Arrazoimen hutsaren kritika/2. atala. Denboraz

Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
2. atala. Denboraz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

2. atala. Denboraz

§ 4 Denboraren adigaiaren argiketa metafisikoa42

aldatu

1. Denbora ez da esperientziaren batetik jasotako adigai enpirikorik. Izan ere, aldiberekotasuna edo segida ez lirateke hautemango denboraren errepresentazioa oinarrian ez balego. Bere aurresuposiziopean besterik ezin errepresenta daiteke zerbait denbora bat eta berean (aldi berean) edo denbora ezberdinetan dela (bata bestearen ondoren).

2. Denbora begiespen ororen oinarrian dagoen beharrezko errepresentazioa da. Oro harrezko agerpenei begira ezin da denbora bera ezeztatu, nahiz eta agerpenak berak denboratik erauz daitezkeen. Denbora, beraz, a priori emana da. Bertan besterik ez da ahalgarria agerpenen errealitate oro. Hauek osotara desagert daitezke, baina denbora ezin da ezeztatu (haien ahalgarritasunaren baldintza orokorra baita).

3. Apriorizko beharrezkotasun honetan oinarritzen da era berean denborazko hartuemanen oinarri-esakune apodiktikoen edo oro har denboraren axiomen ahalgarritasuna. Berak dimentsio Bakarra dauka: denbora ezberdinak ez dira aldi berean, baizik bata bestearen ondoren (espazio ezberdinak bata bestearen ondoren ez, baina aldi berean diren moduan). Oinarri-esakune hauek ezin dira esperientziatik atera, izan ere, honek ezingo luke ez orokortasun hertsirik, ezta ziurtasun apodiktikorik ere eman. Guk hau baino ezin dugu esan: horrela irakasten du hautemapen orokorrak; ez, ordea: horrela jokatu behar du. Oinarri-esakune hauek esperientziak ahalbidetzen dituzten erregela gisa balio dute oro har, eta esperientzien aurretik irakasten digute, ez hauen bitartez.

4. Denbora ez da adigai diskurtsiboa edo orokorra, deitzen zaion moduan, baizik eta sentsuzko begiespenaren forma hutsa. Denbora ezberdinak denbora beraren zatiak baino ez dira. Objektu bakarraren bitartez besterik eman ezin daitekeen errepresentazioa, ordea, begiespena da. Gainera «denbora ezberdinak aldi berean ezin dira izan» esakunea ezingo litzateke adigai orokor batetik eratorri. Esakunea sintetikoa da eta ezin da sortu adigaietatik soilik abiatuz gero. Beraz, denboraren begiespenean eta errepresentazioan dago barnebildua zuzenean.

5. Denboraren amaigabetasunak hau besterik ez du esan nahi: denboraren handitasun determinatu oro bere oinarrian datzan denbora bakarraren zedarriztapen gisa baino ez dela ahalgarria. Horregatik, denbora jatorrizko errepresentazioa zedarririk gabe emana izan behar da. Zatiak berak eta objektu baten handitasun oro zedarriztapenen bitartez determinatuta besterik ezin badaitezke errepresentatu, orduan errepresentazio osoa ezin da adigaien bitartez eman (izan ere, hauek azpi-errepresentazioak baino ez dituzte barnebiltzen), baizik eta begiespen zuzenak egon behar du beren oinarrian.

§ 5 (43)Denboraren adigaiaren argiketa transzendentala

aldatu

Orain 3 zenbakira jo dezaket, bertan benetan transzendentala dena argiketa metafisikoaren artikuluan aipatu baitut laburra izatearren. Hemen zera gaineratzen dut oraindik: aldaketaren adigaia eta honekin batera higidurarena (lekuaren aldaketa gisa) denboraren errepresentazioan eta bere indarrez baino ez direla ahalgarriak; errepresentazio hau (barneko) apriorizko begiespena ez balitz, ezein adigaik, edozein izanda ere, ezingo lukeela aldaketa baten, h. d., kontraesankorki kontrajarritako predikatuen loturaren ahalgarritasuna ulergarria bihurtu objektu bat eta berean (adibidez, izatea leku batean eta gauza beraren ez-izatea leku berean). Denboran besterik ezin daitezke egon kontraesankorki kontrajarritako determinazio biak gauza batean, hots, bata bestearen ondoren. Beraz, denboraren gure adigaiak apriorizko hainbat ezagutza sintetikoren ahalgarritasuna argitzen du, ondo emankorra den higiduraren irakaspen orokorrak erakusten duen legez.

§ 6 Adigai hauetatiko inferentziak

aldatu

a) Denbora ez da berez den zerbait edo gauzei determinazio objektibo gisa datxekien zerbait, eta beraz, beren begiespenaren baldintza subjektibo ororen abstrakzioa egin ondoren oraindik geratuko litzatekeen zerbait; izan ere, lehen kasuan, objektu errealik gabe ere erreala litzatekeen zerbait legoke. Bigarren kasuari dagokionez, denborak ezingo luke gauzei atxikitako determinazio edo ordena gisa objektuen aurretiaz izan beren baldintza gisa, ezta a priori esakune sintetikoen bitartez ezagutua eta begietsia izan ere. Azken hau gertatzen da, ordea, denbora benetan gugan eman ahal daitezkeen begiespen guztien baldintza subjektiboa besterik ez bada. Izan ere, orduan barneko begiespenaren forma hori objektuen aurretik, eta beraz, a priori, errepresenta daiteke.

b) Denbora ez da barneko sentsuaren forma, h. d., geu eta geure barneko egoera begiesten duen forma baino. Izan ere, denborak ezin du kanpoko agerpenen determinaziorik izan; ez dagokio tankera bati, edo kokapen bati, eta abarri, aitzitik, berak determinatzen du errepresentazioen arteko hartuemana gure barneko egoeran. Eta beraz, barneko begiespen horrek ezein tankerarik ematen ez duenez gero, gabezia hori analogien bidez osatzen saiatzen gara, eta denboraren jarraipena amaigaberaino luzatzen den lerroaren gisara errepresentatzen dugu, non anizkunkiak dimentsio bakarrekoa den ilara bat osatzen duen, eta lerro honen berekitasunetatik abiatuta denborarenak inferitzen ditugu, bat izan ezik, hots, lerroaren zatiak aldi berean direla, denboran, berriz, bata bestearen ondoren. Hemendik abiatuta argitzen da era berean denboraren errepresentazioa bera begiespena dela, bere hartueman guztiak kanpoko begiespen batean adieraz baitaitezke.

c) Denbora oro harrezko agerpen ororen apriorizko baldintza formala da. Espazioa kanpoko begiespen ororen forma huts gisa kanpoko agerpenetara baino ez da zedarriztatzen apriorizko baldintza den aldetik. Aitzitik, errepresentazio oro bere baitan, kanpoko gauzak objektutzat izan edo izan ez arren, gogamenaren determinazioa den aldetik barneko egoerari dagokionez; barneko egoera hau, ordea, barneko begiespenaren baldintza formalei, eta beraz, denboraren baldintzei dagokienez gero, orduan denbora agerpen ororen apriorizko baldintza da oro har, eta gainera, barneko agerpenen (gure arimaren) baldintza zuzena da, eta horrela zeharbidez kanpoko agerpenena ere bai. A priori esan badezaket kanpoko agerpen oro espazioan dagoela eta espazioaren hartuemanen arabera a priori determinatuta dagoela, orduan barneko sentsuaren printzipioaz erabat orokorki esan dezaket agerpen guztiak oro har, h. d., sentsuen objektu guztiak denboran daudela eta halabeharrez denborazko hartuemanetan daudela.

Geure burua barnetik begiesten dugun eraz eta begiespen honen bitartez kanpoko begiespen oro ere indar errepresentatzailean jasotzeaz abstraitzen badugu, eta beraz, objektuak beren baitan izan daitezkeen moduan hartzen baditugu, orduan denbora ez da ezer. Agerpenei begira besterik ez du baliotasun objektiboa, hauek jadanik gure sentsuen objektu gisa onartzen ditugun gauzak baitira; baina ez du objektiboa izaten jarraitzen gure begiespenaren sentimenaz, eta beraz, guri berezia zaigun errepresentazio-eraz abstraitzen badugu eta berbaitango gauzez hitz egiten badugu. Denbora, beraz, gure (giza) begiespenaren baldintza subjektiboa besterik ez da (beti sentsuzkoa den begiespenaren baldintza, h. d., gu objektuez afektatuak garen heinean), eta bere baitan, subjektutik at, ez da ezer. Eta halabeharrez da era berean objektiboa agerpen orori begira, eta beraz, guri esperientzian agertu ahal zaizkigun gauza orori dagokionez. Ezin dugu esan gauza guztiak denboran daudela, zeren oro harrezko gauzen adigaian beren begiespenaren era guztiez abstraitzen baita, hau izaki denbora objektuen errepresentazioei egokitzeko benetako baldintza. Baina adigaiari baldintza hau gaineratzen bazaio eta esaten bada gauza oro agerpena den aldetik (sentsuzko begiespenaren objektu gisa) denboran dagoela, orduan oinarri-esakuneak a priori jasotzen du bere zuzentasun objektiboa eta orokortasuna.

Gure baieztapenek, hortaz, denboraren errealitate enpirikoa, h. d., gure sentsuei inoiz eman dakizkiekeen objektu guztiei begira baliotasun objektiboa irakasten dute. Eta gure begiespena beti sentsuzkoa denez gero, orduan ezin zaigu inoiz esperientzian denboraren baldintzapean ez dagoen objekturik eman. Alderantziz, denborari errealitate absolutuaren uzi oro ukatzen diogu, hots, gauzei erabat atxikitzea baldintza edo berekitasun gisa, baita gure sentsuzko begiespenaren formaz arduratu gabe ere. Berbaitango gauzei dagozkien berekitasun horiek ezin zaizkigu inoiz sentsuen bidez eman. Honetan datza, beraz, denboraren idealtasun transzendentala, zeinaren arabera sentsuzko begiespenaren baldintza subjektiboez abstraituz gero, orduan denbora ezer ez baita, eta bera objektuei beren baitan (gure begiespenarekin hartuemanik izan gabe) ezin baitzaie atxiki subsistente edo inherente gisa. Ezin da, ordea, idealtasun hori sentsazioaren subrepzioekin alderatu, espazioarena ere ezin zen moduan, zeren bertan predikatu horiei datxezkien agerpen beraiez aurresuposatzen baita errealitate objektiboa dutela, eta hau hemen, aitzitik, erabat desagertzen da, enpirikoa den heinean izan ezik, h. d., objektua bera agerpen soiltzat hartzen den heinean; honi dagokionez lehen ataleko goragoko oharra kontsulta daiteke.

§ 7 Azalpena

aldatu

Aho bateko objekzioa jaso dut gizon adimentsuengandik denborari errealitate enpirikoa onartu baina absolutua eta transzendentala ukatzen dion teoria honen aurka, eta hortik abiatuta ulertu dut halako kontsiderazioetara ohitua ez dagoen irakurle orok ere berezko eran topatu beharko duela objekzio bera. Honela dio: aldaketak errealak dira (hau gure errepresentazio propioen aldakuntzak frogatzen du, kanpoko agerpen oro bere aldaketekin batera ukatu nahi izan arren). Guztiarekin ere, aldaketak denboran besterik ez dira ahalgarriak, eta ondorioz, denbora zerbait erreala da. Erantzunak ez du zailtasunik. Argumentu osoa onartzen dut. Denbora bada zerbait erreala, hots, barneko begiespenaren forma erreala. Barneko esperientziari begira, beraz, denborak errealitate subjektiboa du, h. d., nik errealki daukat nire baitan denboraren eta bertan gertatzen diren nire determinazioen errepresentazioa. Bera ez da erreala, beraz, objektu gisa, baizik neure burua bera objektutzat hartzeko errepresentazio-era gisa. Nik neure burua begietsi ahal izango banu edo beste zerizan batek ni sentimenaren baldintzarik gabe begietsi ahal izango banindu, orduan guk orain aldaketa gisa errepresentatzen ditugun determinazio beraiek ezagutza bat emango ligukete, non ez denboraren errepresentazioa, ezta aldaketarena ere ez ziren gertatuko. Beraz, bere errealitate enpirikoak gure esperientzia ororen baldintza dirau. Errealitate absolutua besterik ez da gorago aipatutakoaren arabera onartu ezin zaion gauza bakarra. Denbora gure barneko begiespenaren forma besterik ez da44. Bertatik gure sentimenaren baldintza berezia kentzen bada, orduan denboraren adigaia ere desagertzen da eta ez datxekie objektuei beren baitan, baizik eta haiek begiesten dituen subjektuari besterik ez.

Hau da objekzioa hain aho batekoa izatearen kausa, eta espazioaren idealtasunaren irakaspenaren aurka ezer argigarririk aipatzen ez dakitenen aldetik gainera. Ez zuten itxaroten espazioaren errealitate absolutua apodiktikoki erakutsi ahal izatea, zeren kanpoko objektuen errealitatea ezein froga hertsiren gai ez dela dioen idealismoa kontrajartzen baitzitzaien; aitzitik, gure barneko sentsuaren (norbera eta bere egoeraren) objektuaren froga argia da zuzenki kontzientzian. Hura itxura soila izan zitekeen, baina hau, haien iritziz, zerbait erreala da modu ukaezinean. Ez zuten pentsatu, ordea, biak errepresentazioaren gisako beren errealitatea ezeztatu beharrik gabe ere agerpenari besterik ez dagozkiola, zeinak beti bi alde dituen, bata, objektua bere baitan kontsideratzen duena (bera begiesteko era alde batera utziz, horregatik, ordea, bere antolaerak beti problematikoa dirauela), bestea, objektuaren begiespenaren forma begiztatzen duena, eta hau objektuan bere baitan ez, baina hura agertzen zaion subjektuan bilatu behar da, benetan eta halabeharrez objektuaren agerpenari dagokion arren.

Denbora eta espazioa, beraz, ezagutzaren bi iturburu dira, eta hauetatik a priori ezagutza sintetiko ezberdinak sor daitezke, eta Matematika hutsak ematen du bereziki honen adibide distiratsua espazioaren eta bere hartuemanen ezagutzari begira. Beraz, biak batera hartuta sentsuzko begiespen ororen forma hutsak dira, eta horren bidez apriorizko esakune sintetikoak ahalbidetzen dituzte. Halere, apriorizko ezagutzaren iturburu hauek (sentimenaren baldintzak besterik ez direlako) beren mugak determinatzen dituzte agerpen gisa baino kontsideratzen ez diren objektuei lotzen zaizkien heinean eta berbaitango gauzak aurkezten ez dituzten heinean. Agerpenek besterik ez dute osatzen beren baliotasunaren alorra, eta hauetaz goiti joanez gero, ez da beren erabilera objektiborik agitzen. Espazioaren eta denboraren errealitate honek esperientzia-ezagutzaren segurtasuna ukitugabe uzten du gainerakoan; izan ere, ziur gara honetaz, forma horiek halabeharrez berbaitango gauzei edo gauza horien gure begiespenari soilik atxikitzen bazaizkie ere. Aitzitik, espazioaren eta denboraren errealitate absolutua baieztatzen dutenak, hau subsistente gisa nahiz inherente gisa onartzen badute ere, ezin dira bat etorri esperientziaren printzipioekin. Izan ere, lehenengoa erabakitzen badute (arrunki izadiaren ikertzaile matematikoek hartzen duten alderdia dena), orduan berez betikoak diren eta amaigabeak diren bi ezgauza onartu behar dituzte, han daudenak (ezer erreala izan gabe, ordea) horrela beren baitan erreala den guztia jasotzeko besterik ez. Bigarren alderdia hartuz gero (honetakoak dira zenbait izadiaren ikasle metafisiko), hauentzat espazioa eta denbora esperientziatik abstraitutako baina bereizketan nahastuta errepresentatutako agerpenen hartuemanak dira (bata bestearen ondoan edo atzean) eta orduan hauek apriorizko irakaspen matematikoei beren baliotasuna edo beren ziurtasun apodiktikoa bederen eztabaidatu behar diote gauza errealei begira (adibidez, espazioan), hau inolaz ere ez baita gertatzen a posteriori, eta iritzi honen arabera espazioaren eta denboraren apriorizko adigaiak irudimenaren sorkariak baino ez dira, eta beren iturburua benetan esperientzian bilatu behar da, eta horrela, honen hartueman abstraituetatik abiatuta irudimenak beren orokorkia barnebiltzen duen arren, hau ezin da gertatu izadiak hartueman haiei elkarlotu dizkien murriztapenik gabe. Lehenengoek hainbeste lortzen dute, ezen agerpenen alorra baieztapen matematikoentzat askatzen baitute. Aitzitik, asko nahasten dira baldintza horien bitartez adimenak alor horretaz goiti joan nahi duenean. Bestalde, bigarrenek espazioaren eta denboraren errepresentazioek bidean oztoporik ez egitea lortzen dute, objektuez hauek agerpenak diren aldetik ez, baizik adimenarekin hartuemanean soilik juzgatu nahi dutenean; ezin dute, ordea, ez apriorizko ezagutza matematikoaren ahalgarritasunaren oinarririk eman (egiazkoa eta objektiboki baliogarria den apriorizko begiespena falta zaien heinean), ezta esperientzia-esakuneak baieztapen haiekin halabeharrez adostu ere. Bi zailtasunak gainditzen dira sentimenaren jatorrizko bi forma hauen benetako antolaeraren gure teorian.

Azken batean, argia da Estetika transzendentalak bi osagai hauek, hots, espazioa eta denbora, besterik ezin barnebil ditzakeela, sentimenari dagozkion beste adigai guztiek zerbait enpirikoa aurresuposatzen baitute, bi osagaiak batzen dituen higidura berak ere bai. Izan ere, honek higigarria den zerbaiten hautemapena aurresuposatzen du. Espazioan, ordea, ez dago ezer higigarrikirik bere baitan kontsideratzen bada; horregatik, higigarrikiak espazioan esperientziaren bitartez soilik aurki daitekeen zerbait izan behar du, eta beraz, datu enpirikoa izan behar du. Era berean, Estetika transzendentalak aldaketaren adigaia ezin du bere apriorizko datuen artean jaso; izan ere, denbora bera ez da aldatzen, denboran dagoen zerbait baizik. Beraz, horretarako izateren baten hautemapena eta bere determinazioen segidaren hautemapena behar dira, eta beraz, esperientzia behar da.

§ 8 Ohar orokorrak Estetika transzendentalari

aldatu

I.45 Hasteko, oro har sentsuzko ezagutzaren oinarrizko antolaerari buruzko gure iritzia zein den ahalbait nabarien argitzea beharrezkoa izango da, honela bere sasi-interpretazio oro saihestearren.

Zera esan nahi genuen, beraz, gure begiespen oro agerpenen errepresentazioa besterik ez dela; begiesten ditugun gauzak ez direla beren baitan guk begiesten ditugun modu berean, eta beren hartuemanak ez daudela beren baitan guri agertzen zaizkigun eran antolatuta, eta guk geure subjektua edo baita oro harrezko sentsuen antolaera subjektiboa ere ezeztatzen badugu, orduan espazioan eta denboran dauden objektu guztien antolaera, hartuemanak eta espazioa eta denbora berak ere desagertuko liratekeela, eta agerpen gisa ezin dutela beren baitan existitu, baizik eta gure baitan besterik ez. Guretzat erabat ezezaguna dirauen gauza da berbaitango objektuei eta gure sentimenaren harmen guztitik bereizitako objektuei zer gerta lekieken. Ez dugu hauek hautemateko era baino ezagutzen, gure bereizgarria dena, eta hau zerizan bakoitzari halabeharrez ez badagokio ere, bai, ordea, gizakiei. Hau baino ez da gure autugaia. Espazioa eta denbora dira bere forma hutsak, oro harrezko sentsazioa bere materia. Haiek a priori baino ezin ditugu ezagutu, h. d., benetako hautemapen ororen aurretik, eta horregatik, begiespen huts izena dute; hau, ordea, gure ezagutzan honek aposteriorizko ezagutza, h. d., begiespen enpirikoa deitzea eragiten duena da. Haiek gure sentimenari datxezkio erabat halabeharrez, gure sentsazioak edozein eratakoak izanda ere; hauek oso ezberdinak izan daitezke. Gure begiespen hau bere nabaritasun maila gorenera ekarri ahal bagenu ere, horrekin ez ginateke berbaitango gauzen antolaerara gehiago hurbilduko. Izan ere, dena dela, gure begiespenaren era baino ez genuke ezagutuko osorik, h. d., gure sentimena, eta hau beti subjektuari jatorriz atxikitako espazioaren eta denboraren baldintzapean ezagutuko genuke; objektuen agerpenen ezagutza argigarrienaren bidez, hau da, guri emana zaigun ezagutza bakarraren bidez ere ez litzaiguke inoiz ezaguna bihurtuko objektuak beren baitan izan litezkeena.

Horregatik, sentimenaren eta agerpenaren adigaien irakaspen osoa erabilgaitza eta hutsala bihurtzen duen faltsuketa da gure sentimen osoa gauzen errepresentazio nahasia besterik ez dela esatea, gauzei beren baitan dagokiena baino barnebiltzen ez duen sentimena, hain zuzen, kontzienteki bereizi ezin ditugun ezaugarri eta azpi-errepresentazioen pilaketan besterik ez izan arren. Errepresentazio nabaria eta ez-nabariaren arteko bereizketa bereizketa logikoa baino ez da eta ez du edukia ukitzen. Zalantzarik gabe adimen sendoak erabiltzen duen zuzenbidearen adigaiak espekulazio sotilenak bertatik abiatuta gara dezakeenaren berdin-berdina barnebiltzen du, nahiz eta erabilera arrunt eta praktikoan pentsamendu honen errepresentazio anizkunez kontziente izan gabe. Horregatik, ezin da esan adigai arrunta sentsuzkoa denik eta honek agerpen soila barnebiltzen duenik, izan ere, zuzenbideak ezin du inolaz ere agertu, baizik eta bere adigaia adimenean datza eta ekintzei beren baitan dagokien antolaera (morala) aurkezten du. Aitzitik, gorputz baten errepresentazioak begiespenean ez du gauza bati bere baitan legokiokeen ezer barnebiltzen, baizik eta zerbaiten agerpena besterik ez, eta horregatik afektatuak izateko erak eta gure ezagutza-gaitasunaren harmen honek sentimena izena du eta, hala ere, berbaitango gauzen ezagutzatik lurra zerutik bezain ezberdin dirau, baita hura (agerpena) bere oinarriraino ikuskatu ahal izango balitz ere.

Filosofia leibniziar-wolffiarrak, beraz, gure ezagutzaren izaeraren eta jatorriaren azterketak erabat zuzengabea den ikuspuntuaren menpean jarri ditu, sentimenaren eta alderdi intelektualaren arteko bereizketa bereizketa logiko soiltzat hartzen duen heinean, nabarmenki transzendentala denean eta nabaritasuna edo ez-nabaritasunaren formari ez ezik, bere jatorriari eta edukiari ere dagokienean, eta ondorioz, lehenengoaren bitartez berbaitango gauzen antolaera ez soilik ez-nabariki, baizik eta inolaz ere ez dugu ezagutzen, eta gure antolaera subjektiboa alde batera utzi ahala objektu errepresentatua, sentsuzko begiespenak esleitu zizkion berekitasunekin batera, ez da inon aurkitzen, ezin da gainera aurkitu ere egin, bere antolaera subjektiboak bere forma agerpen gisa determinatzen duen heinean.

Agerpenen artean ederki bereizten dugu bestela, batetik, bere begiespenari funtsean datxekiona eta giza sentsu bakoitzarentzat oro har balio duena, eta bestetik, berari beharbada besterik ez zaiona tokatzen, oro har sentimenaren harremanari ez, baina sentsu hau edo haren kokapena edo organizazio bereziarentzat soilik balio duen heinean. Eta orduan, lehenengoari objektua bere baitan aurkezten duen ezagutza deitzen zaio, bigarrenak, ostera, bere agerpena baino ez du aurkezten. Bereizketa hau, ordea, enpirikoa besterik ez da. Bertan geratzen bagara (arrunki gertatzen den legez) eta begiespen enpiriko hura ez bada hartzen berriro agerpen soil gisa, halako moldez, non bertan berbaitango gauza bati dagokion ezer topatzerik ez baitago, bada, orduan gure bereizketa transzendentala galtzen da, eta hainbestez, berbaitango gauzak ezagutzen ditugula uste dugu, nahiz eta edonon (sentsuzko munduan) agerpenak besterik ez izan gure autugaia, baita beren objektuen ikerkuntza sakonenean ere. Horrela, ortzadarra eguzki-euriagatik gertatzen den agerpena dela esango genuke, euria, ordea, berbaitango gauza dela, eta hau zuzena da, baldin eta euria fisikoki soilik ulertzen badugu, esperientzia orokorrean, sentsuekiko egoera edozein izanda ere, begiespenean horrela determinatua dagoenez, eta ez bestela. Oro har enpirikoa dena hartzen badugu eta galdetzen badugu, giza sentsuekin duen adostasuna aintzat hartu gabe, ea honek ere objektu bat bere baitan errepresentatzen duen (ez euri tantak, izan ere, hauek agerpen gisa objektu enpirikoak dira jadanik), orduan errepresentazioak objektuarekin duen harremanaz egiten den galdekizuna transzendentala da, eta tanta horiek agerpenak ez ezik, beren tankera biribila bera, baita beraiek non erortzen diren ere (espazioa), ez dira ezer beren baitan, aitzitik, gure sentsuzko begiespenaren modifikazioak edo oinarritzapenak besterik ez dira, baina objektu transzendentalak ezezaguna dirau guretzat.

Gure Estetika transzendentalaren bigarren egiteko garrantzitsua da honek zenbait fabore ez dituela bereganatzen itxurazko hipotesi gisa soilik, baizik eta organon gisa balio behar duen teoria bati inoiz eska dakiokeen bezain ziurra eta eztabaidaezina ere badela. Ziurtasun hau osorik argigarria bihurtu ahal izateko, bere baliotasuna begi-bistakoa bihur dezakeen edozein kasu hautatu nahi dugu, § 3an aipatutakoaren argitasun gehiagorako baliagarria izan daitekeena46.

Beraz, espazioa eta denbora beren baitan objektiboak eta berbaitango gauzen ahalgarritasunaren baldintzak direla onartuz gero, orduan zera azaltzen da lehenik: biei buruzko esakune sintetiko eta apodiktiko ugari gertatzen direla a priori, bereziki guk hemen lehentasunez adibide gisa aztertuko dugun espazioaz. Geometriaren esakuneak apriorizko esakune sintetikoak direnez eta ziurtasun apodiktikoaz ezagutuak direnez gero, orduan zera galdetzen dut: nondik lortzen dituzue halako esakuneak, eta zertan eusten da gure adimena halako egia behar-beharrezkora eta orokorki baliodunera iristeko? Begiespenen bitartez ala adigaien bitartez izan behar du, ez dago beste biderik; biak edo a priori edo a posteriori ematen dira. Azkenek, hots, adigai enpirikoek eta, halaber, hauen oinarri diren begiespen enpirikoek ezin dute ezein esakune sintetikorik eman, enpirikoa baino ez den bat izan ezik, h. d., esperientzia-esakunea, eta beraz, inoiz beharrezkotasun eta orokortasun absolutua izan ezin dezakeen esakunea, hau izaki, ordea, Geometriako esakune ororen bereizgarria. Lehenengoa eta bakarra den baliabideari dagokionez, hots, adigai soilen bitartez edo apriorizko begiespenaren bitartez halako ezagutzetara iristea, argi dago adigai soilen bitartez ezein ezagutza sintetikorik ezin lor daitekeela, analitikoak besterik ez direnak baizik. «Bi lerro zuzenen bidez ezin da ezein espaziorik inguratu, eta beraz, ezein figura ez da ahalgarri» esakunea har ezazue eta hau lerro zuzenaren adigaia eta bi zenbakiaren bitartez eratortzea saia ezazue; edo har ezazue orobat «hiru lerro zuzenen bitartez ere figura bat ahalgarria da» esakunea, eta era berean adigai hauetatik abiatuta eratortzea saia ezazue. Zuen ahalegin oro alferrikakoa izango da eta begiespenera ihestera behartuak izango zarete, Geometriak ere beti egiten duen legez. Objektu bat ematen diozue zeuen buruari begiespenean; zein eratakoa da hau, ordea, apriorizko begiespen hutsa ala begiespen enpirikoa? Azkenengoa balitz, orduan hortik ez zen inoiz orokorki baliogarria den esakunerik segituko, are gutxiago apodiktikoa den esakunerik; izan ere, esperientziak ezin du inoiz halakorik eman eskura. Beraz, objektua a priori begiespenean eman behar diozue zeuen buruari, eta zeuen esakune sintetikoak hauetan oinarritu behar dituzue. Baldin eta zeuengan a priori begiesteko ahalmenik ez balego; baldintza subjektibo hori formaren arabera ez balitzateke aldi berean (kanpoko) begiespen honen objektua ahalbidetzen duen apriorizko baldintza orokorra; objektua (hirukia) berbaitango zerbait balitz, subjektuarekin harremanik ez duen zerbait, bada, orduan nola esan ahal zenezaketen hirukia eraikitzeko baldintza subjektiboan datzana era berean hirukiari bere baitan ere halabeharrez legokiokeela? Izan ere, zuek ezingo zeniekete zuen adigaiei (hiru lerroen adigaiari) ezer berria gehitu (figura), eta hau halabeharrez objektuan topatu beharko litzateke, objektua zuen ezagutzaren aurretik emana baitago, eta ez honen bitartez. Beraz, baldin eta espazioa (eta era berean denbora ere bai) zeuen begiespenaren forma hutsa ez balitz, alegia, baldintza subjektibo hau gabe bere baitan ezer ez liratekeen gauzak zeuentzako kanpoko objektuak bihurtzeko apriorizko baldintza bakarra barnebiltzen duen forma ez balitz, orduan ezingo zenukete a priori ezer erabaki sintetikoki kanpoko objektuez. Beraz, ahalgarria edo egia-itxuraduna ez ezik, ezbairik gabe ziurra ere bada espazioa eta denbora gure begiespen ororen baldintza subjektiboak direla, esperientzia ororen (kanpokoaren zein barnekoaren) beharrezko baldintzak diren aldetik, eta horregatik, hauei dagokienez objektu oro agerpen soila da, eta ez berez emana den gauza, eta horregatik, agerpenei buruz asko esan daiteke a priori formari dagokionez, inoiz ez, ordea, deus ere agerpen hauen oinarrian leudekeen berbaitango gauzei buruz.

II. Kanpoko eta barneko sentsuen, eta beraz, sentsuen objektu ororen idealtasunaren teoria egiaztatzeko, objektuok agerpenak diren aldetik, ondoren datorren oharra baliagarria izan daiteke bereziki, alegia, gure ezagutzan begiespenari dagokion guztiak (beraz, atsegina eta ezatseginaren sentimendua eta nahimena salbuetsita, ez baitira ezagutzak) hartueman soil hauek baino ez dituela barnebiltzen: lekuena begiespen batean (hedadura), lekuen aldaketena (higidura), eta aldaketa hauek determinatzen dituzten legeen (indar higitzaileen) hartueman soilak. Lekuan present dagoena edo lekuaren aldaketaz gain gauza beraietan ekiten duena ez da horren bitartez emana. Halere, hartueman soilen bitartez ez da, noski, berbaitango gauza bat ezagutzen, eta beraz, kanpoko sentsuen bitartez hartuemanen errepresentazioak baino ematen ez zaizkigunez gero, orduan honek bere errepresentazioan objektu batek subjektuarekin duen hartuemana jaso dezakeela juzgatu behar da, eta ez objektuari bere baitan dagokion barneko zerbait. Gauza bera gertatzen zaio barneko begiespenari. Barneko sentsuan kanpoko sentsuaren errepresentazioek gure gogamena betetzen duten benetako ekaia osatu ez ezik, gainera denborak barnebiltzen ditu jadanik segidaren, aldiberekotasunaren eta segidarekin aldi berean denaren (iraunkorkiaren) hartuemanak, eta denbora honetan ezartzen ditugu errepresentazio hauek, hots, esperientzian hauen kontzientziaren aurretik doan eta errepresentazioak gogamenean ezartzeko eraren oinarrian datzan baldintza formala den denboran. Zerbait pentsatzeko ekintza orori errepresentazio gisa aitzinatu ahal zaiona begiespena da, eta honek hartuemanak besterik ez baditu, begiespenaren forma da, eta honek gogamenean zerbait ezartzen den heinean besterik ez duenez errepresentatzen, orduan gogamena bere ekimenagatik afektatua izateko modua besterik ezin du izan, hots, bere errepresentazioaren ezartze honegatik, eta beraz, bere buruagatik afektatua izateko modua, h. d., barneko sentsua da bere formari dagokionez. Sentsu baten bitartez errepresentatua izan daitekeen oro beti da agerpena hainbestez, eta barneko sentsu bat, edo ez litzateke inolaz ere onartu beharko, edo bere objektua den subjektua bere bitartez agerpen gisa baino ezingo litzateke errepresentatu, eta ez berak bere buruaz juzgatuko lukeen moduan, baldin eta bere begiespena autoekimena besterik ez balitz, h. d., intelektuala balitz. Zailtasun osoa honetan datza: nola begiets dezakeen subjektu batek bere burua barnetik; baina zailtasun hori teoria orori komuna zaio. Norberaren buruaren kontzientzia (apertzepzioa) niaren errepresentazio bakuna da, eta horren bitartez subjektuan dagoen anizkunki oro berezko ekimenaren indarrez emana izango balitz, orduan barneko begiespena intelektuala izango litzateke. Gizakian kontzientzia honek subjektuan aldez aurretik ematen den anizkunkiaren barneko hautemapena eskatzen du, eta hau berezkotasunik gabe gogamenean emateko moduak, bereizketa hau dela eta, sentimen izena jaso behar du. Norberaz kontziente bihurtzeko ahalmenak gogamenean datzana bilatu (atzeman) beharko balu, orduan gogamena afektatu behar du, eta horrela baino ezin du sortu bere buruaren begiespena, baina honen formak, aldez aurretik gogamenean datzanak, anizkunkia gogamenean biltzeko era determinatzen du denboraren errepresentazioan, izan ere, bere burua ez baitu begiesten zuzenki berezko ekimenaren indarrez errepresentatuko balu bezala, barnetik afektatua izango balitz bezala baizik, eta ondorioz, agertzen den moduan, ez bera den moduan.

III. Bai kanpoko objektuen, bai gogamena beraren begiespenak biak espazioan eta denboran gure sentsuak afektatzen dituzten moduan, h. d., agertzen diren moduan errepresentatzen dituela badiot, orduan honek ez du esan nahi objektu hauek itxura soilak liratekeenik. Izan ere, agerpenean objektuak eta beraiei egozten dizkiegun antolaerak errealki emanak balira bezala begiztatzen dira, baina objektu hau agerpen gisa berbaitango objektutik ezberdintzen da, antolaera hauek subjektuaren begiespen-eraren menpean besterik ez dauden heinean objektu jakinak subjektuarekin duen erlazioan. Horrela, ez dut esan nahi gorputzak nigandik at daudela baino ez dirudiela, edo nire arima nire autokontzientzian emana dela baino ez dirudiela, zera baieztatzen dudanean: haien izatearen baldintzak diren espazioaren eta denboraren kualitatea, nik hauek ezartzen ditudan heinean, nire begiespen-eran datzala eta ez objektu hauetan beren baitan. Nire errua litzateke agerpenari dagokiona itxura soila bihurtuko banu47. Hau ez da gertatzen, ordea, gure sentsuen begiespen ororen idealtasunaren gure printzipioaren arabera; aitzitik, errepresentazio-forma haiei errealitate objektiboa egozten bazaie, orduan ezin da saihestu horren bitartez dena itxura soil bihurtzea. Izan ere, espazioa eta denbora beren ahalgarritasunaren arabera berbaitango gauzetan aurkitu behar diren antolaeratzat hartzen baldin badira, eta pentsatzen baldin bada zein burugabekeriatan nahasten garen, gauza existente oro ezeztatu arren, bi gauza amaigabek irauten badute, substantziak ez direnak, ezta benetan substantziari inherenteak ere, eta hala ere, existitzen direnak, eta gainera gauzen existentziaren beharrezko baldintzak izan behar duten gauzak, bada, orduan ezin zaio Berkeley onari gorputzak itxura soilera beheititu zituela aurpegiratu, eta geure existentzia bera ere, honela berez dirauen –denboraren gisako– ezgauza baten errealitatearen menpean legokeen existentzia, hainbestez denborarekin batera itxura soila bihurtu beharko litzateke; halako burugabekeriaren erantzukizuna, ordea, ez du orain arte inork beregain hartu nahi izan.

IV. Natur Teologian guretzat begiespenaren objektua ezin izan daitekeen objektua ez ezik, berez inolaz ere sentsuzko begiespenaren objektua ezin izan daitekeen objektu bat ere pentsatzen dugunez gero, orduan arretaz baztertu behar dira bere begiespen orotatik denbora eta espazioaren baldintzak (izan ere, halakoa izan behar du bere ezagutzak, eta ez beti ere zedarriak dituen pentsatzea) . Halere, zein eskubiderekin egin daiteke hau, aurretik biak berbaitango gauzen formak bihurtu badira, eta gainera, apriorizko gauzen existentziaren baldintza gisa, gauza berak ezeztatu arren, oraindik irauten duten formak bihurtu badira; izan ere, oro harrezko izate ororen baldintzak diren aldetik Jainkoaren izatearen baldintzak ere izan beharko lukete. Espazioa eta denbora gauza ororen forma objektiboak bihurtu nahi ez badira, orduan hauek gure kanpoko zein barneko begiespen-eraren forma subjektiboak bihurtzeko aukera baino ez da geratzen, eta forma honi sentsuzkoa deitzen zaio jatorrizkoa ez izateagatik, h. d., bere bitartez objektuaren begiespenaren izatea ematen ez delako (hau, aditzen dugun heinean, jatorrizko zerizanari dagokio); aitzitik, objektuaren izatearen menpean dago, eta beraz, subjektuaren errepresentazio-gaitasuna honen bitartez afektatua izateari esker besterik ez da ahalgarria.

Ez da beharrezkoa espazioaren eta denboraren begiespen-era gizakien sentimenera zedarriztatzea; baliteke izaki pentsatzaile amaidun orok honetan halabeharrez gizakiarekin bat egin behar izatea (nahiz eta hau ezin dugun erabaki), baina ez dio sentimen izateari uzten orokortasun horregatik, zeren eratorria baita (intuitus derivativus), ez jatorrizkoa (intuitus originarius), eta beraz, ezta begiespen intelektuala ere; hau, lehen aipatu dugunetik abiatuz gero, jatorrizko izakiari soilik dagokiola dirudi, inoiz ez bere izatean eta begiespenean menpekoa den zerizanari (bere izatea objektu jakinekin harremanean determinatzen duen begiespenean, alegia); hala ere, azken ohar hau gure teoria estetikoaren azalpen gisa baino ez da hartu behar, ez froga-oinarri gisa.

Estetika transzendentalaren ebazpena

aldatu
Hemen dugu, beraz, Filosofia transzendentalaren arazo orokorra konpontzeko, alegia, «nola dira esakune sintetikoak ahalgarriak?» galdera erantzuteko eskatzen diren zatietako bat, hots, apriorizko begiespenak, espazioa eta denbora, zeinetan adigaian ez, baina berari dagokion begiespenean a priori aurki daitekeena eta harekin sintetikoki lot daitekeena aurkitzen dugun, baldin eta judizioan a priori adigai jakinez goiti joan nahi badugu, nahiz eta arrazoi honegatik judizio hauek sentsuen objektuetara baino ez diren iristen eta esperientzia ahalgarriaren objektuentzat baino ezin dezaketen balio48.