Analak eta Historiak I/Seigarren liburua

Analak eta Historiak I  (115-117)  Tazito, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
Seigarren liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


Seigarren liburua

(V.6)   ****. Berrogeita lau mintzaldi izan ziren gai hartaz, zeintzuetarik, banaka batzuk beldurrez, gehienak ohituraz ****. «****. Neuretzat lotsa, edo Seianorentzat gorrotoa erakarriko nuela uste nuen. Zoria aldatu egin da, eta kidetzat eta suhitzat hautatu zuenak bere buruari barkatzen dio; gainerakoek, hura lotsagabekeriaz zerbitzatu zutenek, gaizkintzaz jazartzen dute. Ez dakit zer den doilorrago, adiskidetasunagatik salatua izatea ala adikiskidea salatzea. Ez dut inoren ankerkeriarik, ez onberatasunik frogatuko, librerik eta kontzientzia lasaiz, arriskuari aurrea hartu baizik. Zueri dei egiten dizuet ez dezazuela nire oroimena poz baino tristura gehiagoz gorde, neu ere gehitzen bainaiz, gaitz publikoei azken gurenez ihes egitea lortu zutenen sailera».

(V.7)   Gero, bakoitzak laguntzeko edo hitz egiteko agertzen zion gogoaren arabera, atxiki ala agurtu egiten zituen, eta egun zati bat hartantxe igaro zuen; oraindik inguruan lagun asko zuela, eta denek haren aurpegi aldagaitza zekustela, azken zereginetarako astia bazela usterik, hura golkoan gorderik zeraman ezpataren gainera oldartu zen. Zesarrek hilari ez zion kargurik, ez laidorik zuzendu, Blesori salaketa asko eta lotsagarriak egin bazizkion ere.

(V.8)   Gero, Publio Bitelioz eta Ponponio Sekundoz jardun zuten. Lekukoek lehenengoari salatzen zioten bera prefektua zen erarioko giltzak eta armadaren dirua erreboltari eskaini izana; bigarrenari Konsidio pretore ohiak Elio Galoren adiskidetasuna egozten zion, zeina, Seianoren zigor ondoren, Ponponioren baratzean babestu baitzen, gordelekurik segurrenean bezala. Arriskupeko gizon hauek laguntasunik ez zuten izan, berme lez aurkeztu ziren anaien irmotasunaz besterik. Gero, hainbat atzerapenen ondoren, Biteliok, hala itxaropenak, nola beldurrak estuturik zegoenak, ikaste aitzakian, eskalpelo bat eskatu, zainetan zauri arin bat egin eta bizia tristurak janda amaitu zuen. Ponponiok, ostera, ohituren elegantzia handiko eta talentu argikoak, Tiberiok baino gehiago iraun zuen.

(V.9)   Gero, Seianoren gainerako semeak zigortzea erabaki zen, populuaren sumina ezabatuz bazihoan eta gehienak lehenengo suplizioekin baretuak baziren ere. Zer zetorkion jabetzen zen semea espetxeratu zuten, baita neskatoa ere, ezjakile, berak behin eta berriz galdetzeraino zer hobenengatik eta nora arrastatzen zuten; gehiago ez zuela egingo zioen, eta haurren zartailuarekin zigortzen ahal zutela. Garaiko autoreek diote ezen, birjina batek heriotza zigorra jasatea inoiz entzun gabea zenez, borreroak bortxatu zuela, soka ipintzen ziola; gero, urkatutakoan, adin hartako gorpuak Geminietara amildu ei zituzten.

(V.10) Aldi hartan berean, Asia eta Akaia zurrumurru iraunkor baino izugarriago batek astindu zituen: Druso, Germanikoren semea, Ziklade irletan eta gero kontinentean ikusi ei zuten. Izatez, adin berdintsuko gazte bat zen, Zesarren liberto batzuek ezagutu planta egin zutena; berarekin ibiltzen ziren, gezur eragile, eta egiaren jakitun ez ziren beste batzuk izen haren ospez erakartzen zituzten, grekoen gogoa beti baitago zer berri eta miragarrirako gertu. Espetxetik ihes eginik, aitaren armadetara ei zihoan; eta Egipto eta Siria inbadituko ei zituen, asmatu eta sinestu batera eginez. Bai gazteriak, bai herriaren begi onak inguratzen zuela, orainak eta itxaropen funts gabeak alaiturik zebilen, auzia Popeo Sabinok aditu zuenean, zeinak, orduan Mazedoniaren arduradun, Akaia ere gobernatzen zuen. Zer egia eta zer gezurra izan zitekeen aurreikusirik, Torona eta Termasko golkoak agudo bestalderatu zituen; gero, Egeo itsasoko Eube irla eta Atikako itsasertzko Pireoa iragan zituen, Korintokoa eta Istmoko estuguneak saihestu eta, beste itsasotik, Nikopolisko erromatar koloniara jorik. Hantxe jakin zuen, azkenean, hura nor zer arreta bereziz galdeturik, nola esan zuen Marko Silanoren semea zela eta, ia jarraitzaile guztiek abandonaturik, Italiarantz bezala ontziratu zen. Berri hauek Tiberiori idatzi zizkion eta gehiago ez dugu ezer jakin, kontua nola hasi eta amaitu zen.

(V.11) Urte amaieran, etengabe handituz joan zen kontsulen arteko haserrea lehertu egin zen. Hala, Trionek, etsaigoak irabazteak ardurarik ez zionak eta foroan ohiturik zegoenak, Regulori zeharka egotzi zion Seianoren lagunak zigortzen motel zebilela. Hark, xaxatu ezik, izariari eusten bazekienak, kideari bortizki erantzun ez ezik, ikerketa ezarri nahi zion, konjurazioagatik. Eta, hainbat senatarik erregutu arren utz zitzatela bien hondagarri izango ziren gorroto haiek, euren etsaigo eta mehatxuetan iraun zuten, magistratura utzi arte.

1.    Gneo Domizio eta Kamilo Eskriboniano kontsulatuan sartu ziren, Zesar, Kapri eta Sorrento banatzen dituen itsasartea zeharkatuz, Kanpaniako itsasertzean zebilela, dudan Erromara sartuko ote zen, ala, alderantzizkoa erabakirik, etortzeko plantak eginez. Eta sarritan hurreratu zen inguruetara, Tiber ondoko ortuetaraino iritsiz, gero berriro haitzetara eta itsasoaren bakartatera itzultzeko, bere krimenen eta irritsen lotsaz, zeintzuekin hainbesteko nahikerietaraino gartu zen, ezen, erregeen antzera, gazte libreak lizunkerietan zikintzen baitzituen. Gorputzen edertasuna eta xarma ez ezik, batzuengango haur inozentzia eta beste batzuengango arbasoen irudia ere irritsen kitzikagarri zitzaion. Orduantxe sortu ziren, lehenengoz, artean ezezagun ziren sellarii eta spintriae izenak, tokiaren likitsetik eta likinkeria konplexuetatik harakoak; morroiak zeuzkan, mutiko horiek bilatu eta ekartzeko, baieztunei opariak eta ezeztunei mehatxuak banatuz, eta, ahaide edo gurasoek atxikitzen bazituzten, indarrez kendu eta haiekin bere nahikeriak egiten zituen, gerrako gatibuak bailiran.

2.    Erroman, urte hasieran, Libiaren krimenak ezagutu berri balira bezala, eta aspaldi zigortuak izan ez balira bezala, haren irudien eta oroimenaren aurka ere, mozio txit gogorrak aurkezten ziren, erabakiz, baita, Seianoren ondasunak altxor publikotik kendu eta altxor inperialera pasa zitezela, aldakuntzak garrantzia balu bezala. Mozio horiek Eszipioek eta Silanoek eta Kasioek aurkezten zituzten, ia hitz berekin edo aldaera txikiekin, baina irmotasun handiz; eta, bat-batean, iseka artean, Togonio Galorena entzun zen, zeinak bere leinurik eza izen handi haien artean sartu nahi zuen. Printzeari eskatzen baitzion senatariak hauta zitzala, eurotariko hogei zotzez atereak eta gerrian ezpata eta guzti, haren pertsona defendatuko zutenak, kuriara sartzen zen guztian. Izan ere, sinestu egin zuen gutun hartakoa, non Tiberiok kontsuletariko baten babesa eskatzen zuen, Kapritik Erromara segur joateko. Gauza serioekin zer barregarriak nahastu ohi zituen Tiberiok, ostera, senatarien onberatasuna eskertu zuen; baina nortzuk utzi eta nortzuk hartuko zituen? Beti berak izango ziren ala txandatuz joan behar zuen? Karguren bat izan zutenak ala gazteak, edo partikularrak ala magistratuak? Hitz batez, zer nolako itxura emango zuten gizon ezpatadunek kuriaren atarian? Gainera, ez ei zuen bere bizia hainbeste estimatzen, armekin babestua izatekotan. Horixe da Togonioren aurka esan zuena, nahiz eta hitz bigunez eta mozioaren abolizioa bakarrik aholkatuz.

3.    Junio Galioni, ostera, pretoriarrak, lizentziatzean, zaldunen hamalau lerroetan esertzeko eskubidea izan zezatela proposatu zuenari, agiraka latza egin zion, agerian galdetuz bezala ea zer zerikusi zeukan hark soldaduekin, zeintzuentzat ez baitzen bidezko agindurik hartzerik, enperadorearenaz besterik, ez saririk, enperadoreagandik baizik. Augusto jainkozkoari bururatu ez zitzaion zerbait asma berri zuela esan zion. Ala, Seianoren satelite bihurturik, liskar eta sedizio bila ari al zen, gogo zakar haiek, ohore aitzakian, disziplina militarra usteltzera bultzatzeko? Horixe izan zen Galionen adulazio kalkulatuaren saria; berbertan egotzi zuten kuriatik, eta gero Italiatik; eta Lesbosen, berak hautaturiko irla gailen eta atseginean, erbestea aisa jasango zuela objektatzen baitzitzaion, berriro Erromara ekarri eta magistratuen etxeetan gorde zuten. Gutun berean, Zesarrek Sestio Pakoniano pretore ohiari zartakoa ematen zion, senatuaren poz handiz, gaizkile lotsagabea baitzen, denen sekretuak zelatatzen baitzituen eta Seianok hautatua izan baitzen, Gaio Zesarren aurkako enboskadan laguntzaile. Hori jakin zenean, antzinako gorrotoak kanporatu ziren eta heriotzara kondenatua izango zen, salaketa egingo zuela agertu ez balu.

4.    Baina, Lukanio Laziarren aurka jo zuenean, salatzaile-salatuek, biak berdin gorrotatuek, ikuskizun txit atsegina eman zuten. Laziar, esana dudanez, Tizio Sabinori behinola jarritako lakioaren egile nagusia izan zen, eta orduan bera izan zen erruaren lehen ordaintzailea. Baina, bitartean, Haterio Agripa aurreko urteko kontsulen gainera oldartu zen, ea orain zergatik zeuden isilik, elkarren kontrako salapenetan saiatu ondoren; beldurrak eta erru kontzientziak, noski, itunean bezala lotzen bide zituela, baina ezin zietela senatariei zer entzun zuten ezkutatu. Regulok esan zuen bazela mendekurako astia eta printzearen aurrean bilatuko zuela; Trionek erantzun zuen kide arteko liskarrak eta elkarri diskordian zuzenduriko irainak ahaztea hobe zela. Agriparen ekinean, Sankinio Maximo kontsulak senatuari erregutu zion ez zezatela enperadorearen buruhausterik areagotu, mingoskeria bihurrekin; hura bera zela erremedioak ezartzeko gauza. Halaxe lortu zuten Regulok salbatzea eta Trionek hondamenaren atzerapena. Haterio gorrotagarriago bilakatu zen, zeren, loak edo logabetasun lizunek zimeldurik, eta printze krudel, baina zahartu haren beldurrik gabe, oturuntza eta estupro artean, gizon ospetsuen hondamena antolatzen baitzuen.

5.    Gero, aukera izan zenaz batera, Kotta Mesalinok, moziorik ankerrenen egile eta, beraz, aspalditik gorrotatuak, salaketa ugari jaso zuen: Gaio Zesarren gizontasuna dudazkoa zela iradoki zuela, eta, Augustaren urte-egunean, abadeen mahaian eseri zelarik, hura hil afaria izan zela esan zuela; haiekin diruagatik eztabaidak zituen Marko Lepido eta Luzio Arruntzioren indarraz kexaturik, gaineratu zuela: «Haiek senatuak babestuko ditu, noski, baina ni neure Tiberiotxok». Salaketa haiek guztiak hiriko jaunek berretsiak ziren, eta, jarraitzen baitzuten, enperadorearengana jo zuen. Handik laster, Tiberioren gutuna heldu zen, non, defentsa gisan, bere eta Kottaren arteko adiskidetasunaren hasiera eta haren zerbitzu ugariak gogoraturik, hitz zitalki bihurrituak eta oturuntzetako esamesa arinak ez erabiltzeko eskatu baitzuen, salaketak ezartzeko.

6.    Zesarren gutunaren hasiera deigarri izan zen, honela hasten baitzen: «Zer idatziko dut, senadoreok, edo nola idatziko dut, edo zer ez dut oraingoan inola ere idatziko, jainko-jainkosek egunero nabari dudan gainbehera baino gehiago gal ez nazaten, hori jakiten badut?». Haren gaizkintzak eta lotsagabekeriak hartarainoxe bilakatu ziren beretzat ere oinaze. Jakinduriaren printzeak ez zuen alferrik esaten ezen, tiranoen gogoak bistaratuko balira, urratuak eta zauriak ikusiko liratekeela, zeren, nola gorputzak zigorkadek, gogoak ere halaxe zartatzen dituztela ankerkeriak, grinek eta asmo zitalek. Izan ere, Tiberio, ez zoriak, ez bakardadeek libratzen zuten, gogoaren oinazeak eta bere zigorrak berak aitortzetik.

7.    Orduan, senatuaren esku utzi zen Zesilio senatariarekin zer egin, berau izan baitzen Kottaren aurkako salaketarik gehienak aurkeztu zituena, eta Asureio eta Angunnioren, Luzio Arruntzioren salatzaileen, zigor berdina ezartzea erabaki zuten. Horrela, Kottari ohorerik handiena egin zitzaion, zeren, noblea izan arren, larkerian lurjorik eta gaiztakeriengatik lotsagarri, Arruntzio txit prestuaren portaerarekin berdindurik aurkitzen baitzen, zigorraren duintasunez. Gero, Kinto Serbeo eta Minuzio Termo agerrarazi zituzten. Pretoretzan jarduna zen Serbeo, behinola, Germanikoren segiziokoa izan zen; Minuziok, zaldun sailekoak, Seianorekiko adiskidetasuna neurriz erabili zuen; hortik harenganako erruki handiagoa. Tiberiok, ostera, krimenzale berezitzat jorik, Gaio Zestio aitari agindu zion senatuan irakurtzeko hark berari zer idatzi zion, eta Zestiok bere gain hartu zuen salaketa. Garai haiek jasan beharreko gauzarik zantarrena izan zen: senataririk gailenenak salaketarik zakarrenak egiten, batzuk agerian, asko ezkutuan; ez ziren bereizten etxekoak arrotzetarik, lagunak ezezagunetarik, oraintsukoa zaharraren zaharrez ilunetik; foroan eta mahaian, dena delakoaz esaten zen edozer berdin salatzen zen, batzuk azkar baitzebiltzan aurrea hartu eta salagaia hautatzen, beste batzuk, euren burua salbatzeagatik, eta gehienak, gaitz kutsakorrak jota bezala. Baina Minuzio eta Serbeo kondenatuak salatzaileengana batu ziren. Hala, Julio Afrikano, santonoen galiar herrikoa, eta bere jatorririk aurkitu ez dudan Seio Kuadrato ere, zori berera arrastatuak izan ziren. Eta badakit historialaririk gehienek ez zutela beste askoren arrisku eta zigorrik kontatu nahi izan, bai hainbestez nazkaturik, edo bai beldur zirelako, eurei hain gehiegizko eta penagarri iruditurik, irakurleei ez ote zien antzeko atsekabea emango. Guk hamaika kasu aurkitu ditugu, jakitea merezi dutenak, beste batzuek zabaldu ez badituzte ere.

8.    Esaterako, besteek Seianorekiko adiskidetasuna faltsuki baztertu zuten une hartan, Marko Terentzio zaldun erromatarra, horrexegatik auziperatua, eusten ausartu zen, senatuaren aurrean, honela mintzo: «Nire zoriari, beharbada, salaketa aitortzea gutxiago komeni zaio ukatzea baino; baina, gertatzekoa gertatzen dela, aitortuko dut ez nintzela Seianoren adiskide izan bakarrik, izatea bilatu nuela baizik. Eta, lortutakoan, poztu egin nintzela. Bere aitaren kide ikusi nuen, pretoriar kohorteen buru, eta gero hiriaz eta armadaz batera kargutzen. Haren etxeko eta ahaideek ohoreak hartzen zituzten; Seianoren lagun zen neurrian, Zesarrekiko adiskidantzan aurreratzen zen; haren aurka zeudenak, ostera, beldurpean eta lotsapean bizi ziren. Inor ez dut etsenplutzat hartuko: neure arrisku hutsez, haren azkeneko planetatik aparte egon ziren guztiak defendatuko ditut. Ez baikenuen Seiano Boltsenakoa zerbitzatzen, Klaudia eta Julia etxeen osagai bat baizik, etxe haietan ezkon ahaidetasunez sartu zena. Zeure suhia ohoratzen genuen, Zesar, zeure kontsulkidea, zeure eginkizun politiko berak betetzen zituena. Guri ez dagokigu epaitzea nor goratzen duzun besteen gainetik, ez zergatik egiten duzun. Jainkoek zeuri eman dizute gauzen azken epaia, guretzat leialtasunaren aintza utzirik. Horregatik, begi aurrean daukagunari begiratzen diogu: nork hartzen dituen zuregandik ondasunak eta ohoreak, nori damaiozun botererik handiena, on zein txar egiteko; eta inork ez du ukatuko Seianok hori guztia izan zuenik. Printzeak zer pentsakizun ezkutu darabilen eta asmo sekreturik baduen arakatzea bidegabea eta arriskutsua da; eta ezer ez lortzekoa. Ez begiratu, guraso konskriptuok, Seianoren azken egunari, hamasei urteei baino. Satrio eta Ponponio ere gurtzen genituen; haren libertoen eta atezainen ezagun izatea ere zer bikaintzat hartzen zen. Orduan zer? Defentsa indiskriminatu hau denei eskaini? Ez. Neurri zuzenei eutsi behar zaie. Zigor bitez errepublikaren aurkako azpikeriak, enperadorearen aurkako asmo hiltzaileak, zeren, haren adiskidantzatik eta horri dagozkion betebeharretatik, zu, Zesar, eta gu azken berak absolbituko baikaitu».

9.    Mintzaldiaren irmotasunak eta denek euren kautan pentsatzen zutena adierazten ausartu zen bat aurkitu izanak halako indarra izan zuen, ezen haren salatzaileak, euren aurreko hobenak gaineraturik, heriotzaz edo erbestez zigortuak izan baitziren. Gero, Tiberioren gutun bat jarraiki zen, Sesto Bistilio pretore ohiaren aurka, Druso anaiak hain maitea berau, ezen bere kohortera aldatu baitzuen. Bistilioren aurkako erreminaren arrazoia zen ezen, edo egia zela Gaio Zesarren aurkako idazki bat egin zuela, hura lizuntzat joz, edo gezurrezko salaketaren bat sinestu zela. Horregatik, printzearekin mahairatzea debekatu zitzaion eta, agure-esku dardaratiz, bere buruaz beste egiten saiatu ondoren, zainak lotu eta erregu txostena bidali zion; erantzun gupidagabea harturik, berriro zainak ebaki zituen. Gero, maiestatez salatuak izan ziren, erreskan, Annio Polion eta Apio Silano, Eskauro Mamerko eta Sabino Kalbisiorekin batera, eta Polion aitari Biniziano ere gehitu zitzaion; denak leinu handikoak ziren eta batzuk goren ohoreak izanak. Senatariak beldurrez dardar zeuden, zeren zenbat zeuden, bada, hain gizon gurenen ahaidetasun edo adiskidantzatik aparte? Eskerrak Zelsok, hiri kohorte bateko tribunoak, orduan lekukoen artean zegoenak, Apio eta Kalbisio arriskutik libratu zituen. Zesarrek Polion, Biniziano eta Eskauroren auzia atzeratu egin zuen, berak senatuarekin batera ebazteko, baina ez Eskauroren aurkako zenbait ohar beldurgarri gabe.

10.  Emakumerik ere ez zegoen arriskutik at, eta, errepublikaz jabetzen saiatzea salatzerik ez zegoenez gero, malkoengatik inkulpatzen zituzten, eta halaxe hil zuten Bizia zaharra, Fufio Geminoren ama, semearen hilketari negar egiteagatik. Honelakoxeak egiten ziren senatuan. Printzearen etxean ere ez zebiltzan oso bestela: heriotzara daramatzate Beskulario Flako eta Julio Marino, bere hurbilekorik antzinakoenetarikoak, Ordasen lagun eta Kaprin banagaitz zituenak; Beskulario Libonen aurkako azpikerietan bitartekari izan zen eta Marino Seianoren laguntzaile, Kurtzio Atiko akabatzen. Horregatik, pozik hartu zen euren etsenplu bera hartan lagundu zutenen gainera etortzea. Aldi berean, Luzio Pison pontifizea, zer arraroa hain gizon ospetsuarengan, berez hil zen; ez zen izan, berak nahita, ezein mozio zuriren eragile eta esturan aurkitu zen guztian, neurritasun zuhurrez jokatu zuen. Esana dut haren aita zentsorea izan zela; laurogei urtera arte bizi izan zen eta garaipen ohorea Trazian irabazi zuen. Baina haren aintza nagusia zen ezen, hiriko prefektu zela, tentu miresgarriz eraman zuela aginte berriki iraunkor bilakatua eta bereziki zaila, obeditzeko ohitura galdua zelako.

11.  Lehenago, izan ere, erregeak eta gero magistratuak Erromatik kanporatzen zirenean, hiria aginpide gabe ez gelditzeko, aldi baterako bat hautatzen zuten, zuzenbidea eraman eta egoera larriak konpon zitzan; Romulok Dentre Romulio izendatu ei zuen, gero Tulo Hostiliok Numa Martzio, eta Tarkinio Harroak Espurio Lukrezio. Geroago, kontsulek hautatzen zituzten, eta horren simulazio bat Feria Latinoetan gelditzen da, kontsulatuan ariko dena hautatzen dutenean. Gero, Augustok, gerra zibiletan zehar, zaldun ordenako Zilnio Mezenas Erromako eta Italiako agintari orokor egin zuen. Gero, aginte guztiaz jabetu zenean, biztanleen gehitzea eta auzibideen geldotasuna arrazoi, kontsul ohien artetik, arduradun batzuk hautatu zituen, esklaboak eta indarraz besteri beldurrik ez zioten hiritar batzuen ausarkeriak eragindako istiluak itotzeko. Lehenengoak, Mesala Korbinok, kargua hartu eta egun gutxiren buruan utzi zuen, bera hartarako ez zela gauza eta. Orduan, Tauro Estatilio, adinean aurrera zihoan arren, bikain aritu zen; azkenik, Pison dugu, hogei urtean arrakasta berdinez aritu zena eta, hiltzean, senatuaren dekretuz, hileta publikoz ohoratua izan zena.

12.  Ondoren, Kintilianok, populuaren tribunoak, senatuari Sibilaren liburu baten berri eman zion, zeina Kanino Galo kindezinbiroak profetisa beraren beste liburuen artean sartzeko eskatu zuen, senatuaren hartarako dekretuz. Hori eztabaida gabe bozkatzea onarturik, Zesarrek gutun bat idatzi zuen, gaztetasunagatik antzinako ohiturak ezagutzen ez zituen tribunoari apur bat agiraka eginez. Galori aurpegiratzen zion ezen, errituen ezagutzan bera aspaldikoa izanik, eta liburua egile ezezagunarena zela, kolegioak iritzia eman aurretik eta, ohi bezala, iragarpena maisuek irakurri eta baloratu gabe, senatuaren bilkura jendez urrira eraman zuela. Aldi berean, gogoratu zuen ezen, izen ospetsu haren pean, iragarpen hutsal asko zebilenez gero, Augustok epea ezarri zuela, haiek hiriko pretoreari aurkezteko, edukitze pribatua debekaturik. Baina arbasoek ere ezarria zutela, Kapitolioa gerra sozialean erre ondoren; Samosen, Ilion, Eritrisen, baita Afrikan eta Sizilian eta italiar kolonietan zehar ere, Sibilaren iragarpen bila ibili zirela, bat bakarra zein batzuk izan, eta abadeen esku utzi zutela, giza ahalak ematen zienetik, egiazkoak bereizteko ardura. Beraz, liburu hura orduan ere kindezinbiroek atzertzeko utzi zuten.

13.  Kontsulaldi berean, sedizio puntuan egon ziren, gariaren urriagatik, eta, hainbat egunetan zehar, enperadoreari kexa asko eta ohi baino jareginago agertu zioten. Berak, aztoraturik, magistratuei eta senatuari herria euren aginte publikoz ez menperatu izana aurpegiratu zien, ondoren gogoratuz zeintzuk probintziatatik eta Augustok baino zenbat gehiago ekarrarazten zuen gari hornimena. Beraz, herria antzinako zorroztasunaren arabera zigortzeko, senatuaren dekretu bat osatu zen, eta kontsulek berehala zabaldu zuten ediktua. Tiberioren isiltasuna ez zen hartzen gizalegetzat, berak uste bezala, harrokeriatzat baizik.

14.  Urte amaieran, Geminio, Zelso eta Ponpeio, zaldun erromatarrak, konjurazio salaketaz jausi ziren. Geminio Seianoren lagun egin zen, bere oparotasun eta bizimodu laxoagatik, baina ez zen ezer seriorako gauza. Julio Zelso tribunoak, preso zegoela, katea luzatu, lepoan buelta bat eman eta besterantz tiraturik, berak hautsi zuen bere lepoa. Rubrio Fabatori, Erromako egoeraz nazkaturik, partoen babesera ihes egin nahi zuelako aitzakian, guardia ipini zioten; egia da, Sizilian aurkitua eta zenturioi batek ekarria izanik, ez zuela hain bidaia luzearen arrazoi sinesgarririk ematen; baina bizirik apartatu zen, areago ahanzpenez, klementziaz baino.

15.  Serbio Galba eta Luzio Silaren kontsulaldian, birloben senartzat nortzuk eman asko pentsatu eta gero, Zesarrek, birjinen adinak presatzen baitzuen, Luzio Kasio eta Marko Binizio hautatu zituen. Binizio udal leinukoa zen, Kalesen jaioa, aita eta aitita kontsulak izan zituena; gainerakoan, zaldun familiakoa zen, izaera gozokoa eta ekarri finekoa. Kasio Erromako plebe familiakoa zen, baina antzinakoa eta ohoretsua; aitak diziplina zorrotzean hezirik, adeikortasunagatik ospetsuago zen, ekinkortasunagatik baino. Honekin Drusila eta Biziniorekin Julia ezkondu zituen, biak Germanikoren alabak, eta, gai hartaz, senatura gutun bat bidali zuten, mutil haien gorespen neurtuekin. Gero, bere ausentziaren arrazoiak hitz lauso samarretan azaldutakoan, arazo larriagoetara eta errepublikagatik jasan zituen gorrotoetara jo zuen; kuriara zetorren bakoitzean, Makronek eta tribuno eta zenturioi banaka batzuek bakarrik lagun ziezaiotela eskatu zuen. Senatuaren dekretu zabal bat osatu zen, goardien izaera eta kopurua gehiegi zehaztu gabe, baina gehiago ez zuen hiriko etxerik zapaldu, eta are gutxiago kontseilu publikorik, sorterriaren inguruan alderrai eta ia beti bide galduetatik eta zeharka zebilela.

16.  Bitartean, salatzaile pilo handia oldartu zen lukurreriaz diruginan ari zirenen aurka, Zesar diktadorearen legea hautsirik, zeinak kreditua eta Italia barruko posesioa mugatzen zituen, aspalditik ahaztua bera, on publikoa irabazi pribatua baino atzerago ibiltzen baita. Lukurreriaren gaitza zaharra zen, izan ere, hirian, eta sedizio eta liskar etengabeen eragilea; horregatik, antzina ere, ohiturak hain usteldurik ez zeudenean, zigortua izan zen. Lehenengotan, Hamabi Oholetan, inork ontza batetik gorako interesdun mailegurik ez ipintzea ezarri zen, aurretik, aberatsen apetaren arabera jokatzen baitzen; gero, tribunoen proposamenez, ontza erdira jaitsi zen; azkenik, interesa debekatu egin zen. Eta, plebiszitu askoren bitartez, iruzurrei bidea moztu zitzaien, baina, hainbeste alditan zanpatu arren, trikimaina harrigarriz berritzen ziren. Baina orduan Grako pretoreak, auziaren instrukzioa egokitu zitzaionak, bere burua arriskuan ikusten zuen jendetzak beharturik, senatura parte eman zuen, eta gurasoek, ikaraturik, inor ez baitzegoen errutik libre, printzeagandik grazia eskatu zuten. Honek eman egin zuen, eta urtebete eta sei hilabeteko epea ezarri zen, legeak aginduaren arabera, bakoitzak bere ondare kontuak konpon zitzan.

17.  Horrek diru urritasuna ekarri zuen, zor guztiak batera erreklamatzean, eta, ondasunen enkantera zeraman hainbeste zigor izanik, zilar txanpondua fiskoak edo erarioak atxikita zeukalako. Horren aurrean, senatuak agindu zuen bakoitzak diru prestatuaren bi heren Italiako lurretan inberti zitzala. Hartzedunek, ostera, osoa eskatzen zuten eta, erreklamatzen zitzaienentzat, ez zen itxurazkoa kreditua gutxitzea. Hala, lehenik bisitak eta erreguak izan ziren, gero pretorearen auzitegian zalapartak, eta erremediotzat erabakitako neurria, sal-erosia, kaltegarri bilakatu zen, mailegu-emaileek diru guztia gorde baitzuten, lurrak erosteko. Salmenten ugariari prezioen beherapenak jarraitu zion; zenbat eta zorpetuago zegoenak, zailago zeukan sailak saltzea, eta askoren edukiak gainbehera zetozen. Ondasun familiarren hondamenak duintasuna eta ospea eraisten baitzituen, Zesarrek laguntza bat jarri zuen, bankuetara ehun milioi sestertzio banaturik eta euron mailegua, hiru urtean, interes gabe baimendurik, zordunak, aurretiaz, herriari dobleko bermea eskaintzen bazion onibarretan. Halaxe berritu zen kreditua eta, apurka-apurka, mailegu-emaile partikularrak ere aurkitu ziren. Baina ez zen gertatu senatuaren dekretuaren araberako lur erosterik, ia beti gertatzen baita, hasiera indartsuaren ondoren, azkenean, indiferentzia nagusitzen dela.

18.  Gero, aurreko beldurrak itzuli ziren, Konsidio Prokulo maiestatez auziperatu zutenean; ezeren beldurrik gabe, bere urte-eguna ospatzen ari zela, bat-batean kuriara arrastatu zuten, kondenaturik eta hilik; haren arreba Santzia ur-suen debekura kondenatu zuten, Kinto Ponponioren salaketaz. Hau, izakeraz, azpikaria zen, eta horrelakoak eta antzekoak egiten ei zituen, Zesarren aurrean, bere anaia Ponponio Sekundoren arriskua sorosteko grazia lortzearren. Ponpeia Makrinaren aurkako erbestea ere erabakitzen da, zeinaren senar Argoliko eta aitagiarreba Lakon, akeo txit gorenak, Zesarrek jazarriak zituen; erromatar zaldun ospetsua zen bere aitak eta pretorea izaniko nebak ere, kondenaren mehatxuan aurkitzean, euren burua hil zuten. Errutzat ezartzen zitzaien ezen Mitileneko Teofanes, euren birraitita, Gneo Ponpeio Magnok bere lagun minen artean eduki zuela, eta, Teofanes hildakoan, grekoen adulazioak ohore zerutarrak eskaini zizkiola.

19.  Hauen ondoren, Sesto Mariori, Hispanietako gizonik aberatsenari, alabarekin intzestua izana salatzen diote, eta Tarpeia haitzetik amiltzen dute; eta bere ondasun izugarriek hondatu zutela dudarik izan ez zedin, haren urre eta (zilar) meatzeak, konfiskatuak izan arren, Tiberiok beretzat gorde zituen. Gero, suplizio hauengatik beroturik, Seianorekiko konplizitatez salaturik, preso zeuden guztiak exekutatzeko agindua ematen du. Sarraski izugarria zetzan lurrean: sexu bietakoak, adin guztietakoak, ospetsuak eta ezezagunak, banan edo piloan. Ahaide eta lagunei ez zitzaien utzi hurbiltzen, negar egiten, ezta begiratzen ere luzaroan; aitzitik, guardia bat ezarri zuten inguruan, bakoitzaren saminaren adi, hilotz ustelei jarraitzen ziena, Tiberrera arrastatzen zituzten bitartean, non, flotatzen edo ertzera jaurtiak baziren, inori ez zioten erretzen uzten, ezta ukitzen ere. Giza izatearen elkartasuna beldurraren indarrak moztu zuen, eta, zenbat eta ankerkeria areagotu, errukia urrunago zen.

20.  Garai berean, aititari Kapriko erretiroan laguntzen zion Gaio Zesar Marko Silanoren alaba Klaudiarekin ezkondu zen; apaltasun engainagarriz, jenio basatia estaltzen zuen, ez amaren kondenak, ez anaien hilketak ahotsik aldatu ziotela. Tiberiok nolako eguna zeukan, halako airea hartzen zuen, eta hitzetan ere ez zeukan alde handirik. Hortik dator Prosenio hizlariaren esate zorrotz eta txit zabaldua: «inoiz ez zen morroia hobea izan, ez ugazaba txarragoa». Ez nuke aipatu gabe utzi nahi Tiberioren presagio bat, orduan kontsul zen Serbio Galbaz. Deiturik eta zenbait hitzez tentaturik, gero honelatsu esan zion grekoz: «Heuk ere, Galba, inperioa probatuko duk noizbait», haren agintaldi berantiar eta laburra adieraziz, kaldearren artearen ezagutzari esker. Tiberiok Rodasko aisialdia horixe ikasten egin zuen, Trasilo irakasle zuela, zeinaren trebetasuna honako eran probatzen zuen:

21.  Gai honi buruz kontsultatzen zuen guztian, etxearen goialdea eta liberto bakarraren laguntza erabiltzen zituen. Hau, letretan ezjakina eta gorputzez oso indartsua, alde malkar eta erripetik, etxea haitzean kokatua baitzen, Tiberiok haren ahalmena probatzea erabakia zuenaren aurretik joaten zen, eta, bueltan, gezur edo iruzur susmorik sortu bazen, azpian zegoen itsasora jaurtitzen zuen, bere sekretuaren lekukorik ez geratzeko. Trasilo ere halaxe eraman zuten haitz beretara, eta, galdeketan, zirrara handia eragin zionez gero, bere inperioa eta etorkizuna argiro igarriz, Tiberiok galdetu zion ea bere horoskopoa ere egiaztatua zuen, eta urte hartan eta egun hartan zer zegokion. Hark izarren posizioak eta espazioak neurtu zituen, eta, lehenik, zalantzan gelditu zen; gero, ikaraz bete zen eta, zenbat eta gehiago kalkulatu, are eta areago dardaratzen zen harriduraz eta beldurrez; azkenik, arrisku anbiguo eta ia muturreko baten mehatxupean dagoela hots egiten du. Orduan Teberiok, besarkaturik, zoriondu egiten du, arriskuak aurreikusi zizkiolako eta onik irtengo zelako, eta, hark esana orakulutzat harturik, bere lagun minen artean sartzen du.

22.  Baina nik, horrelakoak eta antzeko historiak entzutean, ez dakit zer pentsatu: hilkorren gauzak patuaren eta behar aldaezinaren ala zoriaren arabera gertatzen ote diren. Behintzat, antzinako jakintsuenak eta haien irakatsiei jarraitzen dietenak banaturik aurkituko dituzu. Batzuen ustea da jainkoak ez direla ez gure hasieraz ez azkenaz, hitz batez, gizakumeoz, arduratzen, eta, horregatik, sarritan, onei okerrak eta gaiztoei onak gertatzen zaizkiela. Beste batzuek, ostera, uste dute badela historiarekin bat doan patu bat, baina ez izar deslaietatik harakoa, berezko printzipio eta loturei atxikia baizik; hauek, hala ere, bizitza hautatzen geuri uzten digutela eta, behin hau hautaturik, gertaeren segida aldaezina dela; herriak halakotzat dauzkanak ez direla ez on, ez txar; uste dute ezbeharrak joak diruditen asko dohatsuak direla, eta beste batzuk, ostera, aberastasunik handienean ere, oso dohakabeak direla, lehenengoek patuaren pisuari irmoki eusten badiote, eta bigarrenek euren ongizatea zentzu gabe erabiltzen badute. Gainerakoan, hilkorrik gehienak ez dira libratzen uste izatetik bakoitzari jaiokeran bertan izendatzen zaiola etorkizuna, baina gauza batzuk zer dioten ez dakitenek iragarri dutenaz bestera gertatzen direla, eta horrelaxe andeatzen dela igarmenaren dohaia, zeinaren agiri argiak eskaintzen dituen hala antzinako, nola oraingo aldiak. Behintzat, Trasilo honen semeak Neronen inperioa iragarri zuen, bere garaian gogoratuko denez, orain ez baitut neure planetik alboratu gura.

23.  Kontsulaldi berean, Asinio Galoren heriotzaren berri jakiten da, dudarik gabe, janari faltaz hil zena bera; nahita ala beharrez, hori ez zegoen argi. Ehorzten utziko ote zuen Zesarri galdeturik, ez zen lotsatu baimena ematen, ezta hobenduna, publikoki konbiktutzat joa izan aurretik, eraman zuten arrazoiak deitoratzen ere; alegia, hiru urtean, nahikoa asti izan ez balitz bezala kontsul ohi zahar bat, hainbeste kontsulen aita, epaiketara ekartzeko. Gero, Druso hil zen, bederatzi egunez, janari tristetzat, ohearen betegarria karraskatuz iraun ondoren. Historialari batzuek kontatzen dute ezen, Seianok armetara jotzen bazuen, Makroni aginduta zegoela mutila espetxetik atera (jauregian atxilo baitzegoen) eta herriaren buru ipintzeko. Geroago, Zesar errainarekin eta birlobarekin adiskidetuko zela zabaldu zenean, damua baino nahiago izan zuen ankerkeria.

24.  Areago, hilarekin sumindu zen, gorputza desohoratu eta pentsakizun beretarrentzat txarrak eta errepublikarentzat kaltegarriak izan zituela gaitzetsiz. Gainera, egunez egun idatzitako haren esan-eginen txostena irakurtzeko agindu zuen, eta hori ikaragarriena iruditu zen. Haren ondoan, hainbeste urtez, haren aurpegikeraz, auhenez, baita isilean xuxurlatzen zuenaz ere, oharrak hartzeko arduradunak egotea eta aitita hori entzuteko, irakurtzeko, argitaratzeko gauza izatea nekez sinets zitekeen, Attio zenturioiaren eta Didimo libertoaren gutunek izenak eman ez balituzte, lantzean batek logelatik irten nahi zuen Druso mehatxuka behartzen zuten esklaboenak. Zenturioiak bere hitzak ere, amorruz beteak, zerbait ohoragarri legez erantsi zituen, baita hil-hurrenarenak ere; hauekin, lehenengotan, bere onetik joandako itxura egiten zuen, Tiberiori augurio txarreko esaldiak zuzenduz, zoraturik bezala; gero, biziaz etsirik, haren aurka birao izugarriak, pentsatuak eta prestatuak jaulkitzen zituen, opatzen ziola ezen, erraina, anaiaren semea eta birlobak akabatu eta etxe guztia hilketaz bete zuenez gero, halaxe izan zezala bere hobenez erantzun beharra, bere arbasoen izen eta leinuaren, eta geroaren aurrean. Senatariek marmarrean ziharduten, augurio haien higuin plantak eginez, baina izuak eta miresmenak josita zeuden, nola gizon hura, lehenago argia eta krimenak ilunpean gorde zalea, hainbesteko lotsagarrikeriaraino irits zitekeen, ezen, hormak kendurik bezala, birloba zenturioiaren zartailupean erakusten zuen, esklaboen zartako artean, biziaren azken unean, janaria alferrik eskatuz.

25.  Samin hura oraindik ez zen joana, Agripinaren heriotzaren berri jakin zenean. Seiano hiltzean, bizia itxaropenak eutsita luzatu zuelakoan nago, baina, amorrurik ez zela inola ere baretzen ikusirik, nahita iraungi zela, baldin, janaria ukaturik, nahita hautaturiko azkena eman zezakeena simulatu ez bazuten. Tiberio, behintzat, haren aurkako salaketarik itsusienetan sutu zen, lizunkeria eta Asinio Galorekiko adulterioa egotziz, eta honen heriotzak bizitzaren higuinera eraman zuela. Baina parekorik jasaten ez zuen eta aginte egarri zen Agripinak, gizonei dagozkien ardurekin, emakumeen bizioak bertan behera utziak zituen. Seianok, urte bi lehenago, bere erruak ordaindu zituen egun berean hil zenez gero, Zesarrek erantsi zuen hori gogoangarri egin behar zela, eta harrotzen zen ez zelako lakioak estrangulatua, ez Gemonietara jaurtia izan. Hala, esker egun bat egin zen, baita dekretatu ere, azaroaren hamazortzian, biak hil ziren egunean, Jupiterri urtero eskaintza egitea.

26. Ez askoz geroago, Kokzeio Nerbak, printzearen ohiko laguntzaileetariko batek, zuzenbide erlijioso eta zibilean adituak, oparotasun eta osasun osoan zegoela, bere burua hiltzeko asmoa hartu zuen. Tiberiok jakin zuenean, galdez erasotzen zion, baita erreguz ere; azkenik, aitortzen dio bere kontzientziarentzat, bere izenarentzat larria litzatekeela lagun min batek, hiltzeko inolako arrazoi gabe, bizitzatik ihes egin baleza. Nerbak, harekin hitz egiteari uko eginik, barauan jarraitu zuen. Haren pentsakizunen berri zekitenek ziotenez, errepublikaren gaitzak hainbat hurragotik ikusteak eragiten zion haserre eta beldurragatik nahi izan ei zuen, oraindik osorik eta bakez zegoela, azken zintzo bat. Gainerakoan, Agripinaren galerak, sinesten ere lanak dituenak, Plantzina arrastatu zuen. Behinola Gneo Pisonekin ezkondurik, ez zuen Germanikoren heriotzaren pozik ezkutatu. Pison erortzean, Augustaren erreguek eta, ez gutxiago, Agripinaren etsaigoak defendatu zuten. Gorrotoa eta grazia atertu zirenean, justizia gailendu zen eta, salaketa txit ezagunengatik auziperaturik, bere eskutik jasan zuen zigor are berantagoa, merezigabea baino.

27.  Hainbeste doluz jantziriko hirian, tristagarria izan zen, halaber, Julia, Neronen emazte izan zen Drusoren alaba, ezkontzaz sartzea Rubelio Blandoren etxean, zeinaren aitita, Tiboliko zaldun erromatarra, gehienek gogoratzen zuten. Urte amaieran, hileta handiz ohoratu zuten Elio Lamiaren heriotza, zeinak, Siriako aginte itxurazko hutsetik txandaturik, hiriko prefektura eraman zuen. Goi familiakoa zen eta zahartzaro bizia izan zuen; eta bere probintzian agintzen utzi ez izanak ospea handitu zion. Gero, Siriako propretore Flako Ponponio hiltzean, Zesarren gutun bat irakurri zen, non kexatzen zen armaden buru izateko gizonik gailenen eta egokienek egiteko horri albo egiten ziotela eta, egoera horretan, erreguka ibili beharra zeukala, kontsul ohi batzuei probintziak gobernarazteko, alde batera utzirik bazirela hamar urte, Arruntziori Hispaniara joatea galarazten ziona. Urte hartantxe hil zen Marko Lepido ere, zeinaren zuhurtziaz eta jakinduriaz, aurreko liburuetan, nahikoa luzatu naizen. Haren nobleziak ere ez du froga handiagorik behar: egia da Emiliotarren leinua hiritar jatorretan oparoa izan zela eta, familia horretan, ohitura usteldunak ere fortuna handikoak izan zirela.

28.  Paulo Fabio eta Luzio Bitelioren kontsulaldian, mendeen ziklo luzearen ondoren, fenix hegaztia Egiptora iritsi zen, lur hartako eta Greziako jakintsuenei behaketa ugarirako bidea emanik, gertaera miragarri hartaz. Zerbait esan nahi nuke bat datozen zenbait puntuz, baita, anbiguoak izan arren, jakitea merezi duten beste gehienez ere. Animalia hori eguzkiari eskainita dago, eta bere irudia eman dutenak bat datoz ezen, buruan eta lumen kolorean, beste hegaztien ezberdina dela; urte kopuruaz, bada zenbait iritzi. Gehienak bostehun urteko aldiaz mintzo dira, baina badira tartea mila eta laurehun eta hirurogeita bat urtera luzatzen dutenak ere. Aurreko hegaztiak, lehenengoz, Sesosisen agintaldian ikusi ei ziren, gero Amasisenean, gero mazedoniarren jatorriko hirugarren errege Ptolomeorenean, Heliopolis izeneko hirirantz hegan eta beste hegazti batzuen segizio handiak lagundurik, fenixaren itxura ezohikoaz harriturik eurok. Baina antzinatasun ilun samarra da: Ptolomeoren eta Tiberioren artean, berrehun eta berrogeita hamar urte baino gutxiago izan dira. Hortik dator askok esatea fenix horrena gezurra zela; ez zetorrela Arabiako lurretik eta ez zuela ezer egin, antzinateko oroimenak hartaz dioenik. Izan ere, urteen kopurua osaturik, heriotza hur daukanean, habia lurrean egin eta ondorengoa jaiotzeko indar sortzailea ematen ei dio; honen lehenengo ardura, hazitakoan, aita lurperatzea ei da, eta ez edonola, aitzitik, mirra zama bat hartu eta ibilaldi luzeetan probaturik, eramateko gauza dela, bidaiarako gauza dela ikustean, aitaren gorputza bizkarreratu, eguzkiaren aldarera igo eta hantxe erretzen ei du. Hori guztia gezurra eta alegiaz handitua da; gainerakoan, ez da dudan jartzen hegazti hori, noiz edo noiz, Egipton ikusten denik.

29.  Baina Erroman hilketak aurrera zihoazen eta Ponponio Labeon, Mesia gobernatu zuela esana dudana, zainak ebaki eta odolustu egin zen; berdin egin zuen Paxea emazteak. Nahitako heriotza haiek borreroaren beldurragatik ziren, zeren, kondenatuei ondasunak konfiskatzen eta ehorztea ukatzen bazitzaien, eurentzat halako erabakia hartzen zutenek bazekiten euren gorputzak ehortziak eta testamentuak errespetatuak izango zirela, aurrea hartu izanaren sari. Baina Zesarrek senatura idatzi zuen arbasoek, adiskidetasun bat haustean, delako lagunari norbere etxean sartzen ez uzteko ohitura zeukatela, harreman harekikoa hartan amaiturik; berak Labeonekin horixe egin zuela, eta honek, probintziaren administrazio txarrak eta beste zenbait hobenek estuturik, bere aurkako gorrotoa eragiteko zerbaitekin disimulatu zuela bere errua, eta haren emaztea arrazoi gabe ikaratu zela, zeina, gaitz egina bazen ere, ez zegoen arriskuan. Ondoren, Mamerko Eskauro berriro jazarri zuten, nobleziaz eta abokatu dohaiz ospetsua, baina bizitzaz lotsagarria. Seianorekiko adiskidetasunak ez zion inolako kalterik ekarri, baina Makronen gorroto ez gutxiago kaltegarriak hondatu zuen, zeinak arte berean disimulu handiagoz jarduten zuen, eta Eskaurok idatzitako tragedia baten argumentua salatu zuen, Tiberiori zegozkiokeen bertso batzuei arreta emanik. Dena dela, Serbilio eta Kornelio salatzaileek Libiarekiko adulterioa eta praktika magikoak egozten zizkioten. Eskaurok, Emilioen antzinako familiari zegokionez, kondenari aurrea hartu zion, Sestia emazteak aholkaturik, heriotzaren xaxatzaile eta partaide izan zena berau.

30.  Baina salatzaileak ere, aukerarik bazen, zigortzen zituzten. Hala, Serbio eta Kornelio, Eskauro hondatu ondoren, Bario Ligurrengandik delaziorik ezaren truke dirua jaso zutelako, izen beltza hartu zutenak, irletara konfinatuak izan ziren, su-uren debekuz. Abulio Ruso ere, lehenagoko edila, Lentulo Getuliko, zeinaren agindupean legio baten buru izan zen, Seianoren semea suhitzat hautatu zuela-eta arriskuan jartzen zuena, kondenatua eta hiritik egotzia izan zen. Getuliko, garai hartan, Goi Germaniako legioen buru zegoen eta izugarrizko izena irabazi zuen, klementzian neurrigabe eta zorroztasunean neurtua izateagatik, inguruko armadetan ere estimatua, Luzio Apronio aitaginarrebari eskerrak. Hortik zetorren zurrumurru zarratua ezen Zesarri idazten ausartu zela, gogoratuz Seianorekiko ahaidetasuna ez zuela berak bilatu, Tiberioren aholkutik etorri zela baizik; berak Tiberiok bezala huts egin izan zezakeela, eta errore bera ez zitekeela harentzat erantzukizun gabea eta besteentzat galbidea izan; berak leialtasuna osorik gordetzen zuela eta, azpikeriaz xaxatzen ez bazuten, hartan eutsiko ziola; ondorengo baten izendapena heriotza zigorra bezalaxe hartuko zuela; itun antzeko bat sina zezatela, zeinaren bitartez, enperadoreak gainerako auzietan aginduko zuen eta bera probintziaren jabe izango zen. Hori guztia, harrigarria izanik, sinestekoa zen, Seianoren inguruko askoren arteko biziraule bakarra baitzen, eta grazia handia ere bazuen, Tiberiok uste baitzuen jendeak gorroto zuela, adinaren ertzean zebilela eta bere aginteak izenagatik gehiago zirauela, indarragatik baino.

31.  Gaio Zestio eta Marko Serbilioren kontsulaldian, jaun parto batzuk etorri ziren Erromara, Errege Artabanok ez zekiela. Hau, Germanikoren beldurrez, erromatarrekin leiala eta beretarrekin zuzena izan zen; baina, gero, gureganako harrokeriazko eta bere herriarenganako ankerkeriazko jarrera hartu zuen, inguruko herrien gainean izaniko garaipenetan fidaturik. Tiberio agurearen arbuiatuz, armak hartzeko gauza ez bailitzan, eta begiak Armenian zituela, zeinaren buru, Artaxias erregea hildakoan, Arsazes bere seme zaharra ipini baitzuen, oraindik gu iraintzen ausartu zen, Bononesek Sirian eta Zilizian utzitako altxorren eske mezulariak bidaliz; aldi berean, pertsiar eta mazedoniarren antzinako mugez mintzo zen, eta Ziroren eta, gero, Alexandroren posesio izan zirenak inbadituko zituela, ahohaundiz eta mehatxuz. Partoen artean, mezu izkutua bidaltzearen eragile nagusia Sinnazes izan zen, goi familiakoa eta ondasunetan araberakoa, eta atzetik Abdo, gizontasuna moztua zuena; hori, barbaroen artean, ez da gutxiesgarri, aitzitik, boterea esan nahi du. Beste jaun batzuk ere eurenganatu zituzten eta, Artsaziden familiako inor ezin zutenez tronuratu, Artabanok gehienak hil zituelako eta gelditzen zirenak oraindik txikiak zirelako, Erromari Fraates eskatzen zioten, Fraates erregearen semea: izen bat eta babeslea bakarrik behar zuten, Zesarren oniritziz, Artsaziden leinua Eufratesen ibarrean ikus zedin.

32.  Horixe nahi zuen Tiberiok. Fraates apaintzen eta aitaren botererako prestatzen du, kanpo arazoetan haren jokaerari zentzuz eta argitasunez jarraituz, baina armadak urrun edukiz. Bitartean, Artabanok, bere aurka zebilen azpikeriaz jabeturik, behin atzera egiten zuen beldurrez, behin mendeku gogoan sutzen zen; barbaroen artean, izan ere, zalantza esklaboen zertzat jotzen da, bizkor jokatzea, berriz, erregeena. Hala ere, sen praktikoa nagusitu zen: Abdo, adiskide gisan, oturuntzara gonbidatu eta pozoi lento batez moldatu zuen; Sinazes disimuluz eta opariz entretenitu zuen, baita gobernu kontuekin ere. Baina Sirian zegoen Fraates, hainbeste urtez ohitua zen erromatar bizikera utzi eta partoen ohituretara egokitzean, bere herriko usadioak ezin jasanik, gaixotasunez hil zen. Baina Tiberiok ez zuen horregatik bere ahaleginean etsi: odol bereko Tiridates hautatu zuen Artabanoren areriotzat, eta Mitridates hiberoa, Armeniaz birjabetzeko, bere herriko agintea zeraman Farasmanes anaiarekin adiskidetzen zuela; Ekialdean prestatzen ari zen guztiaren buru Luzio Bitelio ipini zuen. Badakit gizon honek Erroman entzute negargarria zeukana eta hartaz hamaika zantarkeria kontatzen zena; probintzien gobernuan, ostera, antzinako erako zintzotasunez jokatu zuen. Itzuli zenean, Gaio Zesarren beldurrez eta Klaudiorekiko adiskidetasunez, esklabotza dorpera aldatu zen, ondorengoentzat desohore adulatzailearen adibidetzat geraturik; azkena hasiera baino okerragoa izan zen eta haren zahartzaro lotsagarriak gaztaro jatorra ezabatu zuen.

33.  Erregetxoen artean, ostera, Mitridates Farasmanesi zirika hasi zen, iruzurrez eta indarrez, bere saiakerak babes zitzan, eta korruptoreak aurkitu zituzten, urre ugariz, Arsazesen zerbitzariei krimenera sakatzeko; aldi berean, hiberoak Armenian tropa handiekin sartu eta Artaxata hiria eurenganatzen dute. Artabanok, hori jakitean, seme Orodes prestatzen du mendekurako: partoen armada bat eman eta errefortzu mertzenarioen bila bidaltzen du. Farasmanesek, bere aldetik, albaniarrak erakartzen eta sarmatei deitzen zien, zeintzuen eszeptukoek, alde bietako opariak harturik, herri haren ohituran jarraitu zuten, kontrako kausei laguntzen, alegia. Baina hiberoek, inguruen jabeek, Kaspio igarobidetik, bat-batean, sarmatak armeniarren aurka jaurtitzen dituzte. Partoenganantz zihoazenak, ostera, aisa atzeratzen zituzten, etsaiak gainerako igarobideak itxi baitzituen, eta gelditzen zen bakarra, itsasoaren eta albaniar mendien muturraren artekoa, udan ibilgaitza baitzen, haize etesioek jotzean, behealdeak ureztatzen direlako; neguko austroak olatuei atzerantz eragiten die eta, urak barrurantz bidaltzean, sakonera txikiko bazterrak agerian uzten ditu.

34.  Bitartean, Orodes aliatu gabe aurkitzean, Farasmanesek, tropa laguntzailez indarturik, borrokara deitzen zion eta, hark atzera egitean, kanpamentuak zaldikatzen eta bazkalekuak izuarazten zizkion; sarritan, setio gisako destakamenduz ere inguruatzen zuen, harik eta partoek, irainetara ohitu gabeek, erregea inguratu eta gudua eskatu arte. Baina haien indarra zaldierian bakarrik zegoen; Sarasmanesek, berriz, infanteria ere indartsua zeukan. Hiberoak eta albaniarrak, izan ere, oihan malkar haietan bizi direlako, gogorragoak eta euskorragoak dira. Tesaliarrengandik sortu ei ziren, Jason, Medea bahitu eta harekin umeak izanik, Eetesen tronu hutsa erreklamatzera Kolkidera itzuli zen garaian. Heroi horretaz eta Frixoren orakuluaz gauza asko esaten da; eta inork ez luke aharirik sakrifikatuko, Frixo animalia horrexek eraman zuela uste baita, dela halaxe benetan, dela untziaren ikur gisan. Behintzat, armada biak gudurako kokatu ziren eta partoa Eki Inperioa eta artsazidak zer ospetsuak ziren esaten hasi zen, hiberoak, ostera, ezezagunak zirela eta soldadu mertzenarioak zeramatzatela. Farasmanesek beretarrei ziotsen eurek partoen aginteari osorik eutsi ziotela; zenbat eta egiteko handiagoetan sartu, hainbat aintza handiagoa izango zutela, irabazten bazuten, baita lotsaizuna eta arriskua ere, bizkarra ematen bazuten; aldi berean, bere armada puntatsua erakusten zuen, eta aurrean, medoen tropa urreztatua; hemen gizonak, hor harrapakina.

35.  Egia esan, sarmaten artean, aginte ahotsa ez zen bakarra: elkar animatzen zuten, azkonekin borrokatzen ez uzteko: ahalik arinen, gorputzez gorputz eraso behar zen. Hala, bataila era ezberdinetan garatzen zen, zeren partoak antze berdinez jotzen eta ihes egiten ohiturik baitzeuden, zaldieria hedatu eta segurki zauritzeko lekua bilatuz; sarmatak, hartan hain trebeak ez ziren arkuak utzi eta pikaz eta ezpataz oldartzen ziren; batzuetan, zaldizko borrokan bezala, behin aurrerantz, behin atzerantz jotzen zuten; beste batzuetan, lerro itxiko borrokan bezala, gorputzen eta armen oldarrez, atzera eragiten edo egiten zuten. Albaniarrak eta hiberoak etsaia geldiaraztea eta zaldigabetzea lortzen ari ziren, arrisku bikoitzean jartzen zituztela, goitik zaldieriak eta hurragotik oinezkoek ez baitzieten etenik ematen. Guduaren erdian, Farasmanesek eta Orodesek, kementsuak animatzen eta zalanzkorrei laguntzen zihardutela, elkar ikusi eta ezagutu zuten; oihuka eta arma hotsean, elkarrenganantz zamalkatzen dira, Farasmanes indartsuago, eta, hala, Orodesi kaskoa zulatu zion. Kolperik ezin izan zuen errepikatu, zaldiak, abiadan, aurrerantz eraman baitzuen, eta zauritua eskoltako suharrenek babestu baitzuten. Hala ere, heriotzaren zurrumurru faltsuki sinestuak partoak izutu zituen eta garaipena eman zuten.

36.  Berehala, Artabanok, erreinuko indar guztiekin, mendekura jo zuen. Lekuen ezagutzagatik, hiberoek abantaila zeukaten borrokan, baina, halaxe ere, Artabanok ez zuen atzera egingo, Biteliok, legioak batu eta Mesopotamia inbaditzera zihoan zurrumurrua zabaldurik, Erromarekiko gerraren beldurra sartu ez balio. Orduan, Artabanok Armeniatik alde egin zuen eta haren kausak lurra jo zuen, Biteliok herri hura animatzen baitzuen bakean krudela eta gerran ezbeharrengatik kaltegarria zen errege hura abandonatzera. Hala, bada, Sinnazesek, gorago aipatua dudan Artabanoren etsaiak, defekziora tiratzen die bere aita Abdagesesi eta ezkutuan asmo berekoak zirenei, eta orduan, etengabeko hondamenak zirela bide, inoiz baino prestago zeudenei; astiro-astiro, batuz joan zitzaizkien, gogo onez baino gehiago beldurrez menperaturik, buruzagi berriak aurkitu nahian zebiltzanak. Artabanori jada ez zitzaion gelditzen jagole pertsonal arrotz batzuk besterik, denak euren herrietatik desterratuak, ez onik ulertu, ez txarrari begiratu gabe, diru truke, krimenaren zerbitzari dabiltzanak. Hauek harturik, bizkor ihes egin zuen leku urrun eta Eszitiaren mugakideetarantz, laguntza itxaropenez, hirkanoekin eta karmanioekin ahaidegoz baturik zegoelako; bitartean, partoek, ausenteekin zuzen, presenteekin desleial, damura aldatuko zirela uste zuen.

37.  Biteliok, Artabanok ihes egitean eta herria errege berria hartzeko gogoz ikustean, Tiridates bultzatzen du prest-prest zegoena hartzera, eta legio eta aliaturik gehienak Eufratesen ibarrera daramatza. Sakrifizioan zihardutela, batak erromatarren suobetaurilia erara, besteak ibaiari, baretu alde, eskainitako zaldiarekin, herritarrek iragarri zieten Eufrates, inolako euririk gabe, berez, izugarriro handitu zela eta, aldi berean, diadema antzeko apar zurizko zirkuluak egiten zituela, ibilaldi oparoaren iragarpen. Batzuek, interpretazio zorrotzagoz, ekintzaren hasiera ona, baina ez iraunkorra zekusten, lurreko edo zeruko mirariak sinespide sendoagokoak baitziren; ibaiaren izate ezegonkorrak, ostera, augurioak batera erakusten eta erauzten ei zituen. Zena zela, untzizko zubi bat egin eta armada igaroarazi zuten. Kanpamentura etorri zen lehenengoa, milaka zaldizkorekin, Ornospades izan zen, behinola erbesteratua, eta Tiberiori, ez aintza gabe, laguntza eman ziona, hau Dalmaziako gerra amaitzen ari zenean, eta, horregatik, erromatar hiritargoz ohoratu zutena. Gero, erregearen adiskidetasuna berreskuraturik, honek ohorez hornitu eta lautadetako agintari ipini zuen, Eufrates eta Tigris ibai ospetsuek inguraturik egotearren, Mesopotamia izena hartu zutenak eurak. Handik laster, Sinnazesek tropak handitzen ditu, Abdagesesek, alderdiaren zutabe, altxorra eta erret arrandia eransten dituen bitartean. Biteliok, erromatar armak erakustea nahikoa izan zela pentsaturik, Tiridatesi eta jaunei ohar egiten die: hari, Fraates aitita zuela eta Zesarrek hazi zuela, eta arrazoi bion ohorea gogoratzeko; hauei, erregeari men egin ziezaietela, gu errespeta gintzala eta bakoitzak bere ohorea eta leialtasuna gorde zitzala. Gero, Siriara itzuli zen legioekin.

38.  Uda bitan izaniko gertaera haiek bat egin ditut, nire gogoak etxeko gaitzetatik atseden har zezan; zeren Tiberio, Seianoren exekuziotik hiru urte igaro arren, beste batzuk bigundu ohi dituzten zerek –denborak, erreguek, aseak– ez baitzuten baretzen egintza ez ziurrak, edo txit larri eta oraintsukotzat ahaztuak zigortzetik. Beldur horregatik, Fultzinio Trionek ezin izan zuen salatzaileen mehatxurik jasan, eta, idatzi zituen azken oholetan, Makronen eta Zesarren liberto printzipalen aurkako izugarrikeria asko idatzi zuen. Tiberiori berari ere zahartzaroak ahulduriko gogoa egozten zion, eta haren apartatze jarraitua erbestea bezalakoa zela. Oinordekoek ezkutatu egin zituzten, baina Tiberiok irakurtzeko agindu zuen, besteen askatasunarekiko pazientzia ostentatuz eta bere izen txarra arbuiatuz; edo, beharbada, zen ezen, Seianoren krimenak luzaro ahaztu eta gero, nahiago zuela esamesa guztiak publika zitezen, eta adulazioak eragozten duen egia jakitera iritsi, laidoen bitartez bazen ere. Egun beretan, Grandio Martziano senadoreak, Gaio Grakok maiestatez salatuak, bere burua hil zuen, eta antzinako pretore Tario Graziano, lege beragatik, goren supliziora kondenatu zuten.

39.  Trebelieno Rufo eta Sestio Pakonianoren azkenak ere ez ziren ezberdinak izan: Trebelieno bere eskuz erori zen eta Pakoniano espetxean estrangulatu zuten, han printzearen aurka idatzitako bertso batzuengatik. Hauek denak Tiberiok jakiten zituen, ez, lehen bezala, itsasoz handik eta urrundiko mezularien bitartez, hiritik hur baizik; egunean bertan edo gau bat tarteko zela erantzuten zien kontsulen gutunei, etxeak edo borreroen eskuak uholtzen zituen odola ikusiz bezala. Urtearen azkenean, Popeo Sabino hil zen, jatorri apalekoa, printzeen adiskidetasunagatik kontsulgoa eta garaipen ohoreak lortu zituena, baita, hogeita lau urtean zehar, probintziarik garrantzitsuenen agintea ere, eta ez aparteko dohairik zeukalako, eginkizunen neurrira eta ez gorago ibiltzeagatik baizik.

40.  Kinto Plauzio eta Sesto Papinioren kontsulaldiak jarraitzen du. Urte hartan, Luzio Aruseio (***) heriotzara kondenatuak izatea, gaitz hauek hain ohikoak baitziren, ez zen zer lazgarritzak nabarmentzen, baina bai izutzekoa izan zen Bibulio Agriparen zaldun erromatarraren kasua, zeina, salaitzaileen hitzaldia amaitzean, kurian bertan, golkotik pozoia atera, edan eta bertan jausi zen; hil-hurren, liktoreek agudo eraman zuten espetxera eta, jada bizigabe, soka lepoan estutu zioten. Behinola Armeniako jaun eta orduan errupeko zen Tigranesek ere, bere errege izen eta guzti, ez zuen lortu hiritarrei zegozkien suplizioei ihes egiterik. Gaio Galba kontsul ohia eta Bleso biak nahitako heriotzaz jausi ziren; Galba, Zesarrek, gutun penagarrian, probintzien zozketan parte hartzea debekatu ziolako; Blesoei, euron etxea oparo zebilenean agindutako abadetzak, etxea gainbehera etortzean, atzeratu egin zizkien eta, hutsik baleude bezala, beste batzuei eman; hori heriotza seinaletzat ulertu zuten eta exekutatu. Eta Emilia Lepidok Druso gaztearekin ezkonduta egon zela esana dudanak, senarra hainbat salaketaz jazarri zuenak, nahiz eta izen txarrean, inpune iraun zuen, Lepido aita bizi zeno; gero, salatzaileek esklabo batekiko adulterioa egotzi zioten, eta ez zen hobena dudan jarri. Beraz, defentsari uko eginik, bere buruaz beste egin zuen.

41.  Aldi berean, kliten herria, Kapadoziako Arkelaroren menpeko, gure erara erroldarazten eta zergak ordainarazten zizkiotelako, Tauroko tontorretara baztertu zen eta, lekuen izaeraz baliaturik, hantxe babestu zen, erregearen tropa ez hain gerlarien aurka; harik eta, Siriako gobernadore Biteliok bidalirik, Marko Trebelio delegatuak, lau mila legionario eta tropa laguntzaile hautekin, barbaroak zeuden muino biak (txikiena Kadra eta bestea Dabara izenekoak) gotorlekuz inguratu zituen arte; irteten ausartu zirenak ezpataz errendiarazi zituen eta gainerakoak egarriz. Tiridatesek, berriz, partoen akordioarekin, menpean hartu zituen Nizeforio eta Antemusiade eta, mazedoniarrek sorturik, izen grekoak dauzkaten beste hiriak, baita Halo eta Artemita hiri partikoak ere, esziten artean hezitako Artabano ankerkeriagatik gorrotatu zutelako, Tiridatesengandik, bere erromatar hezkuntzagatik, tratu adeikorra itxaroten zutenen poz handiz.

42.  Adulaziorik handienera Seleuziakoak iritsi ziren, hiri indartsua berau, harresiz inguratua eta ez barbaroen erara usteldua, baizik Seleuko sortzaileari atxikia. Ondasunen edo jakinduriaren arabera hautaturiko hirurehun gizonek osatzen dute senatua, herriak bere botere zatia daukala. Ados jokatzen duten guztian, partoak arbuiatzen dituzte, baina, desadostasunak sortzean, alde bakoitzak aliatu bila jotzen du, eta alde batari laguntzera deitutako partoak denei nagusitzen zaizkie. Hori berriki gertatua zen, Artabanoren agintaldian, honek populua ahaltsuen esku ezarri zuenean, bere onerako; herriaren agintea, izan ere, askatasunetik hur baitago; banaken nagusigoa, berriz, erregearen nahikerietatik hurrago. Orduan, Tiridates iristean, antzinako erregeei dagozkien ohoreekin, eta aro berriak oparoago asmatu dituenekin goraltzen dute; era batera, Artabanoren aurkako laidoak zabaltzen dituzte, esanez ama partetik artsazida, baina gainerakoan endekatua zela. Tiridatesek Seleuziako gobernua herriaren eskuan ipini zuen. Gero, erreinuaren jabetza solemnea noiz hartu pentsatzen ari zela, probintziarik garrantzitsuenen buru zeuden Fraates eta Hieronen gutunak hartzen ditu, atzerapen labur bat eskatzen ziotela. Ondo iritzi zion hain gizon ahaltsu haiei itxaroteari eta, bitartean, Ktesifonera, inperioko hiriburura, jo zuen. Baina, haiek egunetan eta egunetan atzeratzen zirenez gero, Surenak, herri ohituraren arabera, txaloka ziharduen jendetzaren aurrean, erret koroa ezarri zion.

43.  Barne lurralde eta beste herrietarantz berehala jo izan balu, zalantzatien duda amaituko zuen eta denak bere alde jarriko ziren; baina, Artabanok altxorrak eta gorte-neskak pilatu zituen gazteluan geraturik, hitzarmenak hausteko denbora eman zuen. Zeren Fraates eta Hieron, eta koroakuntzara, batzuk beldurrez, beste batzuk gortean eta errege berriarengan agintzen zuen Badgesesen aurkako bekaitzez, etorri ez ziren guztiak Artabanorengana pasatu baitziren. Hirkanoen artean aurkitu zuten berau, zarpailez jantzia eta arkuarekin janari bila. Lehenik, beldurtu egin zen, enboskada zelakoan, baina bere nagusigoa itzultzera zetozen frogak eman zizkiotenean, animatu egin zen, eta bat-bateko aldakuntza hau zerena zen galdetu. Orduan Hieronek hitz gogorrez dio Tiridates haurra besterik ez dela eta inperioa ez dagoela atsaziden eskuan, eta hau biguntasun arrotzeko koldar bati emaniko izena dela, eta agintea Abdagesesen etxearena dela.

44.  Agintari beterano hura ohartu zen, haien maitasuna gezurrezkoa izanik, gorrotoak ere ez zituztela fingitzen. Beraz, errefortzuak hartzeko baizik ez zen gelditu. Arin abiatu zen, etsaien maltzurkeria eta lagunen damua aurreikusirik. Zikinkeriarik ez zuen utzi, populuarengan errukia eragitearren. Ez zuen ez iruzurrik, ez erregurik, ez ezer omititu, zalanzkorrak erakartzeko eta erabakidunak segurtatzeko. Eta tropa handiarekin Seleuzia ingurura hurbiltzen ari zela, Tiridates, albistea eta Artabano bera batera iristeaz durditurik, bi erabakiren arteko dudan zebilen: haren aurka abiatu ala gerra atzeratzen saiatu. Guduaren eta gertaerak azkartzearen aldekoek zioten ezen gizon haiek, ibilaldiaren luzez sakabanaturik eta nekaturik, obeditzeko gogoa eurengan errotzeko astirik ere ez zutela izan, orain berriro lagundu behar diotenaren traidore eta etsai atzo arte. Abdagesesek, ostera, Mesopotamiara erretiratzea aholkatzen zuen, erdian ibaia zela eta, bitartean, armeniarrak eta elimeoak eta erretaguardiako beste herri batzuk altxaturik, eta tropa aliatuekin eta erromatar jeneralak bidaliko zizkietenekin indarturik, zortea probatzeko. Iritzi horixe nagusitu zen, Abdagesesen autoritatea handia baitzen, eta Tiridates koldarra, arriskuen aurrean. Baina erretirak ihes antza zeukan; eta, aurrenengoak arabiarrak zirela, gainerakoek etxera edo Artabanoren kanpamentura alde egin zuten, harik eta Tiridatesek, banaka batzuekin Siriara itzulita, traizioaren desohoretik denak absolbitu zituen arte.

45.  Urte berean, sute larriak atsekabetu zuen hiria; Abentino ondoko zirkua eta Abentino bera erre ziren. Ezbehar hau Zesarrek bere aintzarako okasio bihurtu zuen, etxeen eta maizter-etxeen prezioak berak ordainduz. Ongintza hartan, ehun milioi sestertzio inbertitu ziren, populuaren aldetik hainbat estimu handiagoz, nola, eraikuntza pribatuetan neurtua izanik, bi etxe publiko baizik ez baitzituen eraiki: Augustoren tenplua eta Ponpeioren antzokiko eszena. Hauek amaiturik, dela ospearen arbuioz, dela zaharrez, ez zituen berak inauguratu. Bietako okerrak estimatzeko, Zesarren birloben lau senarrak delegatu zituzten: Gneo Domizio, Kasio Longino, Marko Bizinio eta Rubelio Blando; eta, kontsulen izendapenez, Publio Petronio gehitu zuten. Bakoitzaren asmamenaren arabera, printzearentzako ohoreak bilatu eta dekretatu ziren; onartu zituen ala ez, ez zen ziur jakin, biziaren azkenetik hur baitzegoen. Izan ere, handik laster, Tiberioren agintaldiko azken kontsulak, Gneo Azerronio eta Gaio Pontzio, karguratu ziren, Makronen eragina jada handiegia zenean. Gaio Zesarren grazia inoiz deskuidatu ez zuen honek, egunetik egunera, gehiago zaintzen zuen, eta, harekin ezkondu zela esana dudan Klaudia hil zenean, bere emazte Ennia bultzatu zuen, gaztea maitasun itxuran erakarrri eta ezkon-itunez atxikitzera; hark ez zion ezeri uko egiten, aginpidea eskuratzeko bazen, zeren, izaera berokoa izan arren, simulazioaren faltsukeria aititaren altzoan ikasi baitzuen.

46.  Horren berri jakinik, printzea dudan egon zen, agintea nori utzi; lehenik, birloben artean, Drusoren semea zegoen, odolez eta xeraz hurbilen zuena, baina oraindik pubertarora iritsi gabea; Germanikoren semeak gaztetasunaren indarra eta herriaren gogoa zeukan, baina hori, aititarentzat, gorrotorako arrazoia zen. Adinez heldua eta ikastuna zen Klaudiorengan ere pentsatu zuen, baina argitasunik ezak atzera eragin zion. Etxetik kanpoko ondorengoa bilatzen bazuen, ostera, beldur zen Augustoren oroimena eta Zesarren izena lotsagarri eta iraingarri ez ote zituen utziko; hari ez zion hainbeste ardura oraingoen ospeak, nola gerokoen estimuak. Gero, gogoz zalanzkor eta gorputzez makal, bera gauza ez zen erabakia patuaren esku utzi zuen, ez etorkizuna aurreikusita zeukala pentsatzeko moduko hitzak jaulki gabe. Hala, Makroni jaukitzen zion, itzulinguru gabe, mendebaldea utzi eta ekialdera begiratzen zuela; eta, kasualki sortutako solas batean, Gaio Zesar Luzio Silaz isekatu zenean, iragarri zion berak haren bizio guztiak izango zituela, eta bertuterik bat ere ez. Aldi berean, birlobarik gazteena malko ugariz besarkaturik, eta bestearen begirada ohilean, esan zion: «Hau heuk hilko duk, eta hi beste batek hilko hau». Hala ere, osasunean okerrera egin arren, biziorik ez zuen bat ere uzten; bere pairamenean, sendo itxura egiten zuen, eta medikuen zientziaz eta, hogeita hamar urtetik gora, euren gorputzarentzat zer den on eta zer txar bereizteko aholkua behar dutenez isekatzen zen.

47.  Bitartean, Erroman, Tiberioren ondoren ere etorriko ziren hilketen hazia botatzen ari zen. Lelio Balbok maiestatez salatua zuen Akuzia, Publio Bitelioren behinolako emaztea. Kondenatua izan zen eta, salatzaileari zer eman tratatzen ari zirela, Junio Oton populuaren tribunoak betoa sartu zuen; hortik haien gorrotoa eta, gero, Otonen hondamena. Ondoren, Albuzila, maitaleen ugariz entzutetsua, Satrio Segundorekin, konjurazioaren salatzailearekin, ezkonduta egon zena, printzearekiko inpietatez salatua izan zen. Gneo Domizio, Bibio Marso eta Luzio Arruntzio konplize eta maitaletzat inplikatzen zituzten. Domizioren nobleziaz gorago mintzatua naiz; Marso ere aspaldiko ohorez beteriko familiakoa zen eta, gainera, talentu handikoa. Hala ere, senatura bidalitako aktetan ageri zen lekukoen galdeketa eta esklaboen tortura Makronek presiditu zituela; gainera, haien aurkako enperadorearen gutunik bat ere ez egoteak susmarazten zuen ia hura guztia Markonen asmazioa izan zela, Arruntziorekiko etsaigo ezagunagatik eta Tiberioren sentontasunaz baliaturik, eta, beharbada, beronek ez zekiela.

48.  Beraz, Domiziok, defentsa pentsatuz, eta Marsok, gosez hiltzen uztea erabaki balu bezala, bizia luzatzea lortu zuten. Arruntziok, lagunek zalantzak eta atzerapenak aholkatu zizkiotenean, erantzun zuen gauza berak ez zirela denentzat ohoragarri; berak bazuela nahikoa urte, eta ez zeukala ezertaz damutu beharrik, laido eta arrisku artean, zahartzaro larria eraman izanaz ez bazen, Seianok luzaroan, orain Makronek eta beti ahaltsuetariko batek gorrotaturik; eta ez bere erruz, desohorerik ezin jasateagatik baizik; salba zitzakeela, noski, printzeari geratzen zitzaizkion egun apurrak, baina nola ihes egin behar zion etortzeko mehatxuan zegoenaren gaztetasunari? Baldin Tiberiok, hainbesteko esperientzia praktikoaren ondoren, botere absolutuaren eraginez, halako konbultsioa eta erabateko aldakuntza izan bazuen, Gaio Zesarrek, haurtzarotik irten berri zenak, denaren ezjakitun edo txarrenean eskolatua izan zenak, bide hobea hartuko ote zuen, Makron gidari zuela, Seiano baino okerragotzat, berau akabatzeko hautatua, eta krimen ugariz errepublika suntsitu zuena? Jadanik, are morrontza gogorragoa aurreikusten zuela zioen, eta, horregatik, gertatuari eta gertatzear zenari batera ihes egiten ziela. Hori orakulu gisan esanez, zainak ebaki zituen; ondorengo gertaerek frogatuko dute Arruntziok ondo egin zuela bere burua hilez. Albuzila, kolpe okergabez bere burua zauritu zuena, espetxera daramate senatuaren aginduz. Haren lizunkerien kidetzat, Karsidio Sazerdos pretore ohia irla batera deporta zedila eta Pontzio Fregelanok senatari izatea gal zezala dekretatu zen; zigor berak ezartzen dira Lelio Balboren aurka, eta pozik egin ere, Balboren etorria gaiztotzat jotze baitzen, beti errugabeen aurka gertu.

49.  Egun beretan, Sesto Papinio kontsul familiakoak heriotza bat-batekoa eta ikaragarria hautatu zuen, bere burua lehertzera jaurti baitzuen. Errua amak ei zeukan, zeinak, aspalditik zapuztua izanik, gazteari, nahikeriaz eta luxuz, heriotzaz baizik ezin ihes egiteko egoerara sakatu baitzion. Senatuan salatua izan zen, bada, eta, nahiz eta, senatarien oinetan, euron belaunak besarkatu, eta lutu komunaz eta emakumeen gogoaren –areago halako zorigaitzean– ahultasun handiagoaz, eta beste hainbat zer goibel eta penagarriz mintzatu, dena bere saminaren sinesgarri, hiritik hamar urterako kanporatu zuten, semerik gazteena gaztaroko arriskuetatik irten arte.

50.  Tiberiori, bai gorputza, bai indarra, bazihoakion, baina ez disimulua: gogoaren zorroztasuna bera zuen; hizkeran eta begirakeran adi, noiztenka adei bilatua erakusten zuen, gainbehera nabarmena ezkutatzeko. Lekuz maizago aldatzen zen, Misenoko harkaitzean kokatu arte, behinola Luzio Lukulorena izaniko villan. Han, honako eran hurreratu zela azkenera dakigu. Bazen Karikles izeneko mediku bat, jakinduriagatik ospetsua, printzearen gaixotasunez ohiki arduratu ez zena, baina aholkua ematen ziona. Honek, bere zereginetara balihoa bezala agurtuz eta omen itxura eginez, eskutik heldu eta zainetako pultsua hartu zion. Ez zuen, ordea, engainatu: Tiberiok, ez jakin iraindurik eta suminari areago eutsiz, mahaia zerbitzatzeko agindu eta ohi baino luzaroago eserita darrai, bazihoan adiskideari ohore eginez bezala. Baina Kariklesek Makroni segurtatzen dio haren bizia bazihoala eta ez zuela pare bat egunetik gora iraungo. Beraz, inguruan daudenak zer guztiei buruzko jardunean hasten dira eta legatuei eta armadei mezulariak bidaltzen dizkiete. Martxoaren hamaseian, arnasa joan zitzaion eta haren izate hilkorra burututzat eman zuten. Bazihoan Gaio Zesar, zorion korruaren erdian, agintea eskuratzera, eta bat-batean diragarte Tiberiori hitza eta ikusmena itzuli zaizkiola eta janaria eramateko eskatzen duela, indarberritzeko. Denak izuak hartzen ditu; ingurukoak aldentzen dira eta triste eta ezjakin planta egiten dute. Gaio Zesarrek, isiltasunean josirik, aginte gorena barik, azkena itxaroten du. Makronek, oldartsu, agurea itotzeko agintzen du, arropa mordoa gainera jaurtirik, eta irteteko gelatik. Halaxe egin zuen Tiberiorenak, hirurogeita hamazazpi urterekin. 51. Aita Neron izan zuen, eta jatorria Klaudiotar familiarena, alde bietatik, nahiz eta ama, hurrenez hurrengo adopzioetan, Libiotar eta, gero, Juliotar familiara igaroa izan. Zori zalantzazkoa izan zuen ume-umetarik; izan ere, aita erbesteratuari atzerrira jarraitu ondoren, Augustoren etxean semeorde legez sartu zenetik, lehiakide askorekin topo egin zuen, Martzelo Agripa eta, gero, Gaio eta Luzio Zesarrak bizi izan zireno; bere anaia Druso ere herriak maiteago zuen. Hala ere, egoerarik labainena Juliarekin ezkontzean aurkitu zuen, emaztearen lizunkeriaren erantzukizuna jasanez edo saihestuz. Gero, Rodasera itzulita, printzearen etxe hutsa hamabi urtez bereganatu zuen, eta jarraian, erromatar estatuaren aginte gorena, ia hogeita hiru urtez. Bere jokaera ere denborarekin asko aldatu zen: bizieraz eta ospez nabarmendu zen, hala zer pribatuetan, nola aginteetan, Augustoren menpealdian; ezkutua eta bertuteen simulatzaile engainakorra, Germaniko eta Druso bizi zireno; ongi-gaizkien nahastea, halaber, ama hil arte; anker nazkagarria, baina bizioak estaliz, Seiano maite edo beldur izan zuen artean; azkenean, krimenera eta desohorera batera jo zuen, lotsa eta beldurra urrundurik, bere izaera hutsez jokatu zuenean.