Arrazoimen praktikoaren kritika/Bigarren atala. Arrazoimen praktiko hutsaren objektu baten adigaiaz

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
Bigarren atala. Arrazoimen praktiko hutsaren objektu baten adigaiaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Bigarren atala. Arrazoimen praktiko hutsaren objektu baten adigaiaz

Arrazoimen praktikoaren adigaiaz ulertzen dut objektu baten errepresentazioa askatasunaren eragin ahalgarri batena den aldetik. Ezagutza praktikoaren objektu bat izateak, halako gisa, esan nahi du nahimenak hura edo haren aurkakoa erreal bihurtuko lukeenarekin harremana duela, eta zerbait arrazoimen praktiko hutsaren objektu ote den edo ez den juzgatzeko ekintza hura nahi izateko ahalgarritasunaren eta ezintasunaren arteko bereizkuntza da, zeinaren bidez, horretarako ahalmena izango bagenu (hori esperientziak esan beharko du), objektu jakin bat erreal bihurtuko litzatekeen. Objektua gure desiramenaren determinazio-oinarri gisa onartzen bada, orduan gure indarren erabilera askeak dakarren haren ahalgarritasun fisikoak judizio honen aurretik joan behar du, ea arrazoimen praktikoaren objektua den ala ez den. Aitzitik, apriorizko legea ekintzaren determinazio-oinarri gisa har badaiteke, eta beraz, hori arrazoimen praktiko hutsak determinatuko balu bezala, orduan zerbait arrazoimen praktiko hutsaren objektua den ala ez den juzgatzea gure ahalmen fisikoarekin egiten den alderaketatik guztiz beregaina da, eta auzia hau besterik ez da, hots, objektu baten existentziari dagokion ekintza bat nahi ote dezakegun, hori gure esku balego, eta beraz, ahalgarritasun moralak ekintzaren aurretik joan behar duen; izan ere, hor ez da objektua haren determinazio-oinarria, baizik eta nahimenaren legea.

Arrazoimen praktiko huts baten objektu bakarrak, beraz, ongia eta gaizkia dira. Izan ere, lehenaren bidez desiramenaren beharrezko objektu bat ulertzen da, bigarrenaren bidez gaitzesmenarena, biak baina arrazoimenaren printzipio baten arabera.

Ongiaren adigaia ez bada eratortzen aurretik doan lege praktiko batetik, baizik eta horren oinarri izan behar badu, orduan atsegina agintzen duen gauza baten adigaia baino ezin du izan, eta horrela subjektuaren kausalitatea, hau da, desiramena determinatzen du hura sortzeko. Baina ezinezkoa denez a priori jakitea zein errepresentaziok daraman atsegina aldean eta zeinek daraman desatsegina, orduan esperientziaren ardura bakarra da erabakitzea zer den bitartegabe ona eta zer gaitza. Esperientzia hori subjektuaren ezaugarri batekin harremanean baino ezin daiteke egin, hain zuzen, atseginaren eta desatseginaren sentimenduarekin, barneko sentsuari dagokion harmen gisa, eta horrela bitartegabe ona denaren adigaia plazeraren sentsazioa bitartegabe lotua duen horri doakio, eta orobat gaitza denaren adigaia bitartegabe mina sortzen duenari lotzen zaio. Baina hizkuntzaren erabileraren aurka doanez, gustagarria ongitik, gustagaitza dena gaitzetik bereizteko, eta eskatzen duenez ongia eta gaitza beti arrazoimenaren bidez, eta beraz, orokorki bana daitezkeen adigaien bidez juzgatu behar direla eta ez subjektu banakoetara eta haien harmenera mugatzen den sentsazio soilaren bidez, eta hala ere berez ezin denez a priori ezein objekturen errepresentazioarekin atsegin edo desatsegin bat bitartegabe lotu, orduan juzgaketa praktikoen oinarrian atseginaren sentimendua ezartzera behartuta zegoela uste zuen filosofoak on deituko lioke gustagarri denaren bitartekoari, eta gaitz gustagaiztasunaren eta minaren kausa denari; izan ere, bitartekoen eta xedeen arteko erlazioaren juzgaketa arrazoimenari dagokio. Baina, nahiz eta arrazoimena baino ez den gai bitartekoaren eta asmoen arteko elkarlotura ulertzeko (halako moldez non nahimena ere xedeen ahalmenaren bidez defini baitzitekeen, horiek beti desiramenaren determinazio-oinarriak diren heinean printzipioen arabera), maxima praktikoek, ongiaren aurreko adigaitik soilik bitarteko gisa ondorioztatzen direnek, ez lukete inoiz barnebilduko nahimenaren objektu gisa berez ona den ezer, baizik eta betiere zerbaitetarako ona dena: ongia beti baliagarria izango litzateke, eta nahimenetik at geratzen da betiere, sentsazioan, zertarako balio duen. Baldin eta hori, sentsazio gustagarri gisa, ongiaren adigaitik ezberdindu beharko balitzateke, orduan inon ez legoke bitartegabe ona litzatekeenik, baizik eta ongia betiere beste zerbaitetarako bitartekoetan bilatu beharko litzateke, hots, gustagarritasun batean.

Eskoletako formula zaharra dugu hau: nihil appetimus, nisi sub ratione boni; nihil aversamur, nisi sub ratione mali*; eta hori sarri zuzenki erabiltzen da, baina askotan filosofiaren kalterako ere bai, zeren boni eta mali adierazpenek zentzu-bikoiztasun bat barnebiltzen baitute, zeinaren erruduna hizkuntzaren mugatasuna den, horren arabera haiek zentzu bikoitza izan baitezakete eta, horregatik, horrek lege praktikoak ezinbestean bihurritu egiten ditu, eta filosofia, ongi konturatzen dena haien erabileran adigaiaren ezberdintasunez hitz bakarra izanda ere, baina horrentzat ezein adierazpen berezi aurkitzeko gai ez dena, bereizkuntza sotilak egitera behartzen du, ondoren horien gain bateratasunik lortu ezin dela, bereizketa hori ezein adierazpen egokiren bidez bitartegabe izendatu ezin daitekeen heinean[1].

Hizkuntza alemanak zorionez ezberdintasun hori ikustarazten duten adierazpenak ditu. Latindarrek hitz bakarrarekin bonum deitzen dutenarentzat bi adigai oso ezberdin ditu eta, era berean, bi adierazpen oso ezberdin. Bonumentzat ongia eta ongizatea, malumentzat gaitza eta ondoeza (edo mina), halako moldez non oso juzgaketa ezberdinak egiten baitira, ekintza batean horren ongia eta gaitza, edo gure ongizatea eta ondoeza (mina) aintzat hartzen ditugunean. Hortik ondorioztatzen da aurreko esakune psikologikoa oraindik oso badaezpadakoa dela, horrela itzultzen denean: ez dugu ezer desiratzen gure ongizaterako edo minerako ez bada; aitzitik, honela adierazten bada zalantzarik gabe ziurra eta aldi berean erabat argi adierazten da: guk ez dugu ezer nahi, arrazoimenari jarraiki ontzat edo gaiztzat hartzen ez badugu.

Ongizateak edo ondoezak beti adierazten du gure gustagarritasun edo gustagaiztasunaren, plazer eta minaren egoerarekin harreman bat, eta, horrela objektu bat desiratzen edo gaitzesten badugu, hori gertatzen da hori eragiten duen sentimenari eta atseginaren eta desatseginaren sentimenduari lotzen zaion heinean. Ongia edo gaitzak, ordea, beti adierazten du nahimenarekin harremana, hori arrazoimenaren lege baten bidez determinatzen den heinean, zerbait norberaren objektu bihurtzeko; nahimena inoiz ez da bitartegabe objektuaren bidez eta horren errepresentazioaren bidez determinatzen, baizik eta bere ekintzaren (zeinaren bidez objektu bat erreal bihurtuko den) jokatzeko kausa arrazoimenaren erregela bat bihurtzeko ahalmena da. Ongia eta gaitza, beraz, benetan ekintzei lotzen zaizkie, ez pertsonaren sentsazio-egoerari, eta zerbait erabat on edo gaitz balitz, edo halakotzat hartuko balitz, orduan ekintza mota, nahimenaren maxima eta, beraz, ekiten duen pertsona bera dei zitekeen horrela, gizaki on edo gaizto gisa, ez gauza bat, ordea.

Hezueriak sortutako min handienean honela oihu egiten duen estoikoari barre egin nahiko litzaioke: “Mina, tortura nazakezu, baina inoiz ez dut aitortuko gaitza (kakñn, malum) zarenik!”. Baina arrazoi izango luke. Ondoeza zen, hori sentitzen zuen, eta hori adierazten zuten haren oihuek; baina horren bidez gaitz bat zuela, hori onartzeko ez zuen bat ere arrazoirik; izan ere, minak ez du pertsonaren balioa ezertan ere gutxitzen, baizik eta haren egoeraren balioa besterik ez. Gezur bakar batek, hartaz jabetuko balitz, haren adorea apurtu beharko luke; baina mina norbera suspertzeko abagunea baino ez zen, ohartzean hura ezein ekintza ez-zuzenengatik ez duela erakarri eta horren bidez zigorra ez duela merezi.

On deitu beharko genukeenak edozein gizaki arrazoidunen judizioan desiramenaren objektua izan behar du, eta gaitza edozeinen begien aurrean gaitzespenaren objektua da; eta beraz, juzgaketa hori egiteko sentsuez gain arrazoimena ere behar da. Horrela gertatzen da egiazkotasunarekin, gezurrari aurkakotuz, eta zuzentasunarekin, bortxakeriari aurkakotuz, eta abar. Baina zerbaiti ondoez dei dakiogu, edonork aldi berean on gisa adierazi behar badu ere, dela bitarteko baten bidez dela bitartegabe. Operazio kirurgikoa eskatzen duenak zalantzarik gabe hori ondoez bezala sentitzen du; baina arrazoimenaren bidez adierazten du, eta hark bezala edonork, beretzat ona dela. Norbaitek, ordea, bakean bizi den jendea aspertu eta aztoratzen badu, eta, azkenik, jendea nazkatzen bada eta kolpe sorta ederra ematen bazaio, hori ondoeza izango da, baina guztiek onesten dute eta bere baitan ontzat hartzen dute, hortik beste ondoriorik sortzen ez bada ere; eta kolpeak jaso dituenak berak bere arrazoimenean berrezagutu behar du zuzenki gertatu zaiola hori, zeren arrazoimenak ezinbestean erakusten dion ongi sentitzearen eta ongi jokatzearen arteko proportzioa hemen zehazki aplikatzen dela ikusten baitu.

Asko dago gure ongizatearen eta ondoezaren menpe arrazoimen praktikoaren juzgaketetan, eta, gure izaerari dagokionez sentimenezko zerizan garen aldetik, dena dago gure zorionaren menpe, hori gure arrazoimenak lehentasunez eskatzen duenez ez bada juzgatzen behin-behineko sentsazioaren arabera, baizik eta ausazkotasun horrek gure existentzia osoan eta horren bidez dugun askitasunean duen eraginaren arabera; baina dena ez dago horren menpe oro har. Gizakia premiak dituen zerizana da, sentsuen munduan kokatzen den heinean eta haren arrazoimenak agindu ukaezina daukan heinean, hots, sentimenaren aldetik horren interesaz arduratzea eta maxima praktikoak sortzea bizitza honetako zoriona eta, ahal bada, beste bizitzako zoriona lortzeko. Baina ez da hain aberea, ezen arrazoimenak berez esaten duen guztiaren aurrean axolagabe izan baitaiteke eta hori sentsuen zerizan gisa dituen premiak asetzeko tresna gisa erabiltzen baitu. Izan ere, balioan ez du aberetasunetik ezertxo ere goratzen arrazoimena izateak, gero hori abereek senaren bidez egiten dutena egiteko erabiltzen badu; hori naturak erabiliko lukeen modua baino ez litzateke izango gizakiak abereei esleitu zaien xede berbererako hornitzeko, gizakiari xede garaiago bat esleitu gabe. Eta beraz, noski, bere baitan topatzen duen natur eraketa horrez gain arrazoimena behar da bere ongizatea eta ondoeza beti kontuan hartzeko, eta gainera helburu garaiago baterako ditu, hots, bere baitan ona edo gaitza dena, arrazoimen hutsak, sentimenaz ezer interesatzen ez denak, soilik juzga dezakeena, hausnarketa gai gisa hartu ez ezik gainera juzgaketa hori beste hartatik erabat bereiztea eta hori haren baldintza goren bihurtzea.

Bere baitan ona eta gaitza den horren juzgaketan, ongizatea edo ondoezari dagokionaren aldean, honako puntuak dira erabakigarri. Edo arrazoimenaren printzipio bat dagoeneko bere baitan pentsatzen da nahimenaren determinazio-oinarri gisa, desiramenaren objektu ahalgarriak kontuan hartu gabe (beraz, maximaren legezko formaren arabera besterik ez), eta horrela printzipio hura apriorizko lege praktikoa da, eta arrazoimen hutsa berez praktikoa dela onartzen da; legeak horrela bitartegabe determinatzen du nahimena, horri dagokion ekintza bere baitan ona da, nahimena asmo orotarako ona da erabat, bere maxima beti lege horren araberakoa bada, eta ona den guztiaren baldintza gorena da; edo desiramenaren determinazio-oinarri bat nahimenaren maximaren aurretik doa, zeinak atseginaren eta desatseginaren objektu bat aurresuposatzen duen, eta beraz, atsegin edo min egiten duen zerbait, eta arrazoimenaren maximak, haiek sustatzeko, horiek eragozteko, ekintzak determinatzen ditu gure joerarentzat on diren gisara, eta beraz, bitarteko baten bidez (beste xede urrun bati begira, haren bitarteko gisa) on diren gisara, eta maximek ezin dute horrela inoiz lege izena izan, baina bai arau arrazoizko, praktiko. Xedea bera, bilatzen dugun plazera, azken kasuan ez da ongia, baizik eta ongizatea, ez da arrazoimenaren adigaia, baizik eta sentsazioaren objektu baten adigai enpirikoa; baina horretarako erabiltzen den bitartekoa, hau da, ekintza (horretarako arrazoizko hausnarketa behar delako) hala ere ona deitzen da, baina ez oro har, baizik eta gure sentimenari lotuta soilik, haren atseginaren eta desatseginaren sentimendua dela eta; nahimena, ordea, bere maxima horrela afektatua duena, ez da nahimen hutsa, arrazoimen hutsa berez praktiko bihurtzen duena soilik bilatzen duena.

Hauxe da leku egokia arrazoimen praktikoaren kritika batean metodoaren paradoxa argitzeko, hots, ongiaren eta gaizkiaren adigaiak ezin direla lege moralaren aurretik determinatu (hura itxuraz oinarrian ezarri beharko bailitzateke), baizik eta soilik haren ondoren (hemen gertatu denez) eta haren bitartez. Izan ere, jakingo ez bagenu etikotasunaren printzipioa legea a priori determinatzen duen lege hutsa dela, hala ere oinarrizko esakuneak alferrik (doan) ez onartzekotan, hasiera batean gutxienez erabaki gabe utzi beharko genuke ea nahimenak enpirikoak baino ez diren edo hutsak diren determinazio-oinarriak ote dituen a priori; izan ere, prozedura filosofikoaren oinarrizko erregela guztien aurka doa erabaki behar den hori aurretik erabakitzat hartzea. Emango bagenu ongiaren adigaitik abiatu nahiko genukeela hortik nahimenaren legeak eratortzeko, orduan objektu baten (ona den aldetik) adigai horrek aldi berean hori eskainiko luke nahimenaren determinazio-oinarri bakar gisa. Baina adigai horrek apriorizko ezein lege praktiko ez zuenez bere eredu gisa, orduan ongiaren edo gaitzaren froga-harria ezin da objektuaren eta atseginaren edo desatseginaren gure sentimenduaren arteko adostasuna ez den beste ezertan ezarri, eta arrazoimenaren erabilera hau besterik ez litzateke izango, hots, aldez atsegin edo desatsegin hori determinatzea nire izatearen sentsazio guztiekin lotura osoan, aldez haren objektua lortzeko bitartekoa determinatzea. Hala ere, atseginaren sentimenduaren araberakoa dena esperientziak soilik erabakitzen duenez, baina lege praktikoak esan denaren arabera horren gainean oinarritu behar duenez baldintza gisa, orduan apriorizko lege praktikoen ahalgarritasuna ia baztertzen da, zeren lehen beharrezko zela uste baitzen nahimenarentzat objektu bat aurkitzea, horren adigaiak ongi batena den aldetik nahimenaren determinazio orokor baina enpirikoa osatzearren. Baina beharrezkoa zen aurretik aztertzea ea ez dagoen nahimenaren apriorizko determinazio-oinarria (zeina ez litzatekeen inon aurkituko, ez bada lege praktiko huts batean, eta gainera horrek maximei legezko forma soila egozten dien heinean objektu bat kontuan hartu gabe). Hala ere, ordurako ongiaren eta gaitzaren adigaien araberako objektu bat lege praktiko ororen oinarrian zetzanez, baina hura aurretiko legerik gabe adigai enpirikoen arabera baino pentsatu ezin zitekeenez, orduan lege praktiko hutsa pentsatu besterik ez egiteko ahalgarritasuna ere aurretik hartu zen; azken hori aurretik analitikoki aztertu izan balitz, aitzitik, aurkituko litzateke ezen ez duela ongiaren adigaiak objektu gisa lege morala determinatzen eta ahalbidetzen, baizik eta alderantziz lege morala dela lehenik eta behin ongiaren adigaia determinatzen eta ahalbidetzen duena, horrek izen hori oro har merezi duen heinean.

Ohar hori, azterketa moral gorenen metodoa baino ukitzen ez duena, garrantzi handikoa da. Arnas batean argitzen du filosofoek printzipio moral gorenari dagokionez dituzten nahasketa guztien oinarria. Izan ere, nahimenaren objektu bat bilatzen zuten, hori lege baten materia eta oinarri bihurtzeko (zeinak ez zuen bitartegabe izan behar nahimenaren determinazio-oinarri, baizik eta atseginaren edo desatseginaren sentimendura eramandako objektuaren bitartez), aurretik lege bat bilatu behar izango luketenean, nahimena a priori eta bitartegabe determinatzen duena eta soilik ondoren horren arabera objektua. Baina atseginaren objektu hori, ongiaren adigai gorena eman behar zuen hori, zorionean, betegintzarrean, sentimendu* moralean, edo Jainkoaren nahimenean ezarri nahiko balitz, orduan haren oinarrizko esakunea betiere heteronomia bat izango litzateke, ezinbestean baldintza enpirikoekin topatuko lirateke lege moralean, zeren haiek haren objektua, nahimenaren bitartegabeko determinazio-oinarri gisa, on edo gaitz dei zezaketelako soilik, hark betiere enpirikoa den sentimenduarekin duen bitartegabeko jokaeraren arabera. Lege formal bat baino ezin da izan a priori arrazoimen praktikoaren determinazio-oinarri, hau da, arrazoimenari bere lege-emate orokorraren forma baino ezartzen ez dion legea maximen baldintza goren gisa. Antzinakoek errakuntza hori honela erakusten zuten nabarmenki, hots, euren azterketa morala orobat ongi gorenaren adigaiaren determinazioan jartzen zutela, zeina ondoren nahimenaren determinazio-oinarri bihurtzea pentsatzen zuten lege moralean; baina objektu hori askoz beranduago aurkeztu ahal zaio bere formaren arabera a priori determinatu den nahimenari, lege morala lehenik berez baietsi eta nahimenaren determinazio-oinarri bitartegabeko gisa legeztatu denean; horretaz arduratuko gara arrazoimen praktiko hutsaren dialektikan. Ongi gorenaren auzia baztertu eta itxuraz bigarren maila batean utzi duten modernoek lehenagoko akats hori (beste hainbat gauza bezala) hitz determinatugabeen atzean ezkutatzen dute, baina aldi berean euren sistemetan akats hori ageri da, hark arrazoimen praktikoaren heteronomia salatzen baitu edonon, eta hortik inoiz ezin da sortu a priori orokorki agintzen duen lege moralik.

Ongiaren eta gaizkiaren adigaiek, nahimenaren apriorizko determinazioaren ondorio gisa, printzipio praktiko huts bat, eta horrenbestez, arrazoimen hutsaren kausalitate bat aurresuposatu behar dutenez, orduan jatorriz ez zaizkie lotzen objektuei (adibidez kontzientzia batean dauden begiespen jakinen anizkunkiaren batasun sintetikoaren determinazio gisa), adimenaren adigai hutsak bezala, edo teoretikoki erabiltzen den arrazoimenaren kategoriak bezala, baizik eta haiek aurretik ditugula aurresuposatzen dute; aitzitik, kategoria bakar baten motak dira, hots, kausalitatearenak, haien determinazio-oinarria haien legearen arrazoimen-errepresentazioan datzan heinean, askatasunaren lege gisa arrazoimenak bere buruari ematen dion eta horrela a priori bere burua praktiko gisa erakusten duen legea. Hala ere, ekintzak alde batetik ez naturaren legearen baizik eta askatasunaren lege den lege baten menpe daudenez, hau da, zerizan adimenduen jokaerari dagokienez, baina bestetik sentsuen munduko gertaera gisa agerpenen artean kokatzen direnez, orduan arrazoimen praktiko baten determinazioa azken horiekin harremanean soilik gerta daiteke, eta ondorioz, adimenaren kategorien arabera bai, baina ez horien erabilera teoretikoa egiteko asmoz, (sentimenezko) begiespenaren aniztasuna apriorizko kontzientzia baten menpe ezartzeko, baizik eta desiren aniztasuna lege moralean agintzen duen arrazoimen praktiko baten edo nahimen huts baten kontzientziaren batasunari menpekotzeko.

Askatasunaren kategoriek, horrela deitu nahi baititugu naturaren kategoria deitzen genituen adigai teoretikoen aldean, lehentasun nabarmen hau dute azken horien aldean, hots, horiek adigai orokorren bidez guretzat ahalgarri den begiespen orotarako objektuak determinatugabe izendatzen dituzten pentsamenduaren forma baino ez direla, eta askatasunaren kategoriek, aitzitik, nahiera aske baten determinazioa bilatzen dutela (zeinari osoki dagokion ezein begiespenik ezin zaion eman, baina oinarrian apriorizko lege praktiko hutsa duen, gure ezagumenaren erabilera teoretikoaren ezein adigaitan gertatzen ez dena), eta adigai-osagai praktiko diren aldetik euren oinarria ez dute begiespenaren forman (espazioan eta denboran), arrazoimenean ez datzanean, beste nonbaitetik, hots, sentimenetik hartu behar dutenean, baizik eta haren nahimen hutsaren forman, eta beraz, pentsamenean bertan jadanik hor dagoen aldetik; eta horren bitartez gertatzen da ezen, arrazoimen praktiko hutsaren arau guztietan kontua nahimenaren determinazioa denez, ez haren asmoaren aplikazioaren natur baldintzak (ahalmen praktikoarenak), apriorizko adigai praktikoak askatasunaren printzipio gorenarekin harremanean berehala ezagupen bihurtzen direla eta ez dutela zertan begiespenen zain geratu behar esanahia lortzeko, eta zehazki arrazoi bitxi honegatik, hots, lotzen zaizkion horren (nahimenaren jaidura) errealitatea sortu egiten dutela, inolaz ere ez dena adigai teoretikoen kontua. Baina ohartu behar da kategoria horiek arrazoimen praktikoaren ardura direla soilik, eta horrela, euren ordenan moralki oraindik determinatugabea eta sentsuek baldintzatua denetik sentsuen arabera baldintzatugabea izanik soilik lege moralaren bidez determinatua denera igarotzen dira.

Askatasunaren kategorien taula

Ongiaren eta gaizkiaren adigaiei dagokienez

1. Kantitatearenak

Subjektiboki, maximen arabera (Norbanakoaren nahimen-iritziak)

Objektiboki, printzipioen arabera (Arauak)

A priori objektiboak nahiz subjektiboak diren askatasunaren printzipioak (Legeak)

2. Nolakotasunarenak

Jokatzearen erregela praktikoak (praeceptivae)

Ez-jokatzearen erregela praktikoak (prohibitivae)

Salbuestearen erregela praktikoak (exceptivae)

3. Erlazioarenak

Nortasunarekin

Pertsonaren egoerarekin

Pertsonek elkarrekin dutena bestearen egoerarekin

4. Modalitatearenak

Zilegi dena eta zilegi ez dena

Betebeharra eta betebeharraren aurkakoa

Betebehar osatua eta ez-osoa


Berehala ohartzen dugu taula horretan askatasuna, kausalitate era den aldetik, baina determinazio-oinarri enpirikoen menpe ez dagoena, hark ahalbidetzen dituen ekintzen arabera aztertzen dela, sentsuen munduko agerpen gisa, haren natur ahalgarritasunaren kategoriei lotzen zaion kategoria bakoitza hain orokorki hartuz, non onar baitaiteke kausalitate haren determinazio-oinarria sentsuen mundutik at dagoela askatasunean zerizan adimendun baten ezaugarri gisa, harik eta modalitatearen kategoriek oro har printzipio praktikoetatik etikotasunaren printzipioetara doan igarobidea dakarten arte, problematikoki baino ez bada ere; horiek ondoren aurkeztu ahal izango dira lehenengoz dogmatikoki lege moralaren bidez.

Ez dut besterik gaineratzen taula hori azaltzeko, zeren berez aski ulergarria baita. Jakintza orori zaio oso onuragarria printzipioen arabera egindako halako sailkaketa, oinarrizkotasunagatik eta ulergarritasunagatik. Beraz, badakigu, adibidez, taula horretatik abiatuz eta lehen zenbakitik, hausnarketa praktikoan nondik abiatu behar dugun: edonork bere joeretan oinarritzen dituen maximetatik, zerizan arrazoidunen genero batentzat balio duten arauetatik, zerizan horiek joera jakin batzuetan bat egiten duten heinean, eta azkenik, joerak alde batera utzita denontzat balio duen legetik, eta abar. Era horretara egitasmo osoa ikuskatzen da, emaitza guztiak emango dituen, are filosofia praktikoaren erantzun beharreko arazo denak eta, aldi berean, jarraitu beharreko ordena emango duen egitasmoa.


* Ez dugu ezer desiratzen, ona dela pentsatzen ez badudu; ez dugu ezer gorrotatzen, gaitza dela pentsatzen ez badugu.

[1] Gainera, sub ratione boni adierazpenak ere bi zentzu ditu. Izan ere, bi gauza hauek esan nahi ditzake: zerbait on gisa errepresentatzen dugu, desiratzen (nahi) dugunean eta dugulako; edo zerbait desiratzen dugu, hori on gisa errepresentatzen dugulako, halako moldez non desira baita objektuaren adigaiaren determinazio-oinarria hori ona den aldetik, edo ongiaren adigaia baita desiratzearen (nahi izatearen) determinazio-oinarria; izan ere, sub ratione boni adierazpenak lehen kasuan esan nahiko luke zerbait nahi dugula ongiaren ideiaren barne, eta bigarrenean ideia horren ondorioz nahi dugula, zeinak nahi izatearen aurretik etorri behar duen horren determinazio-oinarri gisa.

* Jatorrizkoan “lege” esaten du, baina zentzuaren arabera “sentimendu” izan behar du.