Arrazoimen hutsaren kritika/Lehen zatia. Estetika transzendentala

Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Lehen zatia. Estetika transzendentala
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Lehen zatia. Estetika transzendentala

§ 1 (33)

aldatu

Ezagutza objektuei edozein modutan eta edozein baliabideren bidez lotzen zaiela ere, begiespena da haiei zuzenki lotzen zaiena eta pentsamendu orok baliabide gisa bilatzen duena. Hau, ordea, objektua ematen zaigun heinean gertatzen da; eta hau, gizakientzat bederen, objektuak gogamena modu jakin batean afektatuz besterik ez da ahalgarri. Objektuengatik afektatuak garen moduaren arabera errepresentazioak lortzeko gaitasunak (harmena) sentimena izena du. Sentimenaren bitartez, beraz, objektuak ematen zaizkigu, eta berak baino ez dizkigu eskuratzen begiespenak; adimenaren bitartez, berriz, objektuak pentsatuak dira, eta bertatik adigaiak sortzen dira. Pentsatze orok, ordea, zuzenki (directe) nahiz zeharka (indirecte) ezaugarri jakinen bitartez azkenean begiespenetara jo behar du, eta beraz, gugan sentimenera, zeren guri ezin baitzaizkigu objektuak beste inolako eran eman.

Objektu batek errepresentazio-gaitasunean duen eragina sentsazioa da, hark afektatzen gaituen heinean. Objektuari sentsazioaren bitartez lotzen zaion begiespena enpirikoa deitzen da. Begiespen enpiriko baten objektu indeterminatuak agerpena izena du.

Agerpenean sentsazioari dagokionari bere materia deitzen diot, agerpenaren anizkunkia hartueman jakinetan ordenatu ahal izatea eragiten duenari, berriz, agerpenaren forma deitzen diot. Sentsazioak era berean sentsazio izan ezin duen zerbaitetan ordenatzen eta forma jakin batean antolatzen direnez gero, orduan agerpen ororen materia a posteriori baino ez zaigu ematen, beretzako forma, ordea, gogamenean prest izan behar da osotara a priori, eta ondorioz, sentsazio orotatik bereizita kontsidera daiteke.

Hutsa deitzen diot (adiera transzendentalean) sentsazioari dagokion ezer aurkitzen ez diodan errepresentazio orori. Hortaz, sentsuzko begiespenen forma hutsa oro har gogamenean aurkitzen da, non agerpenen anizkunkia hartueman jakin batzuetan begiesten den. Sentimenaren forma huts honek berak ere begiespen hutsa izena du. Horrela, gorputz baten errepresentaziotik bertan adimenak pentsatzen duena kentzen bada, hots, substantzia, indarra, zatigarritasuna eta abar kentzen bada, halaber, sentsazioari dagokiona ere kentzen bada, hots, sarrezintasuna, gogortasuna, kolorea, eta abar, orduan oraindik ere begiespen enpiriko horri dagokion zerbait geratzen zaigu, hots, hedadura eta tankera. Hauek begiespen hutsari dagozkio, zeina a priori dagoen gogamenean sentimenaren forma soil gisa, baita sentsuen edo sentsazioaren objekturik gabe ere.

Sentimenaren apriorizko printzipio ororen zientziari Estetika transzendentala deitzen diot34. Beraz, osagaien irakaspen transzendentalaren lehen zatia osatzen duen zientzia batek izan behar du, alegia, pentsatze hutsaren printzipioak barnebiltzen dituen zientziari, hots, Logika transzendentala izena duenari kontrajartzen zaion zientziak izan behar du.

Estetika transzendentalean, beraz, lehenik, sentimena bakartuko dugu, bertatik adimenak bere adigaien bitartez pentsatzen duena baztertuz, begiespen enpirikoa besterik ez dena gera dadin. Bigarrenik, bertatik sentsazioari dagokion oro erauziko dugu, begiespen hutsa eta agerpenaren forma soila besterik ez dena gera dadin, hau baita sentimenak a priori eskura dezakeen gauza bakarra. Azterketa honetan sentsuzko begiespenaren bi forma huts daudela aurkituko da, apriorizko ezagutza hutsaren bi printzipio, hots, espazioa eta denbora, eta hauetaz jardungo dugu orain.