V. Batasuneko Gobernuaz hitz egin aurretik
Estatu partikularretan gertatzen den aztertu beharra Kapitulu honetan, herri-subiranotasunean oinarrituriko gobernu-modua Amerikan zein den aztertzeko asmoa dugu; zein diren berorren ekintza-bideak, arazoak, abantailak eta arriskuak.
Hona hemen lehen eragozpena: konstituzio konplexua dute Estatu Batuek; han bi gizarte ezberdin daude elkarloturik eta, honela esan badezaket, bata bestearekin artekatua; han bi gobernu daude zeharo bereiziak eta ia independenteak: bata, ohikoa eta mugagabea, gizartearen eguneroko beharrei erantzuten diena; bestea, apartekoa eta mugatua, halako interes orokor batzuei bakarrik aplikatzen zaiena. Hitz batez esateko, hogeita lau nazio txiki subirano dira, multzo honek Batasunaren gorputz handia osatzen duelarik.
Estatua aztertu aurretik Batasuna aztertzea oztopoz beteriko bidetik abiatzea da. Gobernu federalaren forma, azkena azaldu zen Estatu Batuetan; errepublikaren aldaketa baino ez zen izan, aurrez, eta harekiko loturarik gabe, gizarte osoan barreiaturik zeuden printzipio politikoen laburbilduma. Bestalde, esan dudan bezala, gobernu federala aparteko zerbait da; estatuen gobernua da ohiko erregela. Xehetasunak eman aurretik honelako koadro baten ikuspegi orokorra ezagutarazi nahiko balu idazleak, iluntasun eta errepikapenetan jausiko litzateke ezinbestean.
Gaur egun gizarte amerikarra arautzen duten printzipio politiko nagusiak estatuan sortu eta garatu ziren, zalantzarik gabe. Hortaz, estatua ezagutu behar da gainerako guztiaren giltza edukitzeko.
Gaur egun Batasun amerikarra osatzen duten estatuek, erakundeen kanpo-itxurari dagokionez, guztiek ageri dute ikuskizun berbera. Bizitza politiko edo administratiboa hiru ekintza-gunetan bildurik dago han, giza gorputza mugiarazten duten nerbio-guneekin konpara daitezkeelarik.
Lehen mailan udalerria dago, gorago konderria, azkenik estatua.
Amerikako udal-sistema
aldatuAutoreak zergatik hasten duen erakunde politikoen azterketa udalerritik.- Herri guztietan aurkitzen da udalerria.- Udal-askatasuna ezarri eta mantentzeko zailtasuna.- Berorren garrantzia.- Autoreak zergatik aukeratu duen Ingalaterra Berriko udal-antolamendua bere aztergai nagusitzat.
Ez da txiripa hutsa lehenik udalerriaren azterketa egitea.
Udalerria naturan hain egoki zerturiko elkartea denez, gizakiak biltzen diren alde guztietan udalerria sortzen da berez. Beraz, herri guztietan dago udal-elkartea, edozelakoak izanik ere berorien usadio eta legeak; gizakia da erresumak egin eta errepublikak sortzen dituena; udalerriak, zuzenean Jainkoaren eskuetatik irteten dela dirudi. Baina udalerria gizakia munduan den momentutikoa baldin bada, udal-askatasuna gauza bakan eta hauskorra da. Herri batek beti eraiki ditzake batzar politiko handiak, normalean izaten baitu bere baitan jende-kopuru bat, zeinen arazoetan neurri bateraino jakintzargiak ordezten duen praktika. Udalerria elementu landugabeek eratzen dute, sarritan legegilearen ekintza errefusatzen dutenak. Udalerrien independentzia lortzeko zailtasuna, nazioak ilustratuago bihurtu ahala gutxitu ordez, areagotu egiten da berorien jakintzargiaz. Gizarte oso zibilizatuak nekez jasaten ditu udal-askatasuneko saiakuntzak; asaldatu egiten da desbiderapen ugarien aurrean, eta arrakastarekiko etsipena sortzen zaio esperientziaren azken emaitza lortu baino lehen.
Askatasun guztien artean, udalerriena, hainbeste zailtasunez ezartzen dena, da boterearen inbasioetarako arriskurik handiena duena ere. Beren kasa utzita, udal-erakundeek ia ez lukete asmatuko gobernu saiatu eta indartsu baten aurka borrokatzen; beren buruak arrakastaz defenditzeko, beharrezkoa da beren garapen osora iritsiak izatea eta ideia eta aztura nazionalekin nahastuta egotea. Honela, udal-askatasuna ohituretan sartzen ez den bitartean, erraza da suntsitzea, eta ezin da ohituretan sartu aurrez legeetan luzaroan iraun gabe.
Beraz, udal-askatasunak ihes egiten dio, nolabait esateko, gizakiaren ahaleginari. Horregatik, gutxitan izaten da sortze-lanaren emaitza; nolabait ere bere baitatik jaiotzen da. Ia isilpean gizarte erdi barbaro baten baitan garatzen da. Legeen eta ohituren ekintza etengabeak, inguruabarrek eta, batez ere, denborak lortzen dute finkatzea. Europako kontinenteko nazio guztien artean, ezagutzen duenik bakar bat ere ez dagoela esan daiteke.
Hala ere, udalerrian datza herri askeen indarra. Udal-erakundeak askatasunarentzat, lehen mailako eskolak zientziarentzat bezala dira: herriak eskuratzeko moduan jartzen dute askatasuna; beraren erabilera baketsua gustarazten diote eta berataz baliatzera ohitzen dute. Udal-erakunderik gabe, nazio batek eman diezaioke bere buruari gobernu askerik, baina ez du askatasunaren izpiriturik izango. Grina iragankorrek, une bateko interesek, zirkunstantzien zoriak independentziaren kanpo-formak eman diezazkiokete; baina gizarte-gorputzaren barruan zokoraturiko despotismoa azaleratu egiten da lehentxeago edo geroxeago.
Estatu Batuetan udalerriaren eta konderriaren antolamendu politikoa zein printzipio orokorretan oinarritzen den irakurleari ongi ulertarazteko, mesedegarri izango zela pentsatu dut estatu partikular bat eredutzat hartzea, bertan gertatzen dena zehatz-mehatz aztertzea eta ondoren herrialdearen gainerakoari begiratu bizkor bat ematea.
Ingalaterra Berriko estatuetako bat aukeratu dut.
Udalerria eta konderria ez daude era berean antolatuta Batasuneko alde guztietan; baina erraza da ohartzea gutxi gora-behera printzipio beretsuek gidatu dutela Batasun osoan bataren zein bestearen eraketa.
Nolanahi ere, iruditu zait printzipio horiek Ingalaterra Berrian izan dutela garapenik handiena eta beste inon baino ondorio urrunagoetara iritsi direla han. Nolabait esateko, nabarmenago ageri dira han eta errazago beha ditzake atzerritarrak.
Ingalaterra Berriko udal-erakundeek multzo betea eta erregularra osatzen dute; antzinakoak dira; indartsuak dira legeei esker, are indartsuagoak ohiturengatik; eragin harrigarria dute gizarte osoan.
Arrazoi guztiongatik merezi dute gure arreta berenganatzea.
Udalerriaren mugapea
Ingalaterra Berriko udalerria (Township) Frantziako kantonamendu eta udalerriaren erdibidean dago. Oro har, bi mila biztanletik hiru milara bitartean izaten ditu66; ez da, beraz, biztanle guztiek gutxi gora-behera interes beretsuak ez izateko bezain handia, eta, bestalde, administrazio egokirako elementuak bere baitan dituela beti ziur egoteko bezain jendeztatua dago.
Udal-botereak Ingalaterra berrian
aldatuHerria, botere guztien sorburua udalerrian nahiz beste edonon.- Han bere kabuz aztertzen ditu arazo nagusiak.- Udalbatzarik ez dago.- Udal-aginterik gehiena selectmen delakoen esku.- Nola jokatzen duten selectmen horiek.- Udalerriko biztanleen batzar nagusia (Town Meeting).- Udal-funtzionari guztien zerrenda.- Funtzio derrigorrezkoak eta ordainduak.
Udalerrian, beste edonon bezalaxe, herria da gizarte-botereen sorburua, baina inon ez du bere ahalmena bitarteko gutxiagorekin egikaritzen. Amerikan, herria ugazaba da, zeinen nahia egin behar izan den ahalgarri denaren azken mugetaraino.
Ingalaterra Berrian gehiengoak ordezkarien bidez jarduten du estatuko arazo orokorrak tratatu behar direnean. Horrela izan behar zuen derrigorrez; baina udalerrian, non legegintza- eta gobernu-ekintza gobernatuengandik hurbilago dagoen, ordezkapen-legea ez da onartzen. Ez dago udalbatzarik; hauteslegoak, bere magistratuak izendatu ondoren, berak gidatzen ditu estatuko legeen betetze hutsa ez den guztietan67.
Gauzen eraketa hau gure ideia eta azturen hain aurkakoa denez, adibide batzuk eman behar ditut ongi ulertu ahal izateko. Aurrerago ikusiko dugun bezala, funtzio publikoak ikaragarri ugariak dira eta oso zatiturik daude udalerrian; hala ere, botere administratibo gehienak, urtero aukeratzen diren eta selectmen deritzen gutxi batzuen eskuetan bildurik daude68.
Estatuko lege orokorrek halako betebehar batzuk ezarri dizkiete selectmen horiei. Lege hauek betetzeko ez dute administratuen baimenik behar, eta ezin dituzte bete gabe utzi beren erantzukizun pertsonala konprometitu gabe. Adibidez, beren udalerrietan hauteskunde-zerrendak eratzeko ardura ematen die estatuko legeak; ez badute egiten, delituaren errudun bihurtzen dira. Baina udal-botereak gidatzen dituen gauza guztietan, selectmenak dira herri-nahiak betearazten dituztenak, gure artean alkateak udalbatzaren erabakiak betearazten dituen bezala. Gehienetan haiek berek hartzen dute erantzukizun pribatua eta, praktikan, ez dute gehiengoak aurrez ezarritako printzipioen ondorioari jarraitzea besterik egiten. Baina ezarritako ordenan edozelako aldaketarik sartu nahi badute, eginkizun berri bati ekin nahi badiote, beren boterearen sorburura jo behar izaten dute. Demagun eskola bat jarri nahi dela; egun jakin baterako, aurrez adierazitako toki batera, hautesle guztiak deitzen dituzte selectmenek; han, sumatzen den premia azaltzen dute, eta berau asetzeko baliabideak, gastatu beharreko dirutza eta aukeratzea komeni den lekua jakinarazten dituzte. Batzarrak, puntu hauei guztiei buruz kontsultatua, printzipioa onartzen du, lekua finkatzen, zerga bozkatzen eta bere nahiak betearaztea selectmenen esku uzten du.
Selectmenek bakarrik dute udal-batzarra (town meeting) deitzeko eskubidea, baina eragin dakieke horretara. Hamar jaberi proiektu berri bat bururatzen bazaie eta udalerriak onets dezan aurkeztu nahi badute, biztanleei deialdi orokorra egitea eska dezakete; selectmenak beharturik daude horretara, eta batzar-buru izateko eskubidea baino ez zaie gelditzen69.
Ohitura politiko hauek, gizarte-usadio hauek gugandik oso urruti daude, zalantzarik gabe. Une honetan nik ez ditut epaitu nahi, ezta sortarazten eta biziarazten dituzten kausa ezkutuak ezagutarazi nahi ere; azaltzera mugatzen naiz.
Urtero apirilean edo maiatzean aukeratzen dituzte selectmenak. Aldi berean udal-batzarrak beste udal-magistratu asko aukeratzen du70, zenbait administrazio-xehetasun garrantzizkoren ardura dutenak. Batzuek, aholkulari izenaz, zergak ezarri behar dituzte; beste batzuek, biltzaile izenaz, zerga horiek bildu behar dituzte. Ofizial batek, constable deritzanak, poliziarena egin behar du, leku publikoak zaindu eta legeen betearazte materialaz arduratu. Beste batek, udal-eskribau delakoak, deliberazio guztiak erregistratzen ditu, eta erregistro zibileko aktak zertzen ditu. Kutxazainak udal-fondoak gordetzen ditu. Funtzionari hauei, gehi iezaiezue behartsuen begiralea, honen eginkizuna, oso betegaitza, behartsuei buruzko legeria betearaztea delarik; eskola-komisariak, hezkuntza publikoa zuzentzen dutenak; bide-ikuskatzaileak, bide handi eta txikien xehetasun guztiez arduratzen direnak; eta horrela udal-administrazioko agente nagusien zerrenda izango duzue. Baina funtzio-banaketa ez da hor amaitzen, udal-ofizialen artean71 aurkitzen baitira parroki komisariak, kultu-gastuak arautu behar dituztenak; hainbat motatako ikuskatzaileak: batzuk, sute-kasuetan, hiritarren ahaleginak zuzentzeko ardura dutenak; beste batzuk, uztak zaindu behar dituztenak; beste zenbait, hesiak direla eta, sor daitezkeen arazoak behin-behinean ebatziko dituztenak; eta beste hainbat, basoen neurketa begiratu edo pisu eta neurriak ikuskatzeaz arduratuko direnak.
Guztira, hemeretzi funtzio nagusi aurkitzen dira udalerrian. Biztanle oro beharturik dago, isunaren zigorpean, funtzio ezberdin hauek onartzera; baina hauen arteko gehienak ordaindu egiten dira, hiritar behartsuek ere horietara beren denbora eman ahal izateko, kalterik jasan gabe. Gainerantzean, sistema amerikarrak ez die soldata finkorik ematen funtzionariei. Oro har, ekintza ofizial bakoitzak du bere prezioa, eta egin dutenaren arabera bakarrik ordaintzen zaie.
Udal-izatea
aldatuNorbera da berari bakarrik dagokionaren epailerik onena.- Herri-subiranotasunaren printzipioaren korolarioa.- Doktrina hauetaz udalerri amerikarrek egiten duten aplikazioa.- Ingalaterra Berriko udalerria, berari bakarrik dagokion guztian subirano, gainerako guztian menpeko.- Udalerriaren betebeharrak estatuarekiko.- Frantzian gobernuak uzten dizkio bere agenteak udalerriari.- Amerikan, udalerriak uzten dizkio bereak gobernuari.
Esan dut lehen herri-subiranotasunaren printzipioa angloamerikarren sistema politiko guztiaren gainean dagoela. Liburu honetako orrialde bakoitzak doktrina honen aplikazio berri batzuk ezagutaraziko ditu.
Herri-subiranotasunaren dogma nagusi den nazioen artean, gizabanako bakoitzari subiranotasun-zati berdina dagokio, eta berdin esku hartzen du estatuaren gobernuan.
Gizabanako bakoitza beste edozein bezain ilustratu, bertutetsu eta indartsutzat jotzen da, beraz.
Zergatik, orduan, obeditzen dio gizarteari, eta zeintzuk dira obedientzia horren berezko mugak?
Gizarteari obeditzen dio, ez gidatzen dutenak baino gutxiago delako edo bere burua gobernatzeko beste edozeinek baino gaitasun gutxiago duelako; gizarteari obeditzen dio bere antzekoekin elkartzea onuragarri iruditzen zaiolako eta elkartasun hori, arautuko duen botererik gabe, ezinezkoa dela badakielako.
Hiritarren arteko betebeharrei dagokien guztian, menpeko bihurtu da, beraz. Berari bakarrik dagokion guztian, nagusi izaten jarraitzen du; aske da eta Jainkoari bakarrik zor dio bere ekintzen kontu. Hortik dator esaera hau, gizabanakoa dela bere interes partikularraren epaile onena eta bakarra, eta gizarteak ez duela horren ekintzak zuzentzeko eskubiderik berorrek egindako zerbaitengatik kaltetua sentitzen ez bada, edo laguntza eskatu behar dionean ez bada. Doktrina hau unibertsalki onartua dago Estatu Batuetan. Beste leku batean aztertuko dut zer-nolako eragin orokorra duen bizitzako ekintza arruntetan ere, baina une honetan udalerriei buruz ari naiz.
Udalerria, osorik hartuta eta gobernu zentralari buruz, beste edozein bezalako banako bat da, aipatu berri dudan teoria aplikatzen zaiolarik. Estatu Batuetan, beraz, udal-askatasuna herri-subiranotasunaren dogmatik beretik sortzen da; errepublika amerikar guztiek onartu dute gehixeago edo gutxixeago independentzia hau; baina Ingalaterra Berriko herrien artean, inguruabarrak bereziki mesedegarriak izan dira horren garapenerako.
Batasunaren alde honetan, bizitza politikoa udalerrien barnetik bertatik jaio zen; ia esan liteke jatorriz nazio independente bat zela horietako bakoitza. Gero, Ingalaterrako erregeek beren subiranotasun-partea eskatu zutenean, botere zentralaz jabetzera mugatu ziren. Aurkitu zuten egoeran utzi zuten udalerria; orain Ingalaterra Berriko udalerriak menpeko dira, baina hasieran batere ez ziren edo oso gutxi. Hortaz, beren botereak ez dituzte hartuak; aitzitik, estatuaren alde beren independentziaren parte bati haiek berek jaregin diotela dirudi; bereizketa hau garrantzizkoa da, eta gogoan izan behar du irakurleak.
Oro har, interesen bat, nik soziala esango nukeena -hau da, beste batzuekin zatibanatua-, tartean dagoenean bakarrik jartzen dira udalerriak estatuaren menpe.
Haiei berei bakarrik dagokien guztian, udalerriek gorputz independenteak izaten jarraitzen dute; eta Ingalaterra Berriko biztanleen artean ez dago inor, nire ustez, udal-interes hutsen zuzendaritzan esku sartzeko eskubidea estatuko gobernuari aitortzen dionik.
Beraz, Ingalaterra Berriko udalerriak salerosketan, auzitegietan akusatzen eta beren burua defenditzen, aurrekontua kargatzen edo arintzen ikusten dira, inolako administrazio-aginteri bururatu ere egin gabe aurka jartzerik72.
Gizarte-betebeharrei dagokienez, udalak beharturik daude betetzera. Honela, estatuak dirua behar badu, udalerria ez da aske bere laguntza ematea ala ukatzea erabakitzeko73. Estatuak errepide bat egin nahi badu, udalerriak ezin dio bere lurraldea itxi. Polizi arautegi bat egiten badu, udalak betearazi egin behar du. Herrialde osoan hezkuntzaren plangintza uniformea antolatu nahi badu, udalerria beharturik dago legeak eskaturiko eskolak sortzera74. Kasu ezberdin guztiotan udalerriak nola eta nork behartzen dituen obeditzera, Estatu Batuetako administrazioaz hitz egiterakoan ikusiko dugu. Betebeharra daukatela besterik ez dut esan nahi hemen. Betebehar hori zorrotza da, baina estatuko gobernuak, hori ezartzean, printzipio bat dekretatzea baino ez du egiten; hori betearazteko, oro har udalerriak berreskuratu egiten ditu bere indibidualitate-eskubide guztiak. Honela, egia da legislatiboak bozkatzen duela zerga, baina udalerriak banatzen eta biltzen du; eskola egin beharra ezarri egiten da, baina udalak eraikitzen, ordaintzen eta zuzentzen du.
Frantzian, estatuko biltzaileak kobratzen ditu udal-zergak; Amerikan, udalerriko biltzaileak kobratzen du estatu-zerga.
Honela, gure artean, gobernu zentralak bere agenteak uzten dizkio udalerriari; Amerikan, udalerriak uzten dizkio bere funtzionariak gobernuari. Honek bakarrik garbi erakusten du zein ezberdinak diren bi gizarteak.
Udal-izpiritua Ingalaterra berrian
aldatuIngalaterra Berriko udalerriak zergatik bereganatzen duen bertan bizi direnen atxikimendua.- Udal-izpiritua sortzeko Europan dagoen zailtasuna.- Amerikan izpiritu hau sortzen laguntzen duten udal-eskubide eta betebeharrak.- Aberriak Amerikan fisonomia gehiago du beste edonon baino.- Zertan azaltzen den udal-izpiritua Ingalaterra Berrian.- Zelako ondorio zoriontsuak sortzen dituen.
Amerikan, udal-erakundeak ezezik, hauei eusten eta bizia ematen dien udal-izpiritua ere badago.
Ingalaterra Berriko udalerriak bi abantaila ditu, dauden leku guztietan gizakien arreta biziki pizten dutenak, hots, idependentzia eta boterea. Egia esateko, irten ezinezko esparru baten barruan jarduten du, baina bere mugimenduak aske ditu hor barruan. Independentzia honek bakarrik ere benetako garrantzia emango lioke, biztanleriak eta hedadurak emango ez baliote ere.
Komentzitu beharra dago gizakien atxikimendua indarra dagoen lekuan bakarrik kokatzen dela, oro har. Herrialde konkistatu batean abertzaletasunak ez du luzaroan irauten. Ingalaterra Berriko biztanlea bere udalerriari atxikitzen zaio, ez hainbeste bertan jaioa delako, udalerri horretan korporazio aske eta indartsua ikusten duelako baizik, eta bera horko partaide izanik, gidatzen saiatzea merezi duela iruditzen zaiolako.
Europan sarri gertatzen da gobernuak berak ere kexatzea udal-izpiriturik ez dagoelako, mundu guztia bat baitator udal-izpiritua elementu nagusi bat dela ordena eta lasaitasun publikorako; baina ez dakite nola sortu. Udalerria indartsu eta independente bihurtzean, beldur dira ez ote duten gizarte-boterea banatu eta estatua anarki bidean jarriko. Nolanahi ere, udalerriari indarra eta independentzia kentzen badizkiozue, administratuak bakarrik aurkituko dituzue bertan, baina hiritarrik batere ez.
Ohartu, bestalde, gauza garrantzitsu batez: Ingalaterra Berriko udalerria atxikimendu bizien bilgune izateko moduan dago eratua, eta aldi berean ez du bere ondoan ezer giza bihotzaren grina gutiziatsuak indartsu erakartzeko gai denik.
Konderriko funtzionariak ez dituzte hautatzen eta mugatua dute aginpidea. Estatuak berak ere bigarren mailako garrantzia du; izate ilun eta lasaia du. Jende gutxi dago, estatua administratzeko eskubidea lortzearren, beren interesguneetatik urrundu eta bizimodua nahastea onartzen duenik.
Gobernu federalak boterea eta aintza ematen dizkie bera gidatzen dutenei; baina oso gutxi izaten dira beraren destinoan eragin lezaketen pertsonak. Lehendakaritza goi-mailako magistratura da, nekez iristen delarik inor bertara adinean sartu arte; eta goi-mailako beste funtzio federaletara iristea, nolabait ere txiripaz gertatzen da, eta beste arloren batean aurrez ospetsu bihurtu eta gero. Hauentzat gutizia ezin da izan beren ahaleginen helburu iraunkorra. Udalerrian, bizitzako harreman arrunten erdian, biltzen dira estima-nahia, benetako interesen beharra, eta botere eta ospearen zaletasuna; grina hauek, gizartea hain sarri asaldatzen dutenak, izaeraz aldatzen dira etxezulotik hain hurbil eta nolabait esateko familiaren baitan egikaritzen direnean.
Ikus zer-nolako trebetasunez arduratu diren udalerri amerikarrean boterea barreiatzeaz, zilegi bazait honela esatea, gauza publikoaz ahalik eta jenderik gehien ardura dadin. Noizean behin, gobernu-ekintzak zertzera deituriko hautesleez aparte, zenbat funtzio ezberdin dagoen, zenbat magistratu diferente, eta guztiak, beren eskurantzen esparruan, korporazio ahaltsu baten ordezkari dira, beronen izenean jarduten dutelarik! Zenbatek ez ote du horrela udal-agintea bere probetxurako ustiatzen, bere buruagatik bakarrik arduratuz!
Sistema amerikarrak, udal-agintea herritar askoren artean banatzen duen aldi berean, ez du udal-eginbeharrak ugaltzeko beldurrik. Estatu Batuetan uste da, eta arrazoiz gainera, abertzaletasuna kultu moduko zerbait dela, gizakiak praktiken bidez zertzen duena.
Honela, nolabait ere une oroz sentiarazten da udal-bizitza; egunero azaltzen da eginbehar bat betetzean edo eskubide bat egikaritzean. Izate politiko honek etengabeko mugimendua ezartzen dio gizarteari, baina aldi berean baketsua, asaldarazi gabe astintzen duena.
Menditarrek beren herrialdea maitatzeko izaten duten arrazoi beretsuagatik atxikitzen zaizkio amerikarrak hiriari. Hauen artean aberriak ezaugarri garbi eta bereziak ditu; beste inon baino fisonomia gehiago du.
Ingalaterra Berriko udalerriek izate zoriontsua dute, oro har. Gobernua beren gogokoa dute eta berek hautatua ere bai. Amerikan dagoen bake sakonaren eta oparotasun materialaren baitan, udal-bizitzako ekaitzak ez dira oso ugariak izaten. Udal-interesen zuzendaritza erraza da. Gainera, aspaldidanik burutua da herriaren heziketa politikoa, edota, hobeto esateko, zeharo hezia iritsi zen orain dagoen lurraldera. Ingalaterra Berrian, klase-banaketarik ez dago oroitzapenean ere; udalerrian ez dago beraz udal-zati bat beste zatia zapaltzeko gogoarekin, eta bidegabekeriak, gizabanako isolaturen batek bakarrik jasaten dituenak, atsegintasun orokorrean desagertzen dira. Gobernuak baditu bere akatsak, eta erraza da horiek seinalatzea, baina ez dira hain nabarmenak, gobernua gobernatuengandik sortzen baita benetan, eta aski du hobetoxeago edo okerxeago bere martxari jarraitzea, aitatasunezko halako harrotasun batek babes dezan. Gainerantzean, ez dute zerekin konparatu. Antzina Ingalaterrak agindu zuen kolonia-multzo horretan, baina herriak zuzendu ditu beti udal-arazoak. Hortaz, herriaren subiranotasuna udalerrian ez da bakarrik antzinako egoera, baita hasiera-hasieratikoa ere.
Ingalaterra Berriko biztanlea bere udalerriari atxikitzen zaio, hau indartsu eta independentea baita; interesatu egiten da, zuzentzen parte hartzen du eta; maitatu egiten du, ezin delako bere zoriaz kexatu; bere gutizia eta etorkizuna jartzen ditu bertan; udal-bizitzako gora-behera guztietan nahasten da; bere irispidean dagoen esparru murritz horretan, gizartea gobernatzen saiatzen da; forma batzuetara ohitzen da, hauek gabe askatasunak iraultzaka jokatzen duelarik, eta berorien izpiritua barneratzen du, gustu hartzen dio ordenari, botere-harmonia ulertzen du eta ideia argi eta praktikoak lortzen ditu bere betebeharren izaeraz, baita bere eskubideen hedaduraz ere.
Ingalaterra Berriko konderria
aldatuIngalaterra Berriko konderria, Frantziako barrutiaren antzekoa.- Interes administratibo hutsez sortua.- Ez du ordezkapenik.- Hautatu gabeko funtzionariek administratzen dute.
Konderri amerikarrak antz handia du Frantziako barrutiarekin. Azken honi bezalaxe, mugape arbitrarioa ezarri zaio; berak osatzen duen gorputzean zati ezberdinek ez dute beren artean loturarik behar eta ez dagokio berorri ez atxikimendurik, ez oroitzapenik, ez bizi-komunitaterik. Interes administratibo hutsez sortzen da. Udalerriak hedadura murritzegia zuen justiziaren administrazioa bertan sartu ahal izateko. Konderria da, beraz, lehen gune judiziala. Konderri bakoitzak justizi auzitegi bat du75, sheriffa auzitegien epaiak betearazteko, eta presondegia kriminalak edukitzeko.
Badira behar batzuk gutxi gora-behera era beretsuan sentitzen direnak konderriko udalerri guztietan; gauza naturala zen aginte zentral bat arduratzea horiek betetzeaz. Massachusettsen aginte hori zenbait magistraturen esku dago, estatuko gobernariak, bere Kontseiluaren76 iritziari jarraituz77, izendatzen dituenak. Konderriko administratzaileek botere mugatu eta salbuespenezkoa dute, aurrez ezarritako kasu gutxi batzuei bakarrik aplikatzen zaiena. Estatua eta udalerria aski dira gauzen ohiko martxarako. Administratzaile hauek konderriko aurrekontua prestatu baino ez dute egiten; legislatiboak bozkatzen du78. Ez dago batzarrik zuzenean edo zeharka konderria ordezkatzen duenik.
Egia esateko, konderriak ez du, beraz, izate politikorik.
Konstituzio amerikar gehienetan, joera bikoitza ikusten da, legegileak botere exekutiboa banatzera eta legegintza-ahalmena kontzentratzera eramaten dituena.
Ingalaterra Berriko udalerriak badu berez izate-printzipio bat, kentzen ez zaiona; baina bizitza hau fiktizioki sortu beharko litzateke konderrian, eta honen onura ez da oraindik sentitu. Udalerri guztiek elkartuta ordezkaritza bat bakarra dute: estatua, botere nazional guztien muina; udal- eta nazio-ekintzaz gain, banakako indarrak bakarrik daudela esan daiteke.
Ingalaterra Berriko administrazioa
aldatuAmerikan administrazioa ez da nabari.- Horren zergatia.- Askatasuna gizarte-botereari eskubideren batzuk kenduz finkatzen dutela uste dute europarrek; amerikarrek, berorren egikaritza zatituz.- Administraziotzat har daitekeen ia guztia udalerrian bildua, eta udal-funtzionarien artean zatitua.- Ez da administrazio-hierarkiaren arrastorik ikusten, ez udalerrian, ezta honen gainetik ere.- Zergatik den horrela.- Nola gertatzen den, hala ere, estatua era uniformean administratua izatea.- Nor arduratzen den udalerri eta konderriko administrazioei legea obediarazteaz.- Botere judizialaren sarrera administrazioan.- Hautapen-printzipioaren ondorioak funtzionari guztiengana hedatuta.- Bake-epailea Ingalaterra Berrian.- Nork izendatzen duen.- Konderria administratzen du.- Udalerrien administrazioa ziurtatzen du.- Sesio-auzitegia.- Nola diharduen.- Nork jotzen duen berarengana.- Ikuskapen eta erreklamazio-eskubidea sakabanaturik, funtzio administratibo guztiak bezala.- Salatzaileei isunen banaketak eragiten die aurrera.
Estatu Batuetan dabilen europarrarentzat harrigarrien gertatzen dena, gure artean gobernu edo administrazioa deritzona ez egotea da. Amerikan lege idatziak daude; egunero betearazten direla ikusten da; dena mugitzen da inguruan, baina ez da motorea inon aurkitzen. Gizarte-makina zuzentzen duen eskua ezkutuan gelditzen da beti.
Hala ere, herri guztiek, beren gogoetak adierazteko, giza hizkuntzen osagai diren forma gramatikalez baliatu behar izaten duten bezalaxe, era berean gizarte guztiek, irauteko, aginte-maila batera makurtu behar izaten dute, hau gabe anarkian jausten baitira. Aginte hau era ezberdinetan banatua egon daiteke; baina betiere beharrezkoa da nonbait egotea.
Bi bide daude agintearen indarra gutxitzeko nazio batean.
Lehena, boterea bere printzipioan bertan ahultzea da, gizarteari zenbait kasutan bere burua defenditzeko eskubidea edo ahalmena kenduz. Agintea era honetan ahultzeari Europan oro har askatasuna ezartzea esaten zaio.
Bada bigarren bide bat agintearen eragina gutxitzeko: hau ez datza gizarteari bere eskubideetako batzuk kentzean edo berorren ahaleginak geldiaraztean, indarren erabilera hainbat eskuren artean banatzean baizik, eta funtzionariak ugaltzean, bakoitzari, egin behar duena egin ahal izateko botere guztia emanez. Badira herriak, non gizarte-botereen banaketa honek oraindik anarkiara eraman dezakeen; baina berez ez da batere anarkikoa. Egia esateko, agintea horrela banatzean, berorren eragina ez da hain jarkiezin eta arriskutsua gertatzen, baina ez da suntsitzen.
Estatu Batuetan, askatasunaren zaletasun heldu eta hausnartuak eragin zuen iraultza, eta ez independentziaren sen lauso eta zehazgabeak. Ez zen desordenazko grinetan oinarritu; baizik eta, aitzitik, ordena eta legezkotasunarekiko maitasunaren bidetik ibili zen.
Estatu Batuetan ez da nahi izan gizakiak, herrialde aske batean, edozer gauza egiteko eskubidea izaterik; aitzitik, beste leku batzuetan baino gizarte-betebehar ugariagoak ezarri zaizkio; han ez zaie bururatu gizartearen botereari bere printzipioan erasotzerik eta eskubideak zalantzan jartzerik; botere hori bere egikaritzan banatzera mugatu dira. Honela, aginpidea handia eta funtzionaria txikia izatera iritsi nahi izan da, gizarteak ongi araututa jarrai dezan, aske iraunez.
Munduan ez da herrialderik legea Amerikan bezain hizkuntza absolutuan mintzatzen denik, ezta lege hori aplikatzeko eskubidea hainbeste eskutan zatitua duenik ere.
Estatu Batuetan botere administratiboak ez du bere osaketan ezer zentral edo hierarkikorik; horregatik ez da inon nabaritzen. Boterea egon badago, baina ez da jakiten non aurkitu berorren ordezkaria.
Gorago ikusi dugu Ingalaterra Berriko udalerriak ez zeudela tutoretzapean. Hortaz, haiek berak arduratzen dira beren interes partikularrez. Gehienetan, udal-magistratuek izaten dute estatuko lege orokorrak betearazteko ardura, edota berek betetzekoa79.
Lege orokorrez gain, estatuak polizi arautegi orokorrak egiten ditu batzuetan; baina normalean udalerriak eta udal-ofizialak izaten dira, bake-epaileekin batera eta tokian tokiko premien arabera, gizarte-bizitzako xehetasunak arautu eta herritarren osasun publiko, ordena zuzen eta moraltasunari buruzko aginduak aldarrikatzen dituztenak80.
Azkenik, udal-magistratuak dira, beren kabuz eta kanpotiko bultzadaren beharrik gabe, gizarteetan sarri sortzen diren ustegabeko behar horiez arduratzen direnak81. Esan berri dugunaren ondorioz, Massachusettsen botere administratiboa udalerrian bildua dago ia erabat82, baina esku askoren artean banatua.
Frantziako udalerrian, egia esateko, ez dago funtzionari administratibo bakarra baino, alkatea.
Ikusi dugunez, gutxienez hemeretzi aurki daitezke Ingalaterra Berriko udalerrian.
Hemeretzi funtzionari hauek ez daude normalean batzuk besteen menpe. Magistratu hauetako bakoitzaren inguruan legeak ekintza-esparru bat marraztu du arretaz. Esparru honetan, ahalguztidunak dira beren postuari dagozkion betebeharrak zertzeko eta ez daude inolako udal-aginteren menpe.
Udalerria baino gorago begiratzen bada, ia ez da sumatzen hierarkia administratiboaren arrastorik. Batzuetan gertatzen da konderriko funtzionariek eraberritu egiten dutela udalerriek edo udal-magistratuek harturiko erabakia83, baina oro har esan daiteke konderriko administratzaileek ez dutela udalerriko administratzaileen jokabidea zuzentzeko eskubiderik84. Ez diete agindurik ematen, konderriko gauzei dagokienean izan ezik.
Aurrez ezarritako kasu gutxi batzuetan, udalerriko eta konderriko magistratuak beharturik daude beren eragiketen emaitza gobernu zentralaren funtzionariei jakinaraztera85. Baina gobernu zentralak ez du ordezkaririk polizi arautegi orokorrak edo legeak betearazteko ordenantzak egiteko ardura duenik, ezta konderriko eta udalerriko administratzaileekin maiz komunikatzeaz, edo berauen portaera ikuskatu, ekintzak zuzendu eta hutsegiteak zigortzeko ardura duenik ere.
Ez dago, beraz, inon erdigune bat, non bil daitezkeen botere administratiboaren izpiak.
Nola lortzen da, orduan, gizartea plan uniforme samar baten inguruan gidatzea? Nola obediarazi konderriei eta hauetako administratzaileei, udalerriei eta hauetako funtzionariei?
Ingalaterra Berriko estatuetan, botere legegilea gure artean baino gauza gehiagotara hedatzen da. Nolabait ere, administrazioaren beraren baitan sartzen da legegilea; xehetasun ñimiñoenetara iristen da legea; printzipioak eta, aldi berean, aplikatzeko bideak agintzen ditu; honela, bigarren mailako gorputzak eta hauen administratzaileak zorrotz zehazturiko betebehar estu askoren baitan ixten ditu.
Horren ondorioz, bigarren mailako gorputz guztiak eta funtzionari guztiak legera moldatzen badira, gizarteak era beretsuan jokatzen du bere zati guztietan; baina betiere falta da jakitea bigarren mailako gorputzak eta funtzionariak nola behartu litezkeen legera moldatzera.
Orokorki, funtzionariak legeek esandakoa egitera behartzeko, gizarteak bere esku bi bide bakarrik dituela esan daiteke:
Beraietako bati gainerako funtzionari guztiak zuzentzeko eta desobedientzi kasuan bere iritzira kargutik kentzeko ahalmena eman diezaioke.
Edo auzitegiei lege-hausleei zigor judizialak ezartzeko ardura eman diezaieke.
Ez da beti bide hauetako bat edo bestea aukeratzeko askatasuna izaten.
Funtzionaria gidatzeko eskubideak -hark, ematen zaizkion aginduak jarraitzen ez baditu- kargugabetzeko eskubidea suposatzen du, edo mailaz jasotzekoa bere eginbeharrak arretaz betetzen baditu. Magistratu hautatu bat, ordea, ez dago ez kargutik kentzerik, ez mailaz jasotzerik. Hautapenezko funtzioen izaerari dagokio agintaldiaren bukaera arte errebokaezina izatea. Izan ere, magistratu hautatuak ez du ezer espero behar edo ezeren beldur izan behar bere hautesleengandik izan ezik. Funtzio publiko guztiak hautapenaren ondorio direnean, ezin da benetako hierarkiarik egon funtzionarien artean, ezin baita pertsona berarengan elkartu agintzeko eskubidea eta desobedientzia eraginkorki zentzaraztekoa, eta agintzeko eskubidearekin ere ezingo litzateke batu sariak edo zigorrak ematekoa.
Beren gobernuan bigarren mailako engranaietan hautapena sartzen duten herriek administrazio-baliabide gisa zigor judizialen erabilera handia egin behar izaten dute.
Honekin ez da lehen begiratu batean topo egiten. Gobernariei, funtzioak hautagarri bihurtzea lehen kontzesio bat iruditzen zaie, eta magistratu hautatua epaileen erabakipean jartzea bigarren kontzesio bat. Beldur beretsua ematen diete bi berrikuntza hauek; eta lehena egitea bigarrena baino gehiago eskatzen zaienez, funtzionariaren hautapena onartzen dute baina epaileagandik independente uzten dute. Hala ere, bi neurri horietako bat da besteari ezar dakiokeen kontrapisu bakarra. Kontu handia izan behar da, zeren eta hautapenezko botere batek, botere judizialaren menpe ez bada jartzen, lehenago edo geroago kontrol orori ihes egiten dio edo suntsitua gertatzen da. Botere zentralaren eta gorputz administratibo hautatuen artean, auzitegiak bakarrik izan daitezke bitartekari. Hauek bakarrik behartu dezakete obeditzera funtzionari hautatua, hauteslearen eskubidea hautsi gabe.
Botere judizialaren hedapenak politika-arloan, koerlatiboa izan behar du hautapenezko boterearen hedapenarekin. Bi gauza hauek ez badoaz elkarrekin, azkenean estatua anarkian edo esklabutzan jausten da.
Garai guztietan garbi azaldu da, aztura judizialek nahiko gaizki prestatzen zutela jendea botere administratiboa egikaritzeko.
Amerikarrek arbasoengandik, ingelesengandik, hartu zuten erakunde baten ideia, Europako kontinentean ezagutzen dugunarekin inolako analogiarik ez duena, bake-epailearena, alegia.
Bake-epailea jende xehearen eta magistratuaren, administratzailearen eta epailearen bitarteko zerbait da. Bake-epailea pertsona ilustratua da, baina ez derrigorrez legeen ezagutzan aditua. Beraz, gizarteko polizia izateko ardura bakarrik ematen zaio, eta honek zentzua eta zuzentasuna gehiago eskatzen ditu jakintza baino. Bake-epaileak administrazioan esku hartzen duenean, forma eta publizitatearekiko halako gustu bat ezartzen du administrazioan, despotismoarentzat oso tresna gogaikarri bihurtzen duena; baina ez da bilakatzen magistratuak gobernatzeko ezgai bihurtzen dituzten lege-superstizio horien morroi.
Amerikarrak bake-epaileen erakundeaz jabetu dira, baina ama aberrian zuen izaera aristokratikoa erabat kenduz.
Massachusettseko gobernariak86 konderri guztietan izendatzen du hainbat bake-epaile, berauen funtzioak zazpi urterako direlarik87.
Gainera, bake-epaile hauen artetik, hiru izendatzen ditu, konderri bakoitzean sesio-auzitegia delakoa osatzen dutelarik. Bake-epaileek banaka esku hartzen dute administrazio publikoan. Batzuetan, hautapenezko funtzionariekin batera, zenbait administrazio-egintzaz arduratzen dira88; beste batzuetan auzitegi bat osatzen dute, zeinen aurrean magistratuek sumarialki akusatzen duten legea bete nahi ez duen hiritarra, edota hauek magistratuen delituak salatzen. Baina bake-epaileek sesio-auzitegian egikaritzen dituzte beren funtzio administratiborik garrantzizkoenak. Sesio-auzitegia urtean bi aldiz biltzen da konderriko hiriburuan. Massachusettsen, bera arduratzen da funtzionari publikoen kopuru handiena89 obedientzian edukitzeaz90.
Azpimarratzekoa da Massachusettsen sesio-auzitegia benetako gorputz administratibo bat dela, eta aldi berean auzitegi politiko bat. Esan dugu konderriak91 ez zuela izate administratiboa baizik. Sesio-auzitegia da konderriko zenbait udalerriri edo guztiei batera dagozkien interes gutxi batzuk bere kabuz zuzentzen dituena, hauen ardura ezin baitzaio beraietako bati bakarrik eman.
Konderriari dagokionez, sesio-auzitegiaren betebeharrak administratiboak dira huts-hutsik, eta bere jokabidean forma judizialak sartzen baditu sarri, argitzeko bidea92 eta administratuei ematen dien garantia baino ez da. Hala ere, udalerrietako administrazioa ziurtatu beharra dagoenean, gorputz judizial bezala jokatzen du ia beti, eta kasu bakan batzuetan bakarrik, gorputz administratibo bezala.
Agertzen den lehen eragozpena udalerriari berari obediaraztea da, estatuko lege orokorretatik ia independentea den boterea baita. Ikusi dugu udalerriek magistratu-kopuru bat izendatu behar dutela urtero, aholkulari izenaz zergak banatzen dituztenak. Udalerri batek zerga ordaindu beharrari ihes egin nahi badio aholkularirik izendatu gabe, sesio-auzitegiak isun latza ezartzen dio93. Isuna biztanle guztien artean biltzen da kolektiboki. Konderriko sheriffak, justizi ofizialak, betearazten du epaia. Honela, begirada guztietatik arretaz gordetzeko gogoz ematen du botereak Estatu Batuetan. Administrazio-agintea mandatu judizialaren atzean gordetzen da ia beti; honek ahaltsuago bihurtzen du, orduan bereganatzen baitu jendeak forma legalari ematen dion indar ia jarkiezin hori.
Ibilera hau erraza da jarraitzen, eta eragozpenik gabe ulertzen da. Udalerriari eskatzen zaiona argi eta zehatza da, oro har; gauza sinplea da eta ez konplexua, printzipio bat da eta ez xehetasunezko aplikazioa94. Baina zailtasuna, ez udalerriari, baizik eta udal-funtzionariei obediarazi nahi izatean hasten da.
Funtzionari publiko batek zertu ditzakeen egintza zentzagarri guztiak azken batean ondorengo kategoria hauetakoren batean sartzen dira:
Legeak agintzen diona gogorik eta ardurarik gabe egitea.
Legeak agintzen diona ez egitea. Azkenik, legeak debekatzen diona egitea.
Auzitegi bati, azken bi kasuetan bakarrik legokioke funtzionariaren jokabidea. Egitate positibo eta baloragarria behar da akzio judizialaren oinarri izateko.
Honela, selectmenek ez badituzte udal-hauteskundeen kasuan legeak eskaturiko formalitateak betetzen, isun-zigorra jasan dezakete95.
Baina funtzionari publikoak buru-argitasunik gabe betetzen badu bere zeregina, gogorik eta ardurarik gabe betetzen baditu legearen aginduak, gorputz judizialaren irispidetik kanpo aurkitzen da erabat.
Sesio-auzitegiak, bere eskurantza administratiboez hornitua egon arren, kasu hauetan ez du ahalmenik funtzionariari bere eginbeharrak guztiz betearazteko. Errebokazioaren beldurrak bakarrik eragotz ditzake delitu-gisako hauek, eta sesio-auzitegiak ez du udal-botereen jatorria; ezin ditu errebokatu berak izendatzen ez dituen funtzionariak.
Bestalde, axolagabezia eta arduragabekeria daudela ziurtatzeko, etengabe zaindu beharko litzateke beheragoko funtzionaria. Nolanahi ere, sesio-auzitegia bitan bakarrik biltzen da urtean; ez du ikuskapenik egiten, salatzen zaizkion egitate zentzagarriak epaitzen ditu bakarrik. Funtzionari publikoak kargutik kentzeko ahalmen arbitrarioak bakarrik garantiza dezake, bestalde, errepresio judizialak ezin ezarri dien obedientzia argi eta aktibo hori.
Frantzian, hierarkia administratiboan bilatzen dugu azken berme hau; Amerikan hautapenean bilatzen dute. Honela, hitz gutxitan laburtzeko azaldu berri dudana:
Ingalaterra Berriko funtzionari publikoak bere funtzioak betetzean krimen bat egiten badu, ohiko auzitegiei dagokie beti justizia egitea. Hutsegite administratiboa egiten badu, auzitegi administratibo hutsa arduratzen da zigortzeaz, eta gauza larria edo presazkoa denean, epaileak egiten du funtzionariak egin beharko zukeena96.
Azkenik, funtzionari hori berori, giza justiziak ez definitu, ez baloratu ezin dituen delitu ulergaitz horietako baten errudun bihurtzen bada, apelaziorik gabeko auzitegi baten aurrean agertzen da urtero, honek berehala utz dezakeelarik zeharo ezgaituta; agintaldiarekin batera ihes egiten dio botereak. Sistema honek seguraski abantaila handiak ditu bere baitan, baina bere egikaritzan badu azpimarratu beharreko eragozpen praktiko bat.
Jadanik ohartarazi dut sesio-auzitegia deritzan auzitegi administratiboak ez zuela udal-magistratuak ikuskatzeko eskubiderik; zuzenbidearen arabera, apelatzen dutenean baino ezin du jardun. Horretan datza sistemaren ahulezia.
Ingalaterra Berriko amerikarrek ez zuten ministerio publikorik ezarri sesio-auzitegiaren aurrean97, eta ulertzekoa da nekeza gertatzen zitzaiela horrelako bat ezartzea. Konderri bakoitzeko hiriburuan magistratu akusatzaile bat ezartzera mugatu izan balira, udalerrietan inolako agenterik eman gabe, magistratu horrek zergatik jakin beharko zukeen konderrian gertatzen zenaz sesio-auzitegiko kideek berek baino gehiago? Udalerri bakoitzean agenteak eman izan balitzaizkio, botererik beldurgarriena eskuratuko zukeen, judizialki administratzekoa, alegia. Legeak, bestalde, azturen ondorio dira, eta antzekorik ezer ez zegoen legeria ingelesean.
Amerikarrek, beraz, zatitu egin dute ikuskapen- eta salaketa-eskubidea, gainerako funtzio administratibo guztiak bezalaxe. Legearen arabera, epaimahai handiko kideek beren konderrian egin daitezkeen mota guztietako delituez98 ohartarazi behar dute dagokien auzitegia. Badira administrazio-delitu handi batzuk ministerio publiko arruntak ofizioz pertsegitu behar dituenak99; gehienetan, gaizkileak zigorrarazteko obligazioa ofizial fiskalari ezartzen zaio, isuna kobratzeaz arduratzen denari; honela, udalerriko diruzaina arduratzen da bere aurrean egiten diren delitu administratibo gehienak pertsegitzeaz.
Baina batez ere interes partikularrera jotzen du legeria amerikarrak100; hau da Estatu Batuetako legeak aztertzen direnean etengabe agertzen den printzipio nagusia.
Legegile amerikarrek konfiantza gutxi agertzen dute giza zuzentasunean; baina betiere buruargitzat jotzen dute gizakia. Beraz, gehienetan interes pertsonalean oinarritzen dira legeak betearazteko.
Administrazio-delitu batek positiboki eta benetan kalte egiten badio pertsona bati, ulergarria da, noski, honen interes pertsonala izatea salaketa ziurtatuko duena.
Baina erraz ulertzen da lege-agindua baldin bada, eta, gizartearentzat onuragarri izanik ere, ez badu bakoitzak onuragarritasun hori benetan sentitzen, akusatzaile bihurtzeko zalantza izango dutela guztiek. Honela, eta halako akordio isil batengatik, legeak ez erabiltzera irits daitezke.
Beren sistemak eramaten ditu mutur horretaraino, eta hor amerikarrak beharturik daude salatzaileei interesa sortzera, kasu batzuetan isun-diruaren parte bat emanez101.
Baliabide arriskutsua da, ohiturak degradatuz legeak betearazten dituena.
Konderriko magistratuen gainetik ez dago, egia esateko, botere administratiborik, gobernu-boterea baizik.
Ideia orokorrak Estatu Batuetako administrazioari buruz
aldatuZertan bereizten diren Batasuneko estatuak beren artean, administrazio-sistemari dagokionez.- Udal-bizitza ez da hain aktiboa eta osoa hegoaldera jaitsi ahala.- Orduan magistratuaren boterea handiago bihurtzen da, hauteslearena txikiago.- Udalerritik konderrira pasatzen da administrazioa.- New York, Ohio eta Pennsylvaniako estatuak.- Printzipio administratiboak, Batasun osoari aplikagarriak.- Funtzionari publikoen hautapena edo hauen funtzioen aldaezintasuna.- Hierarkiarik eza.-Baliabide judizialen sarrera administrazioan.
Lehenago iragarri dut, Ingalaterra Berrian udalerriaren eta konderriaren eraketa zehatz-mehatz aztertu ondoren, begiratu orokor bat emango niola Batasunaren gainerakoari.
Estatu bakoitzean daude udalerriak eta udal-bizitza; baina estatu konfederatuetan inon ez dago Ingalaterra Berriko udalerriak bezalakorik.
Hegoaldera jaitsi ahala, udal-bizitzak gero eta aktibotasun gutxiago duela nabari da; udalerriak magistratu, eskubide eta betebehar gutxiago du; han jendeak ez du hain eragin zuzenik arazo publikoetan; udal-batzarrak gutxiagotan egiten dira eta gai gutxiago tratatzen dituzte. Beraz, magistratu hautatuaren boterea handiagoa da konparazioan eta hauteslearena txikiagoa, udal-izpiritua ez dago hain erne eta ez da hain ahaltsua102.
Ezberdintasun hauek sumatzen New Yorkeko estatuan hasten da; oso nabarmenak dira Pennsylvanian; baina ez dira hain nabariak ipar-mendebalderantz joan ahala. Ipar-mendebaldeko estatuak sortuko dituzten migrari gehienak Ingalaterra Berritik irteten dira, eta ama aberriko aztura administratiboak adopziozko aberrira eramaten dituzte. Ohioko udalerriak Massachusettseko udalerriaren antz handia du.
Ikusi dugunez, administrazio publikoaren printzipioa udalerrian aurkitzen da Massachusettsen. Udalerria da jendearen interes eta afektuen bilgunea. Baina gero eta gutxiago gertatzen da hau jakintzargia hain orokorki hedatua ez dagoen estatuetara jaitsi ahala, zeinetan, ondorioz, udalerriak zuhurtasunaren garantia gutxiago eta administrazio-elementu gutxiago baitu. Ingalaterra Berritik urrundu ahala, udal-bizitza konderrira pasatzen da nolabait ere. Konderria bilakatzen da administrazio-gune nagusi, eta gobernuaren eta hiritar hutsen arteko botere bitartekaria eratzen du.
Esan dut Massachusettsen konderriko arazoak sesio-auzitegiak zuzentzen dituela. Sesio-auzitegia magistratu-kopuru batek osatzen du, gobernariak eta honen kontseiluak izendatuta. Konderriak ez du inolako ordezkaritzarik, eta beraren aurrekontua legislatibo nazionalak bozkatzen du.
Aitzitik, New Yorkeko estatu handian, Ohioko estatuan eta Pennsylvanian, konderri bakoitzeko biztanleek diputatu-multzo bat aukeratzen dute; diputatu hauek, bildurik, konderria ordezkatzen duen batzarra osatzen dute103.
Konderriko batzarrak badu, muga batzuen barruan, jendeari zerga ezartzeko eskubidea; ikuspegi honetatik, benetako legislatiboa osatzen du berak; konderria administratzen duen aldi berean, zenbait kasutan udalerrietako administrazioa zuzentzen du eta Massachusettsen baino askoz muga estuagoetara murrizten ditu udal-botereak.
Hauek dira udalerriaren eta konderriaren antolamenduak estatu konfederatu ezberdinetan dituen diferentzia nagusiak. Exekuzio-bideei buruzko xehetasunera jaitsi nahi izango banu, oraindik beste ezberdintasun asko izango nuke adierazteko. Baina nire helburua ez da zuzenbide administratibo amerikarrari buruzko ikastaro bat ematea.
Estatu Batuetan administrazioaren oinarrian dauden printzipio orokorrak ulertarazteko nahikoa esan dudala uste dut. Printzipio hauek era ezberdinetan aplikatzen dira; lekuen arabera ondorio gehixeago edo gutxixeago izaten dute, baina funtsean berberak dira alde guztietan. Legeak aldatu egiten dira; hauen fisonomia aldatu egiten da; izpiritu berberak biziarazten ditu.
Udalerria eta konderria ez daude berdin eratuak alde guztietan; baina esan daiteke udalerriaren eta konderriaren antolamendua Estatu Batuetan ideia beraren gain oinarritzen dela edonon: norbera dela berari bakarrik dagokionaren epailerik onena, baita bere behar partikularrak betetzeko egoerarik onenean dagoena ere.
Udalerriak eta konderriak, beraz, beren interes bereziak zaintzeko ardura dute. Estatuak gobernatu egiten du, eta ez administratu. Printzipio honek baditu bere salbuespenak, baina ez kontrako printzipiorik.
Doktrina honen lehen ondorioa, udalerriko eta konderriko administratzaile guztiak biztanleek berek aukeratzea izan da, edo behintzat beren artean bakarrik aukeratzea magistratu horiek.
Administratzaileak aukeratuak izanik alde guztietan, edo errebokaezinak behintzat, ondorioz hierarkiaren erregelak inon ezin izan dira sartu. Hortaz, zenbat funtzio hainbat funtzionari independente izan da ia. Botere administratiboa sakabanaturik dago esku askoren artean.
Hierarkia administratiborik inon ez dagoenez, administratzaileak hautatuak eta agintaldiaren azkeneraino errebokaezinak direnez, gehixeago edo gutxixeago auzitegiak administrazioan sartu beharra sortu da. Hortik isun-sistema, hauen bidez behartzen dituztelarik legea obeditzera bigarren mailako gorputzak eta hauen ordezkariak. Sistema hau Batasunaren mutur batetik besteraino aurkitzen da.
Gainerantzean, delitu administratiboak erreprimitzeko ahalmena, edo, behar izanez gero, administrazio-egintzak gauzatzekoa, ez zaie estatu guztietan epaile berberei eman.
Angloamerikarrek sorburu beretik atera dute bake-epaileen erakundea; estatu guztietan aurkitzen da. Baina ez diote beti erabilera bera eman.
Bake-epaileek alde guztietan esku hartzen dute udalerri eta konderrien administrazioan104, bai haiek berek administratuz, bai delitu administratibo jakin batzuk erreprimituz; baina, estatu gehienetan, delitu horietako astunenak auzitegi arrunten esku jartzen dira.
Honela, bada, funtzionari administratiboen hautapena edo hauen funtzioen aldaezintasuna, hierarkia administratiborik eza, gizarteko bigarren mailako gobernuan baliabide judizialak sartzea, hauek dira administrazio amerikarraren ezaugarri nagusiak, Mainetik Floridetaraino.
Estatu batzuetan hasiak dira zentralizazio administratiboaren arrastoak ikusten. New Yorkeko estatua da zentzu honetan aurreratuena.
New Yorkeko estatuan, gobernu zentralaren funtzionariek, kasu batzuetan, halako ikuskapen eta kontrol bat zertzen dute bigarren mailako gorputzen jokabideaz105. Beste batzuetan, berriz, apelazioko auzitegia bezalakoa eratzen dute arazoak erabakitzeko106. New Yorkeko estatuan, zigor judizialak beste leku batzuetan baino gutxiago erabiltzen dira baliabide administratibo bezala. Delitu administratiboak pertsegitzeko eskubidea ere esku gutxiagotan ezarria dago han107.
Joera bera sumatzen da pixka bat beste estatu batzuetan ere108. Baina, oro har, Estatu Batuetako administrazio publikoaren ezaugarri nabariena oso deszentralizatua izatea dela esan daiteke.
Estatua
aldatuUdalerriez eta administrazioaz hitz egin dut; estatuaz eta gobernuaz hitz egitea falta zait.
Hemen bizkorrago ibil naiteke, ez ulertua izateko beldurrik gabe; esan behar dudana konstituzio idatzietan ezarria dago dena, eta erraz eskura ditzake edozeinek109. Konstituzio hauek, bestalde, teoria sinple eta razional batean oinarritzen dira.
Horietan adierazten diren forma gehienak herri konstituzional guztiek berenganatu dituzte; ezagun bilakatu zaizkigu horrela.
Beraz, ez dut hemen azalpen labur bat besterik eman behar. Geroago saiatuko naiz orain deskribatuko dudana epaitzen.
Estatuaren botere legegilea
aldatuGorputz legegilearen banaketa bi ganbaratan.- Senatua.- Ordezkarien Ganbara.- Bi gorputz hauen eskurantza ezberdinak.
Estatuaren botere legegilea bi batzarren esku dago; lehenari Senatu izena ematen zaio normalean.
Senatua gorputz legegilea izaten da normalean; baina batzuetan gorputz administratibo eta judizial ere bihurtzen da.
Konstituzio ezberdinen arabera, hainbat eratan esku hartzen du administrazioan110; baina funtzionarien hautapenean esku hartuz sartzen da normalean botere exekutiboaren esparruan.
Botere judizialean, zenbait delitu politikori buruz erabakiz esku hartzen du, baita batzuetan zenbait kausa zibiletan ere111.
Kide gutxi izaten du beti.
Legislatiboaren beste adarrak, normalean Ordezkarien Ganbara deritzanak, ez du ezertan esku hartzen botere administratiboan, eta botere judizialean ere ez du parte hartzen funtzionari publikoak Senatuaren aurrean akusatuz baizik.
Bi ganbaretako kideak hautagarritasun-baldintza beretsuen menpe daude ia leku guztietan. Batzuk eta besteak era berean eta hiritar berberek aukeratzen dituzte.
Berorien arteko ezberdintasun bakarra, senadoreen agintaldia orokorrean ordezkariena baino luzeagoa izatea da. Bigarren hauek nekez jarraitzen dute funtziotan urtebete baino gehiago; lehenengoek bizpahiru urte irauten dute normalean.
Hainbat urtetarako izendatuak izateko pribilegioa ematean senadoreei, eta serieka berritzean, legegileen artean arazoekin ohitutako pertsona-kopuru bat mantentzeaz arduratu da legea, etorri berrien gain eragin onuragarria izan dezaketen pertsonak.
Gorputz legegilea bi adarretan banatzean, amerikarrek ez dute batzar bat herentziazkoa eta beste bat hautapenezkoa sortu nahi izan, ezta bata gorputz aristokratikoa eta bestea demokraziaren ordezkari ere; haien helburua ere ez da izan lehenengoaz botereari euskarri bat ematea, herriaren interes eta grinak bigarrenari utziz.
Indar legegilea banatzea, honela batzar politikoen mugimendua mantsotzea eta legeak berrikusteko apelazioko auzitegi bat sortzea, hauek dira Estatu Batuetako bi ganbaren egungo eraketak dituen abantaila bakarrak.
Denborak eta esperientziak erakutsi diete amerikarrei, abantaila horietara mugatuta ere, botere legegileen banaketa behar-beharrezko zerbait dela. Baturiko errepublika guztien artean, Pennsylvaniakoa bakarrik saiatu zen hasieran batzar bakarra ezartzen. Franklinek berak ere, herri-subiranotasunaren dogmaren ondorio logikoek eraginda, bultzatu egin zuen neurri hau. Baina laster aldatu behar izan zuten legea eta bi ganbarak eratu. Botere legegilea banatzeko printzipioak bere azken sagarapena izan zuen horrela; harrezkero, beraz, egia frogatutzat har daiteke zenbait gorputzen artean banatu beharra ekintza legegilea. Teoria hau, antzinako errepublikentzat ezezagun samarra, munduan ia ustekabean sartua -egia handi gehienak bezala- eta hainbat herri modernorentzat ezezaguna, azkenean axioma bezala bihurtu da gaur egungo zientzia politikoan.
Estatuaren botere exekutiboa
aldatuGobernaria zer den estatu amerikar batean.- Zer egoeratan dagoen legislatiboarekiko.- Zeintzuk dituen bere eskubide eta betebeharrak.- Herriarekiko menpekotasuna. Estatuaren botere exekutiboak gobernaria du ordezkari.
Ordezkari hitz hau ez dut kasualitatez erabili. Izan ere, estatuko gobernariak botere exekutiboa ordezkatzen du; baina bere eskubideetako batzuk bakarrik egikaritzen ditu.
Magistratu gorena, gobernari deritzana, legislatiboaren ondoan kokaturik dago moderatzaile eta kontseilari gisa. Beto esekitzaileaz horniturik dago, honek mugimenduak bere nahierara geldiarazteko edo gutxienez mantsotzeko aukera ematen diolarik. Herrialdeko beharrak azaltzen dizkio gorputz legegileari eta horiek betetzeko berari erabilgarri iruditzen zaizkion baliabideak ezagutarazten dizkio; haren nahien betearazle naturala da nazio osoari interesatzen zaizkion eginkizun guztietarako112. Legislatiborik ez dagoenean, tupusteko bortitz eta ezusteko arriskuetatik estatua babesteko neurri egoki guztiak hartu behar ditu. Gobernariak bere eskuetan biltzen du estatuko botere militar guztia. Milizien komandantea eta indar armatuaren burua da. Jendeak legeari eman nahi izan dion iritzi-botereak begirunea galtzen duenean, gobernaria jartzen da estatuko indar materialaren buru, erresistentzia apurtu eta ohiko ordena berrezartzen du.
Gainerantzean, gobernaria ez da udalerri eta konderrien administrazioan sartzen, edo behintzat oso zeharka baino ez du esku hartzen: bake-epaileak izendatzen ditu, gero errebokatu ezin dituenak113.
Gobernaria hautapenezko magistratua da. Oro har, zaintzen da urtebete edo bi baino gehiagorako ez hautatzea; eta horrela, beti gelditzen da bera sortu duen gehiengoarekiko menpekotasun estuan.
Deszentralizazio administratiboaren ondorio politikoak Estatu Batuetan
aldatuGobernu-zentralizazioaren eta zentralizazio administratiboaren artean ezarri beharreko bereizketa.- Estatu Batuetan zentralizazio administratiborik ez dago, baina bai gobernu-zentralizazio oso handia.- Estatu Batuetako deszentralizazio administratibo ikaragarriaren zenbait ondorio gogaikarri.- Egoera honen abantaila administratiboak.- Gizartea administratzen duen indarra, Europakoa baino arau, jakintzargi eta trebetasun gutxiagokoa, baina askoz handiagoa.- Egoera beraren abantaila politikoak.- Estatu Batuetan aberriak edonon sentiarazten du bere burua.- Gobernatuek gobernuari ematen dioten laguntza.- Erakunde probintzialak are beharrezkoagoak gizarte-egoera demokratikoago bihurtzen den neurrian.- Honen zergatia.
Zentralizazioa gaur egun etengabe errepikatzen den hitza da, baina oro har inor ez da esanahia zehazten saiatzen.
Badira, ordea, bi zentralizazio-mota, oso ezberdinak, eta ongi ezagutu beharrekoak.
Interes batzuk nazioko zati guztiei dagozkie; esate baterako, lege orokorren eraketa eta herriaren harremanak atzerritarrekin.
Beste interes batzuk nazioko zati batzuei bakarrik dagozkie, udal-eginkizunak, adibidez.
Lehenengoak zuzentzeko boterea leku edo esku bakar batean kontzentratzea gobernu-zentralizazioa deituko dudana ezartzea da.
Bigarrenak zuzentzeko boterea era berean kontzentratzea, zentralizazio administratiboa deituko dudana ezartzea da.
Bi zentralizazio-mota hauek elkarrekin nahasten dira zenbait puntutan. Baina, bakoitzaren esparruan bereziki sartzen diren gauzak orokorrean hartuta, erraz bereiz daitezke.
Ulergarria da gobernu-zentralizazioak ikaragarrizko indarra hartzea zentralizazio administratiboarekin bat egiten duenean. Honela, beren borondatearen abstrakzio osoa eta iraunkorra egitera ohitzen ditu pertsonak; eta obeditzera, ez behin eta gauza batean, gauza guztietan eta beti baizik. Orduan ez ditu indarrez bakarrik menperatzen, baizik eta azturen bidez ere bereganatzen ditu; isolatu egiten ditu eta ondoren banan-banan hartzen ditu masa komun horretan.
Bi zentralizazio-mota hauek elkarri laguntzen diote, batak bestea erakartzen du; baina ez nuke sinetsiko banaezinak direnik.
Louis XIV.aren menpean, imajina daitekeen gobernu-zentralizaziorik handiena ikusi zuen Frantziak, gizon bakar batek egiten baitzituen lege orokorrak, eta interpretatzeko ahalmena ere berak zeukan; Frantziaren ordezkari zen kanpoan eta beraren izenean jokatzen zuen. "Estatua ni naiz" esaten zuen, eta arrazoiz.
Hala ere, Louis XIV.aren menpean gaur egun baino askoz zentralizazio administratibo txikiagoa zegoen.
Gaur egun bada potentzia bat, Ingalaterra, non gobernu-zentralizazioa oso maila altuan dagoen. Han estatua gizon bakarra bailitzan mugitzen dela dirudi; egundoko jendetzak altxatzen ditu bere nahierara, bere boterearen indar guztia bildu eta noranahi bideratzen du.
Ingalaterrak, duela berrogeita hamar urtetik hona hain gauza handiak egin dituenak, ez du zentralizazio administratiborik.
Nire aldetik, ezin dut imajinatu nazio bat bizi daitekeenik, eta batez ere aurrerapenik egin dezakeenik, gobernu-zentralizazio handirik gabe. Baina zentralizazio administratiboak beraren menpe jartzen diren herriak ahultzeko bakarrik balio duela pentsatzen dut, jendearen artean izpiritu hiritarra gutxitzera jotzen baitu etengabe. Egia esateko, zentralizazio administratiboa, zenbait garai eta lekutan, nazioko indar erabilgarri guztiak biltzera iristen da, baina indar hauen birsortzapenari kalte egiten dio. Borroka-egunean garaipena ematen dio, baina luzera ahalmena gutxitzen. Beraz, miresgarriro lagun diezaioke pertsona baten handitasun igarokorrari, baina ez herri baten oparotasun iraunkorrari.
Oso kontuan izan behar da, estatu batek zentralizaziorik ez duelako ezin duela jardun esaten denean, oharkabean gobernu-zentralizazioaz esaten dela ia beti. Behin eta berriro esaten da Alemaniako inperioak sekula ezin izan zuela bere indarretatik ahalik eta probetxurik handiena atera. Konforme. Baina zergatik? Indar nazionala inoiz ez zelako zentralizaturik egon; estatuak ezin izan zituelako inoiz bere lege orokorrak obediarazi; gorputz handi hartatik bananduriko zatiek beti izan zutelako aginpide komuna zeukatenei laguntza ukatzeko eskubidea edo aukera, baita hiritar guztien intereseko gaietan ere; beste era batera esanda, ez zegoelako gobernu-zentralizaziorik. Oharpen berbera egin daiteke Erdi Aroaz ere: Gizarte feudaleko ezbehar guztiak, boterea -ez administratzekoa bakarrik, baita gobernatzekoa ere- milaka eskutan banatua eta mila eratan zatiturik egoteak sortarazi zituen; batere gobernu-zentralizaziorik ez egoteak eragozten zien orduan Europako nazioei edozein helburutarantz kementsu joatea.
Ikusi dugu Estatu Batuetan ez zegoela zentralizazio administratiborik. Hierarki arrastorik ere ez da ia aurkitzen. Europako ezein naziok -nire ustez, ondoez bizirik gabe- jasango ez lukeen mailaraino eraman da han deszentralizazioa, eta Amerikan bertan ere ondorio gogaikarriak sortzen ditu. Baina Estatu Batuetan mailarik gorenean dago gobernu-zentralizazioa. Erraza izango litzateke frogatzea han botere nazionala kontzentratuago dagoela Europan antzinako monarkietan baino. Estatu bakoitzean legeak egiten dituen gorputz bakarra egoteaz gain, bere inguruan bizitza politikoa sor lezakeen botere bakarra egoteaz gain, oro har, saihestu egin da barruti edo konderrietako batzar ugaririk eratzea, batzar hauek beren eskurantza administratiboetatik irteteko eta gobernuaren martxa oztopatzeko tentazioa izango ote zuten beldur. Amerikan estatu bakoitzeko legislatiboak ez du aurre egin diezaiokeen botererik. Ezerk ez luke bere bidean geldiaraziko, ez pribilegioek, ez inmunitate lokalak, ez eragin pertsonalak, ezta arrazoiaren autoritateak ere, bera baita gehiengoaren ordezkari, eta gehiengoak arrazoiaren organo bakartzat du bere burua. Bere jardueran ez du, beraz, bere borondatea beste mugarik. Beraren ondoan eta eskupean kokatua botere exekutiboaren ordezkaria dago, zeinek, indar materialaren laguntzaz, pozik ez daudenak obedientziara behartu behar baititu.
Ez dago ahultasunik gobernu-ekintzaren zenbait xehetasunetan izan ezik.
Errepublika amerikarrek ez dute indar armatu iraunkorrik gutxiengoak zapaltzeko, baina orain arte gutxiengoak ez dituzte inoiz gerra egitera behartu izan, eta armadaren beharrik ez da oraindik sumatu. Gehienetan, udalerri edo konderriko funtzionariez baliatzen da estatua hiritarren gain jarduteko. Honela, esate baterako, Ingalaterra Berrian udalerriko aholkularia izaten da zerga ezartzen duena; udalerriko biltzaileak kobratzen du; bildutakoa udalerriko diruzainak helarazten du altxortegi publikora, eta aurkezturiko erreklamazioak auzitegi arruntetara eramaten dira. Zerga biltzeko era hau mantsoa eta gogaikarria da; etengabe eragotziko luke diru-behar handiak lituzkeen gobernu baten martxa. Oro har, bere bizitzarako funtsezkoa duen guztirako, gobernuak bere funtzionariak izatea komeniko litzateke, berak aukeratuak, berak erreboka litzakeenak eta prozedura-modu arinekoak; baina, Amerikan antolatua dagoen bezala, botere zentralarentzat beti izango da erraza ekintza-bide kementsuago eta eraginkorragoak sartzea, beharren arabera.
Ez da beraz egia, sarri esaten den bezala, Estatu Batuetan zentralizaziorik ez dagoelako galduko direla Mundu Berriko errepublikak; aitzitik, nahikoa zentralizaturik ez egotetik urrun, gobernu amerikarrak zentralizatuegiak direla esan daiteke; geroago frogatuko dut hau. Batzar legegileek egunero irensten dituzte gobernu-botereen hondarren batzuk; guztiak beren baitan biltzeko joera izaten dute, Konbentzioak egin zuen bezalaxe. Honela zentralizaturik, gizarte-boterea etengabe aldatzen da eskuz, herri-boterearen menpe dagoelako. Sarritan zuhurtasuna eta aurrikuspena faltatzen zaizkio, dena baitezake. Horretan datza berarentzat arriskua. Hortaz, bere indarragatik, eta ez bere ahultasunagatik, dago egunen batean galtzeko arriskuan.
Deszentralizazio administratiboak hainbat ondorio ezberdin sortzen du Amerikan.
Ikusi dugu amerikarrek ia erabat isolatu zutela administrazioa gobernutik; honetan zentzuaren mugak gainditu egin dituztela iruditzen zait; zeren eta ordena, bigarren mailako gauzetan ere, interes nazionala baita oraindik114.
Estatua, lurraldeko puntu ezberdinetan postu finkoetan ezarririk eta bultzada komun bat emateko moduan bere funtzionari administratiborik ez duenez, nekez saiatzen da polizi arau orokorrak ezartzen. Nolanahi ere, arau hauen beharra biziki sentitzen da. Europarra sarritan ohartzen da horien gabeziaz. Gainazalean nagusi den desordena-itxura honek sinestarazten dio, lehen begiratuan, erabateko anarkia dagoela gizartean; gauzak sakon aztertzean bakarrik ohartzen da oker zegoela.
Eginkizun batzuk estatu osoari interesatzen zaizkio eta, hala ere, ezin dira gauzatu, ez dagoelako gidatuko dituen administrazio nazionalik. Udalerri eta konderriek zaintzeko utzirik, aldi baterako agente hautatuen esku lagata, ez dute inolako emaitzik edo ezer iraunkorrik sortzen. Europan zentralizazioaren aldekoek esaten dute gobernu-botereak hobeto administratzen dituela herriak, hauek beren kabuz baino. Hau izan daiteke egia botere zentrala ilustratua eta herriak jakintzargirik gabeak direnean, hura aktiboa eta hauek geldoak, hark jarduteko ohitura duenean eta hauek obeditzekoa. Halaber, ulertzekoa da, zentralizazioa gehitu ahala, joera bikoitz hau ere hazi egiten dela, eta areagotu egiten direla alde bateko gaitasuna eta besteko ezgaitasuna. Baina horrela denik ukatu egiten dut herria ilustratua denean, bere interesak zaintzen dituenean eta hauetaz arduratzen ohitua dagoenean, Amerikan egiten duen bezala.
Aitzitik, komentziturik nago, kasu honetan gizarte-ongizatea eragiteko hiritarren indar kolektiboa beti indartsuagoa izango dela gobernuaren aginpidea baino. Aitortzen dut zaila dela ziur esatea zein den lokarturiko herria esnatzeko bidea, ez dauzkan grinak eta jakintzargia emateko; jendea bere arazoez ardura dadin komentzitzea, badakit eginkizun neketsua dela. Sarritan errazagoa litzateke gortean bete beharreko etiketa-xehetasunez arduraraztea, herriko etxearen konponketaz baino.
Pentsatzen dut, halaber, administrazio zentralak, lehenengo interesatuen eskuhartze askea zeharo ordeztu nahi duenean, bere burua edo besteona engainatu nahi izaten duela.
Botere zentralak, oso ilustratu eta jakintsu izan arren, ezin ditu berak bakarrik herri handi baten bizitzako xehetasun guztiak barne hartu. Ezin du, giza indarrak gainditzen baititu horrelako eginkizunak. Bere ardura hutsez hainbeste baliabide ezberdin sortu eta funtzionarazi nahi duenean, emaitza ezosoaz konformatzen da, edo alferrikako ahaleginetan ahitzen.
Egia esateko, zentralizazioa erraz iristen da gizakiaren kanpo-ekintzak halako uniformitate baten menpe jartzera, azkenean hau berez bihurtzen delarik desiragarri, zeri aplikatzen zaion kontuan izan gabe; irudikatzen duen jainkoaz ahazturik estatua bat gurtzen duten jainkozale horiek bezala. Zentralizazioak nekerik gabe lortzen du arazo arruntei abiada erregular bat ezartzea, gizarte-poliziaren xehetasunak jakinduriaz zuzentzea, desordena arin eta delitu txikiak erreprimitzea, ez gainbehera ez aurrerapen ez den statu quo batean gizartea mantentzea, gizarte-gorputzean halako sortasun administratibo bat -administratzaileek ordena on eta lasaitasun publiko deitu ohi dutena- mantentzea115. Labur esateko, paregabea da eragozteko, ez ordea egiteko. Gizartea sakon mugiarazi edo bizkor ibilarazi behar duenean, huts egiten dio indarrak. Zentralismoaren neurriek gizabanakoaren laguntza pixka bat behar duten momentuan, harrigarria gertatzen da makineria itzel honen ahultasuna; ezintasunak jota gelditzen da bat-batean.
Batzuetan zentralizazioa, egoera etsigarrietan, hiritarren laguntza eskatzen ahalegintzen da; baina esaten die: "Nik nahi bezala jokatuko duzue, nik nahi bitartean eta nire gogoko norabidean gainera. Xehetasun hauetaz arduratuko zarete, guztia zuzentzeko asmorik gabe; ilunbeetan lan egingo duzue, eta geroago epaituko duzue nire egintza emaitzen arabera". Ezin da honelako egoeran giza borondatearen laguntzarik lortu. Askatasuna behar du bere ibileran, erantzukizuna bere egintzetan. Gizakiak, egina dagoen bezala, nahiago du geldi geratu, norantz ez dakiela independentziarik gabe ibili baino.
Ez dut ukatuko Estatu Batuetan sarri deitoratzen dela gutako bakoitza etengabe zaintzen dutela diruditen arau uniforme horiek ez egotea.
Noizean behin, gizarte-axolagabekeria eta zabarkeriaren adibide handiak aurkitzen dira. Tarteka-marteka orban traketsak agertzen dira, inguruko zibilizazioarekin erabateko desadostasunean diruditenak.
Beren arrakastarako etengabeko arreta eta zehaztasun zorrotza eskatzen duten eginkizun praktiko batzuk azkenerako bertan behera gelditzen dira sarritan; zeren eta Amerikan, alde guztietan bezalaxe, herriak momentuko ahalegin eta bat-bateko bultzada bidez jokatzen baitu.
Europarra, gutxi gora-behera gauza guztietan sartzen den funtzionari bat etengabe eskura izaten ohiturik dagoenez, nekez moldatzen da udal-administrazioko engranaia ezberdin hauetara. Oro har, bizitza gozo eta eroso bihurtzen duten gizarte-poliziari buruzko xehetasun txikiak Amerikan ahaztu egiten direla esan daiteke; baina gizartean pertsonarentzat funtsezkoak diren garantiak han ere badira beste edonon bezalaxe. Amerikarren artean, estatua administratzen duen indarra ez dago hain arautua, ez da hain ilustratu eta jakintsua, baina bai Europan baino ehun aldiz handiagoa. Ez dago munduan herrialderik, non gizakiek, azken finean, hainbeste ahalegin egiten duten gizarte-ongizatea sortzeko. Ez dut ezagutzen herririk hainbeste eskola eta hain eraginkorrik ezartzera iritsi denik, edo biztanleen erlijio-beharretarako tenplu egokiagorik, edo hobeto zainduriko udal-errepiderik. Estatu Batuetan ez da, beraz, proiektuen uniformitatea eta iraupena bilatu behar, ezta xehetasunen zainketa zehatza edo prozedura administratiboen bikaintasuna ere116; han aurkitzen dena indarraren irudia da, pixka bat basatia, egia esateko, baina boterez betea; eta bizitzaren irudia, gora-behera askorekin, baina baita mugimendu eta ahaleginekin ere.
Gainera, onartuko dut, nahi bada, Estatu Batuetako herri eta konderriak hobeto administratuko lituzkeela urruti kokaturiko, eta arrotz litzaiekeen, aginte zentral batek, beren baitatik harturiko funtzionariek baino. Aitortuko dut, eskatzen bazait, Amerikan segurtasuna handiagoa izango litzatekeela, gizarte-baliabideen erabilera zuhurrago eta zentzuzkoagoa egingo litzatekeela, herrialde osoko administrazioa esku bakar batean bildua balego. Baina deszentralizazioaren sistematik amerikarrek ateratzen dituzten abantaila politikoak ikusita, nahiago nuke hori aurkako sistema baino.
Azken finean, zer axola dit agintea beti erne egotea, nire atseginen lasaitasuna zainduz, nire aurretik joan eta arrisku guztiak kenduz, nik gauza hauetan pentsatu ere egin beharrik gabe, aldi berean aginte hau, bidetik arantzarik txikienak ere kentzen dizkidan bitartean, nire askatasunaren eta bizitzaren jaun eta jabe baldin bada, eta, bera ahultzen denean inguruan dena ahuldu, bera lokartzean dena lokartu eta bera hiltzean dena galdu behar izateko punturaino mugimendua eta existentzia monopolizatzen baditu?
Badira Europan nazioak zeinetan biztanlea bere bizilekuaren destinoaz arduratzen ez den maiztertzat hartzen baita. Herrialde hauetan biztanleen eskuhartzerik gabe gertatzen dira aldaketarik handienak; zer gertatu den ere ez du zehazki jakiten; zalantza du; txiripaz entzun du gertatuaren berri. Are gehiago, bere herriaren zoriak, bere kaleko poliziak, bere elizaren eta presbiterioaren zorteak ez dute kezkatzen; gauza hauek guztiak batere ez dagozkiola pentsatzen du, eta gobernua deritzan arrotz ahaltsu bati dagozkiola. Bere ustez, usufruktudun bailitzan gozatzen du ondasun hauetaz, jabetza-sentipenik gabe eta hobetzeko batere asmorik gabe. Bere buruarekiko axolagabezia hau hain urrutiraino doanez, azkenean bere segurtasuna edo seme-alabena arriskuan badago, arrisku hori uxatzeaz arduratu beharrean, besoak gurutzatzen ditu nazio osoa beraren laguntzan etor dadin itxaroteko. Pertsona honek, gainerantzean, bere hautamenaren sakrifizio hain osoa egin duen arren, ez du obedientzia beste inork baino gehiago atsegin. Egia esateko, makurtuko da enplegaturen baten apetara; baina atsegin du legeari erronka egitea, etsai menperatuak, kontrako indarra erretiratu ondoren, egin ohi duen bezala. Honela, etengabe morrontzaren eta libertinajearen artean dabilela ikusten dugu.
Nazioek, puntu honetara iristen direnean, beren legeak eta ohiturak aldatu egin behar dituzte, edota desagertu, berorietan bertute publikoen iturria agortua bezala baitago: oraindik badira menpekoak nazio horietan, baina ez hiritarrik jada.
Horrelako nazioak konkista ditzaten prest daudela esaten dut. Lurgainetik desagertzen ez badira, antzeko nazioz edo kaskarragoz inguraturik daudelako da; oraindik gelditzen zaielako beren baitan aberriaren halako sen zehaztezin bat, berorren izenarekiko harrotasun hausnargaberen bat, beren iraganeko aintzaren oroitzapen lausoren bat, zein, garbi ezertan oinarritu gabe, aski den, behar izanez gero, iraunarazteko bultzada bat emateko.
Okerra litzateke lasaitzea pentsatuz herri batzuek ahalegin ikaragarriak egin izan dituztela aberria defenditzeko, nolabait ere atzerritar gisa bizi arren bertan. Adi aztertuz gero, ikusiko da erlijioa izan zutela ia beti beren eragile garrantzizkoena.
Nazioaren iraupena, aintza edo oparotasuna dogma sakratu bihurtuak ziren haientzat eta, beren aberria defenditzean, hiri santua ere defenditzen zuten, bertako hiritarrak baitziren guztiak.
Herri turkiarrek sekula ez zuten esku hartu gizarteko arazoen zuzendaritzan; hala ere, egundoko eginkizunak burutu zituzten, sultanen konkistetan Mahomaren erlijioaren arrakasta ikusi zuten bitartean. Gaur egun erlijioa desagertuz doa; despotismoa bakarrik gelditzen zaie, eta beheraka doaz.
Montesquieuk, despotismoari bere indar propioa aitortzean, merezi ez zuen ohorea egin zion, nire ustez. Despotismoak, berak bakarrik, ezin du ezer iraunkorrik lortu. Hurbiletik begiratzen zaionean, gobernu absolutuak luzaroan aurrerarazi dituena erlijioa dela ikusten da, eta ez beldurra.
Zernahi eginda ere, sekula ez da gizakien artean benetako botererik aurkituko, borondateen elkartze askean ez bada. Nolanahi ere, munduan abertzaletasunak edo erlijioak bakarrik ibilaraz ditzake hiritar guztiak luzaroan helburu bererantz.
Ez da legeen zeregina itzaltzen ari diren sineskizunak suspertzea; baina legeen zeregina da jendea bere herrialdearen destinoetan inplikaraztea. Legeen zeregina da aberri-sen zehazgabe hori, beti gizakiaren bihotzean dagoena, esnarazi eta gidatzea, eta eguneroko pentsamendu, grina eta azturekin lotzean, sentimendu hausnartu eta iraunkor bihurtzea. Eta inork ez dezala esan beranduegi denik horretan saiatzeko; nazioak ez dira pertsonak bezala zahartzen. Beraren baitan jaiotzen den belaunaldi bakoitza herri berri bat bezala da, bere burua legegilearen esku jartzen duena.
Nik Amerikan gehien miresten dudana, ez dira deszentralizazioaren ondorio administratiboak, ondorio politikoak baizik. Estatu Batuetan, aberriak edonon sentiarazten du bere burua. Arduragai da herriskatik hasi eta Batasun osoraino. Biztanlea bere herrialdeko interes bakoitzari atxikitzen zaio, bere-bereei bezalaxe. Nazioaren aintzaz aintzatzen du bere burua; nazioaren arrakasta bere egintza dela iruditzen zaio, eta harrotu egiten da; oparotasun orokorraz poztu egiten da, beronetaz baliatzen delarik. Familiarekiko duen sentimenduaren antzeko zerbait du aberriarekiko, eta nolabaiteko berekoikeriagatik arduratzen da estatuaz ere.
Sarritan, europarrak ez du funtzionariagan indarra baizik ikusten; amerikarrak zuzenbidea ikusten du harengan. Esan daiteke, beraz, Amerikan gizakiak sekula ez diola gizakiari obeditzen, justiziari edo legeari baizik.
Horrela sortu du bere buruaz iritzi bat, sarritan larregizkoa, baina ia beti onuragarria. Bere indarraz fidatzen da beldurrik gabe, gauza guztietarako aski iruditzen zaiolarik. Partikular batek edozein ekimenen ideia asmatzen du; ekimen honek harreman zuzena izan arren gizartearen ongizatearekin, ez zaio bururatzen agintaritza publikoagana jotzerik honen laguntza lortzeko. Bere plana ezagutarazten du, betetzeko prest agertzen da, gizabanakoen indarrak eskatzen ditu berari laguntzeko eta aurrez aurre borrokatzen da oztopo guztien kontra. Sarritan, zalantzarik gabe, estatua beraren lekuan egonda baino gutxiago lortzen du; baina luzarora banakako ekimen guztien emaitza orokorrak erraz gainditzen du gobernuak egin zezakeena.
Agintaritza administratiboak, administratuen ondoan ezarria dagoenez eta nolabait ere berauen ordezkari denez, ez du ez jelosiarik, ez gorrotorik sortzen. Bere ekintza-bideak mugatuak dituenez, guztiek sumatzen dute ez daitezkeela berorrengan bakarrik oinarritu.
Honela, bada, botere administratiboa, bere eskurantzen esparruan esku hartzen duenean, ez da inola ere bere kontu utzia gelditzen, Europan bezala. Ez da uste izaten partikularren eginbeharrak amaitu direnik, publikoaren ordezkaria datorrelako jardutera. Aitzitik, guztiek gidatzen, laguntzen eta sostengatzen dute. Banakako indarren ekintza gizarte-indarren ekintzarekin bat eginez, sarritan lortzen da administraziorik kontzentratuen eta kementsuenak inola ere ezingo lukeena egitea (I).
Egitate asko aipatu ahal izango nituzke aurreratu dudana frogatzeko; baina nahiago dut bat bakarra hartzea, eta ongien ezagutzen dudana aukeratzea. Amerikan, krimenak aurkitzeko eta kriminalak pertsegitzeko agintearen esku jarritako baliabideak gutxi izaten dira.
Polizia administratiborik ez dago; pasaporterik ez da ezagutzen. Estatu Batuetako polizia judiziala ezin da gurearekin konparatu; ministerio publikoaren agenteak gutxi izaten dira, eta ez dute beti pertsekuzio-eginbideetan ekimena izaten; instrukzioa bizkorra eta ahozkoa izaten da. Zalantza dut, ordea, beste herrialderen
batean krimenak hain gutxitan ihes egiten dionik zigorrari. Honen arrazoia? Mundu guztiak izaten duela delituaren frogak aurkeztu eta gaizkilea harrapatzeko interesa.
Estatu Batuetan egin nuen egonaldian, krimen bat egin zeneko konderriko biztanleak beren kabuz batzordeak sortzen ikusi nituen, erruduna pertsegitu eta auzitegietara eramateko helburuaz.
Europan, kriminala zorigabe bat da, bere burua boterearen agenteengandik libratzeko borrokatzen dena; jendea borroka horren ikusle izaten da nolabait ere. Amerikan, kriminala gizajendearen etsai da, eta gizadi osoa du bere aurka.
Erakunde probintzialak herri guztientzat direla onuragarri uste dut; baina erakunde hauen beharrik handiena gizarte-egoera demokratikoa dutenetan dagoela iruditzen zait.
Aristokrazietan beti dago askatasunaren baitan halako ordena bat mantentzeko ziurtasuna.
Gobernariek zer galdu asko dutenez, ordena interes handikoa da beraientzat.
Esan daiteke, halaber, aristokrazia batean herria babesturik dagoela despotismoaren gehiegikerietatik, beti aurkitzen direlako indar antolatuak despotari aurre egiteko prest.
Erakunde probintzialik gabeko demokrazia batek ez du inolako garantiarik horrelako gaitzen aurka.
Nola jasanarazi askatasuna gauza handietan, gauza txikietan ere horretaz baliatzen ikasi ez duen jendetzari?
Nola aurre egin tiraniari gizabanako bakoitza ahula den herrialdean, eta banako horiek ez badute elkartuko dituen inolako interes komunik?
Libertinajearen eta botere absolutuaren beldur direnek berdin desiratu behar dute askatasun probintzialen garapen mailakatua.
Gainera, komentziturik nago zentralizazio administratiboaren uztarpean jausteko arriskurik handiena gizarte-egoera demokratikoa dutenetan dagoela.
Hainbat kausak bultzatzen du emaitza horretara, baina beste batzuen artean hauek:
Nazio hauek, herria zuzenean ordezkatzen duen botere bakarraren eskuetan gobernu-botere osoa biltzera jotzen dute etengabe, zeren eta, herriaz harantzago, masa komun batean nahasten diren gizabanako berdinak bakarrik hautematen baitira.
Baina botere bat bera dagoeneko gobernu-eskurantza guztiez hornitua dagoenean, oso zaila gertatzen zaio administrazioko xehetasunetan sartzen ez saiatzea, eta luzarora horretarako aukerarik ez zaio falta izaten. Honen lekuko geu izan gara geurean.
Iraultza Frantsesean kontrako zentzuko bi mugimendu izan ziren, nahastu behar ez direnak: bata askatasunaren aldekoa, bestea despotismoaren aldekoa. Antzinako monarkian, bakarrik egiten zuen erregeak legea.
Botere subiranoaren azpian erakunde probintzialen hondarren batzuk zeuden, erdi suntsiturik. Erakunde probintzial hauek inkoherenteak ziren, gaizki antolatuak, sarritan zentzugabeak. Aristokraziaren eskuetan, batzuetan zapalkuntza-tresna ere izanak.
Iraultza erregetzaren eta erakunde probintzialen aurka agertu zen aldi berean. Gorroto bat berean nahastu zuen bere aurreko guztia, botere absolutua eta honen gogorkeria bigun zezakeena; errepublikazale eta zentralista izan zen aldi berean.
Iraultza Frantsesaren izaera bikoitz honetaz, botere absolutuaren adiskideak trebetasun handiz jabetu dira. Zentralizazio administratiboa defenditzen ikusten dituzuenean, despotismoaren alde ari direla uste al duzue? Inola ere ez, Iraultzaren konkista handietako bat defenditzen ari dira (K). Honela, izan daiteke herrikoi eta aldi berean herriaren eskubideen etsai, tiraniaren ezkutuko zerbitzari eta askatasunaren maitale agerikoa.
Askatasun probintzialen sistema mailarik goreneraino garatu duten bi nazioak bisitatu ditut eta nazio horiek zatitzen dituzten alderdien ahotsa entzun dut.
Amerikan, beren herrialdeko erakunde demokratikoak suntsitzeko nahi ezkutua zutenak aurkitu ditut. Ingalaterran, aristokraziari gogor erasotzen zioten beste batzuk aurkitu ditut; ez dut askatasun probintziala ondasun handitzat ez zeukan bat bakarra ere aurkitu. Bi herrialde hauetan estatuko gaitzak hainbat kausa ezberdini egozten dizkiotela ikusi dut, baina sekula ez udal-askatasunari.
Aberriaren handitasun edo oparotasuna arrazoi askori egozten entzun ditut hiritarrak; baina lehen mailan eta beste abantaila guztien zerrenda-buruan askatasun probintziala jartzen entzun ditut guztiak. Berez hain zatiturik dauden gizakiak, ez doktrina erlijiosoei ez teoria politikoei buruz ados jartzen ez direnak, gauza bakar batean, egunero beren aurrean dutelako ongien epai dezaketen horretan, ados jartzen badira, oker dabiltzala sinetsiko ote dut? Erakunde probintzial gutxi edo batere ez duten herriek bakarrik ukatzen dute horien onura; hau da, gaia batere ezagutzen ez dutenek bakarrik hitz egiten dute gaizki berorretaz.