten du: hiru demokrazia mota dialektikoki eta eraginkortasunez artekatzen dituen antolaketa eta gobernu sistema : ordezkatzailea, parte hartzailea eta demokrazia zuzena, beti azken bi horien pisua handitzeko helburuz, eta lehenarena murriztuz; demokrazia parte hartzailea eta demokrazia zuzena emantzipazio pertsonal eta kolektibo handiagoari atxikitzen baitizkiogu. Azkenik, Sortuk erabakitze-eskubidearen aldeko apustu sendoa egiten du, zeina baita sakontze-errotze demokratikozko prozesuaren lanabes eta adierazpiderik behinena.
  1. Sortu erakunde iraultzailea da statu quo-a (zapalkuntza nazionala, soziala eta generozkoa) errotik aldarazi nahi duelako, prozesu eraldatzaile oso baten bidez (prozesu independentista eraldatzailea). Prozesu horrek lege aldaketa eta aldaketa instituzionalak, herri mobilizazio hazkor eta desobedientzia zibil eta instituzional masibo arekin konbinatu behar ditu, euskal errepublika sozialki aurreratua eraikitzeko fase politiko honetan eta sozialista ondorengo faseetan. Sortuk ez du iraultza amaieragertakizun gisa begiztatzen, baizik eta prozesu askatzaile gisa, zeinean gaurdanik hasten baikara eraikitzen eta gozatzen, herri-boterea eta subiranotasuna egunetik egunera irabaziz. Bestetik iraultzaile ororen zeregina da boterea edo Estatuaren gidaritza hartzea, hau komunaren monopolio gisa ulertuta. Ezker Abertzaleak ezin dio uko egin Estatu propio bati gauzen egoera aldatzeko tresna gisa, baina parametro guztiz ezberdinen gainean eraikitzera behartuta dago, ez dadin estatu zapaltzaile zaharren birsortze hutsa izan.
  2. Sortu errepublikarra eta konfederalista da, aldezten duen estatu-era, lehen urratsean bederen, izaera konfederaleko errepublika bat baita, edo, zehatzago esanda, euskonafar errepubliken konfederazio bat (Nafarroa Garaia, Ipar Euskal Herria, Mendebaldeko Foru-Lurraldeak -Araba, Bizkaia, Gipuzkoa).
  3. Sortu Euskal Herriko klase eta sektore herrikoien zerbitzurako erakundea da, horiek baitira independentzian eta sozialismoan benetan interesaturik dauden bakarrak.
  4. Era berean, Sortu ez da abangoardiako erakunde politiko bat, eta are gutxiago erakunde oro-zuzendari bat, zeineko militanteek dena zuzentzeko irrika leukaketen, eta ororen kontrol osoaren obsesioa, dela Sorturen beraren barruan, dela beste erakunde batzuekin edo jendartearekin berarekin era genitzakeen herri-mugimenduen, fronteen edo blokeen barruan. Alderantziz: Sortuko militantziak jendearen protagonismoa eta partaidetasuna hauspotuko ditu erabakiak hartzerakoan, partaide den ekimen eta antolaketa-gune guztietan, berorien autonomia ardura osoz zaindu beharreko baliotzat errespetatuz eta errespeta-araziz.
  5. Sortuk mundu osoko ezkerreko eta askapen nazionaleko mugimenduen esperientzia teoriko-praktikotik edaten du, eta marxismoa darabil errealitate soziala analizatzeko metodo nagusietarikotzat, betiere Euskal Herriko baldintzetara egokituz. Sortuk erdietsi nahi duena Euskal Herrian sozialismoa eraikitzea baita, ez ezein dogmari eustea.
  6. Sortu erakunde abertzale eta internazionalista da, Euskal Herria Espainiaren, Frantziaren edo beste edozein nazionalismo hegemonikoren menpean jarraitzeari uko egin nahi diogulako, eta beren burujabetza nazional eta sozialaren alde borrokan diharduten herri guztiekiko elkartasuna dugulako geure balio behinenetarikotzat.
  7. Sortu erakunde feminista da, bere helburu baitu sistema patriarkala gainditzea eta harreman bidezko eta berdintasunezkoetan oinarrituriko jendarte bat eraikitzea. Zentzu honetan, Sortuk aintzat hartzen du feminismoaren ekarpena, eta hitzematen du ikuspegi hori barneratu egingo duela arduratsuki bere praxi politiko eta antolamenduzkoan. Era berean kongresu prozesu honetan hartzen diren printzipio politikoekin eta antolamenduzkoekin koherentea den politika feminista propioa eztabaidatu, zehaztu eta garatzeko konpromisoa hartzen du.
  8. Sortu erakunde guztiz beregaina da, egituraz eta ideologiaz, nazioarteko zeinahi entitate politikogandik. Nazioarteko gure adiskidetasun- eta aliantza-politikaren ildotik, gogaide zaizkigu, eta erreferente nagusietarikoak, Munduko Foro Sozialean elkartzen diren Nazio Askapenerako Mugimenduak eta Mugimendu Altermundialistak. Europa mailan, Ezker Bateratu-Ezker Berde Ipartarrak eraturiko Taldea eta mugimendu soberanista-independentistak dira gure aliatu hobetsiak.
  9. Sortu erakunde nazionala da, Euskal Herri osoa baitu hedadura- eta jarduera-eremu, bai hedaduraren bai jardueraren helburua, hain zuzen ere, zazpi euskal lurralde historikoak birbatuko dituen estatu bat erdiestea denez bezainbatean. Eta helburuhorri begira, estrategia ere nazionala izateari ezinbestekoa deritzo.
  10. Sortu erakunde euskalduna da, euskararen erabateko normalkuntza aldezten duelako ez ezik, bere barne-funtzionamendua ere euskaraz bideratu nahi duelako, era berean. Nolanahi ere, Sortu jabetzen da zein den gure herriaren errealitate soziolinguistikoa, baita egiaztatzen ere bere hainbat militantek euskara ulertzeko bai baina euskaraz mintzatzeko gaitasunik ez dutela oraingoz, eta beste hainbatek ulertu ere ez dutela egiten. Horregatik, Sortuk behar diren mekanismo guztiak atonduko ditu Sortuko pertsona militante oraindik euskara-hiztun ez direnek erakundearen barne-bizitzan parte hartu ahal izan dezaten beren ezein eskubidetan kalterik nozitu gabe, nahiz eta, bidezko ordainetan, exijitu ere egingo zaien militante horiei nork bere burua euskalduntzeko konpromiso eraginkorra. Sortuk euskara lehenetsiko du bere kanpo komunikaziorako, baina gaztelania, frantsesa eta are ingelesa ere erabiliko ditu, unean uneko publiko hartzailearen ezaugarri soziolinguistikoen eta helarazi nahi den mezuaren helburuen arabera. Azkenik, Sortuk gure herriko errealitate soziolinguistikoaz debate serio bat egiteko konpromisoa hartzen du, lortutakoaz eta euskararen etorkizuneko

erronkez, gure helburuak erdiesteko behar diren epe eta formulekin hizkuntza politika propio eta autonomoa zehaztuz.

SORTUREN BALIOAK

aldatu
  1. Sortuk aintzat hartzen du herri guztiek duten eskubidea, bakoitzak bere etorkizuna askatasunez erabaki eta bere burua estatu berezitu eta gobernu demokratiko banaz hornitzeko.
  2. Sortuk ezin ukatuzko printzipio deritzo sediziorako eta matxinadarako eskubideari, zapalkuntza-, menperakuntza- nahiz larderia-egoera ororen aurka.
  1. Sortuk atxikimendu osoz hartzen du bere gain demokraziaren defentsa, eta, bereziki, gure jendartearen –eta gainerako herrietakoen- errotze demokratiko eta berdintasunezkoaren aldeko erantzukizuna.
  2. Sortuk funtsezko balio irizten dio feminismoari, bai emakumeen bai gizonezkoen burujabetzaren ikuspegitik begira. Horregatik, Sortu ahalegin etengabean saiatuko da genero-rolen ezarpena ezabatzen, generoen arteko botere-harremanak itzulikatzen eta berdintasunean oinarrituriko jendarte bat eraikitzen.
  3. Sortu ahaleginduko da, halaber, gure herria osotoro berreuskalduntzen, eta, horretarako, ezinbestekoa deritzo euskarari lehentasuna emateari, Euskal Herrian mintzo diren beste hizkuntzak ezertan gutxietsi gabe. Kontrara, egun gaztelera edo frantsesa gehiago erabiltzearen arrazoia gure herriak bizi duen zapalkuntza den arren, uste dugu balio handikoa dela ahalik eta hizkuntza gehienen ezagutza izatea eta uste dugu, beti ere aipatutako diglosi egoera borrokatuz, gure kultura eta jendartea beste hizkuntza horiekin aberastu behar dugula.
  4. Sortuk sozialismoaren alde, justizia sozialaren alde eta desberdintasun sozial eta ekonomikoen deuseztapenaren alde dihardu, eta, borroka horretan, gizakiaren ustiapen-mota ororen aurkakotzat kokatzen du bere burua. Horregatik, Sortuk errotik gaitzesten ditu kapitalismo heteropatriarkala eta beronen ondorioak (pertsonen laneta bizi-baldintzen narriadura, garapenismoa, natur baliabideen sakailatzea, baliabide publikoen zarrastelkeria, kontsumismoa, bereizkeria eta bortizkeria sexista…) eta, ondorioz, gogotsu sustatuko du herrien, pertsonen eta belaunaldien arteko elkartasuna, baliabideen eta aberastasunaren banaketa bidezkoa lortze aldera .
  5. Sortuk hitzematen du arduratsu babestuko dituela ingurumena eta Euskal Herriaren ondare natural eta ekologikoa, berau gozatzeko aukera izan dezaten etorkizuneko belaunaldiek ere.
  6. Sortuk berresten du ipar-hego harremanak, bai politikoki bai sozialki, bai ekonomikoki ere, biziberritu eta zuzenagotzearen aldeko jarrera. Harreman horiek, betiere, eskuhartze eta esku-sartze orotatik aparte, nazioarteko lankidetzan eta elkartasunean funtsatuz.
  7. Sortuk sustatu egingo du errefuxiatu politiko, ekonomiko eta ingurumen-arazoek eragindakoekiko elkartasun eraginkorra, eta betebehar saihestezina deritzo haiei gure jendartean abegi egiteari. Zentzu horretan, Sortuk printzipio hauek jasotzen dituen eta pertsona guztien eskubideak bermatzeko balioko duen migrazio politika bat eztabadaidatu eta zehazteko konpromisoa hartzen du.
  8. Sortuk arbuiatu egiten du merkataritza libreko deritzakeen nazioarteko edozein itun, baldin halakoak merkatuaren eta transnazionalen interesak ezartzen baditu pertsonen eta herrien ongizatearen eta ingurumenaren begirunearen gainetik.
  9. Sortuk uste du gaur egungo Europar Batasuna proiektu antidemokratiko eta antisozial bat dela, soil-soilik estatu-nazioek – benetako herrien kartzela besterik ez direnek – eta transnazional handiek beren onurarako ez bestetarako pentsatua. Beraz, Sortuk deblauki ezesten du Europar Batasunaren gaur egungo eredua, eta bere burua atxikitzen dio pertsonen zinezko interesak eta beharrizanak zerbitzatuko lituzkeen Herrien Europa demokratiko baten aldeko borrokari. Nolanahi ere, Sorturen iritzia da etorkizuneko Euskal Estatua Europar Batasun horretan sartzea nahiz at gelditzea euskal herritarrei ez beste inori dagokien erabakizun bat dela, zeina gauzatu, erreferendum bidez gauzatuko bailitzatekeen, eztabaida sozial sakon baten ondoren.
  10. Sortuk bere burua errotik humanistatzat du eta giza eskubide guztien errespetuaren alde egiten du.
  11. Sortuk borroka egiten du arrazakeriaren, matxismoaren eta bereizkeria-mota ororen aurka, zioak edozein direlarik ere: etnikoak, linguistikoak, erlijiosoak, orientazio eta/edo identitate sexualekoak, elbarritasun nahiz gaixotasunezkoak.
  12. Sortuk aldeztu egiten ditu adierazpen-askatasuna, bilera, manifestazio eta zirkulazio librerako askatasunak, eta eskubide zibil eta politiko guztiak, oro har.
  13. Sorturen iritziz, botere publikoek sustatu eta bermatu behar dituzte, pertsonen bizitza osoan barrena, hezkuntzarako, kulturarako, osasunerako, ingurumen onuragarri baten gozamenerako, etxebizitza duin batean bizitzeko eta diru-baliabide minimo batzuen segurantzia izateko denok ditugun eskubideak.
  14. Sortuk uste du begirune osoa zor zaiela pertsonen bizimodu pribatuari eta norberaren intimitaterako eskubideari.
  15. Sortuk defendatu egiten du, pertsona guztientzat, bigarren aukerarako eta birgaitzerako eskubidea, eta gaitzesten du, ondorioz, norberak birgizarteratzeko eta bere bizitza berregiteko daukan eskubide hori aintzat hartuko ez lukeen zigor-mota oro. Herri honek bizi duen salbuespen juridikoak eta kartzelarekin izan dugun harreman komunitarioak zuzenbidearen eta justiziaren ikuspegi mendekuzko eta zigortzaileak kuestionatzeko balio behar du.
  16. Sortuk laikotasun-printzipioa sustatuko du esparru guztietan, eta, pertsona guztien kultu- eta kontzientzia-askatasuna errespetatuz betiere, ez du inoiz ezein intolerantziamota onartuko (kristianofobia, islamofobia...), ezta erlijio-kredo jakin bat edo beste hobesteko ezein saiakera ere. Beraz, ezetsiko ditu erlijioa pertsonen barne-eremutik atera eta espazio publikora hedarazteko ahaleginak oro.
  17. Sortuk bere burua hitzematen du bakearen, desarmearen eta gatazken ebazpen hitzartuaren alde. Sortuk uste du desmilitarizazioaren aldeko politika orokor bat bultzatu behar dela eta bakearen aldeko kultura sustatu behar dela, moralismoan eta historiaren zein gizadiaren ikuspegi naif batean erori gabe.
  18. Sortuk ezin arbuiagarriago deritze ustelkeria politikoari, eraginen trafikoari, iheskeria fiskalari eta, oro har, eginkizun publikoaren, bizitza politikoaren eta bizitza ekonomikoaren edozein esparrutako lausokeriari. Halakoak gaitzetsiz, gardentasuna du Sortuk bere balio goiburu.

SORTUREN ERRONKA

aldatu
  1. Sorturen erronka, fase historiko honetan, prozesu independentista bat lantzea eta dinamizatzea da, Euskal Errepublika eraikitzearren. Horretarako, lehenik, behar adinako gehiengo independentista eta aurrerazalea artikulatzen lagundu behar du.
  2. Helburu horri begira, Euskal Herriaren errealitate juridiko-administratiboa kontuan harturik, baita errealitate hori gaur egun banatua dagoen hiru espazio berezituetariko bakoitzean gehiengo independentista bana artikulatu beharra ere, eta beti euskal lurralde guztiak lehenbailehen birbateratzea helburutzat zedarriturik, Sortuk taxukera asimetriko eta konfederaleko estrategia independentista eta eraldatzaile bat garatzearen aldeko apustua dagi, estrategia bat, zeinak elkartuko duen hiru prozesu eratzaile berezitu horien garapena – non espazio horietako bakoitzak bere erritmo propioan gauzatu ahal izanen baitu independentziarainoko eta beste bi espazioekiko birbateratzerainoko ibilbidea – trinkotze nazionaleko prozesu amankomun batekin, honek, paraleloki, ahalbideratuko duelarik hiru espazioen arteko lotura sozialak, politikoak, ekonomikoak, instituzionalak eta kulturalak indartzea.
  3. Beraz, Sorturen erronka, gaur egungo fase politikoan, atxikia dago proiektu independentista eta eraldatzailea hegemoniko bihurtu beharrari, hegemoniatzat ulertuz roiektu hori jendartearen gehiengo zabal batek onartzea eta bereganatzea; eta halaxe izatea, hain zuzen ere, esan berri dugunez, Euskal Herrian gaur egun dauden hiru espazio juridiko-administratibo horietako bakoitzean.
  4. Horretarako, Sortuk utopia balioetsiko duen praxi politiko bat garatu behar du, ikusaraziz badugula proposamen politiko gauzagarri bat: Euskal Errepublika. Proposamen bat, independentzia, justizia soziala, genero-berdintasuna eta demokrazia partehartzailea bateratzen dituena, tokian tokiko esparrutik nazio osoareneraino.
  5. Inork ez ditu bere pribilegioak edo bere izaera esplotatzailea borondate propioz uzten. Horrek behartu egiten gaitu beligerante izatera kapitalismoaren eta beronen estaldura ideologikoa den neoliberalismoaren aurka, eraldakuntza sozialen premia agerian jarriz; eta behartzen gaitu Estatu Espainiarrari eta Frantsesari demokratikoki aurre egitera, deskonexiorako eta euskaldunontzako estatu propio baten eraikuntzarako aurretiazko urrats gisa. Gainera, behartzen gaitu geure programa politikora izaera aldez edo moldez aurrerazale eta eraldatzaileko borroka-gai sozial guztiak eranstera: feminismoa, ekologismoa, berreuskalduntzea eta giza eskubideen defentsa; baina baita beste zenbait iharduki-gai ere, itxuraz hain munta handikoak ez dirudiketenak, hala nola laikotasuna (bizitza sozial eta erlijiosoaren bereizketa), bakezaletasuna (gerraren aurkakoa, sekurokratismoaren aurkakoa, armamentu-lantegien ekoizpena bestelakatzearen aldekoa) edo nazioarteko elkartasuna (internazionalismoa, errefuxiatuen harrera, laguntza internazionalerako lankidetza edo Tobin tasaren esleipena, etab).

SORTUREN EGINKIZUNAK

aldatu

Ezker Abertzalearen kohesioa eta zuzendaritza

aldatu
  1. Lehentxeago esan bezala, Sortu Ezker Abertzalearen ildo politiko orokorraren eztabaida- eta erabaki-esparruan kokatzen da, haren erreferente politiko nagusi gisa.
  2. Horregatik eta horretarako, Sortuk onartzen eta bere egiten du Ezker Abertzalearen proiektu politiko historikoa, baita beronen orientazio estrategiko birmoldatu berria ere, eta hitzematen du bermatuko duela bere mugimendu-izaera:
  • LAB eta Ernai aintzat hartuz mugimendu horren partaide gisa, bataren zein bestearen autonomia errespetatuz bakoitzaren jarduera-eremuan.
  • dagoeneko adierazia dugun bezala, antolaketaren eta jokabidearen aldetik, mugimendu batenaren hurbilekoak liratekeen ezaugarriak geureganatuz;
  • alde batetik, afiliazio-aukera eskainiz pertsona orori, baldin Ezker Abertzalearen proiektu politikoarekin ados badago eta funtzionamendu kolektiboaren oinarrizko joko-araua onartzen badu - hau da, kolektiboki hartutako erabakiekiko norbanakoaren atxikimendua - ; eta, beste alde batetik, partaidetza- eta ekarpenbideak eskainiz, proiektua bera eta aipaturiko joko-araua onartu arren, hala ere Sortun militatu nahi ez duten edo ezin duten pertsona guztiei ere.

Subjektu independentista-eraldatzailearen artikulazioa

aldatu
  1. Sortuk artikulatu eta dinamizatu egin behar du emantzipazioaren subjektua, hots, euskal herritargoa bera, eta, bereziki, herritargo horren sektore ezeukienak (langabetuak, langile prekarioak, autonomoak, ikasleak, kooperatibistak, klase ertain soldatapekoak…), horiek baitira euskal estatu burujabe, erabat demokratiko, berdinzale eta sozialki justu batean benetan interesaturik egon daitezkeenak.
  2. Horretarako, lehen urrats gisa, Sortuk antolatu egin behar ditu, gaur egungo errealitatea (menperakuntza franko-espainiarra eta kapitalista) errotik eraldatzearren, beren burua lanabes politiko erakundetu batez hornitu nahi duten pertsona guztiak. Eta erreferente politiko bihurtu beharra du, maila nazionalean eta sozialean, gauzen egoera aldatu gura duten pertsona guztientzat, zeinahi delarik ere horietako bakoitzak borrokan diharduen lubakia (instituzioak, herri-mugimendua, mugimendu sindikala, gazte-mugimendua…).
  3. Nolanahi ere, Sortu beharrezkoa da, baina ez bere horretan aski adinakoa, independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokaren garaipena bermatzeko. Horregatik, Sortuk aliantzak egin beharko ditu bien-bitarteko maila edo jokaleku ertain horiek berak erdiestearren interesaturik egon daitezkeen beste zenbait indar eta sektorerekin.
  4. Izan ere, estatu espainiarrari eta frantsesari nahiz neoliberalismoari aurre egiteko gai liratekeen gehiengo sozialen artikulazioak Fronte Zabal edo Fronte Sozial Independentista bat eratzea beharresten du, bai erakundeetan bai kalean prozesu independentista-eraldatzaile bat lideratzeko gai izango litzatekeena. Fronte horrek, Sorturen iritziz, indar politikoak ez ezik, indar sozialak eta sindikalak ere bildu beharko lituzke bere baitan.
  5. Zentzu honetan, eta etorkizuneko Fronte Zabal horren ernamuina izan litekeen neurrian, EH Bildu eta EH Bai garatzen eta indartzen laguntzeari deritzo Sortuk bere eginkizunik behinenetariko bat. Horretarako, ezinbestekoa da:
  • EH Bilduri eta EH Bairi protagonismo mobilizatzaile eta mediatiko gehiena aitortzea.
  • EH Bildu eta EH Bai militantez hornitzea. Sortuko kide orok aldi berean EH Bilduko

eta EH Baiko kide izan behar du.

  • EH Bildu eta EH Bai koadro politikoz nahiz instituzionalez hornitzea.
  • EH Bildu eta EH Bai planteamendu politikoz eta programatikoz hornitzea.

Eta hori guztia egitea tentazio oro-zuzendari, abangoardista eta/edo uniformizatzaile orotatik at. Sortuko militantzia osoak erabat gogoan eduki behar du beti ezen EH Bildu eta EH Bai, ideologikoki eta politikoki aliantza plural bat direnez gero, ez dela eta ez direla izan behar Sortu (bezalakoa). Pluraltasun hori zaindu beharra dago ardura osoz, non nahi ez dugun EH Bildu edo EH Bai “Sortu Zabal” bat bihur daitezen.

  1. Hala eta guztiz ere, prozesu independentista-eraldatzaileak lankidetza-espazioak beharko ditu nahitaez (mobilizazioari begira, eta are lehia elektoralari eta instituzionalari begira ere), EH Bildu eta EH Bai zein aipaturiko Fronte Zabal hori bera baino ere zabalagoak, hala nola den, adibidez, Nafarroan aldaketaren aldeko lau indarrek lortu zuten akordio programatikoa, edo hala nola izan litekeen, beste adibide bat jarriz, EAJri, nahiz Podemosi, edo biei batera, egin lekiekeen eta egin zaien lankidetzaproposamena, EAEko erakundeak burujabetzaranzko eta aldaketa sozialeranzko prozesu baten zerbitzura bideratzearren.

Taktika eta estrategia. Prozesu Independentista-Eraldatzailearen diseinua.

aldatu
  1. Sortuk bere burua eratu beharra du politikoki antolaturiko pertsona-talde baten gisa, zeinak gai izan behar duen, emantzipazio nazional eta sozialaren bidean aurreratzearren, estrategiak eta taktikak diseinatzeko, horretarako ongi begietsiz eta aztertuz herri-mugimenduaren eta aktibismo sozialaren, borroka instituzionalaren eta ideien gatazkaren ahalbideak.
  2. Ezker Abertzaleak beti konbinatu izan ditu epe luzerako helburuak unean uneko edo berehalako planteamendu nahiz borroka taktikoekin. Ez dago kontraesanik, berez, helburuko azken emantzipazioaren eta egunean eguneko errebindikazioaren artean, berehalako hobekuntzen aldeko borrokak ez baitakarkio kalterik, inola ere, borroka nagusiari. Narriadura sozial eta nazionala berehalako helburu eta hobekuntzen bila borrokatuz ekiditen saiatzea eta azken buruko emantzipazio osorantz aurrera urratsak egitea ez dira bi jarduera uztarrezin. Aitzitik baizik: helburu eta hobekuntza uneanuneko horiek bidea urratzen dute, eta proiektu politikoa egingarri bihurtzen.
  3. Honela bada, Sortuk pentsatu, birpentsatu eta taigabe elikatu behar du gogoeta estrategikoa, baina gai izan behar du, aldi berean, estrategia hori ekimen politiko zehatz eta berehalakoetan mamitzeko, horrela bakarrik ahal izango baita jokaleku politikoa aldatu eta horrela bakarrik aukerak baliatu, azken finean estrategia horretantxe baitatza: aukerak baliatzeko gaitasunean.
  4. Azkenik, Sortuk pentsatu beharra du, baina ez bakardadean, gai izan behar baitu bere militantziarenaz baino askoz urrunago doakeen pentsamendu kolektiboa jasotzeko ere. Eta, horretarako, gainerako eragile politiko, sozial eta sindikalekin, herrimugimenduarekin eta, oro har, jendearekin, elkar-ekin beharra du.
  5. Nolanahi ere, gaur egungo fase politikoan, Sortuk prozesu independentista eta eraldatzaile integral bat oldoztu behar du, baita berori burutzeko behar diren baldintzak, ekimenak, aliantzak eta biderako lanabesak zehaztu ere.

Ideien borroka

aldatu
  1. Sortuk deliberatuki ekin eta eutsi behar dio ideien borrokari, bere eginkizunik behinenetarikoa baitu, hain zuzen ere, subjektu herritarraren kontzientzia-maila etengabe igoaraztea, beronen esku jarria baitugu erabat prozesu independentistaren protagonismoa.
  2. Zentzu honetan, ez zaigu aski, inondik ere, prozesu independentista eduki sozialez hornitu nahi izatea, baldin eduki horiek zuzenduak zaizkien pertsonek – gehientsuenek, bederen - ez badituzte berentzakotzat hartzen. Horregatik, irizpide independentista eta sozialdun kontzientzia sorraraztea dugu prozesu independentistak aurrera egin dezan eginkizunik premiatsuenetariko bat.
  3. Edonola ere, jadanik esana dugun bezala, Sortuk pentsatzen du EH Bilduri eta EH Bairi dagokiela protagonismo mediatikoaren parterik handiena, eta, ondorioz, egokiago deritzo bere adierazpide mediatiko-komunikatiboak noizbehinka bakarrik eta kualitatiboki benetan esanguratsuak direnean egiteari, adierazpideok areago gogoeta eta ekimen estrategikoei eratxikiz, eguneroko gorabehera politiko-instituzionalen jarraipenari baino.
  4. Bestalde, bere zeregin kontzientziarazle horretan, Sortuk gai izan behar du etika eta praxi militante koherenteak eta elkar-osagarriak artikulatzeko. Sortuko militanteek aldarrikatzen dutenaren arabera saiatu beharra dute bizitzen, diskurtso hutsa hutsal gertatuko ez bada. Izan ere, herri eta jendarte demokratikoa ari baldin bagara proposatzen, gure jokabidea ere halakotzat behar da hautemana izan; gardentasuna beharresten badugu, garden behar dugu izan; eta mundu solidario baten alde gaudela badiogu, lehen lerroan egon beharra ere badugu, guri bigarren mailako iruditu arren, beraietan inplikaturik dauden pertsonentzat garrantzi ezin handiagokoak diren hainbat eta hainbat kausa solidariotan. Baina hori dena jokabide purista geldotan trabatu gabe eraman behar dugu aurrera, beti gogoan harturik ezen ezinezkoa dela kontraesanik gabe bizitzea, eta begien bistatik sekula galdu gabe ezen gure helburua egitura sozialak, ekonomikoak, politikoak eta kulturalak aldatzea dela, eta hori, sinpleki, guztiz gauzaezina dela norberaren aldaketa pertsonal hutsaren bitartez.
  5. Azkenik, Sortuk pentsatzen du, eginkizun komunikatzaile eta kontzientziarazle horren baitan, harreman pertsonalak guztiz erabakigarriak direla, guk ez baitugu gure alde hedabide handien inolako estaldurarik, eta gainera uste baitugu ezen atxikimendu afektiboa hedabide horiek baino ahaltsuagoa izatera iritsi datekeela azken finean. Horregatik, Sortuk lortu nahi luke gure militante bakoitza izatea, nolabait esan, Sortu osoaren bozeramaile, hau da, militante guztiak bihurtzea halako terminal komunikatzaile eta kontzientziarazle bana.

Dinamika Aktibista Propioa

aldatu
  1. Esparru mobilizatzailean ere protagonismoaren gehiena EH Bilduri, EH Bairi eta herri mugimenduei egokitu behar zaiela baderitzogu ere, Sortuk apustu egiten du dimentsio edo dinamika mobilizatzaile edo “aktibista” propio bat ere antolatzearen alde, zeina, definizioz, Sortuko militante ez diren pertsonentzat ere zabalik legokeen. Eta hori ideien borrokaren zerbitzura preseski, eta, orokorki, Sorturen ildo politiko orokorraren zerbitzura, atxikimendu-mekanismo eraginkorra suerta dadin Ezker Abertzaleko sektore zabal ugari erakartzeko, pertsona horiek, dimentsio hori gabe, beren ekarpen militantea egikaritzeko espazio egokia falta izango bailukete.
  2. Bestalde, dinamika mobilizatzaile edo “aktibista” horrek integrala behar luke izan, ez baita gai edo arazo hertsiki politikotara mugatuko (torturaren salaketa; euskal preso, erbesteratu eta deportatu guztiak etxeratzeko eskakizuna; Euskal Errepublika baten errebindikazioa, etab.), baizik eta baita hedatuko ere beste hainbat gai edo arazo sozial, ekonomiko, kultural, herrien arteko solidaritateari buruzko, eta abarretara. Era berean, geureneko dinamika mobilizatzaile edo “aktibista” horrek, zenbait kasutan, aldez aurretik hausnartu eta/edo planifikaturiko gogoetei edo jarduera-lerroei erantzungo die, eta, beste zenbaitetan, aldiz, men egingo die abagunearen beraren eta/edo uneanuneko eztabaida-gai gorienen baldintzei. Azkenik, geureneko dinamika mobilizatzaile edo “aktibista” horrek, zenbaitetan, kanpaina komunikatzaileak eta/edo mobilizazio iraunkorrak antolatzeko premia sortuko du, eta, beste zenbaitetan, errebindikazio- edo protesta-ekintza zehatz eta puntualen bat edo beste, besterik gabe. Nolanahi ere, eta hau azpimarratu beharra dago, edozein mobilizazio edo ekintza “aktibistak” gogoetaeta planifikazio-aurrelana beharko du, baita ildo politiko orokorrarekiko estekadura egokia ere, non eta aktibismo hutsaren segadan erori nahi ez dugun, praktika hau, geroxeago ikusiko dugunez, Sortuk ezetsi egiten baitu.
  3. Azkenik, Sortuk hautsi behar du mobilizazio klasikoen inertzia, halakoek ez baitute dagoeneko ez zirrararik ez sistemarekiko hausturarik eragiten, eta, halakoen ordez, jardunbide berriak asmatu. Zentzu honetan, Sortuk sektorerik kontzientziatuenak eta borrokalarienak, bereziki gazteria, limurtzearen aldeko apustua egin behar du, mobilizazio-era berrien bitartez, sinbologia berri bat erabiliz, hizkera berri batzuk baliatuz, hots, azken batean, epika berri bat sortuz. Izan ere, epika-ukiturik gabe, jarkiera adimentsurik, ekintza zuzenik eta desobedientziarik gabe, aldaketa ezinezkoa baita.

Masa-borroka eta borroka instituzionala elkar-osatu

aldatu
  1. Hegemonia lortzen da, borroka ideologikoaren eta mobilizazioaren bidez ez ezik, baita botoarekiko borrokaren eta kudeaketa instituzionalaren bidez ere. Sortuk orekaz aintzatetsi beharko ditu bai mobilizazio sozial eta herrikoia, bai botoaren bilako mobilizazioa eta kudeaketa instituzionala, bataren ederrespenak bestearen gutxiespena edo ahanztura eragin ez dezan moduan. Zentzu honetan, garrantzitsua da honako ideia hau berpiztea, alegia, gazte-sektoreko, sindikatuko edo herri-mugimenduko edozein arduradun erakunde publikoetarako hautatua izan den edozein hautesi bezain garrantzitsua dela, zeren eta elkar osatu behar baitute borroka biek (sozialak eta instituzionalak). Premiazkoa da kalea eta mobilizazio-ahalmena berreskuratzea, baina hori bezain premiazkoa da garbi erakustea ezen Ezker Abertzalea, EH Bilduren eta EH Bairen bidez, gai dela hauteskunde-makina eraginkor eta kudeatzaile instituzional bikain bat izateko.
  2. Sortuk bere burua inplikatu beharra du, zuzenean nahiz zeharka, erdiespen sozialik desager ez dadin eta, batez ere, erdiespen berriak eskuratu ahal izan ditzagun ezinbestekoak diren borroka guztietan; eta, aldi berean, parte hartu behar du, EH Bilduren eta EH Bairen eskutik, hauteskundeen gatazkan eta erakundeen kudeaketan. Sortuk sinestarazi egin behar die batzuei ezen beharrezkoa dela herri-mugimenduak indartzea eta berorietan bermatzea bai erakundeen jarduera-marjinak etengabe zabaltzeko bai politika eraldatzaileak aurrera eraman ahal izateko, eta beste batzuei, berriz, ezen ezinbestekoa dela erakundeen eta legeen laguntza aurrerapen herrikoiak eta sozialak irmotzeko.
  3. Sortuk, halaber, ardura osoz jokatu beharko du aldaketa- edo eraldaketa-gobernuek aurrera jarraitu ahal dezaten. Horregatik, Sorturen eta beronen militantzia osoaren eginbeharra izango da gu geu ez erortzea eta beste inori ere (alderdi aliatuei edo herri-mugimenduei) erortzen ez uztea eraldaketaren aldeko gobernuei sostengurik ez emateak edo beroriei zuzenean eraso egiteak suposatuko lukeen arduragabekerian. Eta kontuz: sostengua emateak ez du esan nahi txeke zuririk ematea, ezta interpelaziorako Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/23 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/24 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/25 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/26 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/27 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/28 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/29 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/30 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/31 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/32 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/33 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/34 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/35 Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/36