Alderdi Komunistaren Manifestua/I. Burgesak eta Proletarioak
←Sarrera | Alderdi Komunistaren Manifestua I. Burgesak eta Proletarioak |
II. Proletarioak eta komunistak→ |
I
BURGESAK ETA PROLETARIOAK
Orain arteko gizarte guztien historia klase borrokaren historia da.
Gizon aske eta esklabuak, patrizioak eta plebeioak, jaunak eta morroiak, maisuak eta ofizialak, hitz batean: zapaltzaileek eta zapalduek aurrez aurre elkarren aurka egin zuten beti, borroka konstante bat mantendu zuten, ixila batzuetan, eta nabarmena eta irekia besteetan; gizarte osoaren eraldaketa iraultzailearekin edota borrokan ari ziren klaseen hondoraketarekin amaitu zen borroka beti.
Aurreko garai historikoetan ia leku guztietan gizartearen erabateko diferentziazioa aurkitzen dugu hainbat estamentutan, baldintza sozialen eskala gradual anitz bat. Aintzinako Erroman patrizioak, plebeioak eta esklabuak aurkitzen ditugu; Erdi Aroan jaun feudalak, basailuak, maisuak, ofizialak eta morroiak, eta gainera, ia klase hauen guztien barnean oraindik gradazio bereziak aurkitzen ditugu.
Gizarte burges modernoak, gizarte feudalaren hondakinetatik atera denak, ez ditu klase kontraesanak abolitu. Klase zaharrak, zapalketa baldintza zaharrak, borroka modu zaharrak berriago batzuengatik ordezkatu ditu soilik.
Gure garaia, burgesiaren garaia, halaber, klaseko kontraesanak sinplifikatu izanagatik bereizten da. Gizarte osoa bereizten ari da, are eta gehiago, bi alde etsaietan, bi klase handitan, zuzenki elkarri aurre egiten diotelarik: burgesia eta proletalgoa.
Erdi Aroko morroietatik sortu ziren aurreneko hirietako bizilagun askeak; estamentu hiritar honetatik irten ziren burgesiaren lehenengo elementuak.
Amerikaren aurkikuntzak eta Afrikaren zirkunnabigazioak aktibitate eremu berri bat eskeini zioten goraka zetorren burgesiari. Indiako eta Txinako merkatuek, Amerikaren kolonizazioak, koloniekin eginiko elkartrukeak, truke-baliabideen eta merkantzien biderkatzeak orokorrean ordurarte ezagutzen ez zen bultzada eman zioten merkataritzari, nabigazioari eta industriari eta honekin deskonposizioan zegoen gizarte feudaleko elementu iraultzailea garatzea azkartu zuten.
Industriaren aintzinako antolaketa feudalak edo gremialak ezin zuen jada eskaria hasebete, zeina haziz zihoan merkatu berrien irekitzearekin. Manufaktura etorri zen haren lekua hartzera. Estamentu ertain industrialak gremioetako maisuak ordezkatu zituen; korporazio ezberdinen arteko lan banaketa desagertu egin zen tailerraren barneko lan banaketaren aurrean.
Baina merkatuak etengabe hazten ziren; eskaria beti zihoan goraka. Jada manufaktura ere ez zen aski. Lurrunak eta makineriak ekoizpen industriala irauli zuten orduan. Industria moderno handiak manufaktura ordezkatu zuen; estamentu erdi industrialaren lekua hartzera indutrial milionarioak –benetako ejertzito industrialen ugazabak- burges modernoak etorri ziren.
Industria handiak nazioarteko merkatua sortu du, Amerikaren aurkikuntzak jada prestatu zuena. Nazioarteko merkatuak harrigarriro azkartu zuen merkataritzaren, nabigazioaren eta lurreko garraiobideen garapena. Garapen honek, era berean, industriaren goraldian eragin zuen, eta industria, merkataritza, nabigazioa eta burdinbideak hedatzen ari ziren neurrian, burgesia garatuz zihoan, bere kapitalak biderkatuz eta Erdi Aroak utzitako klase guztiak bigarren lekura zokoratuz.
Burgesia modernoa, ikusten dugunez, jada izatez garapen prozesu luze baten fruitua da, ekoizpen eta truke moduen iraultza sail batena.
Burgesiak iragandako eboluzioaren etapa bakoitza dagokion aurrerakuntza politikoarekin lagundurik joan da. Jaun feudalen agintearen menpeko estamentu bezala, burgesiak elkargo armatu eta autonomo bat eratzen du komunan; leku batzuetan hiri errepublika independiente bezala; beste batzuetan monarkiaren hirugarren estatu zergadun moduan; gero, manufakturaren aldian, nobleziaren kontrapisua da monarkia estamentaletan, absolutuetan, eta orokorrean, monarkia handien harri angularra da, industria handiaren eta merkatu unibertsalaren ezarpenaren ostean burgesiak azkenik Estatu ordezkagarri modernoan botere politikoaren hegemonia esklusiboa konkistatu zuen arte. Estatu modernoaren gobernua ez da klase burges osoaren negozio komunak kudeatzen dituen kontseilu bat besterik.
Burgesiak paper erabat iraultzailea jokatu du historian.
Boterea konkistatu duen tokian, burgesiak erlazio feudalak, patriarkalak, idilikoak suntsitu ditu; gupidarik gabe urratu ditu gizakia bere “gaineko kide naturalekin” lotzen zituen lotura feudalak, interes hotzarekin zerikusia ez duen gizakien arteko lokarri orori bizirauten ez uzteko, “eskurako ordainketa” krudela; sugar erlijiosoaren estasi sakratua, zalduntasun irrika eta burges txikiaren sentimentalismoa ito ditu kalkulo egoistaren ur izoztuetan; duintasun pertsonala truke-balio sinple bilakatu du; eskrituratutako eta eskuratutako askatasun anitzak merkataritzaren askatasun bakar eta arima gabekoarengatik ordezkatu ditu. Hitz batean, ilusio erlijiosoek eta politikoek estalitako esplotazioaren lekuan, esplotazio ireki bat, lotsagabe bat, zuzen bat eta anker bat ezarri du.
Burgesiak bere aureola kendu die ordurarte agurgarritzat eta errespetu gupidatsua merezi zutenentzat hartzen ziren ogibideei. Medikua, legelaria, abadea, poeta, zientzia gizona, bere zerbitzari soldatapeko bilakatu ditu.
Familia erlazioak estaltzen zituen sentimentalismo hunkigarrizko beloa urratu du burgesiak, eta diru erlazio sinpleetara murriztu ditu.
Burgesiak ezagutaraztera eman du Erdi Aroko indar erakustaldi bihozgabeak, erreakzioak hainbeste miresten zuenak, bere osagarri naturala zuela alferkeria erlaxatuan. Bera izan da giza aktibitateak egin dezakeena erakusten lehena; Egiptoko piramideekiko, erromatar akueduktuekiko eta katedral gotikoekiko oso ezberdinak diren marabilak sortu ditu, eta herri migrazioekiko eta Gurutzadekiko oso bestelakoak diren kanpainak burutu ditu.
Burgesia ezin daiteke existitu ekoizpen instrumentuak etengabe irauli gabe, eta ondorioz, ekoizpen erlazioak, eta honekin erlazio sozial guztiak irauli gabe. Lehengo ekoizpen moduaren kontserbazioa, ordea, aurreko klase industrial guztien existentziaren lehen baldintza zen. Ekoizpeneko iraultza etengabe bat, baldintza sozial guztien dardara amaigabeak, asaldura eta mugimendu konstanteak garai burgesa aurreko guztietatik bereizten dute. Estankatutako eta lizundutako erlazio guztiak, mendeetan zehar gurtutako sineskeria eta ideien bere komitibarekin, apurtuta geratzen dira; berriak zaharkiturik geratzen dira osifikatu aurretik. Estamentala eta estankatua den oro desagertu egiten da; sakratua den oro profanatua da, eta gizakiak, azkenean, bere existentziaren baldintzak eta elkarrenganako erlazioak lasaiki kontsideratzera beharturik ikusten dira.
Bere produktuei geroz eta irteera handiagoa emateko beharrak bultzatuta, burgesiak mundu osoa igarotzen du. Leku guztietan habia egin behar du, leku guztietan ezarri, leku guztietan loturak sortu.
Mundu merkatuaren esplotazioaren bitartez, burgesiak izaera kosmopolita eman dio herrialde guztietako ekoizpenari eta kontsumoari. Erreakzionarioen atsekaberako, industriari bere oinarri nazionala kendu dio. Aintzinako industria nazionalak suntsituak izan dira eta suntsitzuz doaz etengabeki. Lehengai nazionalak beharrean munduko eskualde urrunenetatik ekarritako lehengaiak erabiltzen dituzten industriengatik ordezkatuak dira, hauen sartzea nazio zibilizatu guztientzat ezinbesteko bilakatzen delarik, eta hauen produktuak ez dira herrialdean bertan bakarrik kontsumitzen, globoaren alde guztietan baizik. Produktu nazionalek asetzen zituzten beharrizan zaharren lekuan, herrialde baztertuenetako eta klima desberdinenetako produktuekin asebetetzea izatea eskatzen duten behar berriak sortzen dira. Eskualdeen eta nazioen isolamendu eta autarkia zaharraren lekuan, elkartruke unibertsal bat ezartzen da, nazioen interdependentzia unibertsal bat. Eta hau bai ekoizpen materialari eta bai intelektualari dagokio. Nazio baten ekoizpen intelektuala denen ondare amankomuna bilakatzen da. Hertsikeria eta esklusibismo nazionalak egunetik egunera ezinezkoago suertatzen dira; literatura herrikoi eta nazional anitzetatik literatura unibertsala eratzen da.
Ekoizpen baliabideen hobekuntza azkarrari eta komunikabideen garapen konstanteari esker, burgesiak zibilizazioaren korrontera eramaten ditu herrestan nazio guztiak, barbaroenak ere. Euren merkantzien prezio baxuek osatzen dute Txinako harresi guztiak suntsitzen dituzten artileria astuna eta atzerritarrekiko fanatikoki arerioenak diren barbaroak kapitulatzera bultzatzen dituzte. Nazio guztiak, lur jo nahi ez badute behintzat, ekoizpen modu burgesa hautatzera behartzen ditu, zibilizazioa deiturikoa sartzeraino estutzen ditu, hau da, burgesak izatera. Hitz batean: bere irudiko eta antzeko mundu bat forjatzen da.
Burgesiak landa hiriaren agintera azpiratu du. Hiri izugarriak sortu ditu; hirietako populazioa izugarri hazi du landakoarekin konparatuz, populazioaren zati handi bat landa-bizitzako ezjakintasunetik atereaz. Landa hiriaren menpe jarri duen moduan, herrialde barbaroak edo erdi-barbaroak herrialde zibilizatuen menpe ipini ditu, nekazari herriak herri burgesen menpe, Ekialdea Mendebaldearen menpe.
Burgesiak geroz eta gehiago ezabatzen du ekoizpen baliabideen, jabetzaren eta biztanleriaren zatiketa. Biztanlegoa metatu du, ekoizpen baliabideak zentralizatu ditu eta jabetza esku gutxi batzuetan kontzentratu du. Honen ondorio behartua zentralizazio politikoa izan da. Probintzia independenteak, elkarren artean ia lokarri federalengatik soilik lotutakoak, interes, lege, gobernu eta aduana tarifa ezberdinekoak, nazio bakar batean bateratuak izan dira, gobernu bakar batenpean, lege bakar batenpean, klaseko interes nazional bakar batenpean eta aduana lerro bakar batenpean.
Burgesiak, bere klaseko agintean zehar, zeinak ez duen ia-ia mende bateko existentzia ere, aurreko belaunaldi guztiek batera sortu zutena baino ekoizpen indar oparoagoak eta itzelagoak sortu ditu. Naturaren indarren menperatzea, makinen erabilera, kimikaren aplikazioa industrian eta nekazaritzan, lurrun bidezko nabigazioa, trenbidea, telegrafo elektrikoa, kontinente osoak laborantzarako asimilatzea, nabigaziorako ibaiak irekitzea, sorginkeria bidez hiri osoak sortuz lurretik aterako balira bezala. Aurreko zein mendek susma zezakeen bederen halako ekoizpen indarrak lozorroan aurkitzen zirenik lan sozialaren barrenean?
Ikusi dugu, bada, burgesiaren eraketaren oinarri izan diren ekoizpen eta truke baliabideak gizarte feudalean sortu zirela. Ekoizpen eta truke baliabide hauek garapen maila jakin batera iritsi zirenean, gizarte feudaleko ekoizpen eta truke baldintzak, nekazaritzaren eta industria manufaktureroaren antolaketa feudala, hitz batean, jabetza-erlazio feudalak, ekoizpen baliabideen garapen mailarekin bat ez zetozela suertatu zen. Ekoizpena oztopatzen zuten bultzatu beharrean.
Bere lekuan lehia askea ezarri zen, honentzat egokiak ziren konstituzio sozial eta politikoekin eta klase burgesaren dominazio ekonomiko eta politikoarekin.
Gure begien aurrean mugimendu analogo bat ari da gertatzen. Ekoizpen eta trukaketa erlazio burgesak, jabetza-erlazio burgesak, gizarte burges moderno honek guztiak, sorginkeria batekin bailitzan halako ekoizpen eta truke baliabide boteretsuak sortarazi dituenak, bere konjuruekin askatutako infernuko indarrak jada dominatzeko gai ez den mago baten antza du. Duela hainbat hamarkadetatik, industriaren eta merkataritzaren historia ez da ekoizpen baliabide modernoek oraingo ekoizpen erlazioen aurka eginiko erreboltaren historia baino, burgesiaren existentzia eta bere dominazioa baldintzatzen duten jabetza-erlazioen aurkako errebolta baino. Euren aldizkako itzulerekin, geroz eta modu mehatxagarriagoan, gizarte burges osoaren existentziaren auzia planteatzen duten merkatal krisiak aipatzearekin aski da. Merkatal krisian zehar ez da landutako produktuen zati esanguratsu bat soilik suntsitzen sistematikoki, sorturik dauden ekoizpen baliabideen beraien zati esanguratsu bat ere bai. Krisietan zehar, aurreko edozein garaitan absurdutzat hartuko zen izurri sozial bat gizarte osora hedatzen da: gainprodukzioaren krisia. Gizartea bat-batean ustekabeko barbarie egoera batera lehengoraturik aurkitzen da: esan liteke goseak, nazioarteko gerra suntsitzaile batek bere biziraupen baliabide guztietatik gabetu duela; industriak eta merkataritzak ezereztatuak dirudite. Eta hau dena, zergatik? Gizarteak zibilizazio gehiegi, bizi baliabide gehiegi, industria gehiegi, merkataritza gehiegi duelako. Dituen ekoizpen baliabideek ez dute jada jabego burgesaren erregimena mesedetzen; alderantziz, boteretsuegiak suertatzen dira erlazio hauentzako, zeintzuek oztopo bat suposatzen duten euren garapenerako; eta ekoizpen indarrek oztopo hau gainditzen duten aldiro, gizarte burgesa nahasmendura amiltzen dute eta jabetza burgesaren existentzia mehatxupean ipintzen dute. Erlazio burgesak estuegiak suertatzen dira bere barnean sorturiko aberastasunak barnean jasateko. Nola gainditzen ditu krisi hauek burgesiak? Alde batetik, ekoizpen indar masa baten suntsipen behartuarekin; bestetik, merkatu berrien konkistarekin eta zaharren esplotazio bortitzago batekin. Zein modutan egiten du, beraz? Krisi zabalago eta bortitzagoak prestatuz eta hauek prebenitzeko baliabideak murriztuz.
Burgesiak feudalismoa eraisteko erabili zituen armak orain burgesiaren beraren aurka itzultzen dira.
Baina burgesiak ez ditu heriotza emango dioten armak bakarrik forjatu; arma horiek erabiliko dituzten gizakiak ere sortu ditu: langile modernoak, proletarioak.
Burgesia, hau da, kapitala, garatzen den proportzio berean, proletalgoa ere garatzen da, langile modernoen klasea, lana bilatzearen baldintzapean bizi dena eta hau bere lanak kapitala hazten duen bitartean bakarrik topatzen duena. Langile hauek, euren burua pusketaka saltzera beharturik daudenak, merkantzia bat dira beste edozein merkatal artikulu bezala, eta beraz, lehiaren gorabehera guztiei eta merkatuaren fluktuazioei loturik daude.
Makinen erabilpenaren ugaritzeak eta lan banaketak berezko izaera guztia kentzen diote langilearen lanari, eta langilearenganako erakarpen osoa galduarazten diote. Hau makinaren apendize soil bat bihurtzen da, eta soilik operazio sinpleenak exijitzen zaizkio, monotonoagoak eta ikasterrezagoak. Beraz, langile batek gaur egun balio duena bizitzeko eta bere leinua mantentzeko behar dituen biziraupen baliabideetara murrizten da gutxi gora behera. Baina lan ororen prezioa, merkantzia ororena bezala, ekoizpen kostuen berdina da. Ondorioz, lana zenbat eta gogaikarriagoa izan, orduan eta gehiago murrizten dira soldatak. Are gehiago, makineria eta lan banaketa garatzen diren heinean, handitu egiten da lan kantitatea, bai lan-egunaren luzapenaren bidez, bai denbora jakin batean egitera behartutako lana handitzeagatik, makinen erritmoaren azkartzeagatik, etab.
Industria modernoak maisu patriarkalaren tailer txikia kapitalista industrialaren lantegi handi bilakatu du. Langile masak, lantegian pilatuak, militarki antolatuak dira. Industriako soldadu soil moduan, ofizial eta subofizial jerarkia oso baten zaintzapean ezarririk daude. Ez dira klase burgesaren, Estatu burgesaren, esklabuak bakarrik, egunero, orduro, makinaren, kapatazaren, eta batez ere, lantegiaren patroia den burges indibidualaren esklabuak dira. Eta despotismo hau orduan eta zekenagoa, gorrotagarriagoa eta asaldagarriagoa da, helburutzat etekina besterik ez duela aldarrikatzean zenbat eta zintzotasun handiagoa adierazi.
Esku lanak trebetasun eta indar gutxiago eskatu ahala, hau da, industria modernoaren garapena zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da emakumeek eta haurrek ordezten duten gizonen lanaren proportzioa. Langile klaseari dagokionean, adin eta sexu ezberdintasunek esangura sozial guztia galtzen dute. Lanerako instrumentuak besterik ez daude, hauen kostea adinaren edo sexuaren arabera aldatzen delarik.
Behin langileak fabrikatzailearen esplotazioa jasan eta bere soldata metalikoan jaso duenean, burgesiako beste elementuen biktima bilakatzen da: maizterrarena, dendariarena, mailegariarena, etab.
Industrialari txikiak, merkatari txikiak eta errentariak, artisauak eta nekazariak, beste garaietako klase ertainetako azpieneko maila proletalgoaren lerroetara erortzen da; batzuk, euren kapital txikiak enpresa industrial handiak ekiteko iristen ez zaizkielako eta kapitalista indartsuenekiko lehian jausten direlako, besteak, euren abilezia profesionala gutxietsia ikusten delako ekoizpen metodo berrien aurrean. Honela, proletalgoa biztanlegoko klase guztietatik erreklutatzen da.
Proletalgoa garapen fase ezberdinetatik igarotzen da. Burgesiaren aurkako bere borroka bere sorrerarekin hasten da.
Haseran, borroka langile isolatuek hasia da; gero, fabrika bereko langileek; beranduago, herriko ogibide bereko langileek egina da zuzenki esplotatzen dituen burges indibidualaren aurka. Ez dute aski euren erasoak ekoizpen erlazio burgesen aurka zuzentzearekin, eta ekoizpen instrumentuen beraien aurka zuzentzen dituzte; konpetentzia egiten dieten atzerriko merkantziak suntsitzen dituzte, makinak apurtzen dituzte, lantegiei su eman, Erdi Aroko artisauak galdutako lekua indarrez birkonkistatzen saiatzen dira.
Etapa honetan, langileek herrialde osoan barreiaturik eta konpetentziagatik banaturik aurkitzen den masa bat osatzen dute. Langileek masa trinkoak osatzen badituzte, gertakari hau ez da oraindik beraien batasun propioaren ondorio, burgesiaren batasunarena baizik, zeinak bere helburu politikoak eskuratzeko proletalgoa mugimenduan jarri behar duen –eta oraingoz egin dezake. Etapa honetan zehar, proletarioek ez dute borrokatzen, beraz, euren etsaien kontra, euren etsaien etsaien kontra baizik, hau da, monarkia absolutuaren, lur jabeen, burges ez industrialen eta burges txikien aurka. Mugimendu historiko guztia, era honetara, burgesiaren eskuetan kontzentratzen da; baldintza hauetan lortutako garaipen bakoitza burgesiaren garaipen bat da.
Baina industriak, bere garapenean, ez du proletarioen kantitatea soilik handitzen, hauek masa esanguratsuetan ere kontzentratzen ditu; euren indarra handitu egiten da eta horren kontzientzia handiagoa hartzen dute. Proletarioen interesak eta existentzia baldintzak geroz eta gehiago berdintzen dira makinek lanen desberdintasuna ezabatu eta soldatak mailu baxu berera, ia leku guztietan, murrizten dituzten heinean. Burgesen arteko lehia hazkorraren eta honek eragiten dituen merkatal krisien emaitz gisa, soldatak geroz eta gorabeheratsuagoak dira; makinaren hobekuntza etengabeak eta azkarrak langilea egoera are prekarioagoan ipintzen du; langile indibidualaren eta burges indibidualaren arteko kolisioek bi klaseren arteko kolisioen izaera
hartzen dute geroz eta gehiago. Langileak koalizioak 35 eratzen hasten dira burgesen aurka eta euren soldaten defentsarako amankomunean jokatzen dute. Elkarte iraunkorrak sortzeraino iristen dira beharrezko baliabideak segurtatzeko, noizbehinkako talka hauen aurrean neurriak hartuz. Hemen eta han borrokak altxamendu bezala egiten du eztanda.
Batzuetan langileek garaitzen dute; baina garaipen iragankor bat da. Beraien borroken benetako emaitza ez da berehalako arrakasta, geroz eta zabalagoa den langileen batasun bat baizik. Batasun hau industria handiek sortutako komunikabideen hazkuntzak ahalbidetua da eta herri desberdinetako langileak kontaktuan jartzen dituzte. Eta nahikoa da kontaktu hau borroka lokal ugariak, zeinak izaera berberaz horniturik dauden leku guztietan, borroka nazional batean zentralizatzeko, klase borroka batean. Baina klase borroka oro borroka politiko bat da. Eta Erdi Aroko hirietako biztanleen batasuna, euren auzo bideekin mendeak kosta zitzaiena ezartzea, langile modernoek, trenbidearekin, urte gutxi batzutan ezartzen dute.
Proletalgoaren klaseko-erakunde hau, eta beraz, alderdi politikoa, behin eta berriz zulatua da langileen beraien arteko konpetentziagatik. Baina berriro sortzen da, eta beti indartsuago, zurrunago, boteretsuago. Burgesiaren barne liskarrak baliatzen ditu langile klasearen zenbait interes legez onartzera behartzeko; adibidez, hamar orduko lanegunaren legea Ingalaterran.
Orokorrean, gizarte zaharraren kolisioek modu anitzetan laguntzen diote proletalgoaren garapen prozesuari. Burgesia borroka etengabean bizi da: haseran, aristokraziaren aurka; gero, industriaren aurrerapena dela eta euren interesak kontraesanetan sartzen diren sektore bereko burgesiaren aurka, eta beti, azken finean, beste herrialde guztietako burgesiaren aurka. Borroka guztietan proletalgoari dei egitera beharturik ikusten da, bere laguntza eskatzera, honela mugimendu politikora herrestan eramanez. Modu honetan, burgesiak bere hezkuntza propioaren elementuak ematen dizkie proletarioei; hau da, bere buruaren aurkako armak.
Gainera, ikusi dugun bezala, industriaren garapenak proletalgoaren lerroetara amiltzen ditu klase agintariko kapa osoak, edo, behintzat, bere existentzia baldintzak arriskuan jartzen ditu. Hauek ere proletalgoari hezkuntzako elementu askoren ekarpena egiten diote.
Azkenik, klase borroka bere amaierara iristen ari den aldietan, klase agintariaren desintegrazio prozesuak, gizarte zahar osoarenak, hain izaera biolento eta zorrotza hartzen du ezen klase horren zati txiki batek ukatu egiten duela beragandik eta klase iraultzailera gehitzen dela, etorkizuna bere eskuetan duen klasera. Eta lehen nobleziaren zati bat burgesiara igaro zen bezala, gure egunetan burgesiaren sektore bat proletalgora igarotzen da, partikularki mugimendu historikoaren osotasunaren ulerkuntza teorikora iritsi diren burges ideologoen sektore hau.
Gaur burgesiarekin aurrez aurre dauden klase guztietatik, soilik proletalgoa da egiazki klase iraultzailea dena. Beste klaseak degeneratuz doaz eta desagertu egiten dira industria handiaren garapenarekin; proletalgoa, ordea, bere produktu apartekoena da.
Erdiko estamentuek –industrial txikiak, merkatari txikiak, artisauak, nekazariak -, hauek denek burgesiaren aurka borroka egiten dute erdiko estamentu bezala duten existentzia hondamenditik salbatzeko. Ez dira, beraz, iraultzaileak, kontserbadoreak baizik. Are gehiago, erreakzionarioak dira, Historiaren gurpila atzeraka biratzea nahi baitute. Euren aurrean proletalgora igarotzeko ikuspegia dutenean soilik dira iraultzaileak, honela ez beraien oraingo interesak defendatuz, etorkizuneko interesak baizik, euren ikuspuntuak alboratzen dituztelarik proletalgoarenak hartzeko.
Lunpenproletalgoa, gizarte zaharraren kapa baxuenen usteltzearen produktu pasibo hori, batzuetan iraultza proletario baten aldeko mugimendura erakarria izan daiteke; hala ere, bere bizi baldintzak direla eta, gertuago dago erreakzioari bere burua saltzera bere azpijokoetan zerbitzatzeko.
Gizarte zaharraren existentziaren baldintzak aboliturik daude jada proletalgoaren existentziaren baldintzetan. Proletalgoak ez du jabetzarik; emaztearekin eta seme-alabekin dituen erlazioek ez dute zerikusirik familia erlazio burgesekin; lan industrial modernoak, kapitalaren uztarri modernoak, berbera denak Ingalaterran edo Frantzian, Iparramerikan edo Alemanian, proletalgoa izaera nazional orotik gabetzen du. Legeak, morala, erlijioa aurreiritzi burgesak bakarrik dira berarentzat zeintzuen atzean burgesiaren beste hainbat interes ezkutatzen diren.
Iraganean agintari bilakatzea lortu zuten klase guztiak lortu berri zuten egoera finkatzen saiatu ziren gizarte osoa euren jabekuntza moduaren baldintzetara azpiratuz. Proletarioek ezin dituzte ekoizpen baliabide sozialak konkistatu indarrean dagoen jabetze modua abolitzen ez badute, eta beraz, gaur egun arteko jabetze modu guztiak abolitu gabe. Proletarioek ez dute ezer babesteko; jabetza pribatu existentea orain arte bermatu eta segurtatu duen guztia suntsitu behar dute.
Orain arteko mugimendu guztiak gutxiengoek eginak edo gutxiengoen mesedetan eginak izan dira. Mugimendu proletarioa gehiengo handiaren mugimendu propioa da gehiengo handiaren mesedetan. Proletalgoa, oraingo gizartearen kapa beherengoena, ezin da altxa, ezin da zutik ipini gizarte ofizialeko kapek eratutako superestruktura guztia erauzi gabe.
Bere formagatik, baina ez bere edukiagatik, burgesiaren aurkako proletalgoaren borroka haseran borroka nazionala da. Naturala da herrialde bakoitzeko proletalgoak lehen lekuan bere burgesia propioarekin amaitu behar izatea. Proletalgoaren garapeneko fase orokorrenak zirriborratzean, egungo gizartearen barnean gutxiago edo gehiago ezkutatzen den gerra zibilaren garapenaren ibilbidea jarraitu dugu, iraultza ireki bat bilakatzen den unerarte, eta proletalgoak, burgesia bortizkeria bidez eraitsiz, bere agintea ezarri arte.
Aurreko gizarte guztiak, ikusi dugun bezala, klase zapaltzaileen eta zapalduen arteko antagonismoaren gainean sostengatzen dira. Baina klase bat zapaldu ahal izateko beharrezkoa da, gutxienez, bere esklabutasun existentzia herrestan eramatea ahalbidetuko dioten baldintzak segurtatzea. Morroia, morrontza erregimen bete-betean, komunako kide izatera iritsi zen, burges txikia burgesaren kategoriara igo zen moduan absolutismo feudalaren uztarripean. Langile modernoa, halaber, industriaren aurrerapenarekin goratu beharrean, geroz eta gehiago jeisten da bere klasearen bizi baldintzen azpitik. Langilea miserian erortzen da, eta pauperismoa biztanlegoa eta aberastasuna baino azkarrago hazten da. Begi bistako da, beraz, burgesia jada ez dela gai gizartearen klase agintari papera burutzen jarraitzeko, ezta honi, lege erregulatzaile moduan, bere klasearen biziraupen baldintzak inposatzeko ere. Ez da gai agintzeko ez baita gai bere esklabuari ere bere biziraupena segurtatzeko esklabutasunaren markoaren barnean; gainbeheran erortzera uztera beharturik ikusten da mantendu behar izaterainoko puntura iritsi arte, esklabuak bera mantendu beharrean. Gizarteak ezin du bere agintepean bizitzen jarraitu; beste modu batean esanda, burgesiaren existentzia, datozen garai hauetan, bateraezina da gizartearen existentziarekin.
Klase burgesaren existentziaren eta agintearen oinarrizko baldintza aberastasuna esku partikularretan pilatzea, kapitalaren sorkuntza eta hazkuntza dira. Kapitalaren existentziaren baldintza soldatapeko lana da. Soldatapeko lana langileen arteko konpetentziaren gainean sostengatzen da esklusiboki. Industriaren garapenak konpetentziatik datorren langileen isolamendua ordezkatzen du elkarketa bidezko batasun iraultzailea sortuz, burgesia prozesu honi aurre egin ezin dion agente inboluntario bat delarik. Honela, industria handiaren garapenak burgesiaren oinenpean aurkitzen diren ekoizte eta ekoitzitakoaren jabetze oinarriak zulatu ditu. Burgesiak, ororen aurretik, bere lurperatzaileak ekoizten ditu. Bere hondoraketa eta proletalgoaren garaipena ekidin ezinak dira.