Laugarren Zatia
Hori lortzeko, emandako urratsetan atzera itzuli beharko dut sarri. Baina irakurleak jarraituko didala espero dut, ezagutzen dituen bideek egia berriren batera eramango dute eta.
I. Berdintasunak berez ematen die gizakiei erakunde libreen zaletasuna
aldatuBerdintasunak, gizakiak batzuk besteengandik independente bihurtzen dituelarik, ekintza partikularretan beren borondateari bakarrik jarraitzeko aztura eta gustua harrarazten die. Erabateko independentzia horrek, zeinetaz etengabe gozatzen baitute beren parekideen aurrean eta bizitza pribatuaren erabileran, aginpide oro begi txarrez ikustera eramaten ditu eta askatasun politikoaren ideia eta maitasuna sortarazten dizkie laster. Garai horietan bizi direnak berezko malda batean behera doaz, erakunde askeetarantz daramatzalarik. Har ezazue bat, itsumustuan. Ahal bada, jo ezazue bere jatorrizko joeretara: ohartuko zarete, gobernu ezberdinen artean, lehenengo asmatzen eta gehien preziatzen duena berak buruzagia aukeratu eta egintzak kontrolatzen dituen gobernua dela.
Baldintza-berdintasunak sortzen dituen ondorio politiko guztietatik, independentziaren maitasun hau da begiradak lehenengo erakartzen dituena eta izpiritu beldurtiak gehien izutzen dituena, eta ezin da esan erabat oker dabiltzanik horretan, anarkia beste inon baino beldurgarriagoa baita herrialde demokratikoetan. Hiritarrek elkarren gain inolako eraginik ez dutenez, bakoitza bere lekuan egonarazten duen botere nazionalak huts egiten duen momentuan, ematen du desordenak gainezka egingo duela berehala, eta, hiritar bakoitza bere aldetik aldentzean, gizarte-gorputza bat-batean hauts eginda aurkituko dela.
Hala ere, komentziturik nago anarkia ez dela mende demokratikoek jasan behar duten gaitz nagusia, txikiena baizik.
Izan ere, berdintasunak bi joera sortzen ditu: batak jendea independentziara darama zuzenean eta bat-batean anarkiaraino bultza egin diezaioke; besteak bide luzeago, ezkutuago baina ziurragotik morrontzara darama.
Herriek erraz ikusten dute lehena, eta kontra egiten diote; besteak herrestan eramaten ditu oharkabean; bereziki inporta da agerian jartzea.
Nire aldetik, ez diot inola ere berdintasunari aurpegiratu nahi sortzen duen errebeldia, horrexegatik laudatzen baitut, batez ere. Gizaki bakoitzaren izpiritu eta bihotzaren barrenean independentzia politikoaren nozio ilun eta instintuzko joera hori jartzen duela ikustean miretsi egiten dut, honela erremedioa prestatzen baitio berak sortarazitako gaitzari. Ni alde honetatik atxikitzen natzaio berari.
II. Herri demokratikoen ideiak gobernu-gaietan botere-kontzentrazioaren aldekoak dira berez
aldatuSubiranoaren eta menpekoen artean kokaturiko bigarren mailako botereen ideia berez agertzen zen herri aristokratikoen irudimenean, botere horiek beren baitan zituztelako jaiotzaz, jakintzargiz edo aberastasunez besteen mailatik gorago zeuden pertsona edo familiak, agintzera destinaturik ematen zutenak. Ideia hori berdintasun-mendeetako jendearen izpiritutik kanpo egoten da berez, kontrako arrazoiengatik; artifizialki bakarrik sartu ahal izaten da hor, eta nekez eutsi ahal izaten zaio; aldi berean, pentsatu ere egin gabe zertzen da botere bakar eta zentralaren ideia, hiritar guztiak bere indarrez gida ditzakeena.
Bestalde, politikan, filosofian eta erlijioan bezalaxe, herri demokratikoen adimenak gogotsu hartzen ditu ideia sinple eta orokorrak. Sistema konplikatuek atzera eragiten diote, eta atseginez irudikatzen du nazio handi bat, zeinetan hiritar guztiak eredu bakar baten antzeko eta botere bakar batek gidatuak baitira.
Botere bakar eta zentralaren ideiaren ostean, berdintasun-mendeetan jendearen izpirituari berezkotasun handienaz agertzen zaiona legeria uniformearen ideia da. Bakoitzak ez duenez bere burua auzokoen aldean oso ezberdin ikusten, ez du ulertzen pertsona bati aplika dakiokeen araua zergatik ezin zaien beste guztiei ere berdin aplikatu. Beraz, pribilegiorik txikienek nazka ematen diote haren arrazoimenari. Herri beraren erakunde politikoetan ezberdintasunik txikienek ere mindu egiten dute, eta lege-uniformitatea iruditzen zaio gobernu on baten lehen baldintza.
Aitzitik, arau uniforme baten nozio hori berori, gizarte-gorputzeko kide guztiei berdin ezarria, arrotz gertatzen zaio giza izpirituari aristokrazi mendeetan. Ez du onartzen edota errefusatu egiten du.
Adimenaren joera kontrako horiek azkenerako, batean eta bestean, hain joera itsu eta hain aztura garaitezin bilakatzen direnez, ekintza guztiak gidatzen dituzte, egitate partikularrak gora-behera. Erdi Aroko barietate ikaragarria gora-behera, gizabanako erabat antzekoak aurkitzen ziren batzuetan; horrek ez zuen eragozten legegileak betebehar eta eskubide ezberdinak esleitzea bakoitzari. Aitzitik, gaur egun gobernuak gogor ahalegintzen dira oraindik batere antzik ez duten herriei usadio eta lege berberak ezartzen.
Herri batean gizarte-baldintzak berdindu egiten diren neurrian, gizabanakoek txikiago ematen dute eta gizarteak handiago, edota, hiritar bakoitza, beste guztien antzeko bihurturik, galdu egiten da jendetzan, eta herriaren beraren irudi zabal eta sekulakoa bakarrik ikusten da.
Horrek, berez, demokrazi garaietako jendeari oso iritzi jasoa ematen dio gizartearen pribilegioez eta ideia oso apala gizabanakoaren eskubideez. Erraz onartzen dute bataren interesa oro dela eta bestearena deus ez. Aski gogo onez onartzen dute gizartea ordezkatzen duen botereak askoz ere jakintzargi eta jakinduria gehiago duela osatzen duten gizabanakoetariko edozeinek baino, eta bere eginbeharra, baita bere eskubidea ere, hiritar bakoitzari eskutik heldu eta gidatzea dela.
Gure garaikideak hurbiletik aztertzen baditugu eta beren iritzi politikoen sustrairaino sartzen, aipatu berri ditudan ideietako batzuk aurkituko dira, eta agian harrigarria gertatuko da hain adostasun handia aurkitzea elkarri hain sarri gerra egiten diotenen artean.
Amerikarrek uste dute, estatu bakoitzean, gizarte-botereak herriagandik irten behar duela zuzenean; baina botere hori behin eratuta dagoenean, ez diote, nolabait esateko, mugarik imajinatzen; dena egiteko eskubidea daukala onartzen dute erraz.
Hiri, familia edo gizabanakoei emandako pribilegio bereziei dagokien ideia ere galdua dute. Haien izpirituak sekula ez du pentsatu ezin zaienik lege berbera uniformeki aplikatu estatu bereko zati guztiei eta bertan bizi diren guztiei.
Iritzi horiek beroriek gero eta gehiago ari dira zabaltzen Europan; herri-subiranotasunaren dogma bortizkien ukatzen duten nazioen baitan ere sartzen dira. Hauek, amerikarren aldean, beste jatorri bat ematen diote botereari; baina ezaugarri beretsuekin ikusten dute boterea. Guztietan, bitarteko boterearen nozioa ilundu eta ezabatu egin da. Gizabanako jakin batzuei dagokien eskubidearen ideia bizkor desagertzen da gizakien izpiritutik; gizartearen eskubide ahalguztidunaren eta, nolabait esateko, bakarraren ideiak betetzen du haren lekua. Ideia horiek sustraitu eta hazi egiten dira gizarte-baldintzak berdinago eta jendea antzekoago bilakatzen diren neurrian; berdintasunak sortarazten ditu, eta horiek, berriz, berdintasunaren aurrerapenak bizkortzen dituzte.
Frantzian, non Europako beste edozein herritan baino aurreratuago dagoen mintzagai dudan iraultza, iritzi horiek erabat jabetu dira adimenaz, eta gure alderdien ahotsa arretaz entzuten bada, ikusiko da ez dagoela bakar bat ere onartzen ez dituenik. Gehienek uste dute gobernuak gaizki jokatzen duela; baina guztiek pentsatzen dute etengabe jardun behar duela eta edozertan esku hartu. Elkarri gerra gogorkien egiten diotenek ere bat datoz puntu honetan. Gizarte-boterearen batasuna, ubikuitatea, guztiahala eta arauen uniformitatea dira gaur egun sorturiko sistema politiko guztiak bereizten dituen ezaugarri nagusia. Utopiarik arraroenen barrenean aurkitzen da. Oraindik irudi horiek zertzen ditu giza izpirituak, amets egiten duenean.
Horrelako ideiak espontaneoki zertzen baditu partikularren izpirituak, are errazago agertzen dira printzeen irudimenean.
Europako gizarte-egoera zaharra aldatzen eta desegiten ari den bitartean, subiranoek sineskizun berriak zertzen dituzte beren ahalmen eta betebeharrei buruz; lehen aldiz ulertzen dute eurek ordezkatzen duten botere zentralak bere kabuz, eta plan uniforme baten arabera, arazo guztiak eta gizaki guztiak administra ditzakeela eta administratu behar dituela. Iritzi hau, ausartuko naiz esatera, orain baino lehen Europako erregeek sekula zertu ez dutena, printze horien adimenaren barren-barreneraino sartzen da; eta irmo egoten da bertan beste guztien aldaketaren erdian.
Gure garaiko jendea, beraz, uste baino askoz gutxiago dago zatitua; etengabe eztabaidatzen dute subiranotasuna zein eskutan jarriko duten jakiteko; baina erraz ulertzen dute elkar subiranotasun horren betebehar eta eskubideei buruz. Guztiek ulertzen dute gobernua botere bakar, bakun, probidentzial eta sortzaile gisa.
Politika-arloan, bigarren mailako ideia guztiak mugikorrak izaten dira; subiranotasunarenak finko, aldagaitz, den bezalako irauten du. Publizistek eta estatu-gizonek hartzen dute, jendetzak irrikaz heltzen dio; gobernatuek eta gobernariek bat eginda, sugar berberaz jarraitzen diote: lehenengo ideia da; berezkoa dela ematen du.
Ez da, beraz, giza izpirituaren kapritxotik sortzen, baizik eta jendearen egungo egoeraren ezaugarri naturala da. (F)
III. Herri demokratikoen sentimenduak bat datoz beren ideiekin boterea kontzentratzera eramateko
aldatuBerdintasun-mendeetan gizonek erraz zertzen badute botere zentral handi baten ideia, bestalde, ezin da zalantzan jarri beren aztura eta sentimenduek joera berezia sortzen dietela horrelako boterea aintzatetsi eta laguntzeko. Honen frogaketa hitz gutxitan egin daiteke, arrazoi gehienak jadanik eman baitira beste toki batzuetan.
Herrialde demokratikoetan bizi direnak, ez dutenez ez beren gainekorik, ez azpikorik, ezta ohiko eta beharrezko asoziaturik ere, beren baitara itzultzen dira gogotsu eta izaki isolatuki kontsideratzen dituzte beren buruak. Hori luze eta zabal azaltzeko aukera izan dut indibidualismoaz hitz egiterakoan.
Gizon horiek asko kostata aldentzen dira beren arazo partikularretatik arazo komunez arduratzeko; berezko joera, ardura hori interes kolektiboen ordezkari ikuskor eta iraunkor bakarra den Estatuaren esku uztea da.
Ez bakarrik ez dute gauza publikoaz arduratzeko zaletasunik, gainera sarri astia falta izaten zaie horretarako. Bizitza pribatua hain da aktiboa demokrazi garaietan, hain da mugitua, desiraz eta nekez betea, gizon bakoitzari ez baitzaio ez kemenik, ez astirik, gelditzen bizitza politikorako.
Nik ez dut esango joera horiek garaitezinak direnik, nire helburu nagusia liburu hau idazterakoan horiei erasotzea izan baita. Esan nahi dudana da, gaur egun, indar ezkutu batek etengabe garatzen dituela giza bihotzean, eta aski dela ez geldiaraztea bihotz hori bete dezaten.
Era berean izan dut aukera erakusteko nola, ongizatearen maitasun hazkor eta jabetzaren izaera mugikorraren ondorioz, herri demokratikoak desordena materialaren beldur diren. Lasaitasun publikoaren maitasuna da sarri herri horiek gordetzen duten grina politiko bakarra, eta beraien artean aktiboago eta ahaltsuago bilakatzen da, beste guztiak ahuldu eta hiltzen diren neurrian; honek berezko joera bat ematen die hiritarrei botere zentralari eskuduntza berriak etengabe emateko edo hartzen uzteko, iruditzen baitzaie hark bakarrik dituela interesa eta baliabideak beraiek anarkiatik babesteko, bere burua ere babestuz.
Berdintasun-mendeetan inor ez dagoenez behartua bere indarra hurkoari ematera, eta inork ez duenez eskubiderik hurkoagandik laguntza handirik espero izateko, guztiak dira aldi berean independente eta ahulak. Bi egoera hauek -ez direnak ez banatuta, ez bat eginda hartu behar- demokrazietako hiritarrari oso kontrako joerak sortzen dizkiote. Bere independentziak konfiantza eta harrotasunez betetzen du parekideen artean, eta bere ahuleziak inoren laguntzaren beharra sentiarazten dio noizean behin, bere parekideen arteko inorengandik espero ez dezakeena, guztiak ezgai eta hotzak baitira. Egoera horretan, abaildura unibertsalaren erdian bakar-bakarrik goratzen den izaki neurrigabe horrengana zuzentzen du naturalki bere begirada. Bere premiek eta, batez ere, desirek horrengana eramaten dute etengabe, eta ahulezia indibidualaren euskarri bakar eta beharrezkotzat hartzen du azkenerako[1].
Honek herri demokratikoetan sarri gertatzen dena ulertarazten du: goragokoak oso gogo txarrez jasaten dituztenek nagusia pazientziaz jasaten dute, aldi berean harro eta morroi gisa agertuz.
Gizonek pribilegioari dioten gorrotoa areagotu egiten da pribilegioak bakanago eta txikiago bilakatu ahala; eta horrela, esan daiteke grina demokratikoak are gehiago sutzen direla horretarako motibo gutxien aurkitzen duten garaian. Jadanik eman dut fenomeno honen arrazoia. Ez dago hain ezberdintasun handirik begirada zauritzen duenik baldintza guztiak ezberdinak direnean; baina desberdintasunik txikiena harrigarri gertatzen da uniformitate orokorraren erdian; hori ikustea are jasanezinago bihurtzen da uniformitatea osoagoa den neurrian. Normala da, beraz, berdintasunaren maitasuna etengabe haztea berdintasunarekin berarekin; asebetetzen denean, garatu egiten da.
Gorroto hilezkor eta gero eta sutsuago horrek, herri demokratikoak pribilegiorik txikienen kontra jartzen dituena, bereziki bultzatzen du eskubide politiko guztien kontzentrazio graduala Estatuaren ordezkari bakarraren eskuetan. Subiranoak, derrigorrez eta aurkakotasunik gabe, hiritar guztien gainetik dagoelarik, ez du inoren inbidia sortzen, eta bakoitzak uste du bere parekideei kentzen dizkiela hark ematen dizkion prerrogatiba guztiak.
Demokrazi mendeetako gizonak ikaragarrizko nazkaz baino ez dio obeditzen bere berdina den auzokoari; inola ere ez dio aitortzen berak baino jakintzargi handiagorik duenik; ez da haren justiziaz fido eta jelosiaz ikusten du haren boterea; beldurra dio eta mesprezatu egiten du; gogoko du une oro sentiaraztea biek nagusi berarekiko duten menpekotasun komuna.
Berezko joera horiei jarraitzen dien botere zentral orok berdintasuna maitatzen eta bultzatzen du; zeren eta berdintasunak bereziki errazten du horrelako boterearen ekintza, hedatu eta ziurtatu egiten du.
Era berean, esan daiteke gobernu zentral orok adoratu egiten duela uniformitatea; uniformitateak xehetasun-pila baten azterketa aurrezten dio, horietaz arduratu beharko lukeelarik gizonentzat arau egokia egin beharko balu, gizon guztiak bereizketarik gabe arau beraren azpitik pasarazi ordez. Honela, hiritarrek maite dutena maite du gobernuak, eta haiek gorrotatzen dutena gorrotatzen du naturalki. Sentimendu-elkarte honek -nazio demokratikoetan, pentsamendu bat berean gizabanako bakoitza eta subiranoa etengabe batzen dituenak- beraien artean sinpatia ezkutuko eta iraunkorra ezartzen du. Gobernuari barkatu egiten zaizkio hutsegiteak bere gustuen mesedetan, bere gehiegikeria edo errakuntzen erdian nekez baino ez du galtzen konfiantza publikoa, eta berreskuratu egiten du eskatzen duenean. Herri demokratikoek sarri gorrotatu egiten dituzte botere zentrala daukatenak, baina beti maite izaten dute boterea bera.
Honela, bi bide ezberdinetatik helburu berera iritsi naiz. Erakutsi dut berdintasunak gobernu bakar, uniforme eta indartsuaren pentsamendua sortzen diela gizakiei. Oraintxe azaldu dut horren zaletasuna ematen diela; beraz, horrelako gobernu baterantz jotzen dute gaur egungo nazioek. Beren izpiritu eta bihotzaren berezko joerak horretarantz daramatza, eta aski zaie ez gelditzea bertara iristeko.
Pentsatzen dut, datozen demokrazi mendeetan, banakoen independentzia eta askatasun lokalak artearen emaitza izango direla beti. Zentralizazioa izango da gobernu naturala. (G)
IV. Zenbait kausa partikular eta akzidental herri demokratikoa boterea zentralizatzera edo horretatik urruntzera eraman dutenak
aldatuNahiz eta herri demokratiko guztiak instintiboki botere-zentralizaziorantz eramanak izan, ez dute guztiek era berean egiten. Gizarte-egoeraren berezko ondorioak garatu edo murriztu egiten dituzten zirkunstantzia partikularren arabera dago hori. Zirkunstantzia hauek asko dira; batzuk bakarrik aipatuko ditut nik.
Berdin izatera iritsi baino lehen luzaroan aske izan direnen artean, askatasunak emandako joerak berdintasunak iradokitzen dituen joeren aurka borrokatzen dira neurri bateraino; eta, haien artean botere zentralak pribilegioak gehitzen dituen arren, pertsona partikularrek sekula ez dute erabat beren independentzia galtzen.
Baina berdintasuna askatasuna inoiz ezagutu ez duen edo aspaldidanik ezagutzen ez duen herri batean garatzen denean, Europako kontinentean ikusten den bezala, nazioaren antzinako azturak bat-batean eta halako erakarpen natural baten bidez gizarte-egoerak sortarazten dituen aztura eta doktrina berriekin konbinatzen direlarik, botere guztiek beren kabuz erdirantz egiten dutela ematen du; bizkortasun harrigarriz metatzen dira bertan, eta Estatua kolpean iristen da bere indarraren goren mugara, eta pertsona partikularrak une batean jausten dira ahuleziaren azken mailaraino.
Duela hiru mende, Mundu Berriko basa eremuetan gizarte demokratiko bat sortzera joan ziren ingelesak, guztiak ohituta zeuden ama aberrian arazo publikoetan esku hartzen; ezagutzen zuten epaimahaia; bazuten adierazpen eta prentsa-askatasuna, gizabanakoen askatasuna, zuzenbidearen ideia eta horretaz baliatzeko usadioa. Erakunde aske eta ohitura indartsu horiek Ameriketara eraman zituzten, eta beroriek babesa eman zieten Estatuaren abusuen kontra.
Amerikarren artean, askatasuna da antzinakoa; konparazioz berdintasuna da berria. Kontrakoa gertatzen da Europan, non berdintasuna -botere absolutuak sarrarazia erregeen begiradapean- sartua baitzen herrien azturetan askatasuna haien ideietan baino askoz lehenago.
Esan dut, herri demokratikoetan, gobernua ez zitzaiola giza izpirituari naturalki agertzen botere bakar eta zentralaren forman baizik, eta bitarteko botereen nozioa ez zuela ezagutzen. Hau berdintasunaren printzipioa iraultza bortitzaren laguntzaz garaitzen ikusi duten nazio demokratikoei aplika dakieke, batez ere. Arazo lokalak zuzentzen zituzten klaseak ekaitz horretan bat-batean desagertzean, eta geratzen den masa nahasiak oraindik ez duelarik arazo horien administrazioa bere esku hartu ahal izateko ez antolamendurik, ez azturarik, ematen du Estatua bera bakarrik ardura daitekeela gobernuaren xehetasun guztiez. Zentralizazioa nolabait ere beharrezko egitate bihurtzen da.
Ez dago Napoleon ez laudatu, ez errudun jo beharrik, administrazio-botere ia guztiak bere eskuetan bakarrik biltzeagatik; zeren eta, nobleziaren eta goi-burgesiaren bat-bateko desagerpenaren ondoren, botere horiek beren kabuz iritsi baitzitzaizkion; ia hartzea bezain zaila gertatuko zitzaiokeen errefusatzea. Horrelako beharrik sekula ez dute sumatu amerikarrek; iraultzarik izan gabe eta hasieratik beren burua gobernatu zutelarik, inoiz ez diote Estatuari, ezta momentu batean ere, tutore izateko ardurarik eman behar izan.
Honela, herri demokratiko batean zentralizazioa ez da berdintasunaren aurrerapenaren arabera bakarrik garatzen, baita berdintasun hori ezartzeko moduaren arabera ere.
Iraultza demokratiko handi baten hasieran, eta klase ezberdinen arteko gerra sortu berria denean, administrazio publikoa gobernuaren eskuetan zentralizatzen ahalegintzen da herria, arazo lokalen zuzendaritza aristokraziari kentzeko. Aitzitik, iraultza horren bukaera aldera, aristokrazia menperatua izaten da normalean arazo guztien zuzendaritza Estatuari ematen saiatzen dena, herriaren tirania xeheari, bere parekide eta sarritan nagusi ere bilakatu den horri beldur baitio.
Honela, beti ez du hiritar klase berberak jarduten boterearen prerrogatibak hazten; baina, iraultza demokratikoak iraun bitartean, beti izaten da nazioan kopuruz edo aberastasunez ahaltsu den klase bat, bere grina berezi eta interes partikularrengatik administrazio publikoa zentralizatzera jotzen duena, auzokoaren gobernuari dion gorrotoaz aparte, hau sentimendu orokor eta iraunkorra baita herri demokratikoetan. Ikus daitekeenez, gaur egun Ingalaterrako behe-klaseak dira beren indar guztiaz lan egiten dutenak independentzia lokala suntsitzeko eta zirkunferentziaren puntu guztietako administrazioa erdira eramateko; goi-klaseak, berriz, administrazio horri antzinako mugetan eusten ahalegintzen dira. Egunen batean guztiz kontrako zerbait ikusiko dugula esatera ausartzen naiz.
Aurretik esandakoak ongi ulertarazten du, gizarte-lan luze eta neketsuaren bidez berdintasunera iritsi den herri demokratiko batean, gizarte-botereak zergatik izan behar duen beti indartsuagoa eta gizabanakoa ahulagoa, hasieratik hiritarrak beti berdinak izan dituen gizarte demokratiko batean baino. Horixe da amerikarren kasuak frogatu duena.
Pribilegioek sekula ez dituzte banatu Estatu Batuetan bizi direnak; inoiz ez dute ezagutu behekoaren eta nagusiaren arteko harremanik, eta batak besteari ez dionez ez beldurrik, ez gorrotorik, sekula ez dute beren arazoen xehetasunak gidatzeko subiranoari deitu beharrik ezagutu. Amerikarren destinoa berezia da: Ingalaterrako aristokraziatik eskubide indibidualen ideia hartu dute, baita askatasun lokalen gustua ere; eta bata nahiz bestea gorde ahal izan dituzte, ez dutelako aristokraziaren kontra borrokatu beharrik izan.
Garai guztietan, jakintzargiek gizakiei beren independentzia defendatzeko balio badiete, hori batez ere demokrazi mendeetan da egia. Gizon guztiak antzekoak direnean, erraza da gobernu bakar eta ahalguztiduna eratzea; aski dira berezko joerak. Baina jendeak adimen, jakintza eta arte handia behar ditu, zirkunstantzia berberetan, bigarren mailako botereak antolatu eta mantentzeko, eta, hiritarren independentziaren eta ahulezia indibidualaren erdian, elkarte askeak sortzeko, ordena suntsitu gabe tiraniaren kontra borrokatzeko egoeran egongo direnak.
Beraz, botere-kontzentrazioa eta morrontza indibiduala gehitu egingo dira nazio demokratikoetan, ez berdintasunaren proportzioan bakarrik, baita ezjakintasunaren arabera ere.
Egia da, ilustrazio gutxiko mendeetan, gobernuak ez duela sarri jakintzargirik izaten despotismoa perfekzionatzeko, eta hiritarrek ere ez berorri ihes egiteko. Baina efektua ez da berdina bi aldeentzat.
Oso zabarra izan arren herri demokratiko bat, gidatzen duen botere zentrala inoiz ez da batere jakintzargirik gabea izaten, erraz erakartzen baitu beregana herrialdean dagoen apurra, eta, behar izanez gero, kanpora joaten da bila. Demokratikoa izateaz gain ezjakina den nazioan berehala azalduko da ezberdintasun harrigarria subiranoaren gaitasun intelektualaren eta menpekoetako bakoitzarenaren artean. Ondorioz, erraz biltzen dira botere guztiak haren eskuetan. Estatuaren administrazio-boterea etengabe hedatzen da, bera bakarrik baita administratzeko behar hainbat trebea.
Nazio aristokratikoek, gutxi ilustraturik egon arren, ez dute inoiz ikuskizun hori ematen, jakintzargiak aski berdin banaturik egoten baitira printzearen eta hiritar printzipalen artean.
Gaur egun Egipton erreinatzen duen patxak herrialde horretako jendea oso pertsona ezjakinez eta oso berdinez osatua aurkitu du, eta Europako zientziaz eta adimenaz baliatu da gobernatzeko. Honela, subiranoaren jakintzargi partikularrak menpekoen ezjakintasun eta ahulezia demokratikoarekin konbinatuz, kosta gabe lortu da zentralizazioaren goren muga, eta printzeak herrialde hori bere fabrika bihurtu ahal izan du eta biztanleak bere langile.
Uste dut botere politikoaren zentralizazio gorenak gizartea indargabetzen duela azkenerako, eta, honela, gobernua bera ahultzen luzarora. Baina ez dut ukatzen gizarte-indar zentralizatu bat ez dagoenik eginkizun handiak, momentu eta puntu jakin batean, erraz gauzatzeko egoeran. Hori, batez ere, gerran da egia, non arrakasta askoz gehiago baitatza baliabide guztiak puntu jakin batera azkar eramateko erraztasunean, baliabide horien kopuruan baino. Beraz, herriek, batez ere, gerran sentitzen dute botere zentralaren prerrogatibak gehitzeko desira eta, sarri, beharra. Jeinu gerlari guztiek zentralizazioa maite dute, beren indarra areagotzen baitu, eta jeinu zentralizatzaile guztiek gerra maite dute, nazioak botere guztiak Estatuaren eskuetan jartzera behartzen ditu eta. Honela, jendea Estatuaren pribilegioak etengabe ugaltzera eta pertsona partikularren eskubideak murriztera daraman joera demokratikoa askoz bizkorragoa eta jarraituagoa da herri demokratikoetan beste guztietan baino, herri horiek, beren egoeragatik gerra handi eta ugarien menpe daudelarik, beren existentzia sarri arriskuan izan baitezateke.
Esan dut desordenaren beldurrak eta ongizatearen maitasunak oharkabean eramaten dituela herri demokratikoak gobernu zentralaren eskurantzak gehitzera, botere hori iruditzen baitzaie behar hainbat indartsu, buruargi eta egonkorra den bakarra anarkiaren aurka babesteko. Apenas dudan erantsi beharrik gizarte demokratiko baten egoera nahasi eta kili-kolozko bihurtzera eramaten duten zirkunstantzia partikular guztiek areagotu egiten dutela joera orokor hori eta, gero eta gehiago, pertsona partikularrak beren eskubideak lasaitasunaren menpe sakrifikatzera eramaten dituela.
Herri bat inoiz ez da botere zentralaren eskurantzak gehitzeko hain prest egoten iraultza luze eta odoltsutik irtetean baino -ondasunak lehen zeuzkatenen eskuetatik kendu ondoren, sineskizun guztiak astindu, eta nazioa gorroto sutsuz, interes kontrajarriz eta aurkako fakzioz bete duen iraultzatik irtetean, alegia-. Lasaitasun publikoaren gustua grina itsu bilakatzen da orduan, eta gerta liteke hiritarrek ordenaren maitasun oso desordenatua irrikatzea.
Oraintsu aztertu ditut hainbat gora-behera, guztiak ere boterearen zentralizazioa bultzatzen dutenak. Baina ez dut oraindik nagusienaz hitz egin.
Herri demokratikoetan arazo guztien zuzendaritza subiranoaren esku jar dezakeen kausa akzidental horietako lehena, subirano horren berorren jatorria eta bere joerak dira.
Berdintasun-mendeetan bizi direnek berez maite izaten dute botere zentrala eta gogotsu zabaltzen dituzte berorren pribilegioak; baina botere horrek beraien interesak zintzo ordezkatzera eta beraien joerak zehazki erreproduzitzera iristen bada, orduan berarengan jartzen duten konfiantza ia mugagabea izaten da, eta ematen duten guztia beren buruari ematen diotela uste dute.
Administrazio-botereak erdirantz erakartzea zailagoa eta mantsoagoa izango da oraindik antzinako ordena aristokratikoari nolabait loturik dauden erregeekin printze berriekin baino, beren egintzen seme, eta beren jaiotza, aurriritzi, sen eta azturek berdintasunaren kausarekin askaezinki lotuta ematen dutelarik. Ez dut esan nahi jatorri aristokratikoko printzeek, demokrazi mendeetan bizi direnek, ez dutenik zentralizazioa bilatzen. Uste dut beste guztiak bezain arduratsu saiatzen direla horretan. Beraientzat, alde horretan daude berdintasunaren abantailak; baina horien erraztasunak txikiagoak dira, hiritarrek, beren desiren aurretik naturalki joan ordez, sarritan nekez bakarrik onartzen baitute hori. Gizarte demokratikoetan, subiranoa zenbat eta gutxiago izan aristokrata, orduan eta handiagoa izango da beti zentralizazioa: horra hor erregela.
Errege-arraza zahar batek aristokrazia bat gidatzen duenean, subiranoaren aurriritzi naturalak guztiz bat datozelarik nobleen aurriritzi naturalekin, gizarte aristokratikoei datxezkien bizioak aske garatzen dira eta ez dute beren erremedioa aurkitzen. Kontrakoa gertatzen da adar feudal baten kimua herri demokratiko baten buru jarria dagoenean. Printzea bere heziketa, aztura eta oroitzapenengatik baldintza-ezberdintasunak sortarazitako sentimenduetarantz makurtzen da egunero; eta herriak, bere gizarte-egoeragatik, berdintasunak sortarazten dituen ohituretarantz jotzen du etengabe. Orduan, hiritarrak botere zentralari eusten saiatzea sarri gertatzen da, tiranikoa baino aristokratikoa izateagatik gehiago; eta beren independentziari irmo eusten diotela, ez bakarrik aske izan nahi dutelako, baizik eta berdinak izaten jarraitu nahi dutelako, batez ere.
Herri demokratikoaren buruan jende berria jartzeko, antzinako errege-familia bat eraisten duen iraultzak ahul dezake momentuz botere zentrala; baina, oso anarkikoa iruditu arren hasieran, zalantzarik gabe aurresan daiteke botere horren prerrogatibak hedatu eta ziurtatzea izango dela azken emaitza eta derrigorrezkoa.
Gizarte demokratikoan botere publikoa zentralizatzera iristeko behar den lehenengo baldintza eta, nolabait ere, bakarra berdintasuna maitatzea da edo sinestaraztea. Honela, despotismoaren zientzia, antzina hain konplikatua, sinplifikatu egiten da: printzipio bakar batera murrizten da, nolabait esateko.
V. Gaur egungo nazio europarren artean botere subiranoa hazi egiten a subiranoak hain egonkorrak ez izan arren
aldatuAurrekoaz hausnarketa egiten bada, harrigarri eta ikaragarri gertatzen da ikustea Europan nola dagoen dena botere zentralaren prerrogatibak mugagabeki haztera, eta banakoen bizitza egunetik egunera ahulago, menpekoago eta prekarioago bihurtzera bideratua.
Europako nazio demokratikoek amerikarrak botere-zentralizaziorantz eraman ohi dituzten joera orokor eta iraunkor guztiak dauzkate, eta, gainera, amerikarrek ezagutzen ez dituzten bigarren mailako kausa akzidental askoren menpe daude. Esan liteke berdintasunerantz ematen duten urrats bakoitzak despotismorantz hurbiltzen dituela.
Aski da geure inguruari eta geure buruari begiratzea horretaz komentzitzeko.
Gurearen aurreko aristokrazi mendeetan, Europako subiranoak beren botereari zegozkion hainbat eskubidez jadanik gabetuak zeuden edo beraiek ari ziren lagatzen. Oraindik ehun urte ez direla, Europako nazio gehienetan pertsona partikularrak edo gorputz ia independenteak zeuden justizia administratu, soldaduak bildu eta mantendu, zergak bildu eta sarritan legea egin edo garatu ere egiten zutenak. Estatuak beretzat bakarrik hartu ditu alde guztietan botere subiranoaren berezko eskurantza horiek; gobernuari dagokion guztian, ez du bitartekaririk jasaten bere eta hiritarren artean, eta bere kabuz gidatzen ditu arazo orokorretan. Ez noa inola ere botere-kontzentrazio hori gaitzestera; hori erakustera mugatzen naiz.
Garai berean, bigarren mailako botere asko zen Europan, interes lokalak ordezkatu eta arazo lokalak administratzen zituztenak. Jada desagertu dira autoritate lokal horietako gehienak; guztiek desagertzera edota menpekotasunik erabatekoenean erortzera jotzen dute bizkor. Europako mutur batetik besteraino, jauntxoen pribilegioak, hirien askatasunak, administrazio probintzialak suntsituta daude edota suntsitu egingo dituzte.
Azken mende erdian Europak iraultza eta kontrairaultza asko izan du, kontrako zentzuan astindu dutelarik. Baina mugimendu hauek guztiak puntu batean dira antzeko: guztiek apurtu edo suntsitu dituzte bigarren mailako botereak. Nazio frantsesak konkistaturiko herrialdeetan abolitu ez zituen pribilegio lokalak, menperatu duten printzeen ahaleginpean erori dira azkenean. Printze horiek Iraultzak berorien herrialdeetan sorturiko berritasun guztiak errefusatu dituzte, zentralizazioa izan ezik: Iraultzatik onartu nahi izan duten gauza bakarra da.
Azpimarratu nahi dudana zera da: gure garaian klase, korporazio eta gizakiei elkarren segidan kendu zaizkien eskubide horiek guztiek ez dutela balio izan bigarren mailako botere berriak oinarri demokratikoagoan eraikitzeko, baizik eta subiranoaren eskuetan bildu direla alde guztietatik. Nonahi Estatua gero eta gehiago iristen da bere kabuz hiritarrik apalenak ere zuzentzera, eta bakoitza arazorik txikienetan ere berak bakarrik gidatzera 19.
Antzinako Europan karitatezko establezimendu gehienak partikularren edo korporazioen esku zeuden; gehixeago edo gutxixeago, subiranoaren menpe jausi dira guztiak eta, hainbat herrialdetan, berak zuzentzen ditu. Estatuak ia bakarrik ekin dio gose direnei ogia emateari, gaixoei laguntza eta babesa, langabeei zeregina; ezbehar guztien konpontzaile ia bakarra bihurtu da.
Hezkuntza, baita karitatea ere, gaur egungo herri gehientsuenetan arazo nazional bilakatu da. Estatuak hartzen eta sarritan kentzen du haurra amaren besoetatik bere agenteei emateko; bera arduratzen da belaunaldi bakoitzari sentimenduak sortarazteaz eta ideiak emateaz. Uniformitatea nagusitzen da ikasketetan gainerako guztian bezala; dibertsitatea, askatasuna bezalaxe, egunetik egunera desagertzen da.
Beldurrik gabe aurrera dezaket, gaur egungo nazio kristau gehientsuenetan, katoliko nahiz protestanteetan, erlijioa gobernuaren esku erortzeko arriskuan dagoela. Subiranoak ez daude oso gogotsu dogma eurek finkatzeko, baina esplikatzen duenaren borondateaz gero eta gehiago jabetzen dira: kleroari jabetzak kentzen dizkiote, soldata esleitzen diote, apaizak daukan eragina desbideratu eta beren probetxurako bakarrik erabiltzen dute; beren funtzionarioetako bat bihurtzen dute, eta sarritan beren zerbitzarietako bat, eta berarekin gizaki bakoitzaren arimaren barren-barreneraino sartzen dira20.
Baina hau koadroaren alde bat baino ez da.
Oraintxe ikusi dugun bezala, subiranoaren boterea hedatu egin da antzinako botereen eremu osoan; baina hau ez da aski berari eusteko; gainezka egiten dio alde guztietatik eta orain arte gizabanakoaren independentziari gordetzen zitzaion esparrura zabaltzen da. Lehen gizartearen kontroletik erabat ihes egiten zuen ekintza-pila bat berorren menpe dago gaur egun, eta horien kopurua hazi egiten da etengabe.
Herri aristokratikoetan, nazio-interesarekin harreman zuzen eta nabaria zuen guztian, gizarte-boterea hiritarrak zuzendu eta gainbegiratzera mugatzen zen normalean; bere nahierara uzten zituen gogotsu gainerako guztian. Herri horietan, bazirudien gobernuak ahaztu egiten zuela sarri, gizabanakoen hutsegite eta miseriek puntu batean arriskuan jartzen dutela ongizate unibertsala, eta partikular baten porrota galarazteak arazo publiko izan behar duela batzuetan.
Gure garaiko nazio demokratikoek kontrako gehiegikeriarantz jotzen dute.
Nabaria da gure printzeetako gehienek ez dutela herri osoa zuzendu nahi bakarrik; esan liteke beren menpekoen ekintza eta destino indibidualaren arduradun jotzen dutela beren burua, horietako bakoitza bizitzako hainbat egintzatan gidatu eta ilustratzeari ekin diotela, eta, behar izanez gero, baita zoriontsu bihurtzeari ere, nahiz eta gogoz kontra izan.
Beren aldetik, partikularrek gero eta gehiago hartzen dute gizarte-boterea ikuspegi beretik; beren premia guztietan, laguntzera deitzen diote printzeari, eta une oro harengan finkatzen dute begirada, irakasle edo gidari batengan bezala.
Ez dago Europan herrialderik non administrazio publikoa ez den zentralizatuago bakarrik bilakatu, baita ikertzaileago eta zehatzago ere; alde guztietan garai batean baino aurrerago sartzen da arazo pribatuetan; bere erara ekintza gehiago arautzen du, eta ekintza txikiagoak; eta egunero gizabanako bakoitzaren ondoan, inguruan eta gainetik ezartzen da gero eta gehiago, lagundu, aholkatu eta behartzeko.
Antzina, subiranoa bere lurren errentatik bizi zen edo zergen emaitzatik. Gaur egun, boterearekin batera premiak ere hazi zaizkionean, ez da gauza bera gertatzen. Antzina printzeak zerga berri bat ezartzen zuen zirkunstantzia berberetan; gaur egun mailegura jotzen da. Poliki-poliki, Estatua aberats gehienen zordun bihurtzen da honela, eta kapitalik handienak biltzen ditu bere eskuetan.
Beste era batera erakartzen ditu txikienak.
Jendea elkarrekin nahastu eta baldintzak berdindu ahala, behartsuak baliabide, jakintzargi eta desira handiagoak ditu. Bere zoria hobetzea bururatzen zaio, eta hori aurrezki bidez lortzen saiatzen da. Beraz, aurrezkiak kapital txikiak mugagabeko kopuruan sortarazten ditu egunero, lanaren ondoriozko emaitza geldoak; etengabe hazten dira. Baina gehienak emankortasunik gabe geldituko lirateke, sakabanaturik jarraituz gero. Honek erakunde filantropiko bat sortarazi du, laster bihurtuko dena, oker ez banago, gure erakunde politiko handienetako bat. Pertsona karitatetsu batzuei behartsuaren aurrezkia bildu eta hori erabiltzea bururatu zaie. Herrialde batzuetan, onegintzazko elkarte horiek erabat aparte gelditu dira Estatutik; baina, ia guztietan, Estatuarekin bat egitera jotzen dute nabarmen, eta herrialde batzuetan gobernuak ordeztu ere egin ditu, honek hainbat milioi langileren eguneroko aurrezkia leku bakar batean zentralizatzeko eta bere eskuez bakarrik baliarazteko eginkizun itzelari ekin diolarik.
Honela, Estatuak beregana erakartzen du aberatsen dirua mailegu bidez, eta aurrezki-kutxen bidez bere nahierara erabil ditzake behartsuaren diruak. Beraren ondora eta eskuetara, etengabe iristen zaizkio herrialdeko aberastasunak; zenbat eta handiagoa izan baldintzen berdintasuna, are gehiago metatzen dira; zeren eta, nazio demokratiko batean, Estatuak bakarrik sortzen baitie konfiantza partikularrei, nolabaiteko indarra eta iraunkortasuna berak bakarrik dituela iruditzen zaie eta 21.
Honela, subiranoa ez da mugatzen aberastasun publikoa zuzentzera, aberastasun pribatuetan ere sartzen da; hiritar bakoitzaren buru da eta sarritan nagusi ere bai, eta, gainera, beraren intendente eta kutxazain ere bihurtzen da.
Botere zentralak berak bakarrik betetzen du antzinako botereen esparru osoa, zabaldu eta gainditu ere egiten du; baina gainera beste garai batean baino arintasun, indar eta independentzia handiagoz egiten du.
Gure garaian Europako gobernu guztiek miragarriro perfekzionatu dute administrazio-zientzia; gauza gehiago egiten dituzte, eta gauza bakoitza ordena eta arintasun handiagoz eta gastu txikiagoz egiten dute; ematen dute etengabe aberasten direla pertsona partikularrei kendu dizkieten jakintzargi guztiez. Egunero, Europako printzeek gero eta menpekotasun handiagoan dauzkate beren delegatuak, eta metodo berriak asmatzen dituzte hurbilagotik gidatzeko eta neke txikiagoz zaintzeko. Ez zaie aski arazo guztiak beren agenteen bidez gidatzea, beren agenteen portaera arazo guztietan zuzentzen saiatzen dira; honela, administrazio publikoa ez dago boterearen beraren menpe bakarrik; leku bat berean ixten da gero eta gehiago, eta esku gutxiagotan biltzen da. Gobernuak bere ekintza zentralizatzen du bere prerrogatibak gehitu ahala: bere indarraren kausa bikoitza.
Botere judizialak Europako nazio gehientsuenetan lehen zeukan eraketa aztertzen denean, bi gauza gertatzen dira harrigarri: botere horren independentzia eta bere eskurantzen hedapena.
Justizi epaitegiek partikularren arteko liskar gehientsuenak erabakitzen zituzten; kasu askotan, arbitroarena ere egiten zuten gizabanakoaren eta Estatuaren artean.
Hemen ez dut hitz egin nahi herrialde batzuetan auzitegiek usurpaturiko eskurantza politiko eta administratiboez, guztietan zeuzkaten eskurantza judizialez baizik. Europako herri guztietan, eskubide indibidual asko zegoen eta dago oraindik, gehienak jabetzaren eskubide orokorrari buruzkoak, epailearen zaintzapean zeudenak eta epaile horren baimenik gabe Estatuak hautsi ezin zituenak.
Botere erdi-politiko horrek bereizten zituen Europako auzitegiak beste guztietatik, herri guztiek izan baitituzte epaileak, baina guztiek ez dizkiete epaileei pribilegio berberak eman.
Aske deitzen diren Europako nazio demokratikoetan, baita besteetan ere, zer gertatzen den aztertzen badugu orain, ikusten da alde guztietan, auzitegi horien ondoan, menpekoago beste batzuk sortu direla, eta horien helburu berezia administrazio publikoaren eta hiritarren artean sor daitezkeen auzi-liskarrak erabakitzea dela, salbuespen modura. Antzinako botere judizialari bere independentzia uzten zaio, baina jurisdikzioa murriztuta, eta gero eta gehiago jotzen da bera interes partikularren arteko arbitro bakarrik izatera.
Auzitegi hauen kopurua etengabe hazten da, eta eskurantzak gehitzen. Gobernuak, beraz, gero eta gehiago ihes egiten dio bere borondate eta eskubideak beste botereren batek berresteko obligazioari. Epailerik gabe bizi ezin denez, gutxienez, berak aukeratu nahi izaten ditu bere epaileak eta beti bere esku eduki, hau da, beraren eta partikularren artean, justiziaren irudia jartzen du oraindik justizia bera baino gehiago.
Honela, Estatuari ez zaio aski arazo guztiak beregana erakartzea; gainera, gero eta gehiago, guztiak bere kabuz erabakitzera iristen da, kontrolik gabe eta errekurtsorik gabe 22.
Europako nazio modernoetan bada kausa handi bat, adierazi berri ditudan guzti hauetaz aparte, subiranoaren ekintza etengabe zabaltzen edo beraren prerrogatibak gehitzen laguntzen duena; ez zaio behar hainbat arreta jarri. Kausa hau industriaren garapena da, berdintasunaren aurrerapenek bultzatzen dutena.
Industriak normalean jende-multzoa metatzen du leku berean; beraien artean harreman berri eta konplikatuak ezartzen ditu. Oparotasun eta lazeriazko alternatiba handi eta bat-batekoen arriskupean jartzen ditu, eta horietan mehatxupean egoten da lasaitasun publikoa. Gerta liteke azkenean neke horiek berorietaz profitatzen direnen edo horietan dihardutenen osasuna edo bizia ere arriskuan jartzea. Honela, klase industrialak beste klaseek baino premia handiagoa du arautua, zaindua eta eutsia izateko, eta normala da gobernuaren eskurantzak berarekin batera haztea.
Egia hau orokorki aplika daiteke; baina hona hemen zer dagokien berezikiago Europako nazioei.
Gurearen aurreko mendeetan, aristokrazia zen lurraren jabe, eta defendatzeko egoeran zegoen. Beraz, jabetza higiezina bermez inguratua zegoen, eta hori zeukatenek independentzia handia zuten. Horrek betikotu diren lege eta azturak sortu zituen, nahiz eta lurrak zatitu eta nobleek porrot egin; eta, gaur egun ere, onibarren jabeak eta nekazariak dira hiritar guztien artean gizarte-boterearen kontroletik errazen ihes egiten dutenak.
Aristokrazi mende horietan, non aurkitzen baitira gure historiaren sorburu guztiak, jabetza higigarriak garrantzi txikia zuen, eta hori zeukatenak mesprezatuak eta ahulak ziren; industriariek aparteko klasea osatzen zuten mundu aristokratikoaren erdian. Zaindaritza ziurtaturik ez zutenez, ez zeuden babestuta eta ezin zuten beren burua babestu.
Hortaz, jabetza industriala, jabetzak oro har bezalako begiramendurik merezi ez zuena eta garantiarik behar ez zuena, izaera partikularreko ondasuntzat hartzea aztura bihurtu zen; baita industriariak gizarte-ordenan aparteko klase txiki bat bezala hartzea ere, hauen independentziak balio txikia izanik printzeen grina arautzailearen menpe uztea komeni zelarik. Izan ere, Erdi Aroko kodeak zabaltzen badira, harrigarria gertatzen da ikustea, independentzia indibidualaren mende haietan, industria erregeek arautzen zutela etengabe, bere xehetasunik txikienetan ere; puntu horretan, izan zitekeen bezain aktibo eta zehatza da zentralizazioa.
Geroztik, iraultza handia gertatu da munduan; jabetza industriala, orduan hazi bat besterik ez zena, garatu egin da eta Europa osoa betetzen du; klase industriala hedatu egin da, beste guztien hondakinez aberastu da; kopuruan, garrantzian, aberastasunean hazi da; etengabe hazten da; beraren parte ez diren gehientsuenek, alderen batetik gutxienez, badute loturarik berarekin; aparteko klase bat izan ondoren, klase nagusia izateko egoeran dago, eta klase bakarra, nolabait esateko; hala ere, antzina sortarazitako ideia eta aztura politikoek iraun egiten dute. Ideia eta aztura horiek ez dira aldatu, zaharrak baitira, eta gainera harmonia osoan daude gaur egungo jendearen ideia berri eta aztura orokorrekin.
Jabetza industrialak ez ditu, beraz, bere eskubideak bere garrantziarekin gehitzen. Klase industrialak, ugariago bihurtzean, ez du bere menpekotasuna gutxitzen; aitzitik, esan liteke bere baitan daramala despotismoa eta hau berez hedatzen dela hura garatu ahala 23.
Nazioak, industrialago bihurtu ahala, errepide, kanal, portu eta izaera erdi-publikoa duten beste lan batzuen premia handiagoa sentitzen du, lan hauek aberastasuna lortzea errazten dutelarik; eta demokratikoagoa den neurrian, partikularrek zailtasun handiagoa dute horrelako lanak egiteko, eta Estatuak erraztasun handiagoa. Ez naiz beldur esateko gure garaiko subirano guztien joera nabaria dela eurak bakarrik arduratzea horrelako eginkizunak gauzatzeaz; horrela, gero eta menpekotasun handiagoan edukitzen dute jendea.
Bestalde, Estatuaren boterea hazi eta premiak gehitu ahala, gero eta industri produktu gehiago kontsumitzen du berak ere, normalean bere artisautegi eta manufakturetan egiten dituenak. Honela, erresuma bakoitzean, subiranoa bilakatzen da industriarietako handiena; erakarri eta bere zerbitzura edukitzen du injineru, arkitekto, mekanikari eta artisauen kopuru izugarria.
Ez da bakarrik industriarietako lehena, baizik eta gero eta gehiago beste guztien buru, edo areago, nagusi izatera jotzen du.
Hiritarrak berdinago bilakatzean ahulago bihurtu direnez, ezin dute ezer egin industrian elkartu gabe; nolanahi ere, botere publikoak naturalki bere kontrolpean jarri nahi ditu elkarte hauek.
Aitortu beharra dago elkarteak deritzen izaki kolektibo moduko horiek indartsuago eta beldurgarriago direla gizabanako hutsa izan daitekeena baino, eta hauek baino erantzukizun txikiagoa dutela beren egintzengatik; hortik ondorioztatzen da arrazoizkoa bide dela elkarteetako bakoitzari gizarte-boterearekiko independentzia txikiagoa uztea partikular bati utziko litzaiokeena baino.
Subiranoek are joera handiagoa dute horrela jokatzeko, beren gustuak ere bat datozelako horrekin. Herri demokratikoetan hiritarren erresistentzia botere zentralarekiko elkartze bidez bakarrik eman daiteke; horregatik, azken honek gogo txarrez bakarrik ikusten ditu bere eskupean ez dauden elkarteak; eta oso ohargarria da, herri demokratiko horietan, hiritarrek sarri hartzen dituztela elkarte horiek, hain beharrezko zaizkienak, beldur eta jelosiazko sentimendu ezkutuz, beroriek defendatzea eragozten dielarik. Sozietate partikular txiki hauen botere eta iraupenak, ahulezia eta ezegonkortasun orokorraren erdian, harritu eta kezkatu egiten ditu, eta horietako bakoitzak bere berezko ahalmenez egiten duen erabilera askea ia-ia pribilegio arriskutsutzat jotzen dute.
Gaur egun sortzen diren elkarte hauek guztiak, bestalde, beste hainbat pertsona berri bezala dira, zeinen eskubideak ez baititu denborak finkatu, eta eskubide partikularren ideia ahula den eta gizarte-boterea mugagabea den garaian sartzen baitira munduan; ez da harritzekoa jaiotzerakoan beren askatasuna galtzea.
Europako herri guztietan bada zenbait elkarte, Estatuak estatutuak aztertu eta sortzea baimendu ondoren bakarrik eratu daitezkeenak. Horietako hainbatetan, ahaleginak egiten dira arau hori elkarte guztietara hedatzeko. Erraz ikusten da nora eramango lukeen horrelako helburu baten arrakastak.
Subiranoak inoiz izango balu edonolako elkarteak zenbait baldintzarekin baimentzeko eskubide orokorra, luzarora gabe eskatuko luke gainbegiratu eta gidatzeko eskubidea ere, berak ezarritako arautik aldendu ez daitezen. Era horretara, Estatuak, elkartu nahi duten guztiak bere menpe jarri ondoren, aurrez elkartuta dauden guztiak ere jarriko lituzke bere menpe, hau da, gaur egun bizi diren ia guztiak.
Honela, subiranoak gero eta gehiago jabetzen dira eta beren erabilerarako hartzen dute industriak gure garaiotan munduan sortzen duen indar berri horren parterik handiena. Industriak gobernatzen gaitu gu, eta haiek industria gobernatzen dute.
Hain garrantzitsua iruditzen zait esan berri dudan guztia, neure pentsamena ahalik eta ongien adieraztearren ilundu ez ote dudan beldurrak kezkatzen bainau.
Beraz, irakurleari iruditzen bazaio neure hitzak indartzeko aipaturiko adibideak ez direla nahikoa edo gaizki aukeratu ditudala; pentsatzen badu nonbait exageratu egin ditudala gizarte-boterearen aurrerapenak eta, aitzitik, neurriz kanpo murriztu dudala oraindik independentzia indibiduala mugitzen den esparrua, une batez liburua uzteko erregutzen diot eta bere kasa hausnartzeko erakutsi nahi izan dizkiodan gaiak. Arretaz azter dezala gure artean eta gugandik kanpo egunero gertatzen dena; galdegin diezaiela auzokoei; azkenik begira diezaiola bere buruari; oso oker ibili naiz bera, gidarik gabe eta beste bide batzuetatik, neuk eraman nahi izan dudan puntu berera iristen ez bada.
Ohartuko da, igaro berri den mende erdian, zentralizazioa edonon hazi dela mila eratara. Gerrak, iraultzak, konkistak haren garapenerako izan dira; gizaki guztiek lan egin dute haren hazkunderako. Denboraldi horretan, gizonak bizkortasun harrigarriz txandakatu direlarik arazoen zuzendaritzan, beren ideia, interes eta grinak mugagabeki aldatu dira; baina, nolabait ere, guztiek nahi izan dute zentralizatu. Zentralizaziorako joera izan da puntu mugigaitz bakarra beren bizitza eta pentsamenduen mugikortasun ikaragarriaren erdian.
Eta irakurlea, giza arazoen xehetasun hori aztertu ondoren, koadroa bere zabaltasun osoan ikusi nahi duenean, harrituta geldituko da.
Alde batetik, dinastiarik irmoenak koloka edota suntsituta daude; alde guztietatik herriek ihes egiten diote beren legeen aginteari; beren jaun edo printzeen aginpidea suntsitzen edo mugatzen dute; iraultzan ez dauden nazio guztiek egonezinik eta asaldatuta ematen dute gutxienez; errebolta-izpiritu berberak eragiten die. Eta, bestalde, anarki garai honetan eta hain bihurri diren herri horietan, gizarte-botereak etengabe hazten ditu bere prerrogatibak; zentralizatuago, aktiboago, absolutuago, hedatuago bilakatzen da. Hiritarrak administrazio publikoaren kontrolpean erortzen dira une oro; sentitu gabe, eta oharkabean bezala, egunero beren independentzia indibidualaren zati berriren batzuk sakrifikatzera eramaten dituzte, eta noizean behin tronuren bat iraultzen eta erregeak hankazpiratzen dituzten horiek beroriek gero eta gehiago makurtzen dira, erresistentziarik gabe, funtzionariren baten guraririk txikienetara.
Honela, bada, gaur egun bi iraultza zertzen direla ematen du, elkarren kontra: batak boterea ahultzen du iraunkorki, eta besteak indartu etengabe. Gure historian beste inoiz ez da agertu ez hain ahul, ez hain indartsu.
Baina, azkenik, munduaren egoera hurbilagotik aztertzeari ekiten zaionean, ikusten da bi iraultza hauek estu-estu loturik daudela elkarri, sorburu bera dutela eta, bide ezberdinak egin ondoren, azkenean leku berera eramaten dutela jendea.
Beldurrik gabe errepikatuko dut azken aldiz, liburu honetako beste hainbat lekutan dagoeneko esan edo adierazi dudana: kontuz ibili behar da ez nahasteko berdintasunaren egitatea bera eta hori gizarte-egoeran eta legeetan sartzen duen iraultza; hortxe dago, hain zuzen, harritzen gaituzten fenomeno ia guztien arrazoia.
Europako antzinako botere politiko guztiak, handienak nahiz txikienak, aristokrazi mendeetan sortu ziren, eta gutxi-asko ezberdintasunaren eta pribilegioaren printzipioa ordezkatzen edo defendatzen zuten. Gero eta handiagoa zen berdintasunak sortutako premia eta interes berriak gobernuan nagusiarazteko, gaur egungo gizonei beharrezkoa gertatu zaie antzinako botereak irauli edo bortxatzea. Honek iraultzak egitera eraman ditu eta beraien arteko askori desordena eta independentziaren gustu basatia sentiarazi die, iraultza guztiek, zeinahi helburu dutelarik ere, beti sortarazten dutena.
Ez dut uste eskualde bakar bat egongo denik Europan, non berdintasunaren garapenak ez dituen aurretik edo atzetik aldaketa bortitzen batzuk izan jabetzaren eta pertsonen egoeran, eta aldaketa hauek ia guztiak anarkia eta libertinaje handiarekin egin izan dira, nazioan gutxien zibilizaturiko zatiak gehien zibilizatuaren aurka egin izan baititu.
Hortik sortu dira gorago erakutsi ditudan kontrako bi joerak. Iraultza demokratikoa bete-betean zegoen bitartean, honen aurka borrokatzen ziren antzinako botere aristokratikoak suntsitu nahian zebiltzanak independentzi izpiritu handia agertzen zuten, eta, berdintasunaren garaipena osoagoa bilakatu ahala, berdintasun honek beronek sortarazten dituen joera naturaletara abandonatzen ziren pixkanaka, eta gizarte-boterea indartzen eta zentralizatzen zuten. Askeak izan nahi zuten berdinak izatera iristeko eta, berdintasuna askatasunaren laguntzaz gehiago ezarri ahala, zailago bihurtzen zitzaien askatasuna lortzea.
Bi egoera horiek beti ez dira elkarren segidakoak izan. Gure arbasoek erakutsi dute herri batek nola antola zezakeen bere baitan ikaragarrizko tirania nobleen aginpidetik ihes egin eta errege guztien botereari desafio egiten zion une berean, munduari aldi berean erakutsiz independentzia konkistatu eta galtzeko era.
Gure garaiko jendeak ikusten du antzinako botereak behera datozela alde guztietatik; antzinako eragin guztiak hiltzen ari direla ikusten du, antzinako hesi guztiak erortzen; horrek iaioenen irizmena ere nahastu egiten du; beraien aurrean zertzen ari den iraultza harrigarriari bakarrik jartzen diote arreta, eta uste izaten dute gizadia anarkian eroriko dela betiko. Iraultza horren azken ondorioetan pentsatuko balute, beste beldur batzuk izango lituzkete agian.
Niri dagokidanez, aitor dut ez naizela batere fido nire garaikideei bultza egiten dien askatasun-izpirituaz; gaur egungo nazioak zurrunbilotsuak direla ikusten dut garbi, baina ez dut ikusten argi liberalak direnik, eta beldur naiz, tronuak koloka jartzen dituzten astinaldi horietatik irtetean, subiranoak ez ote diren inoiz baino ahaltsuago izango.
VI. Zer-nolako despostimoaren beldur izan behar duten nazio demokratikoek
aldatuEstatu Batuetan egindako egonaldian ohartu nintzen amerikarrenaren antzeko gizarte-egoera demokratikoak erraztasun bereziak eskain zitzakeela despotismoa ezartzeko, eta Europara itzultzean ikusi nuen gure printzeetako gehienak zenbat baliatu ziren jadanik gizarte-egoera horrek berorrek sortarazitako ideia, sentimendu eta premiez, beren boterearen esparrua hedatzeko.
Horrek eraman ninduen sinestera kristau-nazioek agian antzinako herrietako batzuek lehenago jasan zutenaren antzeko zapalkuntzaren bat jasango zutela azkenerako.
Gaiaren azterketa zehatzagoak eta bost urteko hausnarketa berriek ez dute nire beldurra gutxitu, baina bai objektua aldatu.
Iragan mendeetan sekula ez da ikusi hain subirano absolutu eta ahaltsurik aginterri handi baten zati guztiak, bere kabuz eta bigarren mailako botereen laguntzarik gabe, administratzeari ekin dionik; ezta bere menpeko guztiak arau uniforme baten xehetasunetara bereizketarik gabe makurrarazten saiatu denik, edo bakoitzaren ondoraino jaitsi denik agindu eta gidatzeko ere. Horrelako eginkizun baten ideia sekula ez du izan giza izpirituak, eta, norbaiti bururatu ere egin balitzaio, jakintzargien eskasiak, administrazio-prozeduren inperfekzioak eta, batez ere, baldintzen ezberdintasunak sorturiko oztopo naturalek laster eragotziko zioketen hain proiektu zabala gauzatzea.
Ikusten da zesarrek botere handiena izan zuten garaian, mundu erromatarrean bizi ziren herriek artean bazituztela ekandu eta ohitura ezberdinak. Nahiz eta monarka beraren menpe egon, probintzia gehienak aparte administratuak zeuden; udalerri ahaltsu eta aktiboz beteak zeuden, eta, aginterriko gobernu osoa enperadorearen eskuetan bakarrik egon arren, eta, behar izanez gero, gauza guztien arbitro beti bera izan arren, gizarte-bizitzako eta gizabanakoaren bizitzako xehetasunek normalean ihes egiten zuten haren kontrolpetik.
Egia esateko, botere neurrigabe eta kontrapisurik gabea zuten enperadoreek, eta horrek beren joera bitxietara aske makurtzeko aukera ematen zien, eta joera horiek asetzeko Estatuaren indar osoa erabiltzeko ere bai; sarritan abusatu egiten zuten botere horretaz hiritar bati arbitrarioki ondasunak edo bizitza kentzeko; haien tiraniak ikaragarri pisatzen zuen batzuen gain, baina ez zen askorengana zabaltzen; garrantzizko gai handi batzuetara mugatzen zen, eta gainerakoez ahazten; bortitza eta murritza zen.
Badirudi, gaur egungo nazio demokratikoen artean despotismoa ezartzera iritsiko balitz, beste ezaugarri batzuk izango lituzkeela: zabalagoa eta gozoagoa izango litzateke eta atsekabetu gabe doilortuko lituzke gizakiak.
Ez dut zalantzarik, gureak bezalako jakintzargi- eta berdintasun-mendeetan, subiranoak errazago iritsiko liratekeela botere publiko guztiak beren eskuetan bakarrik biltzera eta maiztasun handiagoz eta sakonkiago sartuko liratekeela interes pribatuen esparruan, antzinako haietako inork inoiz egin ahal izan zuen baino. Despotismoa errazten duen berdintasun horrek berorrek, ordea, eztitu ere egiten du; ikusi dugu nola, gizakiak antzekoago eta berdinago diren neurrian, ohitura publikoak gizatiarrago eta gozoago bilakatzen diren; ezein hiritarrek ez badu ez botere handirik, ez aberastasun handirik, tiraniari okasioa eta jokalekua falta izaten zaizkio, nolabait ere. Aberastasun guztiak erdipurdikoak direnez, grinak ere neurritsuak izaten dira berez, irudimena mugatua, plazerrak xumeak. Moderazio unibertsal horrek moderatu egiten du subiranoa bera eta muga batzuen barruan eusten dio beraren desiren bulkada desordenatuari.
Gizarte-egoeraren izaeratik ateratako arrazoi horietaz aparte, nire arlotik kanpo harturiko beste asko ere erantsi ahal izango nituzke; baina neure buruari ezarri dizkiodan mugen barnean gelditu nahi dut.
Gobernu demokratikoak bortitz eta anker izan daitezke giro bero eta arrisku handiko zenbait momentutan; baina krisi horiek bakan eta igarokorrak izango dira.
Gaur egungo jendearen grina txikietan pentsatzen dudanean, bere ohituren biguntasunean, bere jakintzargien hedaduran, bere erlijioaren garbitasunean, bere moralaren gozotasunean, bere aztura saiatu eta ordenatuetan, bizioan nahiz bertutean ia guztiek izaten duten moderazioan, ez naiz beren buruzagiengan tiranoak aurkituko dituzten beldur, tutoreak baizik. (H)
Pentsatzen dut, beraz, herri demokratikoak mehatxatzen dituen zapalkuntza-mota ez dela izango munduan orain arte izan den ezeren antzeko; gure garaikideek ez dute horren irudirik beren oroitzapenetan aurkituko. Neuk ere alferrik bilatzen dut neuregan horretaz dudan ideia zehazki erreproduzitu eta bere baitan hartuko duen adierazpide bat; despotismo eta tiraniaren hitz zaharrak ez dagozkio ongi. Gauza berria da; beraz, definitzen saiatzea komeni da, ezin baitut izendatu.
Despotismoa munduan zein ezaugarri berrirekin sor ote daitekeen imajinatu nahi badut, antzeko eta berdinak diren gizonen kopuru zenbatezina ikusten dut, atsedenik gabe beren gain biraka dabiltzanak plazer txiki eta arrunten bila, hauekin betetzen dutelarik arima. Horietako bakoitza, aparte erretiratua, arrotz da beste guztien destinoarekiko. Seme-alaba eta lagun partikularrek osatzen dute beretzat gizadi osoa; gainerako herrikideei buruz, beraien ondoan dago, baina ez ditu ikusten; ukitu egiten ditu eta ez ditu sentitzen; beregan eta beretzat bakarrik bizi da eta, oraindik familia gelditzen bazaio ere, gutxienez esan daiteke jadanik ez duela aberririk.
Haien gainetik botere ikaragarri handi eta jagolea ageri da, bera bakarrik haien gozamena ziurtatu eta haien zoria zaintzeaz arduratzen dena. Absolutua da, zehatza, erregularra, aurrikuslea eta gozoa. Aitaren boterearen antza izango luke, gizonak heltzarorako prestatzea izango balu helburu; aitzitik, ez irteteko moduan haurtzaroan finkatzea baino ez du bilatzen; atsegin du hiritarrek gozatzea, gozatzeaz baino ez pentsatzekotan. Haien zorionerako lan egiten du gogotsu; baina beraien agente eta arbitro bakarra izan nahi du; haien segurtasunaz arduratzen da, premiak aurrikusi eta ziurtatzen ditu, plazerrak errazten ditu, arazo nagusiak gidatzen, industria zuzentzen, oinordetzak arautzen eta ondareak banatzen; zergatik ezin die erabat kendu pentsatzeko eragozpena eta bizitzeko nekea?
Honela egunero alferrikakoago eta bakanago bihurtzen du erabakimenaren erabilera; honela, gero eta espazio txikiagoan ixten du borondatearen ekintza, eta poliki-poliki hiritar bakoitzari bere buruaren erabilera ere kentzen dio. Berdintasunak gauza horietarako guztietarako prestatu du jendea, horiek sufritzeko prestatu du eta sarri baita onuragarritzat hartzeko ere.
Horrela, txandaka bere esku ahaltsuetan gizabanako bakoitza hartu ondoren eta bere gisara modelatu ondoren, subiranoak gizarte osoaren gain zabaltzen ditu bere besoak; gainazala arau txiki konplikatu, zehatz eta uniformeen sare batez estaltzen du, horietan zehar izpiriturik orijinalenek eta arimarik kementsuenek ere ezin dutelarik aurrera egin masaren aurrera pasatzeko; ez ditu borondateak apurtzen, baina bigundu egiten ditu, makurrarazi eta gidatu; nekez behartzen du jardutera, baina etengabe kontra egiten dio jarduteari; ez du suntsitzen, baina sortzea eragozten du; ez du tiranizatzen, baina bai gogait eragiten, zapaltzen, ahultzen, iraungitzen, aberetzen, eta azkenean nazio bakoitza abere-talde herabe eta langile izatera mugatzen du, gobernua izanik aberezaina.
Beti pentsatu izan dut pintatu berri dudan morrontza-mota hori, arautu, gozo eta baketsua, uste baino hobeto konbina daitekeela askatasunaren kanpo-formetako batzuekin, eta ez litzaiokeela ezinezkoa gertatuko herriaren subiranotasunaren gerizpean bertan ezartzea.
Bi grina etsaik etengabe nekatzen dituzte gure garaikideak: gidatuak izateko premia eta aske irauteko gogoa sentitzen dituzte. Kontrako joera hauetako bat ere suntsitu ezin dutenez, aldi berean biak asetzen ahalegintzen dira. Botere bakar, jagole, ahalguztiduna imajinatzen dute, baina hiritarrek aukeratua. Zentralizazioa eta herri-subiranotasuna konbinatzen dituzte. Horrek nolabaiteko atsedena ematen die. Tutelapean egoteaz kontsolatzen dira, pentsatuz eurek aukeratu dituztela beren tutoreak. Gizabanako bakoitzak jasan egiten du lotua izatea, ikusten baitu katearen muturra daukana ez dela pertsona bat, ez klase bat, herria bera baizik.
Sistema honetan hiritarrak une batez menpekotasunetik irteten dira beren nagusia seinalatzeko, eta berriro itzultzen dira bertara.
Gaur egun, jende asko oso erraz moldatzen da administrazio-despotismoaren eta herri-subiranotasunaren arteko konpromezu horretara, eta gizabanakoen askatasuna behar hainbat bermatua dutela uste dute nazio-botereari entregatzen diotenean. Hori ez zait aski. Nagusiaren izaera askoz gutxiago axola zait obedientzia baino.
Ez dut ukatuko, hala ere, antzeko eraketa bat askoz ere hobea iruditzen zaidala, botere guztiak kontzentratu ondoren gizon edo gorputz arduragabe baten esku utziko lituzkeena baino. Despotismo demokratikoak har litzakeen forma guztietatik, ziur aski hau izango litzateke okerrena.
Subiranoa hautazkoa denean edota benetan hautazkoa eta independentea den legebiltzar batek hurbiletik zaindua, gizabanakoei jasanarazten dien zapalkuntza handiagoa izaten da batzuetan; baina degradazio gutxiagokoa da beti, zeren eta, hiritar bakoitzak, gogait eragin eta ezintasunera murrizten dutenean, imajina baitezake, obeditzerakoan, bere buruaren menpe bakarrik jartzen dela, eta bere nahikundeetako bati sakrifikatzen dizkiola beste guztiak.
Ulertzen dut, halaber, subiranoak nazioa ordezkatu eta bere menpe hartzen duenean, hiritar bakoitzari kentzen zaizkion indar eta eskubideek ez diotela estatu-buruari bakarrik balio, Estatuarentzat berarentzat ere probetxugarri baitira, eta ulertzen dut partikularrek ere ateratzen diotela fruituren bat publikoaren mesedetan beren independentziaz egin duten sakrifizioari.
Beraz, herrialde oso zentralizatuan nazio-ordezkaritza sortzea zentralizazio gorenak eragin dezakeen gaitza gutxitzea da, baina ez suntsitzea.
Ongi ikusten dut, horrela, eskuhartze indibiduala gorde egiten dela arazorik garrantzitsuenetan; baina ez da gutxiago kentzen arazo txiki eta partikularretatik. Ahaztu egiten da batez ere xehetasunetan dela arriskutsua gizonak jopu bihurtzea. Nire aldetik, askatasuna beharrezkoagotzat joko nuke gauza txikietan handietan baino, pentsatuko banu inoiz ziur egon daitekeela bataz, bestea izan gabe.
Menpekotasuna arazo txikietan agertzen da egunero eta hiritar guztiengan sentiarazten da bereizketarik gabe. Ez ditu etsitzen, baina etengabe nahigabetzen ditu eta beren borondatearen erabilerari uko egitera eramaten ditu. Pixkanaka haien izpiritua iraungitzen du eta arima ahultzen, baina obedientziak -zirkunstantzia oso larri baina oso bakanetan eman behar dena- oso noizean behin erakusten du morrontza eta gizon jakin batzuen gain bakarrik botatzen du bere zama. Alferrik emango diezue hiritar horiei -botere zentralarekiko hain menpeko bihurtu dituzuenei- lantzean behin botere horren ordezkariak aukeratzeko ardura; beren aukeramenaren erabilera hain garrantzitsu baina hain labur eta bakan horrek ez du eragotziko beren kabuz pentsatu, sentitu eta jarduteko ahalmena poliki-poliki galtzea, eta honela pixkanaka gizatasun-mailaren azpitik erortzea.
Gaineratzen dut laster bihurtuko direla geratzen zaien pribilegio handi eta bakana zertzeko ezgauza. Administrazioaren esparruan despotismoa areagotzen zuten aldi berean esparru politikoan askatasuna sartu duten herri demokratikoak berezitasun oso bitxietara eramanak izan dira. Zentzu hutsa besterik behar ez duten arazo txikiak gidatu behar badira, hiritarrak horretarako gai ez direla iruditzen zaie; estatu osoko gobernua bada kontua, prerrogatiba handiak ematen dizkiete hiritar horiei; alternatiboki subiranoaren jostailu eta beraren nagusi dira, erregeak baino gehiago eta gizakiak baino gutxiago. Aukeraketa-sistema guztiak agortu ondoren, komeni zaien bat aurkitu gabe, harritu egiten dira eta bila segitzen, seinalatzen duten gaitza herrialdearen egituraketan hautesleriagan baino askoz gehiago ez balego bezala.
Egia esateko, zaila da ulertzea beren buruak gidatzeko azturari erabat uko egin diotenek nola asma dezaketen beren gidariak ongi aukeratzen; eta ezin da sinetsi gobernu liberal, kementsu eta zuhurrik inoiz irten daitekeenik zerbitzari-herri baten sufragioetatik. (I)
Konstituzio bat, bere buruan errepublikarra eta beste zati guztietan ultramonarkikoa litzatekeena, munstro efimeroa iruditu izan zait beti. Gobernarien bizioak eta gobernatuen inozokeriak laster eramango lukete hondamendira; eta herriak, bere ordezkariez eta bere buruaz nekatuta, erakunde askeagoak sortuko lituzke edota nagusi bakar baten oinetan etzatera itzuliko litzateke laster.
VII. Aurreko kapituluen jarraipena
aldatuBaldintzak berdinak dituen herri batean beste batean baino errazagoa iruditzen zait gobernu absolutu eta despotikoa ezartzea, eta horrelako gobernu bat inoiz antzeko herri batean ezarriko balitz, pentsatzen dut ez lituzkeela gizakiak zapaldu bakarrik egingo, luzarora baita gizatasunaren ezaugarri nagusienetako batzuk kendu ere bakoitzari.
Beraz, aro demokratikoetan despotismoari beldur berezia izan behar zaiola iruditzen zait.
Uste dut edozein garaitan maitatuko nukeela askatasuna, baina adoratzeko joera dut bizi dugun garai honetan.
Bestalde, komentziturik nago sartzen ari garen mende hauetan autoritatea pribilegioaren eta aristokraziaren gain oinarritzen ahalegintzen direnek porrot egingo dutela. Autoritatea erakarri eta klase bakar baten baitan eduki nahi dutenek porrot egingo dute. Gaur egun ez dago subiranorik menpekoen arteko bereizketa iraunkorrak berrezarriz despotismoa sortzeko behar hainbat iaio eta indartsurik; ez dago ere legegilerik behar hainbat jakintsu eta ahaltsurik erakunde askeak mantentzeko egoeran dagoenik, ez badu berdintasuna lehen printzipio eta ikurtzat hartzen. Beraz, gure garaikide guztiek, beren hurkoen independentzia eta duintasuna sortu edo ziurtatu nahi badute, berdintasunaren adiskide agertu behar dute; eta horrelako itxura emateko modu duin bakarra benetan horrelakoa izatea da: beren zeregin santuaren arrakasta horren arabera dago.
Honela, kontua ez da gizarte aristokratikoa berreraikitzea, baizik eta askatasuna sortaraztea Jainkoak biziarazten digun gizarte demokratikoaren baitan.
Lehenengo bi egia hauek sinpleak, argiak eta emankorrak iruditzen zaizkit, eta berez naramate hausnartzera zelako gobernu askea ezar ote daitekeen zirkunstantziak berdinak dituen herri batean.
Nazio demokratikoen eraketatik eta beraien premietatik ondorioztatzen da, horrelakoetan, subiranoaren botereak uniformeago, zentralizatuago, hedatuago, sarkorrago eta ahaltsuagoa izan behar duela beste edonon baino. Horietan gizartea aktiboago eta indartsuagoa da berez, gizabanakoa menpekoago eta ahulagoa; batak gehiago egiten du, besteak gutxiago; hori ezinbestekoa da.
Ezin da espero izan, eskualde demokratikoetan, independentzia indibidualaren esparrua aristokrazi herrialdeetan bezain zabala izango denik inoiz. Baina hori ez da desiragarria ere, zeren eta, nazio aristokratikoetan, gizartea gizabanakoari sakrifikatzen baitzaio sarri, eta gehiengoaren oparotasuna batzuen handitasunari.
Beharrezko eta desiragarria da aldi berean herri demokratiko bat gidatzen duen botere zentrala aktiboa eta ahaltsua izatea. Ez da ahul edo nagi bihurtu behar, bere malgutasun eta indarraz abusa dezan eragotzi baizik.
Aristokrazi mendeetan pertsona partikularren independentzia ziurtatzen zerak laguntzen zuen gehien, subiranoa ez zela hiritarrak gobernatu eta administratzeaz arduratzen; ardura hori neurri batean aristokraziako kideei utzi behar izaten zien; horrela, gizarte-botereak, beti zatiturik egotean, sekula ez zuen osorik eta era berean bere pisua jartzen pertsona bakoitzaren gainean.
Subiranoak ez zuen dena bere kabuz egiten, eta, gainera, haren ordez jarduten zuten funtzionari gehienak, beren boterea jaiotzaz lortzean eta ez subiranoagandik, ez zeuden etengabe haren esku. Ezin zituen une oro sortu edo suntsitu bere kapritxoen arabera, ezta guztiak uniformeki makurrarazi ere bere nahirik txikienetara. Honek are gehiago bermatzen zuen oraindik partikularren independentzia.
Ulertzen dut ongi gaur egun ezin dela bitarteko horretaz baliatu, baina horren ordezko prozedura demokratikoak ikusten ditut.
Korporazio edo nobleei kentzen zaizkien administrazio-botere guztiak subiranoari bakarrik eman ordez, zati bat aldibaterako hiritar hutsez osaturiko bigarren mailako gorputzei eman dakieke; honela, partikularren askatasuna ziurragoa izango da, beren berdintasuna txikiagoa izan gabe.
Amerikarrek, gu baino gutxiago arduratzen direlarik hitzengatik, konderri izena gorde dute beren administrazio-barrutietako handienarentzat; baina konderriaren ordez batzar probintziala jarri dute neurri batean.
Oso erraz onartuko dut, gurea bezalako berdintasun-garaian, bidegabea eta zentzugabea litzatekeela herentziazko funtzionariak ezartzea; baina ezerk ez du eragozten, neurri batean, horien ordez hautazko funtzionariak jartzea. Hautapena espediente demokratikoa da, botere zentralaren aurrean funtzionariaren independentzia ziurtatzen duena, herentziak herri aristokratikoetan egin dezakeena baino gehiago.
Herrialde aristokratikoak pertsona aberats eta eragin handikoz beterik daude, beren buruekin aski izaten dakitenak, eta erraz zapaltzen ez direnak, ezta ezkutuan ere; hauek moderazio eta neurrizko aztura orokorretan eusten diote botereari.
Ongi dakit herrialde demokratikoetan ez dela berez horrelako jenderik agertzen, baina sor daiteke antzeko zerbait artifizialki.
Benetan uste dut ezin dela munduan berriro aristokraziarik sortu; baina pentsatzen dut hiritar soilek, elkartuz, oso izaki oparo, eragin handiko eta indartsuak eratu ditzaketela; labur esanda, pertsona aristokratikoak.
Honela, aristokraziaren abantaila politiko handienetako batzuk lortuko lirateke, beraren bidegabekeria eta arriskurik gabe. Elkarte politiko, industrial, komertzial edo baita zientifiko eta literario bat ere hiritar ilustratu eta ahaltsu bat bezala da, nahierara makurrarazi ezin dena, ezta ezkutuan zapaldu ere, eta, boterearen exigentzien kontra bere eskubide partikularrak defendatzean, askatasun komunak salbatzen dituena.
Aristokrazi garaietan, pertsona bakoitza estu-estu lotua dago beti bere herrikideetako zenbaiti, eta ezin zaio berari eraso egin besteak laguntzera etorri gabe. Berdintasun-mendeetan, gizabanako bakoitza isolatua dago berez; ez du herentziazko lagunik laguntza eskatu ahal izateko, ezta klaserik ere sinpatia ziurtatuko dionik; erraz uzten da aparte eta zigorgabe hankazpiratzen. Gaur egun, zapaldua den hiritarrak bide bakarra du bere burua babesteko: nazio osoarengana zuzentzea eta, honek entzungor egiten badio, gizadiagana; hori egiteko bide bakarra dago, prentsa. Honela, prentsa-askatasuna askoz ere baliotsuagoa da nazio demokratikoetan beste guztietan baino; berak bakarrik sendatzen ditu berdintasunak sor ditzakeen gaitzik gehienak. Berdintasunak isolatu eta ahuldu egiten ditu gizakiak; baina prentsak bakoitzaren ondoan oso arma ahaltsua jartzen du, ahulenak eta isolatuenak ere erabil dezakeena. Berdintasunak hurbilekoen laguntza kentzen dio gizabanako bakoitzari, baina prentsak herrikide eta lagunurko guztiei laguntza eskatzeko aukera ematen dio. Inprimategiak berdintasunaren aurrerapena lastertu du eta bere zuzentzailerik onenetakoa da.
Pentsatzen dut aristokrazietan bizi direnak, behar izanez gero, bizi daitezkeela prentsa-askatasunik gabe, baina eskualde demokratikoetan bizi direnek ezin dute hori egin. Hauen independentzia pertsonala bermatzeko, ez naiz fido batzar politiko handiez, parlamentu-prerrogatibez eta herri-subiranotasunaren aldarrikapenaz.
Gauza hauek guztiak, puntu bateraino, bat datoz morrontza indibidualarekin; baina morrontza hori ezin da erabatekoa izan prentsa askea bada. Prentsa da, izatez, askatasunaren tresna demokratikoa.
Antzeko zerbait esango dut botere judizialaz.
Funtsezkoa zaio botere judizialari interes partikularrez arduratzea eta aurrean jartzen zaizkion gauza txikietara bere begirada gogotsu zuzentzea; botere horren mamiari dagokio, halaber, zapalduta daudenen laguntzara bere kabuz ezin joan izatea, baina beraien arteko apalenaren esanetara etengabe egotea. Honek, oso ahula izan arren, beti behartu dezake epailea bere kexa entzutera eta erantzutera. Botere judizialaren izaerari dagokio hori.
Horrelako boterea, beraz, bereziki aplikagarria da askatasunaren premietara, subiranoaren begia edo eskua giza ekintzen xehetasunik txikienetan etengabe sartzen den garaian, partikularrak, ahulegiak izanik beren burua babesteko, isolatuegi baitaude hurkoen laguntza jaso ahal izateko. Epaitegien indarra izan da beti independentzia indibidualari eskain dakiokeen bermerik handiena, baina hau demokrazi mendeetan da egia, batez ere; honelakoetan, eskubide eta interes partikularrak beti egoten dira arriskuan, botere judiziala hazten ez bada eta, baldintzak berdindu ahala, zabaltzen ez bada.
Askatasunarentzat oso arriskutsu den zenbait joera sortzen die berdintasunak gizakiei, legegileak beti erne egon behar duelarik horiekiko. Garrantzitsuenak bakarrik gogoraraziko ditut.
Demokrazi mendeetan bizi direnek ez dute erraz ulertzen formen baliagarritasuna; berezko destaina sentitzen dute horiekiko. Aipatu ditut horren arrazoiak beste nonbait. Formek mesprezua pizten diete, eta sarritan gorrotoa. Normalean gozamen erraz eta oraingoetara bakarrik jotzen dutenez, sutsu oldartzen dira beren desira-gaietako bakoitzera; atzerapenik txikienak etsigarri gertatzen zaizkie. Tenperamentu horrek, bizitza politikora eramana, egunero beren egitasmoren batean atzeratzen edo geldiarazten dituzten formen aurka jarrarazten ditu.
Demokrazietako jendeak formetan aurkitzen duen eragozpen hori da, hala ere, azken hauek askatasunarentzat hain mesedegarri bihurtzen dituena, bere meritu nagusia hesi izatea delarik indartsu eta ahularen, gobernari eta gobernatuaren artean, kenduz bati eta emanez besteari nork bere burua ezagutzeko denbora. Are beharrezkoagoak dira formak subiranoa aktiboago eta ahaltsuagoa eta partikularrak nagiago eta ahulagoak diren neurrian. Honela, herri demokratikoek formen premia handiagoa dute berez beste herriek baino, eta berez gutxiago errespetatzen dituzte. Benetako arreta merezi du honek.
Ez dago ezer kaskarragorik gure garaikideetako gehientsuenek forma-arazoekiko duten destaina harroa baino; zeren eta forma-arazo txikienek orain arte sekula izan ez duten garrantzia hartu baitute gaur egun. Gizadiaren interes handienetako batzuk berari atxikiak daude.
Iruditzen zait aristokrazi mendeetan bizi ziren estatu-gizonek batzuetan zigorgabe mespreza bazitzaketen formak eta berauen gainetik altxatu sarritan, gaur egungo herriak gidatzen dituztenek begirunez hartu behar dutela horietako txikiena ere eta ez baztertu ezinbesteko premiak horretara behartzen dituenean izan ezik. Aristokrazietan formen superstizioa zegoen; guk beraien kultu ilustratu eta hausnartua izan behar dugu.
Beste joera bat oso naturala herri demokratikoetan, eta oso arriskutsua, eskubide indibidualak mesprezatzera eta kontuan gutxi hartzera eramaten duena da.
Orokorrean, jendea eskubide bati atxikitzen zaio eta bere garrantziaren edo hartaz egin duten erabilera luzearen arabera agertzen diote begirunea. Herri demokratikoetan aurkitzen diren eskubide indibidualak normalean garrantzi txikikoak dira, oso berriak eta oso ezegonkorrak; honen eraginez sarritan eragozpenik gabe sakrifikatzen dira eta bihotz-zimikorik gabe hausten dira ia beti.
Nolanahi ere, gizabanakoen eskubideekiko, jendeak berezko mesprezua zertzen duen aldi berean eta nazio beretan, gizartearen eskubideak naturalki hedatzen eta sendotzen dira; alegia, jendea gutxiago atxikitzen zaie eskubide partikularrei, geratzen den apurrari eutsi eta defendatzea beharrezkoen litzatekeen momentuan.
Askatasunaren eta giza handitasunaren benetako adiskideek bizi ditugun garai demokratikoetan egon behar dute, batez ere, tinko eta gizarte-botereak gizabanako batzuen eskubide partikularrak arinkeriaz bere proiektuen egikaritza orokorragatik sakrifika ditzan eragozteko prest. Honelako garaietan ez dago hiritar hain ilunik zapaltzen uztea oso arriskutsu ez izateko bezalakorik, ezta hain garrantzi gutxiko eskubide indibidualik ere, zigorgabe arbitrariotasunera laga daitekeenik. Arrazoia sinplea da: gizabanako baten eskubide partikularra, horrelako eskubideen garrantziaz eta santutasunaz giza izpiritua blai dagoenean hausten bada, bipildutakoari bakarrik egiten zaio kalte; baina horrelako eskubide bat gaur egun hausteak nazio-ohiturak sakon usteltzea esan nahi du eta gizarte oso-osoa arriskuan jartzea; zeren eta horrelako eskubideen ideiak berak aldatzera eta galtzera jotzen baitu gure artean.
Badira aztura batzuk, ideia eta bizio batzuk, iraultza-egoerari dagozkionak, eta iraultza luze batek derrigorrez sortarazi eta orokortzen dituenak, nolanahikoak izanik, bestalde, horien izaera, xedea eta jokalekua.
Edozein nazio denbora laburrean buruzagiz, iritziz eta legez hainbat aldiz aldatu denean, nazio hori osatzen dutenek mugimenduaren gustua hartzen dute eta indarraren laguntzaz mugimendu guztiak bizkor zertzera ohitzen dira. Orduan naturalki zertzen dute formen mesprezua, egunero ikusten baitute horien ezintasuna, eta pazientzia gutxiz jasaten dute arauaren agintea, hainbat aldiz ikusi dutelarik hautsia beren aurrean.
Ekitatearen eta moralaren nozio arruntak aski ez direnez iraultzak egunero sortarazitako berrikuntza guztiak azaldu eta justifikatzeko, gizarte-onuraren printzipioari heltzen zaio, premia politikoaren dogma sortzen da, eta interes partikularrak eskrupulurik gabe sakrifikatu eta eskubide indibidualak hankaperatzeko ohitura hartzen da gogotsu, proposaturiko helburu orokorra bizkorrago lortu ahal izateko.
Aztura eta ideia horiek -nik iraultzaileak deituko nituzkeenak, iraultza guztiek sortzen baitituzte- aristokrazien baitan nahiz herri demokratikoen artean ikusten dira; baina aristokrazietan sarri ez dira hain ahaltsuak izaten eta bai iraupen laburragokoak beti, aurkako zaizkien aztura, ideia, akats eta oztopoak aurkitzen baitituzte horietan. Beren kasa desagertzen dira iraultza bukatu ondoren, eta nazioa antzinako ibilera politikoetara itzultzen da. Beti ez da horrela gertatzen herrialde demokratikoetan, non beti baita beldur izatekoa joera iraultzaileak, iraungi gabe eztitu eta erregularizatzean, ez ote diren pixkanaka gobernu-ohitura eta administrazio-aztura bihurtuko.
Ez dut ezagutzen herrialderik iraultzak arriskutsuago direnik herrialde demokratikoetan baino, zeren eta, beti ezinbestean sortzen dituzten gaitz akzidental eta igarokorrez aparte, beti izaten baitute gaitz iraunkorrak eta, nolabait esateko, betikoak sortzeko arriskua ere.
Uste dut badirela erresistentzia zintzoak eta altxamendu legitimoak. Beraz, ez dut esaten, era absolutuan, garai demokratikoetako gizonek ez dutenik inoiz iraultzarik egin behar; baina uste dut arrazoi dutela horretan hasi aurretik beste guztiek baino zalantza gehiago izaten badute, eta hobe dutela oraingo egoeraren ezerosotasun asko pairatzea hain erremedio arriskutsura jotzea baino.
Ideia orokor batekin bukatuko dut, honek bere baitan hartzen dituelarik ez bakarrik kapitulu honetan adierazitako ideia partikular guztiak, baita liburu honek azalgai dituen gehientsuenak ere.
Gurearen aurreko aristokrazi mendeetan, partikular oso ahaltsuak zeuden eta gizarte-aginpide oso ahula. Gizartearen beraren irudia iluna zen eta hiritarren gain agintzen zuten botere guztien artean galtzen zen etengabe. Garai hartako jendearen ahaleginik nagusiena gizarte-boterea handitu eta indartzera zuzendu behar izan zen, bere prerrogatibak hazi eta ziurtatzera eta, aitzitik, gizabanakoen independentzia muga estuagoetan ixtera eta interes partikularra interes orokorraren menpe jartzera.
Gaur egungo jendeari beste arrisku eta ardura batzuk dagozkio.
Nazio moderno gehienetan, subiranoa, zeinahi izanik berorren jatorri, eraketa eta izena, ia ahalguztidun bilakatu da, eta partikularrak, gero eta gehiago, ahuleziaren eta menpekotasunaren azken mailan jausten dira.
Dena ezberdin zen antzinako gizarteetan. Batasuna eta uniformitatea ez ziren inon aurkitzen. Gure gizarteetan, berriz, dena oso antzeko bilakatzea da mehatxua, eta horrela gizabanako bakoitzaren irudi partikularra erabat galduko da laster fisionomia komunean. Gure arbasoak beti prest zeuden ideia honetaz abusatzeko -eskubide partikularrak errespetagarri direla- eta guk berezko joera dugu beste hau exageratzeko -gizabanako baten interesak hainbaten interesaren aurrean makurtu behar duela beti-.
Politika-mundua aldatu egiten da; aurrerantzean erremedio berriak aurkitu behar zaizkie gaitz berriei.
Hona zer iruditzen zaidan legegilearen lehen helburua, sartzen ari garen aro honetan: gizarte-botereari muga zabalak ezartzea, baina ikusteko modukoak eta mugiezinak; partikularrei zenbait eskubide eman eta eskubide horien gozamen ukaezina bermatzea; gizabanakoari geratzen zaion independentzia, indar eta orijinaltasun apurra gordetzea; gizartearen ondoan altxatu eta beraren aurrean eustea.
Esan liteke gure garaiko subiranoek gizakiekin gauza handiak egitea besterik ez dutela nahi. Gizaki handiak egiteaz gehixeago pentsa dezaten nahi nuke; obrari balio gutxiago eta langileari gehiago ematea, eta etengabe gogoan izatea nazio bat ezin dela luzaroan indartsu izan pertsona bakoitza banaka ahula bada, eta oraindik ez direla aurkitu, hiritar txepel eta makalez osatuz, herri kementsu bat egin dezaketen gizarte-formak edo konbinazio politikoak.
Gure garaikideen artean bi ideia ikusten ditut, kontrakoak baina biak era berean txarrak.
Batzuek ez dute berdintasunean berak sortarazten dituen joera anarkikoak baizik ikusten. Aukeramenaren beldur dira; beren buruaren beldur dira.
Besteek, gutxiago dira baina ilustratuagoak, beste ikuspegi bat dute. Berdintasunetik abiatuz anarkiara doan bidearen ondoan, aurkitu dute azkenean era geldiezinean jendea morrontzara daraman bidea. Aurrez beren arima makurtzen dute beharrezko morrontza horretara; eta, libre irauteaz etsita, laster agertuko den nagusia gurtzen dute jadanik bihotzondoan.
Lehenengoek arriskutsutzat jotzen dutelako abandonatzen dute askatasuna; bigarrengoek, ezinezkotzat daukatelako.
Azken sineskizun hau izan banu, ez nukeen idatziko irakurri duzuen obra hau; neure hurkoen destinoa ezkutuan deitoratzera mugatuko nintzatekeen.
Argitan jarri nahi izan ditut berdintasunak giza independentziarentzat dakartzan arriskuak, uste sendoa baitut arrisku horiek direla handienak, baita etorkizunak ekar litzakeen guztien artean aurrikusigabeenak ere. Baina ez dut uste gaindiezinak direnik.
Sartzen ari garen demokrazi mendeetan bizi direnek independentziaren gustua dute berez. Jakina, pazientzia gutxiz jasaten dute araua: maiteen duten estatuaren beraren iraunkortasunak ere nekatu egiten ditu. Maite dute boterea, baina hori egikaritzen duena mesprezatu eta gorrotatzera jotzen dute, eta erraz ihes egiten diote eskuetatik beren txikitasun eta mugikortasunagatik.
Joera horiek beti aurkituko dira, gizarte-egoeratik sortzen baitira, eta hau ez da aldatuko. Luzaroan, inolako despotismorik ezarri ahal izatea eragotziko dute, eta gizakien askatasunaren alde borroka egin nahi duen belaunaldi berri bakoitza arma berriz hornituko dute.
Beraz, izan dezagun etorkizunarekiko zain egon eta borrokarazten duen beldur osasungarri hori, eta ez bihotzak abaildu eta ahultzen dituen izuikara bigun eta nagia.
VIII. Gaiaren ikuspegi orokorra
aldatuBetiko utzi aurretik egin dudan bidea, azken begirada batez ikusi nahi nituzke Mundu Berriaren ezaugarri guztiak, eta berdintasunak gizakien zorian zertu behar duen eragin orokorra epaitu azkenean; baina horrelako eginkizunaren zailtasunak geldiarazi egiten nau; hain helburu handiaren aurrean, ikusmena lausotzen eta arrazoimena zalantzan sentitzen ditut.
Gizarte berri hori, deskribatzen saiatu naizena eta epaitu nahi dudana, sortu besterik ez da egin. Denborak ez du oraindik horren forma finkatu; bera sortarazi duen iraultza handiak iraun egiten du oraindik, eta, gaur egun gertatzen denagatik, ia ezinezkoa da bereiztea iraultzarekin berarekin zer hilko den eta beraren ondoren zer geratuko den.
Sortzen ari den mundua oraindik erdi-murgildua dago erortzen ari den munduaren hondakinetan, eta, giza arazoek agertzen duten nahasmen izugarriaren erdian inork ezin du esan erakunde zaharretatik eta antzinako ohituretatik zer geratuko den zutik, eta zer desagertuko den azkenerako.
Nahiz eta oraindik oso urruti egon gizarte-egoera, lege, ideia eta giza sentimenduetan zertzen den iraultzaren bukaera, jada ezin dira haren egintzak munduan aurrez ikusi den ezerekin konparatu. Mendez mende antzinaterik urrutienera jotzen badut ere, ez dut ezer ikusten aurrean dudanaren antzekorik. Iraganak ez duenez etorkizuna argitzen, ilunpean ibiltzen da izpiritua.
Hala ere, hain koadro zabal, berri eta nahasiaren erdian, jada sumatzen ditut ageri diren ezaugarri nagusi batzuk, eta adierazi egingo ditut:
On-gaitzak munduan berdintsu samar banatzen direla ikusten dut. Aberastasun handiak desagertu egiten dira; txikien kopurua hazi; gurariak eta gozamenak ugaldu; ez dago jada ez oparotasun apartekorik, ez lazeria erremediaezinik. Handinahia sentimendu unibertsala da, baina handinahi eder gutxi dago. Gizabanako bakoitza isolaturik eta ahul dago; gizartea arina da, aurrikusle eta indartsua; partikularrek gauza txikiak egiten dituzte, eta Estatuak ikaragarri handiak.
Arimak ez dira kementsuak, baina ohiturak gozoak dira eta legediak, gizatiarrak. Nahiz eta sakrifizio handiak, bertute oso jaso, distiratsu eta garbiak gutxi aurkitu, azturak ordenatuak dira, bortxa bakana eta ankerkeria ia ezezaguna. Gizakien bizialdia luzeagoa da, eta beren jabetza, ziurragoa. Bizitzak ez du apaindura handirik, baina eroso eta baketsua da. Plazer gutxi dago oso delikatu edo oso zabarra, gizalege gutxi maneretan eta zakarkeria gutxi gustuetan. Apenas dagoen gizon oso jakintsurik edo herri oso ezjakinik. Jeinu gutxiago aurkitzen da eta jakintzargiak zabalduago. Giza izpiritua gizaki guztien ahalegintxo konbinatuei esker garatzen da, eta ez horien arteko batzuen bulkada ahaltsuagatik. Perfekzio gutxiago dago, baina emankortasun gehiago obretan. Arraza, klase edo aberri-lotura guztiak laxatu egiten dira; gizadiaren lokarri handia, ordea, estutu.
Ezaugarri hauen guztien artean orokor eta harrigarrien zer iruditzen zaidan bilatzen badut, ohartzen naiz aberastasunetan ikusten dena beste mila eratara ere agertzen dela. Ia mutur guztiak gozatzen eta ahultzen dira; ia tontor guztiak berdintzen dira erdi-mailako zerbaiti leku egiteko, munduan ikusten zena baino aldi berean baxuago eta altuago, distira eta iluntasun gutxiagoko zerbaiti.
Antzeko izakiz osaturiko jendetza zenbatezin horren gain begira ari naiz, eta ezerk ez du ez gorantz, ez beherantz egiten. Uniformitate unibertsal horren ikuskizunak tristetu eta odola gatzatzen dit, eta jada existitzen ez den gizartea gura izateko tentazioa dut.
Mundua gizon oso handiz eta oso txikiz, oso aberats eta oso behartsuz, oso jakintsu eta oso ezjakinez betea zegoenean, bigarrengoengandik kentzen nuen bista lehenengoengan bakarrik jartzeko, eta hauek ematen zidaten atsegin; baina ulertzen dut plazer hori nire ahuleziatik sortzen zela: ezin dudanez aldi berean ikusi inguratzen nauen guztia, horregatik aukeratu eta jar ditzaket aparte, hainbeste gauzaren artean, begiestea atsegin ditudanak. Ez da gauza bera gertatzen Izaki ahalguztidun eta betierekoarekin, beraren begiak gauza guztiak ikusten baititu derrigorrez, eta bereizirik eta aldi berean ikusten gizadi osoa eta gizaki bakoitza.
Naturala da sinestea gizakien egile eta iraunarazle horri gehien atsegin zaiona ez dela batzuen oparotasun berezia, guztion ongizaterik handiena baizik. Niri atzerakada iruditzen zaidana aurrerapena da haren ikuspegitik; niri min egiten didana atsegin du hark. Berdintasuna ez da hain jasoa, agian; baina bidezkoagoa da, eta justizia da haren handitasun eta edertasuna.
Saiatzen naiz Jainkoaren ikuspegi horretan sartzen, eta giza gauzak hortik aztertu eta epaitu nahi izaten ditut.
Oraindik inork ezin du munduan baieztatu, era absolutu eta orokorrean, gizarteen egoera berria antzinako egoera baino hobea denik; baina dagoeneko erraz ikusten da bestelakoa dela.
Badira zenbait bizio eta zenbait bertute nazio aristokratikoen eraketari atxikiak eta, herri berrien jitearen hain kontrakoak izanik, ezin direnak horien baitan sartu. Badira joera onak eta txarrak, lehenengoentzat arrotzak zirenak eta bigarrengoentzat naturalak direnak; ideia batzuk beren kabuz aurkezten zaizkio batzuen irudimenari, eta besteen izpirituak errefusatu egiten ditu. Bi gizadi ezberdin bezala dira, bakoitzak bere abantaila eta eragozpen partikularrak dituelarik, bere-bereak dituen on eta gaitzak.
Beraz, kontuz ibili behar da sortzen ari diren gizarteak ez epaitzeko jada desagertu direnetatik ateratako ideiekin. Bidegabea litzateke hori, gizarte hauek, beren artean oso ezberdinak izanik, konparaezinak baitira.
Ez litzateke askoz zentzuzkoagoa izango arbasoen gizarte-egoeratik datozen bertute partikularrak gure garaiko jendeari eskatzea, zeren eta, gizarte-egoera hori berori erori egin baita eta erorketan nahas-mahasian eraman baititu berekin zeuzkan on eta gaitz guztiak.
Baina gauza horiek oraindik gaizki ulertzen dira gaur egun.
Neure garaikideetako asko ikusten dut antzinako gizartearen eraketa aristokratikotik sortzen ziren erakunde, iritzi eta ideien artean aukeratu nahian; pozik baztertuko lituzkete batzuk, baina gorde egin nahi lituzkete beste batzuk eta berekin ekarri mundu berrira.
Pentsatzen dut horiek lan zintzo baina antzuan galtzen dituztela denbora eta indarrak.
Kontua ez da baldintza-desberdintasunak gizakiei ematen dizkien abantaila bereziak gordetzea, berdintasunak eskain diezazkiekeen ondasun berriak ziurtatzea baizik. Ez dugu geure gurasoen antzeko izatera jo behar, geuri dagokigun handitasun eta zorion-mota lortzen ahalegindu baizik.
Neuri dagokidanez, ibilbidearen azken mugara iritsirik, urrutitik baina guztiak batera ikusten ditut, neure ibilian aparte begietsitako gauza guztiak, eta beldurrez eta itxaropenez betea sentitzen naiz. Arrisku handiak ikusten ditut, uxa daitezkeenak; gaitz handiak, ekidin edo murriz daitezkeenak, eta gero eta uste sendoagoa dut, zintzo eta oparoak izateko, aski zaiela nazio demokratikoei hori nahi izatea.
Badakit nire garaikideetako hainbatek pentsatzen duela herriak inoiz ez direla hemen behean beren buruaren jabe izaten, eta aurreko gertakari, arraza, lurzoru edo klimatik sortzen den ez dakit zer-nolako indar gaindigaitz eta itsuari obeditzen diotela.
Doktrina faltsu eta koldarrak dira horiek, pertsona ahul eta herri txepelak bakarrik sortzen dituztenak. Probidentziak ez du gizadia sortu ez erabat independente, ezta erabat esklabu ere. Berak, egia da, pertsona bakoitzaren inguruan marra gaindiezin bat egiten du, eta ezin da hortik irten; baina berorren muga zabaletan, gizakia ahaltsu eta aske da; gauza bera herriak ere.
Gaurko nazioek ezin dute eragotzi beren baitan baldintzak berdinak izatea; baina beraien esku dago berdintasunak morrontzara ala askatasunera eramatea, jakintzargietara ala barbariara, oparotasunera ala lazeriara.
Oharrak
aldatuA - Badira, ordea, merkataritzan sutsu jardun eta industria arrakastaz landu duten aristokraziak. Munduko historian hainbat kasu deigarri izan da. Baina, oro har, esan behar da aristokraziak ez diola mesederik egiten industriaren eta merkataritzaren garapenari. Diruaren aristokraziak bakarrik dira arau honekiko salbuespen.
Hauen artean ia ez dago desirarik, asetzeko aberastasunen beharrik ez duenik. Aberastasunen maitasuna da. nolabait esateko, giza grinen bide handia. Beste guztiak hor bukatzen dira edo zeharkatu egiten dute.
Orduan diru-zaletasuna eta begiramen eta boterearen egarria hain ongi batzen dira arimetan, zail bihurtzen baita bereiztea eta gizakiak handinahiagatik diren gutiziatsuak, ala gutiziagatik diren handinahikoak. Hori gertatzen da Ingalaterran, non aberats izan nahi baita ohoreak lortzeko, eta ohoreak desiratzen baitira aberastasunaren adierazpide bezala. Orduan, mutur guztietatik harrapatua sentitzen da giza espiritua eta merkataritza eta industriarantz eramana, hauek baitira oparotasunera daramaten biderik laburrenak.
Hori, gainerantzean, egitate salbuespenezko eta igarokorra iruditzen zait. Aberastasuna bihurtu denean aristokraziaren seinale bakar, oso zaila da aberatsak bakarrik irautea boterean, beste guztiak baztertuz.
Jaiotzazko aristokrazia eta demokrazia hutsa daude nazioen gizarte- eta politika-egoeraren bi muturretan, erdian diruaren aristokrazia dago; honek badu antzik jaiotzazko aristokraziarekin, pribilegio handiak ematen baitizkio hiritar-kopuru txiki bati; baita demokraziarekin ere, pribilegioak guztiek eskura baititzakete batzuek besteen ondoren; sarritan trantsizio natural bat bezalako zerbait da bi gauza horien artean, eta ezin da esan erakunde aristokratikoen erreinutza bukatzen duen edota demokraziaren aro berria zabaltzen duen.
B – Neure bidaiaren egunkarian ondorengo zatia aurkitzen dut, eta honek garbi erakutsiko du senarrarekin basamortura joan nahi duten Amerikako emakumeek nolako probak jasan behar izaten dituzten sarri. Ezerk ez dio koadro hau gomendagarriago bihurtzen irakurleari bere egia handiak baino.
“...tarteka-marteka luberriak aurkitzen ditugu. Establezimendu hauek antzekoak dira guztiak. Gaur arratsean gelditu gareneko hau deskribatuko dut; beste guztien irudia utziko dit.
Basoetan aurkitu ahala izateko, pioneroak abereen lepotik zintzilikatzen duen zintzarriak oso urrutitik iragarri digu lur landuen hurbiltasuna; laster entzun dugu basoko zuhaitzak eraisten dituen aizkoraren hotsa. Hurbildu ahala, suntsiketa-arrastoek gizaki zibilizatuaren presentzia iragarri digute. Adar ebakiek estaltzen dute bidea; suak erdi-errausturiko edo aizkorak ebakiriko enborrak oraindik zutik daude gure bidean. Geure martxari jarraitu eta baso batera iritsi gara, hango zuhaitz guztiek bat-bateko heriotza izan dutela ematen duelarik; udaren erdian, neguaren irudia baizik ez dute ageri; hurbilagotik aztertuz, ohartzen gara zirkulu sakon bat egin zaiela azalean, eta honek, izerdiaren zirkulazioa eragotziz, ihartarazi egin ditu; jakin dugu normalean horrela hasten dela pioneroa. Lehen urtean ezin dituelarik moztu bere jabetza berrian dauden zuhaitz guztiak, artoa ereiten du beraien adarpean eta, kolpe hilgarria emanez, bere uztari itzala ematea eragozten die. Zibilizazioak basa eremuetan emandako lehen urratsa den soro erabat landugabe horren ondoren, bat-batean jabearen etxola ikusi dugu; gainerakoa baino arduratsuago landuriko lursail baten erdian dago, baina han ere oraindik berdintasunik gabeko borroka darama gizonak oihanaren kontra. Zuhaitzak moztuta daude, baina ez erauzita, enborrak oraindik bertan daude eta lehen itzaleztatzen zuten terrenoa oztopatu egiten dute orain. Hondar ihartu horien inguruan, nahas-mahasian hazten dira eta elkarrekin handitzen lur errebelde eta erdi-basatian garia, haritz-sastrakak, mota guztietako landareak eta edozelako belarrak. Landaretza indartsu eta bariatu honen erdian dago eraikia pioneroaren etxea, edo, herrialde hartan deitzen duten bezala, log house delakoa. Inguruko landak bexalaze, basoko egoitza horrek ere egintza berri eta presakakoa adierazten du; luzeran ez zaigu iruditzen hogeita hamar oin baino gehiago izango dituenik, altueran hamabost; hormak, sabaia bezalaxe, arbastatu gabeko zuhaitzez eginak daude, goroldioa eta buztina sartu delarik horien artean, hotzik eta euririk sar ez dadin barrura.
Gaua hurbiltzen ari denez, log house-aren jabeari aterpea eskatzea erabaki dugu.
Gure oinotsak entzutean, basoko hondar artean jolasean zebiltzan haurrek arrapaladan altxatu eta etxerantz ihes egin dute, gizon bat ikusteak izutu balitu bezala; bi txakur handi, erdi-basati, belarri zuzen eta mutur luzekoak, etxolatik irten eta urrumaka etorri dira beren nagusi gazteen etxeratzea babesteko. Pioneroa bera agertu da egoitzako atean; begiratu bizkor eta arakatzailea bota digu, txakurrei barrura sartzeko keinua egin eta berak erakutsi die bidea, gu agertzeak bere jakinmina edo kezka pizten duenik batere adierazi gabe.
Log house-an sartu gara. Barrualdeak ez ditu Europako laborarien etxolak gogorarazten. Beharrezkoa ez den gauza gehiago aurkitzen da han, eta beharrezko gutxiago.
Leiho bakarra dago, eta bertan muselinazko kortina zintzilika; lur zanpatuaren gainean beheko su handia zirtaka, eraikinaren barrualde osoa argitzen duena; beheko su horren gainean karabina eder bat marraduna, adarzabalaren larrua, arranoaren lumak; tximiniaren eskuinera Estatu Batuetako mapa dago zabalik, haizeak, hormaren zirrikituetatik sartzean, altxatu eta astintzen duena; haren ondoan, gaizki arbastaturiko ohol batez eginiko apalean liburu batzuk daude. Biblia ikusten dut, Miltonen lehenengo sei kantuak eta Shakespeareren bi drama; hormen kontra kutxak daude armairuen ordez; erdian, zabarki landuriko mahai bat, eta haren hankek, oraindik hezea eta azala kendu gabea duen zurez egindakoek, azpiko lurretik zuzenean irteten direla ematen dute; mahai gainean portzelana ingelesezko teontzia, zilarrezko goilareak, kikara koskatu eta egunkari batzuk ikusten ditut.
Egoitza honen nagusiak hazpegi zokotsuak eta gorputzadar meheak ditu, Ingalaterra Berriko biztanlearen bereizgarriak; garbi dago gizon hau ez dela jaioa guk aurkitu dugun bakarlekuan. Bere eraketa fisikoa aski da iragartzeko bere lehen urteak gizarte intelektual baten baitan igaro zituela, eta arraza kezkati, arrazoitzaile eta abenturari horretakoa dela, hotz-hotzean egiten duena grinen berotasunak bakarrik esplikatzen duena, eta basamortua hobeto menperatu eta zibilizatzeko aldi batez bizitza basatian murgiltzen dena.
Pioneroak bere egoitzarantz goazela ikusten duenean, guregana etorri eta bostekoa eskaintzen digu, usadioaren arabera; baina haren aurpegiak zurrun jarraitzen du; lehenengo hitz egiten du munduan zer gertatzen den galdetzeko, eta bere jakinmina asetu duenean, isildu egiten da; pentsa liteke nekatuta dagoela ezbehar eta zaratagatik. Gero geuk galdekatzen dugu bera, eta behar ditugun argibide guztiak ematen dizkigu; ondoren, presarik gabe baina arretatsu, gure beharrak asetzeaz arduratzen da. Onginahizko zainketa horietara emana ikusirik, zergatik sentitzen dugu, nahi gabe ere, gure esker ona izozten dela? Abegi egitean, ematen duelako bere zoriaren eginbehar neketsu bat ari dela betetzen. Bere egoerak ezartzen dion betebeharra ikusten du hor, ez plazerra.
Beheko suaren beste aldean emakume bat dago eserita, belaunetan umetxo bat zabunka duela; buruaz keinu egiten digu bereari jarraituz. Pioneroa bezalaxe, emakume hau ere bizitzako adinik onenean dago, bere itxurak bere maila baino hobea ematen du, bere soinekoak erakusten duenez, oraindik desagertu ez zaion gustua dauka apaingarrietarako; baina bere gorputzadar delikatuek txikiagotuta ematen dute, hazpegiek nekatuta, begiradak ezti eta serioa; bere fisionomia osoan hedatuta etsipen erlijiosoa sumatzen zaio, grinen bake sakona eta ez dakit zelako irmotasun berezko eta lasaia, bizitzako gaitz guztiei beldurrik eta erronkarik gabe aurrre eginarazten diena.
Seme-alabak estutzen zaizkio inguruan; osasuntsuak, zalapartaz eta kemenez beteak; basamortuko benetako seme-alabak dira. Lantzean behin malenkoniaz eta pozez beterik begiratzen die amak; haien indarra eta bere ahulezia ikusiz, pentsa liteke ama ahitu egin dela haiei bizitza ematean eta ez dela damu kosta zaizkionagatik.
Migratzaileak bizi diren etxeak ez du barne-banaketarik, ez mandiorik. Daukan gelaune bakarrean, familia osoak bilatzen du babesa arratsean. Egoitza honek mundu txiki bat osatzen du berak bakarrik. Hostaiazko ozeano baten erdian galduriko zibilizazioaren arka da. Ehun urrats urrutirago, betiko oihanak bere itzala zabaltzen du egoitzaren inguruan, eta bakardadea hasten da berriro.
C – Ez ditu baldintzen berdintasunak gizakiak inmoral eta erlijiogabe bihurtzen. Baina gizakiak berdinak eta aldi berean inmoral eta erlijiogabeak direnean, inmoralitate eta erlijiogabeziaren ondorioak erraz irteten dira kanpora, gizakiek eragin txikia dutelako elkarren gain, eta ez dagoelako gizartearen ordena zaintzeaz ardura daitekeen klaserik. Baldintzen berdintasunak ez du inoiz sortzen ohituren ustelkeria, baina batzuetan agertzen uzten dio.
D- Alde batera uzten badira pentsatzen ez duten eta pentsatzen dutena esatera ausartzen ez diren guztiak, aurkituko da amerikar gehien-gehienek pozik diruditela zuzendari dituzten erakunde politikoei buruz; eta, benetan, pozik daudela uste dut. Iritzi publikoaren jarrera hauek seinaletzat hartzen ditut, baina ez lege amerikarren ontasun absolutuaren frogatzat. Nazio-harrotasunak, legeriek zenbait grina nagusiri emandako satisfakzioak, ustekabeko gertakariek, bizio oharkabek eta, horrek guztiak baino gehiago, kontrarioei ahoa ixten dien gehiengo baten interesak herri osoa lilura dezakete luzaroan, gizon bat bezalaxe.
Ikus Ingalaterra XVIII mende osoan zehar. Sekula ez du nazio batek konplimendu gehiago banatu; inoiz ez da herri bat bere buruaz pozikago egon; dena ongi zegoen haren eraketan, dena estakurugabea zen han, baita bere akatsik nabarienak ere. Gaur egun, ingeles pila batek eraketa hura mila puntutan akastuna zela frogatzea beste eginkizunik ez duela ematen du. Nork zuen arrazoi, azken mendeko herri ingelesak ala gaur egungo herri ingelesak?
Gauza bera gertatu zen Frantzian. Egia da Luis XIV.aren menpean nazio-masa handia gogo-beroturik zegoela orduan gizartea zuzentzen zuen gobernu-eragatik. Oso oker dabiltza orduko izaera frantsesean abaildura zegoela uste dutenak. Mende hartan zenbait ikuspegitatik egon zitekeen joputzarik Frantzian, baina joputza-espiriturik benetan ez zegoen. Garai hartako idazleek benetako gogo-berotasuna sentitzen zuten errege-boterea beste guztien gainetik altxatuz, eta laboraririk ezkutuena ere poztu egiten zen bere etxolan subiranoaren aintzaz eta pozik hiltzen zen “gora errege!” oihuka. Forma horiek guri higuingarri bihurtu zaizkigu. Nor zegoen oker, Luis XIV.aren garaiko frantsesak edo gaur egungo frantsesak?
Beraz, ez da herri baten jarreretan bakarrik oinarritu behar bere legeak epaitzeko, hauek aldatu egiten baitira mende batetik bestera, goragoko motiboetan eta esperientzia orokorragoan baizik.
Herri batek bere legeekiko azaltzen duen maitasunak gauza bat bakarrik frogatzen du, ez dela presaka ibili behar aldatzeko.
E- Ohar honi dagokion kapituluan arrisku bat azaldu dut nik; beste bat arraroagoa aipatu nahi dut orain, baina, inoiz agertuko balitz, askoz beldurgarriagoa izango litzatekeena.
Berdintasunak gizakiei berez sortarazten dizkien gozamen materialen maitasuna eta ongizatearen gustua, herri demokratiko baten espirituaz jabetu eta erabat betetzera iritsiko balira, nazio-ohituretarako hain antipatiko bihurtuko litzateke espiritu militarra, armadak berak ere agian bakea maitatzera iritsiko bailirateke, nahiz eta interes partikularrak gerra desiratzera eraman. Faunkeria unibertsal horren erdian, soldaduak iritsiko lirateke pentsatzera oraindik ere hobe dela pixkanaka, baina eroso eta ahaleginik gabe, gora egitea bakean, kanpaina-bizitzako neke eta ezbeharren truke gorakada bizkorra erostea baino. Espiritu horretan, armadak gogo-berotasunik gabe hartuko lituzke armak, eta kemenik gabe erabiliko; arerioari aurre egin baino gehiago, arerioagana eramana izango litzateke.
Ez da sinetsi behar armadaren jarrera baketsu honek iraultzetatik urrunduko duenik, zeren eta iraultzek, eta iraultza militarrek batez ere, normalean oso bizkorrak direlarik, arrisku handiak ekartzen baitituzte sarri, baina ez ahalegin luzeak; gerran baino kostu txikiagoaz asetzen dute gutizia; bizia bakarrik arriskatzen dute, eta demokrazietako jendeak atxikimendu txikiagoa dio horri bere aisetasunari baino.
Ez dago ezer arriskutsuagorik herri baten askatasun eta lasaitasunerako gerraren beldur den armada baino, zeren eta, bere handitasuna eta eragina gudu zelaietan bilatzen ez dituenez, beste nonbait aurkitu nahi izaten baititu. Eta gerta liteke armada demokratiko bat osatzen duten gizonek hiritarraren interesak galtzea soldaduaren bertuteak eskuratu gabe, eta armadak gerlari izateari uztea herri-nahasle izateari utzi gabe.
Gorago esan dudana errepikatu dut hemen. Horrelako arriskuentzako erremedioa ez datza armadan, herrian baizik. Ohitura indartsuak gordetzen dituen herri demokratikoak beti aurkituko ditu, behar izanez gero, gerra-ohiturak bere soldaduengan.
F – Batasun-ideiaren handitasuna gizakiek bitartekoetan jartzen dute, Jainkoak xedean; hortik dator handitasunaren ideia honek gu mila txikikerietara eramatea. Gizaki guztiak martxa berean helburu bererantz joanaraztea, horra hor giza ideia bat. Egintzetan aniztasun mugagabea sartzea, baina egintza horiek guztiak mila bidetatik egitasmo handi bat erdiestera eramateko moduan konbinatzea, horra hor jainko-ideia bat.
Batasunaren giza ideia antzua da ia beti, Jainkoarena izugarri emankorra. Gizakiek beren handitasuna erakusten dutela uste dute bitartekoa sinplifikatuz. Jainkoaren xedea da sinplea dena, bere bitartekoak mugagabeki aldatzen dira.
G – Herri demokratiko bat ez dute bere gustuek bakarrik eramaten boterea zentralizatzera; gidatzen duten guztien grinek bultzatzen dute horretara etengabe.
Erraz aurreikus daiteke herri demokratiko batek dauzkan hiritar gutiziatsu eta trebatu guztiek atsedenik gabe lan egingo dutela gizarte-boterearen eskurantzak zabaltzen, guztiek espero baitute egunen batean botere hori gidatzea. Denbora galtzea da horiei frogatu nahi izatea muturrerainoko zentralizazioa kaltegarri izan daitekeela Estatuarentzat, beren buruarentzat zentralizatzen baitute horiek.
Demokrazietako gizon publikoen artean, pertsona oso desinteresatuek edo oso kaskarrek bakarrik nahi izaten dute boterea deszentralizatu. Batzuk oso gutxi dira, eta besteak ez dira gai.
H – Sarri galdetu diot neure buruari zer gertatuko litzatekeen gaur egungo nazioetakoren batzuetan inoiz gobernu militar bat sortuko balitz, ohitura demokratikoen faunkeriaren erdian eta armadaren espiritu urduriaren ondorioz.
Pentsatzen dut gobernua bera ez litzatekeela urrunduko ohar honi dagokion kapituluan marraztu dudan koadrotik, eta ez lituzkeela berrituko oligarkia militarraren ezaugarri basatiak.
Konbentziturik nago kasu honetan nolabaiteko bategitea gertatuko litzatekeela funtzionariaren eta soldaduaren azturen artean. Administrazioak espiritu militarretik zerbait hartuko luke, eta militarrak administrazio zibilaren usadioren batzuk. Horren emaitza aginte erregular, argi, garbi, absolutua litzateke. Herria armadaren irudi izango litzateke, eta gizartea koartel bat bezala gobernatua.
I – Ezin daiteke esan era absolutu eta orokorrean gaur egungo arriskurik handiena libertinaje edo tirania, anarkia edo despotismoa dela. Bata bestea bezain beldurgarria da, eta erraz sor daitezke kausa bakar eta beretik, apatia orokorretik, indibidualismoaren emaitzatik, alegia; apatia horri egotzi behar zaio botere exekutiboa, indarren batzuk biltzen dituen egunean, zapaltzeko prest egotea, eta, biharamunean, alderdi batek gizon-mordoska bat jar badezake batailan, hau ere zapaltzaile izateko prest egotea. Ez batak ez besteak ezin dutenez ezer iraunkorrik sortu, arrakasta erraz ematen dienak berak arrakasta hori luzaroan edukitzea galarazten die. Gora egiten dute ezerk ez dielako kontra egiten, eta erori egiten dira ezerk ez dielako eusten.
Anarkia edo despotismoa baino apatia borrokatzea garrantzizkoagoa da, honek bata nahiz bestea sor baitezake ia bereizketarik gabe.
[1] Gizarte demokratikoetan botere zentralak bakarrik izaten du nolabaiteko egonkortasun bere aulkian eta nolabaiteko iraunkortasuna bere eginkizunetan. Hiritar guztiak etengabe mugitzen eta eraldatzen dira. Nolanahi ere, gobernu ororen izaerari dagokio bere esparrua etengabe handitu nahi izatea. Beraz, oso zaila da luzarora arrakastarik ez izatea, pentsamendu finkoz eta borondate iraunkorrez jarduten baitu posizioz, ideiaz eta gurariz egunero aldatzen den jendearen gain.
Sarritan hiritarrek ere beraren alde lan egiten dute nahi gabe.
Demokrazia mendeak saiakuntza, berrikuntza eta abentura garaiak izaten dira. Beti egoten da horietan jende-kopuru handi bat, hurkoez arduratu gabe aparte gauzatu nahi duten eginkizun zail edo berriren batean murgilduta. Horiek erraz onartzen dute, printzipio orokortzat, botere publikoak ez duela esku hartu behar arazo pribatuetan; baina, salbuespen gisa, bera kezkatzen duen arazo berezian lagun diezaion nahi izaten du haietako bakoitzak, eta gobernuaren ekintza bere aldera erakartzen saiatzen da, beste guztietatik erretiratzea nahi izaten duelarik.
Jendetza handi batek aldi berean ikuspegi berezi hau duelarik gauza-pila bati buruz, botere zentralaren esparrua alde guztietara zabaltzen da igarri gabe, nahiz eta beraietako bakoitzak murriztu egin nahi duen. Beraz, gobernu demokratikoak gehitu egiten ditu bere eskurantzak bere iraupenagatik bakarrik. Denborak bere alde egiten du; ustekabe guztiek mesede egiten diote; grina indibidualek lagundu egiten diote, oharkabean bada ere, eta gizarte demokratikoa zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta zentralizatuago bihurtzen dela esan daiteke.
19 Gizabanakoa gizartearen aurrean pixkanaka ahultzen hau mila eratara azaltzen da. Besteak beste, testamentuei buruzkoa aipatuko dut nik.
Herrialde aristokratikoetan, normalean begirune sakona izaten zaio gizakien azken borondateari. Hau, batzuetan, superstizioraino iristen zen Europako antzinako herrietan: gizarte-botereak, hilzorian zegoenaren kapritxoak eragotzi ordez, txikienari ere bere indarra ematen zion; betiko ahalmena ematen zion horrela.
Bizidun guztiak ahulak direnean, hildakoen borondateari begirune gutxiago izaten zaio. Oso esparru estua markatzen zaio, eta, hortik irteten bada, subiranoak deuseztu edo kontrolatu egiten du. Erdi Aroan testamentu egiteko ahalmenak ez zuen mugarik, nolabait esateko. Gaur egungo frantsesen artean ezin da ondarea seme-alaben artean banatu Estatuak esku hartu gabe. Bizitza osoa zuzendu ondoren, azken egintza ere arautu nahi du.
20 Botere zentralaren eskurantzak gehitu ahala, berorren ordezkari diren funtzionarien kopurua ere hazi egiten da. Nazio bat osatzen dute nazio bakoitzean, eta, gobernuak bere egonkortasuna ematen dienez, gero eta gehiago aristokraziaren lekua hartzen dute haietako bakoitzean.
Europan, ia alde guztietan, bi eratara nagusitzen da subiranoa: bere agenteei dien beldurragatik menperatzen du hiritarren zati bat, eta bere agente izatera iristeko duen itxaropenagatik beste zatia.
21 Alde batetik, ongizatearen gustua etengabe gehitzen da, eta gobernua gero eta gehiago jabetzen da ongizatearen sorburu guztiez. Hortaz, jendea bi bidetatik doa morrontzarantz. Ongizatearen gustuak gobernuan sartzetik aldentzen du, eta ongizatearen maitasunak gero eta mendekotasun estuagoan jartzen du gobernariekiko.
22 Honi dagokionez, sofisma bitxi bat gertatzen da Frantzian. Administrazioaren eta partikular baten artean prozesu bat sortzen denean, horren azterketa ez da ohiko epailearen esku uzten, eta, diotenez, administrazio boterea botere judizialarekin ez nahastearren egiten da hori. Gobernuari aldi berean epaitzeko eta administratzeko eskubidea ematea bi botere horiek nahastea, eta erarik arriskutsuen eta tiranikoenean nahastea, izango ez balitz bezala.
23 Honen alde zenbait gertakari aipatuko dut. Meategietan aurkitzen dira aberastasun industrialaren berezko sorburuak. Europan industria garatu, meategietako emaitza interes orokorrago bihurtu eta berorren ustiapen egokia berdintasunak dakarren ondasun-banaketagatik zailago bihurtu de neurrian, subiranorik gehienek meategien jabe izateko eta lanak gainbegiratzeko eskubidea eskatu dute; hau sekula gertatu gabea zen beste mota bateko jabetzekin.
Meategiak, beste ondasun higiezinek zituzten obligazio berberen menpeko eta garantia berberez hornituriko jabetza indibidualak izanik, aginte publikoaren menpe jarri ziren horrela. Estatuak ustiatzen ditu edo egiten du emakida; jabeak erabiltzaile bihurtzen dira; beren eskubideak Estatuak emandakoak dira, eta, gainera, Estatuak erreibindikatzen du ia alde guztietan horiek zuzentzeko ahalmena; xedapenak ematen dizkie, metodoak ezartzen dizkie, zaintzapean eduki ohi ditu, eta, kontra egiten badiote, epaitegi administratibo batek eskubideak kentzen dizkie, eta administrazio publikoak beste batzuei ematen haien pribilegioak; horrela, gobernuak ez dauzka meategiak bakarrik, meatzariak ere bere esku ditu.
Hala ere, industria garatu ahala, antzinako meategien ustiakuntza areagotu egiten da. Berriak irekitzen dira. Meategietako biztanleak zabaldu eta ugaritu egiten dira. Egunero, subiranoek gure oinpean hedatzen dute beren aginterria eta beren zerbitzariekin jendeztatzen dituzte.